Prozesua
Egizu klik azpiko esteken gainean jarduera bakoitzaren deskribapen zehatza irakur ahal izateko
Atazaren deskribapenean datorren moduan, talde bakoitza dagoeneko banatuko zineten bi bikoteetan, katxarreroak eta saltseroak. Jarduera honetan zeregin desberdinak izango dituzue bikote bakoitzak. Arreta ipini zuen lanean, izan ere, aurrera jarraitzeko derrigorrezkoa izango da bikote batak zein besteak bere lana txukun egitea.
A) Katxarreroak: materiala lortu
Talde desberdinetako katxarrero guztiek bilkura berezia burutuko duzue erabiliko duzuen materiala nork, nondik eta zer kostuan lortuko duzuen erabakitzeko. Proiektua gauzatzeko beharrezkoa duzuen materiala baliabideen orrian daukazue zerrendatuta. Materiala lortzerakoan azpiko irizpide biak jarraitzea eskatzen zaizue:
Dagoeneko etxean edo beste edozein lekuan duzuen materiala berrerabili.
Derrigorrez erosi beharko duzuen materialaren ezaugarriak/prezio aldagaiak ondo aztertu, jarraian ikastolako administrazioan aurrekontu bat aurkezteko.
Goiko irizpide horiek benetan bete daitezen, baliabideen lorpena eta material eskaerak talde bakoitzak bere aldetik egin beharrean, guztiok elkarrekin analisi global bat egitea eskatzen zaizue. Analisi horretan laguntzeko, azpian ematen zaizkizue jarraibide batzuk:
1) CHECKLIST HANDI BAT PRESTATU
Marraz ezazue taula handi bat horretarako nahiago duzuen baliabidea erabiliz (arbel zuri handi bat, ordenagailu eta proiektorea, muralak egiteko orri zati handi bat...) Lehenengo zutabean materiala zerrendatzea gomendatzen zaizue eta talde bakoitzeko zutabe bana gehitu. Prestatutako taularen gelaxka bakoitzean, materiala nork lortuko duen eta noizko lortuko duen idatzi beharko duzue. Aurretik erabilitako materiala lortzerik ez badago, gelaxka horietan "Erosteko" idatzi.
2) BERRERABILITAKO MATERIALARI LEHENTASUNA EMAN
Zerrendako material asko etxean izango duzue. Horrela ez denean, zuetako norbaitek ziurrenik jakingo nondik lortu (zuen ezagunen batek eduki dezake, adibidez). Etxean edo kalean galdetu, kontsultatu, bilatu... ipurdia mugitu! Aurrekontuan ahalik eta material gutxien sartzea da helburua.
3) EROSI BEHARREKO MATERIALA KUANTIFIKATU
"Erosteko" bezala identifikatu duzuen materialaren prezioa galdetu aurretik, bakoitzetik beharko duzuena kuantifikatu beharko duzue; zenbat litro, zenbat metro, zenbat unitate.... Guztientzako material nahikoa erosi beharko duzue baina bere neurrian, ondo neurtuta guztia.
4) SALNEURRIAK ZEHAZTU
Aurrekontua isteko erosiko duzuen materialaren prezioa jakitea falta zaizue bakarrik. Aztertu non erosiko duzuen materiala eta zein preziotan. Jar zaitezte harremanetan hornitzaile desberdinekin eta behar duzuen materialaren deskribapena eman ondoren, jaso erantzun desberdinak eta hauen kontrastea egin. Horretarako materialaren ezaugarriak baloratu beharko duzue lehenik, prezio/kalitatea erlazioa, materiala ikastolan edukitzeko epea... Ondo aztertu hori guztia!
5) AURREKONTUA PRESTATU
Materiala non erosiko duzuen erabaki ondoren, aurrekontu txiki bat prestatu beharko duzue eta ikastolako administrazioari aurkeztu beharko diozue. Kontutan hartu administrazioaren baimenik gabe ezingo dugula proiektua aurrera atera, beraz, ondo analizatu zer aurkeztuko duzuen. Aurrekontua onartzen bada, hirugarren jarduerarekin jarraitzeko moduan egongo gara.
