AURKIBIDEA
Dantza soltea
Helburuak
Txapelketen antolaketa
Kategoriak
Parte-hartzea eta izen-ematea
Bikoteen aurkezpena eta dantza-ordena
Musikariak eta doinu froga
Dantza eta pausoak
Epaimahaia: epai-kideak, mahaiburua eta idazkaria
Puntuazio sistema eta irizpideak
Puntuazioak, txapeketaren sailkapena eta sariak
Berrikuntzak txapelketan
Antolaketa egitura
Prestakuntza: Eskola sarea eta irakasleak
ERANSKINA 1: Puntuazio orria
ERANSKINA 2: Bikoteen aurkezpen saioa
Dantza solteaz hitz egiten dugunean, kutsu herrikoia duten bi dantzez ari gara, herrietako jaietan eta erromerietan dantzatu izan eta, oraindik ere, dantzatzen direnak.
Dantza hauek ez omen dira jatorriz Euskal Herrikoak. Antza, Fandangoak Andaluzian du jatorria, eta Arin-arina Europako iparraldean dantzatzen ziren kontradantzetatik eratorri omen da. Hauek ezaugarri propioak hartu dituzte Euskal Herrian, eta modu berezituak, halaber, gure herriko toki ezberdinetan.
XX. mendearen erdialdetik aurrera hartu zuten indarra dantza solteko txapelketek, garai honen aurreko txapelketen berri egon badaude ere.
Hiru dantzen osatzen dute dantza soltea: fandangoa, arin-arina, eta biribilketa. Azken hau festetan eta erromerietan ageri arren ez da ohikoa txapelketetan.
2.- HELBURUAK
Bikoteen parte-hartzea areagotu nahi da. Ikusita, azken garaietan bikote gutxixeago dabiltzala txapelketetan, joera hau aldatzeko neurriak indartuko dira. Ildo honetan, dantza taldeen atea joko dugu taldeko dantzariak herriko edo inguruko herrietako txapelketetan parte-hartzera anima daitezen.
Dantza solte txapelketa “tranpolin” ederra izanik bikotearentzat eta berau osatzen duten dantzarientzat, hauen garapen pertsonal eta artistikoan eragina izan nahi dugu.
3.- TXAPELKETEN ANTOLAKETA
Udaletxe bakoitza bere herriko txapelketaren oinarria sortzez arduratuko da.
Azken urteotan eman izan den bezala, Gipuzkoako EDBn integraturik dagoen dantza solteko batzordeak txapelketa antolatzeko babesa emango die laguntza eskatzen duten herrietako antolatzaileei, trukean diru-sari bat ezarriz.
“Dsueltoa” weborrian ezagutzera emango dira urteko txapelketen egutegia eta hauen oinarriak ere. Honez gain, txapelketa amaitu ondoren, emandako sailkapena eta egindako argazkiak ere hemen zintzilikatuko dira.
Dantza solte batzordea arduratuko da, idazkariaren eskutik eta txapelketa bakoitzeko epaimahaiburuaren onespenarekin:
Bikoteen izen-emateaz
Epaimahaia izendatzeaz: idazkaria, eta mahaikideak
Dantzarako orden-zozketa egiteaz
Joko diren musika doinuak eta erritmoak ontzat emateaz.
Txapelketaren sailkapena erabakitzea, bikote bakoitzaren dantza-saioa puntuatuz ezarrita dauden irizpideak jarraituta.
Txapelketa hobetzeko, antolatzaileei iradokizunak egiteaz.
Herrietako antolatzaileen esku geratuko dira:
Txapelketen oinarriak sortzea.
Ongi atondutako eszena-lekua jartzea, dantzarako egokia den taulatuaren zoruari inportantzia emanez.
Aldagela txukuna jartzea; komunekin eta, ahal balitz, dutxarekin.
Txapelketetan jotzeko trebatuta dauden musikariak aukeratzea.
Garaikurren eta diru-sarien ardura.
Txapelketaren aurkezpena prestatu eta aurkezlea/ak aukeratzea.
Pertsona bat ipintzea, epaimahaiari laguntzeko.
GEDBko dantza-solteko batzordeak, gaur egun Gipuzkoako EDBn barne egonik, EDBko beste lurraldeetako ordezkaritzei eta pertsonei lankidetzan aritzeko luzatzen die eskua.
Bi maila ezartzen dira dantzarien adinaren arabera:
Gazteak: 15 urte artekoak.
