Ondorioak
Tira, amaitu da ikasturte honetako bigarren sekuentzia hau. Berriro ere, hausnarketa egiteko garaia heldu zaizue. Gogoratu autoebaluazio honen helburua ez dela egun hauetan egin duzuenaren inguruko deskribapen soil bat egitea. Hausnarketa honen bitartez zuen ikaskuntza prozesuaren bilakaera nolakoa izaten ari den baloratzea eskatzen zaizue: sekuentzian burutu duzuen lanaren gaineko hausnarketa kritikoa da bide bakarra zuen ikaskuntza prozesuan behar diren hobekuntzak modu autonomoan zehazteko. Zuek dakizue inork baino hobeto non dituzuen zuen ahuleziak eta zer egin behar duzuen horiek gainditzeko.
Aurreko sekuentzian bezala, azpian daukazue zuen gogoeta egiten laguntzeko galdera zerrenda. Gogoratu galdera hauek erreferentzia bat besterik ez direla, kontua ez dela banan-bana erantzuten joatea; pentsatzen jartzeko aitzakia bat besterik ez dira.
1) Zer egin duzu? Nola deskribatuko zenuke zure hitzekin egun hauetan egin duzuna?
2) Zeintzuk ziren planteatutako atazarekin hasi aurretik zenituen aurre-ezagutzak? Zer dakizu orain gaiari buruz? Zenbat ikasi duzu honi buruz?
3) Zein urrats jarraitu dituzu zehaztutako helburura lortzeko? Jasotako laguntzatik zenbat ulertu dut? Zein urratsetan behar izan duzu denbora gehiago? Zer zailtasunekin topatu zara? Nola egin duzu zailtasun horiek gainditzeko?
4) Zure iritziz, ba al dago beste modurik egin duzuna egiteko? Zehaztu dezakezu zein edo zeintzuk? Ziur al zaude zure proposamenarekin?
5) Zenbateko interesarekin burutu duzu zure lana? Behar zuen arreta eta kontzentrazioa eskaini diozu?
6) Non uste duzu ibili zarela okerrago? Zein arlo zehatzetan iruditzen zaizu daukazula hobetzeko? Zer proposatzen diozu zure buruari egitea hori horrela izateko?
Hauekin batera, interesgarria izan daiteke aurreko sekuentzian egindako hausnarketa errepasatzea, ea orduan zehaztu zenituzten hobekuntza proposamenak oraingo honetan bete dituzuen edo ez egiaztatzeko. Proposamen horiek hein handi batean bete badira, harro egoteko moduan zaude, ikastea zer den ikasten ari zarela seinale baita!