IRAKUR LIBURUAK

LIBURUAK AUKERAN

Bertold Brechtek dio bere gogoaren aurka, bortxaz, egoerak behartuta herria, familia, etxea utzi eta kanpora joan beharra duen hori, ez dela emigrantea, desterratua baizik. Ikuspuntu horrek eraman du egilea, zenbait galderaren erantzun bila. Bizitzaren emariak milaka eta milaka pertsona, familia, hara eta hona mugitzen ditu. Eta beti dago arrazoi bat atzean, beti dago istorio bat, ibai bat, bizitza horiek hara eramaten dituena: gerra, maitasuna, beldurra, esperantza... Euskal Herrira ere iritsi ziren desterratuz betetako trenak. Lur ezezagun hontara, bizibide hobearen bila zetozen milaka eta milaka emigrante familia haiek. Horietako baten istorioa da honakoa. Maletaz eta istorioz zamatuta trenetik jaitsi eta Vascongadas izeneko lur arrotz eta amiltsuan bizitzen jarri zen familia baten abentura. Egun, munduko edozein bazterretan gertatzen ari den bezalaxe, Euskal Herriaren historian berebiziko garrantzia izan duen fenomeno batean girotutako nobela da hau. Han hasi eta hemen jarraitu, lurraldeak zeharkatu eta belaunaldien zubipetatik iragan; inoiz bukatzen ez den istorioa.

Maitasuna, zeloak, altruismoa, egoismoa, inbidia, erresumina, beharra, kariñoa, menpekotasuna, miseria, errua, plazera, damua, desesperazioa, nartzisismoa, beldurra, neurosia, sentimendu-sorta zabalaren sorleku dira harremanak, eta horiek denak eta askoz gehiago ageri ditu eleberri honetako protagonista Bertak, bere bizitzaren errepasoa egin eta inportanteakizan diren pertsonekiko solasean: ama, aita, alaba, senarra, amama, anaia, maitalea, laguna Mosaiko baten eran eraiki du Jasone Osorok lan hau: pieza txikiz osatua, tesela bakoitzakolore batekoa, denak bere horretan bixiak eta bitxiak, baina elkarren ondoan jarrita koadro eder eta harrigarri bat osatzen dutenak, kaleidoskopio bat bezain ñabar eta mugikorra, urtetakoesperientzia bital eta artistikoa erakusten duena; sortzailearen heldutasun emankorra..

Ruper Ordorikak “zaindu maite duzun hori” diosku izenburu bereko abestian. Karmele Jaiok keinu bera egiten digu Amaren eskuak nobela baliatuz. Nerearen ama gaixo dago eta ispiluetan gertatzen den moduan, atzekoz aurrera jartzen da egoera, orain alaba da ama eta ama alaba. Nereari ama zaintzea, babestea dagokio eta amarekin bizitako uneak eta egunerokotasunaren koloreak ahazturikoak azalduko dira gogoan barna tupustean. Idazleak berak testuan polito adierazten digu “Pentsa armairuari pintura zaharraren gainetik beste bat jartzen diozula. Zuriaren gainetik marroia, adibidez. Bada handik gutxira pentsatzen duzu armairu hori beti izan dela marroia. Baina urteen ondoren, hezetasuna, beroa, hotza, ukituak pairatzen ditu armairuak, eta horien ondorioz gaineko geruzaren zati bat jauzten zaio”.

Oroitzapen zaharrak eta albiste zahar berri berriak, aspaldi gertaturikoak baina Nerearen albistegiak eman ez dituenak, gauza asko ezagutuko ditu bere amaren inguruan eta ama bera berrezagutuko du. Bitartean denboraren orratzak ez dute iraganaz ulertuko eta egunerokotasunaren zama astuna egiten zaio. Egunkari batean lan egiten du eta senarra eta alaba bat ditu berak ere, egunak ordea ez ditu orratz txikiaren bi bira oso baino gehiago onartzen eta hareazko erloju batean bailegoan ito egingo da.