B) Saltseroak: talde bakoitzaren kokapena zehaztu
Sekuentziaren sarreran azaldu zaizuen moduan, daukazuen erronketako bat Ordizia osoko ortofoto erraldoi bat lortzea da. Beraz, nola edo hala bermatu behar duzue Ordiziako auzo eta kale guztiak agertuko direla argazki horretan. Ulertuko duzuen bezala, argazkiak globoetatik ezingo ditugu edozein modutara atera, burutu beharreko lana aurretik ondo analizatu gabe. Zeregin hori behar bezala burutzeko, bi dira nagusiki kontutan hartu beharko dituzuen aldagaiak:
Herriko zein kaletan kokatuko den talde bakoitza, bertatik ateratako argazki guztiekin collage-a egiterakoan, herri osoa jasota gera dadin ahalik eta argazki kopuru txikienarekin.
Zein altueraraino igoko den globoa. Kokapenarekin batera, globoek zein altueratatik atera beharko dituzten argazkiak erabaki beharko duzue. Geroz eta altuago jasotako eremua zabalagoa izango da baina argazkiaren bereizmena txikiagoa izango da. Azalera/bereizmen erlazioa ondo zaindu beharko duzue.
OHARRA: Azpiko kalkuluekin hasi baino lehen kontuz hurrengoarekin: nahi duzuen argazki kamera digitala erabiltzea daukazue. Bereizmen maximoa, argazkien kalitatea eta bestelako aldagaiek ez dute garrantzia berezirik. Ezaugarri bakarra dago kamerak bete beharko duena: ARGAZKIAK MODU JARRAIAN ATERATZEKO FUNTZIOA DUELA EGIAZTATU BEHARKO DUZUE. Gaur egungo kamera gehienek duten funtzioa da (Canon eta Pentax markako guztiek dute funtzio hori, adibidez) Baina batzuk argazki kopuru txiki bat bakarrik ateratzen dute modu horretan; beste batzuk denbora tarte baten ondoren geratu egiten dira. Honetaz gain, memoria txartel zaharrei asko kostatzen zaie jarraiko argazki-sorta horiek gordetzea eta azkenean geratu egiten dira. Azpiko kalkuluekin hasi baino lehen, mesedez, egiaztatu ondo bi alderdi hauek.
Zuen beharretara egokitzen den kamerarekin behin eman ondoren, goiko bi baldintza horiek zehazteari ekingo diozue. Kontutan izan behar duzue argazki kamera modelo bakoitzak optika oso desberdinak dituela. Beraz, azpiko neurketa eta kalkulu guztiak taldeko saltseroek burutu beharko dituzte. Amaieran, datu bilketarekin amaitzen duzuenean, talde guztietako saltseroak elkartu eta bakoitzaren kokapena zein izango den eta globoek hartu beharko duten altuera zenbateko izan beharko den kalkulatu beharko duzue.
1) DISTANTZIA JAKIN BATERA KAMERAK LORTZEN DUEN ARGAZKIAREN ZABALERA NEURTU
Kokatu zuen argazki kamera pareta batetik distantzia jakin batera, eskuineko argazkian ikusten den moduan (kalkuluak errazagoak egiteko, metro batera ipini dezakezue) Kameraren pareko paretan zabal ezazue zinta metrikoa, bere bi muturrak kamerak aterako duen argazkiaren eremutik kanpo gera daitezen. Prest dagoenean, atera iezaiozue argazkia paretan dagoen zinta metrikoari. Kamerak duen pantailan zoom eginez, kalkulatu zenbatekoa den argazkiak jaso duen zinta zatiaren neurria (kameran ondo ikusten ez bada, jaso argazkia ordenagailuan eta begiratu bertan) Horretarako, argazkiaren ezker eta eskuin ertzetan agertzen diren bi balioen arteko kendura kalkulatu beharko duzue. Hortxe daukazue lehen datu garrantzitsua.
2) LORTUTAKO ARGAZKIAREN AZALERA KALKULATU
Kontutan izanik argazki kamera gehienen irudiek 4:3 proportzioa gordetzen dutela, aurreko atalean lortutako zabaleraren balioaren arabera, argazkiaren altuera kalkulatuko duzue (hiruko erregela sinple batekin lor dezakezu balio hori)
Zabalera eta luzera balioak dituzula, argazkiak jasotako paretaren azalera kalkulatu ahalko duzue. Hortxe daukazue lehen datu garrantzitsua: kamerak, jaso nahi den gainazaletik distantzia jakin batera jarritakoan, argazkian grabatzen duen eremuaren azaleraren balioa.