Nagusiak: 16 urtetik aurrera.
Bikoteek Nagusien mailan zein Nagusien mailan dantzatzeko aukera izango dute. Bikote bat osatuta badago kategoria ezberdinetako kideez, hau da, kide bat 15 urtetik behera eta beste kidea 16 urtetik gora, kasu honetan nagusien mailan dantzatzera proposatuko genieke.
Ohikoa da hainbat herritan parte hartzea mugatzea, bikote kopuru maximoa jarriz. Hau ez da gertatuko ez lurraldetako txapelketetan ez Euskal Herrikoan. Hauetan bikote guztiak onartuko baitira.
Parte hartzea mugatua bada, zozketa bidez aukeratuko dira bikoteak. Hori bai, kanpoan geratutako bikoteak zuzenean sartuko dira zozketa bidez ebatzitako hurrengo txapelketan.
Bikote askok izena eman izanagatik aurre-kanporaketa bat planteatzen bada, txapeketa hau bi egunetan burutzera bideratuko da.
Bikote gutxik izena emanez gero, aurre-kanporaketa eta ondoren finala egiteko aukera irekita geratzen da, txapelketari emozio gehiago ematearren.
Hamar eguneko izen emate epea ezartzen da.
Edozein arrazoi dela medio, izena emandako bikote batek ezin izango balu txapelketara etorri, aurretik ohartarazi beharko luke, itxaron zerrendan dagoen hurrengo bikoteari deitu ahal izateko moduko epean. Hau betetzen ez duen bikotea kanpoan geratuko da zozketaz ebaztuko den hurrengo txapelketan.
Txapelketa emango den herri bertako eta inguruetako bikoteen parte hartzea sustatuko da.
6.- BIKOTEEN AURKEZPENA ETA DANTZA-ORDENA
Bikoteek dantzatuko duten ordena zozketa bidez ezarriko da. Hau aldez aurretik egingo da, edota txapelketa egunean bertan. Euskal Herriko ta lurralde mailako txapelketetan zozketa beti aldez aurretik burutuko da.
Izena emandako bikote guztiak sartu egingo dira zozketan, hauek bertan ageri ala ez.
Nagusien mailan, Bikoteen aurkezpen saioa (II. Eranskina) burutuko da txapelketa hasieran, eta hau puntuagarria izango da. Bi pausotako dantza-saio honetan bikoteak dantzakideari harrera egiteaz gain ikuslearen presentzia hauteman behar du. Dantzan ari diren bitartean aurkezleak bikotearen deskripzio xume bat emango du, sartu gabe aurretik irabazitako sarien aipamenak egiten.
Txapelketa hasieran dantzatuko diren doinuak froga modura joko dira. Modu honetan bikoteek aukera izango dute ezagutu eta hauetara moldatzeko. Txapelketa bakoitzean epaimahaiak erabakiko du froga hau non burutu: txapelketa aurretik edo behin hau hasita dagoenean.
Doinuen egokitasuna ikusita, mahai-kideek zuzenketak iradoki dezakete piezen neurrian edota erritmoan.
Ikusgarritasuna bilatze aldera, doinu ezberdinak jotzea ondo ikusten da, beti ere erritmo eta zailtasun beretsukoak aukeratuz.
Fandango ta arin arin artean atsedena hartzeko denbora bera izango dute bikote guztiek. Etenaldia 30 - 40 segundukoa izango da.
Musikarien huts baten ondorio bikote baten dantza-saioa aldrebestuko balitz, hau, arazorik gabe, errepikatu liteke txapelketa amaieran.
Zortzi pausuko (bi bueltako) dantza-saioa izango da Nagusien mailan eta sei pausotako (buelta eta erdikoa) Gazteenean.
Onartzen da bigarren pausuaren hasieran ekitea dantzan.
Pausu berean aldakuntza ezberdinak sartzeko joeren aurrean, garrantzizkoa ikusten da oinarrian dagoen pausua identifikagarria izatea.
Bikote bakoitzak inongo mugarik gabe aukeratuko ditu bere pausuak. Honek ez du kentzen, hau erespetatuz, zenbait txapelketetan pausu zehatz batzuk dantzatzeko eskatzea, bizirik iraun daitezen lehenagoko dantza-erak.
