Prozesua
Egizu klik azpiko esteken gainean jarduera bakoitzaren deskribapen zehatza irakur ahal izateko
Dagoeneko guztiok jakingo duzuen bezala, pasa den urriaren 14an Felix Baumgartner austriarrak gizaki batek inoiz egin duen jauzirik handiena egin zuen, 39000 metroko altuera batetik salto eginez. Jauzian hainbat errekor ere gainditu zituen, horietatik nagusiena soinuaren abiadura gainditzearena (1342,8 km/h) izanik.
Gauza asko idatzi eta esan dira Baumgartner protagonista izan duen Stratos izeneko proiektuari buruz. Erronkaren ezaugarri teknikoei erreparatzen badiegu (ikus simulazio interaktibo interesgarri hau) zerbaitek atentzioa deitzen badu hori erabilitako goi-mailako teknologia da.
Alderdi teknologiko guztien artetik, guretzat interesgarrienetako bat Baumgartner eta bere kapsula 39000 metroko altueraraino eramateko erabilitako igotze sistema izan daiteke, alegia, Â erabilitako globo mota eta honen atzean dauden printzipio fisiko eta garapen teknologiko guztiak.
Esan beharrik ez dago globoaren neurria eta barruan ipinitako gas bolumena ez direla ausaz erabaki. Globoa izanik Baumgartner gorantz eraman zuena, garbi dago parametro horien balioak igo beharreko pisuaren balioaren araberakoak izan behar direla. Horrela, kapsularen pisua (austriarra barne) 1300 kg ingurukoa zen. Honi, globoaren beraren pisua gehitu beharko litzaioke. Globoa 0,002 cm-ko lodierako plastikoz egina zegoen eta bere azalera totala 161000 m2-ko zen (16 futbol zelai baino gehiago estaliko lituzke). Bere pisua 1682 kilokoa izanik, kapsula/globo sistemaren pisu totala 3000 kg inguruan zebilen. Datu horiek kontutan hartuta, 5097 m3 helio gas erabili zituzten globoa betetzeko (gorantz egiten zuen heinean bolumen hori handitzen joan zen 850000m3-ko bolumena lortu arte puntu gorenean). Saltoaren unean, globoak 102 metroko altuera eta 129 metroko diametroa zuen (azpiko irudian hobeto ikus daiteke globoaren neurria)
Gure proiektuak, eskala txikiagoan bada ere, austriarrak bere kapsula igotzeko erabilitako oinarri fisiko berbera partekatzen du. Jarduera honetan planteatuko zaizuen ariketa katea ebatzi ondoren, gai izango zarete, alde batetik, zein printzipio fisikoan oinarrituta egiten duen gorantz heliozko globoak ezagutzeko eta bestetik, gure "kapsulatxoak" izango duen pisuaren arabera globoan sartu beharko dugun gas bolumen zehatza kalkulatzeko. Azken datu hau lortu ondoren, erabiliko ditugun globoen neurrien arabera, kamera igotzeko zenbat globo beharko ditugun zehaztu beharko duzue. Arretaz irakurri planteatzen zaizkizuen ariketak eta ekin lanari!
Ah!! Eta jakin nahi baduzue Baumgartner eta bere lagunek nola berreskuratu zuten kapsula behin saltoa egin ondoren, hementxe daukazue prozesua esplikatzen duen artikulua.
Jarraian topatuko dituzuen ariketak ARKATZAK ERDIRA deritzon talde-lanerako teknika erabiliz burutuko dituzue. Ariketa bakoitzaren hasieran nabarmendu nahi den kontzeptu, ideia edo printzipio baten inguruko azalpen labur bat izango da. Arretaz ikusi/irakurri bertan datorrena hori izango baita jarraian izango dituzuen galderetan erantzun egokiarekin emateko laguntza nagusiena.
Garrantzitsua da teknikaren faseak behar bezala errespetatzea. Hemen teknikaren oinarriak:
Taldekide bakoitzak galdera bat erantzuteko edo ariketa bat egiteko ardura hartuko du.
Eztabaidatzen edo erantzun egokia zein den erabakitzen den bitartean, guztien arkatzak edo boligrafoak mahaiaren erdian ipintzen dira.
Arduradunak galdera edo ariketa taldekide guztiek ongi ulertu dutela eta jarraian zer egin behar duten edo zer erantzun behar duten argi dutela egiaztatuko du. Oso garrantzitsua da fase hau ondo burutzea, izan ere, ariketa katea amaitutakoan ikasle bakoitzak, bakarka, taldean egindako antzeko galderekin osatutako galdetegi bat erantzun beharko du.
Guztiek erantzuna argi dutenean, arduradunak formularioa beteko du erantzun egokiarekin eta taldekide guztiek erantzuna euren koadernoetan jasoko dute. Bitarte honetan ezingo dute hitz egin, idatzi besterik ez.
Galdera edo ariketa hauen gaineko arduraduna txandakatzen joango zarete jarduerako galdera edo ariketa guztiekin amaitu arte.
Atal guztiak garbi badituzue, prest zaudete ariketekin hasteko. Egin klik azpiko katearen lehen ariketan eta jarraitu katea guztiak bukatu arte. Amaitzerakoan gai izan beharko zinatekete zuen argazki kamera igotzeko beharko duzuen gas bolumena zenbatekoa den kalkulatzeko.