Baliabideak
Lehen jardueran eskaintzen zaizuen informazioa ondo begiratu baduzue, jabetuko zineten munduko txoko desberdinetan globo/kamera sistema ez dela modu erabat berdinean muntatzen. Saiakera bakoitzean prestatutako muntaiak xehetasun propioak ditu. Dena den, esan daiteke guztietan material zerrenda minimo bat errepikatzen dela. Zerrenda hori azpiko irudian ikus dezakezue:
1) ARGAZKI KAMERA: printzipioz edozein argazki kamera digitala erabil daiteke. Ez bazarete ausartzen zuen kamera (edo smarphone) berriarekin, armairuan gordeta duzuen edozein kamerak balio dezake. Kameraren bereizmenak (megapixelak) ez du garrantzia berezirik; aukeran, askoz ere baliagarriagoa da optika egoki bat izatea. Kamerak argazkiak segidan modu automatikoan (botoia etengabe sakatuta edukiz) egiteko aukera eman behar du (zerrenda honetatik edozeinek dauka funtzio hori). Aukeran, Canon kamerak gomendatzen dira, izan ere, kamera hauen firmwarea aldatuz aukera ematen dute argazkien maiztasunanahierara aldatzea.
Smartphone bat erabiltzea ere aukera interesgarria izan daiteke. Hauen kasuan Timelapse teknika erabiltzeko aukera ematen duen edozein aplikazio erabiltzea ideia ona izan daiteke.
2) GLOBO ZUNDA: meteorologian erabiltzen diren latex edo kloroprenozko globoak dira. Gure beharretarako nahikoa izango da behin puztu ondoren 2 metroko diametroa lortzen duten globoak (ziurrenik zerbait gutxiagorekin ere moldatuko gara).
3) HELIO GAS BONBONA: helioz beteta botako ditugu gorantz zortzi globoak. Helioa normalean 50 litrotako (10 metro kubiko gas ematen dutenak) bonbonatan saltzen dira.
4) BI LITROKO PLASTIKOZKO BOTILA: edozein freskagarriko 2 litroko PET plastikozko botila arrunt batek balioko digu.
5) NYLONEZKO EDO KOTOIZKO HARIA: globo/kamera sistemak ez dauka pisu gehiegirik, beraz, nylonezko hari arrunt batekin moldatu gaitezke. Hori bai, globoak lortutako altuera ahalik eta handiena izateko komenigarria da (batez ere, fotomeiker-en kasuan) harilak gutxienez 300 metro ingurukoak izatea (500 metrokoak badira hobe)
6) ZINTA ITSASKORRA: edozein motatakoak balio digu baina hobe erresistentzia handiko bat erabiltzen badugu.
7) GURAIZEAK: soka eta zinta mozteko nagusiki.
Aurreko atalean zerrendatutakoarekin nahikoa bada balloon mapping teknikarekin praktikatzen hasteko, gauzak txukun egin nahi baditugu komenigarria litzateke azpiko materiala eskuratzen ahalegin berezi bat egitea.
8) PLASTIKOZKO BRIDAK: heliozko globoaren tutua ixteko haria baino egokiagoak dira plstikozko brida txiki batzuk.
9) ESKULARRUAK: globoa igotzerakoan nahiz jaisterakoan haria eskuartetik azkar pasatzerakoan gerta liteke erre txikiren bat egitea. Erredura hauek saihesteko ongi etorriko dira eskularru fin batzuk.
10) TXIRRIKA: oso garrantzitsua da erabiliko dugun haria ez katramilatzea. Horrela haria korapilorik gabe askatu eta berriro jasotzeko txirrika moduko sistema bat erabiltzea gomendagarria izango da. Gainera, hari metro asko askatzen badugu, biltzeko manibela moduko bat baldin badauka (hemen adibide bat eta hemen beste bat), hobe, azkarrago bilduko dugu.
11) ERAZTUN, KLIP edo/eta MOSKETOI TXIKIAK: behin kamera plastikozko botilan sartu ondoren, kamerari lotutako goma eta sokak globoarekin lotzeko baliagarriak izan daitezke horrelako gailuak. Hari soilarekin korapilo batez eustea baina dezente seguruagoa da horrela sistema bat erabiltzea.
12) GOMAK: kamera plastiko botilaz egindako babesari lotzeko sistema praktikoagoa izan daiteke goma lodien bitartez egiten badugu.
Guztira zortzi azpitaldetan banatuta egongo zarete. Azpitalde bakoitzak ondorengoak izango ditu eskura:
1) ORDENAGAILU BAT: behar duzuen informazio guztia kontsultatzeko erabiliko duzue. Gainera lortutako informazioaren postprodukzioa bertan egin behar izango duzue.
2) GOOGLE MAPS: azpitalde bakoitzaren jarduna non hasiko den bertan jasoko duzue baita desplazamendua nondik norakoa izango den ere.
3) MAPKNITTER: argazkiak gainezartzeko erabiliko duzuen aplikazioa. Edozein nabigatzailearekin arazorik gabe funtzionatzen du. Aukeran, beste aplikazio batzuk ere erabil ahal izango dituzue, hala nola, Photoshop edo GIMP.
4) FINAL CUT PRO X: bideo-muntaia egiteko hauxe da erabiliko duzuen softwarea. Bertan talde guztiek jasotako bideo zatiekin azokaren filma muntatu eta ekoiztu beharko duzue. Tilt Shift efektua lortzeko ShrinkRay X edo Tilt Shift Effect for FCPX pluginetatik edozein aukeratu ahalko duzue.