9.- EPAIMAHAIA: EPAIKIDEAK, MAHAIBURUA ETA IDAZKARIA
Epaimahaia hauek osatzen dute: idazkaria, epai-kideak eta mahaiburua. Txapelketa hasi aurretik epaimahaiak zenbait gauza begiratu eta adostu behar ditu. Horregatik inportantea da epaimahaia aldez aurretik agertzea txapelketa egingo den lekura. Zentzuzkoa da mahaiburua eta idazkaria ordubete lehenago agertzea, eta beste epaikideak ordu erdi lehenago.
Epaimahaikide izateko beharrezkoa da:
Dantzan aditua izatea.
Dantza soltearekin lotura izatea: lehenago dantzaria izanagatik, irakasten ari edo aritu izanagatik...
Txapelketan parte-hartzen duten dantzariekin inongo (familia edo irakaste) erlaziorik ez izatea.
Puntuazio irizpide eta sistemak ezagutzea eta honetan lan egiteko, partekatzeko eta sakontzeko prest egotea.
2 epaile gutxienez eta 5 gehienez egongo dira epaimahaian.
Dsueltoko koordinatzaileak idazkariarekin batera zehaztuko du txapelketa bakoitzaren epaimahaiaren osaketa, kontuan hartuz kideen gogo eta denbora-ahalmenak, eta, ahal den neurrian, aniztasuna bilatuz: generoa, belaunaldia, esperientzia…
Ahal izanez gero, mahaikideak aldatu egingo dira txapelketa batetik bestera, haien artean errotazio bat sortuz.
Epaimahai, ahal dela, taulatuaren behealdean eta taulatuaren aurrean kokatuko da.
Mahaiburuaren paperari indarra eman nahi diogu. Hemendik aurrera epaimahaia izendatzearekin batera, mahaiburua zein izango den zehaztuko da, eta, aldez aurretik, jakinaraziko zaio honi. Hauek dira mahaiburuaren betekizunak, beste mahaikide eta idazkariarekin elkarlanean burutuko dituenak:
Txapelketa hasi baino lehen:
Txanda-zozketa bideratzea: dantzariak bildu, zozketa burutu, eta beharrezko zerrendak prestatu idazkariarekin batera.
Taulatua berrikusi: ea baldintza egokian dagoen edo arriskurik egon litekeen.
Doinu eta erritmo froga bideratu: dantzariei aukera ematen zaie dantzatuko duten doinua ezagutzeko. Mahaikideek onespena emango diote erritmoari. Hau batzuetan taulatu gainean egiten da, baina bikote asko egotekotan hobe lehenago taulatupean egitea.
Txapelketa hasierako "bikoteen aurkezpena" antolatzea. Zehaztuko da nola taularatuko den.
Txapelketa hasi baino zertxobait lehenago, beste epaileekin batera, irizpideak gogoratuko dira. Gogoratu beharko da akats larriaren aurrean hartu dugun erabakia, hau da, bikote batek sailkapenean postu bat galduko duela akats nabarmen bat egiten badu. Hori * batekin adierazi beharko dute mahaikideek.
Mahaikideak ados jarri behar dira berdinketako kasuak nola askatuko diren.
Txapelketa bitartean:
Suertatu litezkeen gertaera edo arazoen aurrean mahaiburuak erabakia hartuko du, beste epaikideekin kontsultatu ondoren.
Txapelketa amaieran:
Puntuazioak berrikusi ondoren ateratako epaia baieztatzea.
Erreklamaziorik balego dantzarien edo irakasleen partetik, hauek entzutea, Eztabaida sakonetan sartu gabe. Beharrezko argitasunak ematea, batez ere, epaitzeko prozedurari buruz, eta kexua inportantea balitz idatziz egitera gonbidatzea.
Gertaera aipagarririk balego edo antolaketaren huts nabarmen baten aurrean idatzizko balorazioa egitea, hobekuntzak non eman litezkeen proposatuz.
10.- PUNTUAZIO SISTEMA ETA IRIZPIDEAK
Honako kontzeptuak aintzat hartuko dira dantza-saioa puntuatzerakoan:
OINAK ETA PAUSUAK: Trebezia eta kalitate teknikoa pausuak egiterakoan (gerritik behera). - (10 puntu).
Oin puntan eta oin-bularrean indarra.
Itxiturak: pausuen bukaerak.
Jaurtiketako pausuak, luzamenduak.
Desplazamenduzko pausuak, gurutzatzeak.
Pikeak.
Hanken gurutzatzea.
Birak.
Pausoen zailtasuna.
