Ebaluazioa
Beste guztietan gertatu den moduan, sekuentzia honen ebaluazioa nagusiki kualitatiboa eta formatiboa izango da. Dena den, aurrekoetan ez bezala, oraingoan edukien barneratze maila egiaztatzeko froga bat egingo duzue. Froga guztien emaitzak banan-bana zuzenduko dira baina ez dira kalifikatuko.
Ebaluazio globala, beraz, lau ataletan banatuta egongo da::
Jarraitu duzuen prozesuaren behaketaren ondorioak informean jasoko dira.
Talde-lanean burututako jarduerak (2. eta 3. jarduerak, batez ere) zuen taldekideak ebaluatu beharko dituzue (koebaluazioa). Zeregin eta ariketen ebazpenean beraien parte-hartzea norainokoa izan den ebaluatu beharko duzue.
Modu kooperatiboan burututako ariketetan landu dituzuen edukiak noraino ulertu eta barneratu dituzuen aztertuko zaizue froga idatzi baten bitartez.
Azkenik, sekuentzia guztien amaieran egiten duzuen moduan, burutu duzuen lanaren inguruan hausnarketa pertsonala (autoebaluazioa) egitea tokatuko zaizue.
A) Prozesuaren jarraipena
Amaiera arte egin duzuen bidearen jarraipena egingo zaizue, banan-bana burutzen joan zareten jardueretan nola moldatu zareten behatuz. Beti bezala, behaketa honen bitartez hiru dira, nagusiki, baloratu nahi zaizkizuen helburuak:
Autonomiaz aritu zareten jarduerak gauzatzerakoan.
Proposatzen zaizkizuen ohar, jarraibide eta aholkuei eskaini dizkiezuen arreta.
Epe-mugak noraino errespetatu dituzuen.
Ebaluazioa irakasleak egingo du eta jasotako balorazioa, ebaluazio informean jasoko da.
B) Koebaluazioa edo taldekideen ebaluazio gurutzatua
Bigarren eta hirugarren jardueretan taldean hartu dituzue erabaki guztiak eta elkarlana izan da, zehaztu zaizkizuen jarduera eta ariketak burutzeko oinarria. Taldekide bakoitzak zeregin horietan adierazi duen kooperazio maila aztertzeko unea da. Azpiko kontrol zerrendaren bitartez zuen taldekideen jarraipena egin beharko duzue.
Gogoratu, lehenik eta behin, lagunaren izen-abizenak idazteaz. Jarraian planteatzen diren item desberdinetan zuretzat egokiena den erantzuna esleitu. Amaitu aurretik, beste ekarpenen bat idatziz jaso nahiko bazenu, azpiko koadroan zure ekarpena idatzi ahalko duzu. Galdetegi hauek anonimoak izango dira; egilearen izena ez da erregistratuta geratu.
C) Sendotze ariketak
Azpiko dokumentuan agertzen dira 3. jardueran agertzen den ariketa katean jorratutako ideia, printzipio, kontzeptu eta helburuen barneratze mailaren jarraipena egiteko galdera eta ariketa sorta laburra. Ariketa hauetan egoera zehatz baten deskribapena egiten zaizue; hauetako bakoitzean aurretik landu dituzuen ezagutzak aplikatzea eskatuko zaizue.
Froga honen helburua ez da egindako akatsak zerrendatu eta hauen arabera, orain arte egindakoa zigortzeko. Ez da ezer kendu nahi, ez da ranking edo sailkapenik egin nahi, ez da inon listoirik jarri nahi. Are gehiago, galdera hauek zuzendu bai, baina ez dira kalifikatuko. Sendotze ariketa hauen helburuak ondorengoak dira:
Ikasle bakoitzak, aurretik zehaztutako edukiei lotutako helburuak, noraino barneratu dituen ezagutzea.
Ikasle bakoitzaren diagnostiko pertsonalizatu bat egitea, gero bakoitzari neurri zuzentzaile espezifikoak ezarri ahal izateko
Egoera erreal berrien aurrean, ikasitakoa aplikatzeko bakoitzak duen gaitasuna egiaztatzea.
Eta irakaslearentzat, bide batez, egitura kooperatibo batean oinarrituta ebaztutako ariketa hauen bitartez, helburuak ohiko metodologia indibidualista eta konpetitiboarekin baina hobe barneratzen direla egiaztatzeko baliagarriak izan daitezke.
Ariketa hauek paperean egingo dituzue baina ondoan izango duzue ordenagailu eramangarria edozein kontsulta egin nahi baduzue eta, batez ere, hiztegia kontsultatzeko.
D) Autoebaluazioa
Azkenik, behin sekuentzia amaituta dagoenean, zuen lanaren ebaluazio pertsonala egiteko unea helduko zaizu. Gogoeta horretan hasieratik amaiera arte bizi izan duzunaren inguruan auto-ebaluazio kritiko bat egitea eskatuko zaizu. Gogoeta honetatik zure buruari ezarriko dizkiozun hobekuntzak, hurrengo proiektuei aurre egiterakoan, izango dituzun erronka nagusiak bihurtuko dira.
Autoebaluazioa egiteko gida baita zure gogoeta idatziz jasotzeko gunea ere ondorioen atalean aurkituko duzu.