Errepikatu aldi pare batean aurreko prozesua, ziur egon arte lortutako datuak zuzenak direla.
3) ALTUERA/AZALERA ETA PIXEL/METRO ERLAZIOAK JASOTZEN DITUEN TAULA OSATU
Aurreko atalean lortutako kameraren altera/ateratako argazkiaren azalera proportzioa aintzat hartuta, osa ezazue azpiko taula. Bertan, proportzio hori erabiliz, globoa altuera desberdinetara dagoenean aterako dituen argazkietan jasoko den lur-gainazal zatiaren azalera jasoko duzue:
Azken zutabeko datua ere, garrantzitsua izango da. Argazkian jasotako lur-eremuaren metro bakoitzeko argazkiak erabilitako pixel kopurua jasoko da bertan (hau da, argazkiak zabaleran dituen pixel eta jasotzen den zabalera metroen arteko zatiketa zuzena). Datu hau garrantzitsua da, izan ere, talde bakoitzak altuera berdinera bereizmen desberdineko argazkiak aterako ditu. Gero guztiak "collage" bakar batean elkartu behar badira, bere kalitatea uniformea izateko beharrezkoa da kamera guztiek ateratako argazkien pixel kopurua metroko berdina izatea.
4) AZALERAK NEURTU GOOGLE MAPSEN
Atal hau eta hurrengoa burutzeko, saltsero guztiak elkartuko zarete, bakoitza bere taularekin. Dagoeneko badakizue kamera bakoitzak altuera desberdinetara zenbateko azalera zatia jasotzen duten. Ondo. Baina metro karratu horietan Ordiziako zenbat auzo eta kale jasotzen dira? Ordiziako zenbateko "puska" grabatzen da argazkietan kamera altuera desberdinetara ipintzen dugunean?
Beharrezkoa dugu azalera balio horiek Ordiziako mapa baten gainean kokatu eta baloratzea zenbateko eremua hartzen duten. Horren baitan, gai izango gara erabakitzeko Ordiziako zenbat kokapen desberdinetan kokatu beharko ditugun globoak herria ortofotoan osorik grabatuta gera dadin.
Google Maps oso tresna interesgarria da baina ez digu bere gainean azalerak zuzenean neurtzeko aukerarik ematen. Halere, Google Maps-en APIaz baliatuta, tresna ugari daude kalkulu horiek egitea ahalbidetzen diguten tresnak. Horien artean nagusienak hauek dira:
Guk hiru horietatik lehenengoa erabiliko dugu. Zoazte webgunera eta marraztu bertan altuera jakin batetik aterako dituzuen argazkien antzeko azalerak dituzten eremuak. Azalera desberdinak gainezarri bata bestearen gainean Ordiziako eremu osoa estali arte. Begiratu ezazu eremu horien erdian Ordiziako zein txoko agertzen den. Hortxe kokatu beharko da talde bakoitza bere globoarekin. Hortik gora bidalitako globoak mapan kokatutako eremuaren antzeko argazkiak lortuko ditu.
5) TALDEEN KOKAPENAK ZEHAZTU MAPA GAINEAN
Behin kokapenak erabakitzen dituzuenean, hauek mapa batean jaso eta taldeko kide guztien artean partekatzea tokatzen zaizue. Area Calculator-ek horretarako eskaintzen dituen aukerak nahiko eskasak izanik, lan honetarako MapFab aplikazioa erabiliko duzue (hementxe gida labur bat bere erabilera esplikatzen duena). Aurreko datuekin, azken mapa osatuko duzue hemen.
Talde bakoitzaren kokapena "txintxeta" baten bitartez zehaztuko duzue. Honen deskribapenean talde bakoitzaren globoak noraino igoko diren azaldu beharko duzue eta argazkietan jasoko den eremua markatu beharko duzue.
Kokapen horiek aukeratzerakoan kontutan hartu ondorengoak:
Leku libre nahikoa izan beharko dute globoek igotzerakoan oztoporik aurki ez dezaten.
Hasierako kokapenetik mugitu behar bazarete, ondo aztertu behar duzue egingo duzuen bidean ez dituzuela oztoporik aurkituko: eraikuntzen arteko kableak, farolak edo bestelako eragozpenak.