Pausoen handitasuna.
Pausoen intentsitatea, indarra.
Pausoen gardentasuna.
Simetria.
Trantsizioak, pauso batetik bestera
…..
GORPUTZA ETA MUGIMENDUA: Gorputz enborraren, buruaren, besoen eta eskuen erabilera, kalitate teknikoaren ikuspuntutik (gerritik gora) eta bikotearen mugimendua espazioan (koreografia). – (10 puntu)
Koordinazioa, simetria, sinkronia.
Oreka: kontrola, desorekak.
Bertikaltasuna: goian ala behean.
Gorputzaren jarrera: bikotearen irudia.
Prestaketa fisikoa.
Irekitzeak.
Espazioaren erabilera: gurutzaketak, harat-honakoak, aurrera ta atzerakoak, gerturatze eta urruntzeak…
…………..
EREMU ARTISTIKOA - Dantzaldiaren osotasuna artearen ikuspegitik, hau da, bikoteak transmititzen (komunikatzen) duena, bere identitatea (estiloa), bikotekideen arteko konplizitatea… – (10 puntu)
Alaitasuna, grazia, naturaltasuna, irribarrea, goxotasuna…
Galanteoa
Harmonia
Fintasuna eta dotorezia
Osagarritasuna (egokitzapena) bikotekide artean
Dantzaren intentsitatea, abiada eta honen mantentzea edo aldaketak bilatzea
Sormena: formen eta pausuen aniztasuna eta aberastasuna
Ñabardura, sorpresa: keinuak, imintzioak, geldituak …
Aurpegiaren adierazpena
Kriskitinak
Janzkera
.......
DOINUA ETA ERRITMOA: Musika-piezaren doinu eta erritmoaren interpretazioa. – (10 puntu)
Gardentasuna: azentuak markatzea
Azentu guztiak markatuz ala interpretazio malguagoa
Hasiera eta amaierak nola
Pausu arteko loturetan
Doinuaren interpretazioa: pausuen indar eta bizitasun aldaketa
Zailtasunarekin lotuta
Kriskitinak erritmoarekin batera
………..
AKATSAK – Akatsa nabarmena denean puntuak kentzen zigortuko da. - (puntu negatiboz)
Puntu galera galdutako konpasen araberakoa izango da
Deskoordinazioa nabarmen atzeman behar da.
Mahaikide guztiak bat egonda akats larri bat eman dela, honek eramango du bikotea postu bat galtzera sailkapenean. Hau da nabarmenak diren akatsak zigortu egingo dira.
………
11.- PUNTUAZIOAK, SAILKAPENA ETA SARIAK
1. gehigarrian agertzen da epaimahaiak puntuatzeko erabiltzen duen orria.
Txapelketaren azken sailkapena bi eratan atera liteke:
Epaileen puntuazioen batuketa eginez.
Epaile bakoitzari ateratzen zaion sailkapenari begiratuta. Modu honetan epaile bakoitzak lehenengo sailkatu duen bikoteari 25 puntu emango dizkio, bigarrenari 24, hirugarrenari 23, eta banan bana gutxituz atzetik datozenei. Puntuazio hauen batura eginez aterako da txapelketaren emaitza.
Bi modu hauen artean, ahal dela, bigarrena erabiliko da.
Bi bikotek puntuazio berbera lortuko balute, epaileek desegingo lukete. Sailkapena bigarren prozedura bitartez lortu bada, hau desegingo da mahaikide guztiek emandako puntuazioen batuketa eginez. Hau eginda berdinketak oraindik ere iraungo balu, dantza saioa errepikatu egin beharko lukete bikoteek. Berdinketa saritu gabeko bikote artean emanez gero, hau ez litzateke desegingo.
Sari banaketan soilik aurreneko postuak irabazi dituzten bikoteen puntuazio emango da. Gainontzeko bikoteei dantzatutako ordenean deituko zaie taulatura.
Trofeoak, eta diru sariak, txapelketaren oinarrietan jaso bezala banatuko dira.
Jantzi-saria emanez gero, adituak diren pertsonek emango dute epaia.
Bikotea izanik dantza hauen egile eta helburua, banakako saria ez da gomendatzen.
Nagusi mailako edozein bikotekidek edo Gazte mailako irakasleak txapelketaren puntuazio orokorra eskatzeko eskubidea du.