Beste guztia ahaztu nahi du Nereak une batez, gauza bakarra du buruan, armairu zuria berreskuratu nahi du eta hura zuria zeneko uneak hartu eta gozatu, amarekin bizi ahal izan dituen eta bizi gabeko instanteak bildu, gauza bakarra trabatzen zaio begi ninietan, amaren eskuak.

Maitasun ezinezkoak eta kasualitate gertagaitzak topatuko dituzu eleberri honetan, likantropoak eta banpiroak, arima erosten duten aingeruak, ma hil ostean jaiotako haurrak, magoak, bidaiak, ipuinak… Pasioz eta liluraz beteriko liburua, jario hordigarri batez idatzia, amodio debekatuek bezala utzi ezinezko sorginkeriaz lotuko zaituena.

Amodioaren gazi-gozoa dakarkigu Joan Mari Irigoienek eleberri eder honetan; maitasuna baita pertsonaien motor eta akuilu, maitasuna halaber beren buruhausteen iturburu.

Sararen eta Anderren bizitzak buelta asko emanak ditu elkar ezagutu baino lehen. Maitasunaren era bizimodu alternatibo baten atzetik joan zen Sara, etxea, lana eta familia utzitza, Granadako Alpujarretara; urte ezti batzuen ostean zoritxarra iritsi zen, eta gero drogaren zuloa, eromenaren infernua… Ander, berriz, etsiak jota dago ia-ia bizitza sentimentalari dagokionez. Eta horra non sortzen den, porrotaren hautsetatik, amodioaren txoria zerua hegaka….

Goxo eta garratzak dira aldika pertsonaien pasadizoak, halakoxea delako bizitza ere, gogorra eta leuna, malkoa eta irria tartekatzen dituena. Horregaitik esan liteke bizitzaren aldeko kantu bat dela sakonean IPUIN BATEAN BEZALA, zoritxarrez gainetik beti baitaude bizi pozerako arrazoiak, gaitzen zirrikituetatik aurrera egingo baitu beti biziak.

Nekez aurkituko dugu 100 metro irakurri ez duen euskal literaturzalerik. Diktaduraren zentsoreen aginduz, 1974ko argitarapena sekuestratu egin zuten. 1976an amnistiatu ondoren iritsi zen nobela irakurleen eskuetara. 1985ean Alfonso Ungriaren zuzendaritzapean nobelaren izen bera daraman filmea egin zen.

Zerraldo erori arte ihesleak ibilitako azken 100 metroek iradokitzen dute nobelan giza-dimentsioaren alderdirik intimoen eta sakonena. Bakardade hori areagotzea baizik ez dute helburu heriotzaren gertalekutik kanpora txertatutako flash indiferenteago edo sentiberagoek, beti ere heriotzaren mugatik honantzago daudenak. Harantzago heriotzaren unibertsoa hasten baita, bizitzaren azken irudi eta oroitzapen iheskorrak ere sustengu baten bila gertatzen diren espazioa. Halabehar kapritxosoenak iheslearen inkontrura erakarritako testigu anonimoa bihurtuko da nobelan zehar protagonistaren abenturaren ardatz. Hark erakarriko du beregana iheslearen ahalegina eta azken borondatea eta, bidenabar, narrazioarenak. Hari eskainiko dizkio ihesleak, maitasun erritual trajiko baten aurrean bageunde bezala, bere bizitza ofrendan. Maitale bitxi eta anbibalentea izaki ordea lekuko hori; izan ere, biak daude, iheslea eta lekukoa, maiz bizitza bera ere zaletua den harreman ironiko itsu batean giltzapetuta. Protagonista bakarrik dago bere patu tristearen aurrean, eta zu, irakurle, espektadore izatera behartuta zaude. Seguru nobela irakurri ostean, poetak esan zuen bezala, begi eta bihotz berriez ikusiko duzula mundua.