Sailkapenaren berrikusketan sailkapenean eragina duen akatsen bat azaleratzen bada, mahaiburuari egokituko zaio hau ebaztea, antolatzaileekin eta auzian suertatu diren bikoteekin harremanetan jarrita.
Erreklamaziorik izatekotan, hau mahaiburuak jasoko ditu.
12.- TXAPELKETEN BERRIKUNTZA
Jakinik dantzaren aspektu teknikoak eta indarra gehiago lantzen direla ikusita, saiakera berriekin dantzaren osagai artistikoa, batik bat, indartu nahi da. Bultzatu nahi dira dantza eta dantzarien:
Alderdi espresiboa: transmisioa, komunikazioa …
Nortasun propioa: armonia, dotorezia, fintasuna, indarra …
Naturaltasuna, alaitasuna, goxotasuna …
Jolasa: gorteiatzea, umorea, probokazioa, antzeztea, pausu eta dantza-formen elkarrizketa …
Forma eta pausu berriak eta berreskuratutakoak, asimetriak, pausu nolakotasun ezberdinak …
Beste ñabardurak: sorpresa, imintzioak, geldialdiak, keinuak, kriskitinak …
13.- ANTOLAKETA EGITURA
Hiru eragile-taldek parte-hartze dute Dantza-soltearen antolakuntzan: Dantzariak, Irakasleak, Epai-kideak
Dantza-solte batzordea:
Zortzi pertsonez osaturik: Nagusien mailako bi dantzari, bi irakasle, bi epai-kide, idazkaria eta batzordearen koordinatzailea.
Batzordearen koordinatzailea sei hauetatik aterako litzateke.
Batzordean kontrastatuko dira dantz-soltearekin erlazionatutako gaiak, eta bultzatu eta sustatuko dira ekimenak sortzen diren arazoei aurre egiteko, guztien inplikazioa bilatuz.
Epai-kideen bilera: Txapelketa sasoiaren hasieran eta bukaeran finkatu dira gutxieneko bilerak. Ekimen berrien arabera gehiago egiten dira.
Dantza-soltearen bilera nagusia: Beharren arabera deitu da. Aproposena da urtean behin egitea, txapelketen sasoia hasi aurretik edo ondoren. Batzordeak egingo du bilera deia. Hauetan ere txapelketen gorabeherak konpartitzen dira.
GEDBko batzordea: Dantza-solteko koordintzailea GEDBko batzordean parte hartu. Bertan proiektu orokor bat sortzen da dantza-sueltoko proposamen eta ekimen propioak barne hartzen dituena, besteak beste.
14.- PRESTAKUNTZA: ESKOLA SAREA ETA IRAKASLEAK
Formazio ikastaroak proposatuko dira irakasle berrientzako, batez ere.
Irakasleen arteko elkartrukea bultzatu, eta irakasle- eta eskola-sarea sustatuko da.
Ikastaroak egingo dira gaztetxoak dantza-soltera erakartzeko.
ERANSKINA: PUNTUAZIO ORRIA
2. ERANSKINA: BIKOTEEN AURKEZPEN SAIOA
“Bikoteen aurkezpena” puntuagarria izango da nagusien mailako txapelketa guztietan. Fandango-doinuz dantzatuko da, ta bi pausotako iraupena izango du.
Zertan mamitzen da aurkezpen hau?
Dantzari guztiak taulatura igoko zarete, ta bi multzotan jarri, batzuk eskuin aldean eta beste batzuk taulatuaren ezker aldean. Bikote bakoitzeko kide bat taulatuaren eskuin aldean kokatuko da, eta bestea ezkerreko aldean.
Alboetatik hasiko zarete, beraz, dantzan (bakoitza egokitu zaion txandan).
Bi parte izango ditu aurkezpen saioak:
Hurbilketa eta bikotea sortzea. Elkarketa honetan ikusi behar dira erakartasuna, ilusioa, gogoa, konplizitatea, indarra… eta bikote bakoitzak eman nahi dion zentzua.
Ikuslegoaren presentzia hautematea, haiek ere erreferentzia inportantea baitira. Hau hala izanik, logikoa da, momentu batean edo bestean jendeari aurrez aurre eginiko pausuak agertzea.
Aurkezpen modu hau hala irudikatu dugu, baina beste edozein eratan ere egin liteke. Hori bai, errespetatuz hasierako kokapena taulatuaren alboetan, eta kontutan hartuz bi intentzio-fokoak: bikotea, eta ikuslegoa.