Salerosketen kudeaketaren inguruan, hainbat prozesu daude.
Hasieran, eskabidea egiteko ardura enpresak duen Erosketa Sailak dauka. Hona hemen eskabidea egiteko ohiko erak:
- eroslearen inprimakiaren bidez (eskabide-proposamena)
- merkataritza-gutunaren bidez
- telefonoz
- saltzailearen inprimakiaren bidez
Eskabide-proposamena jasota, saltzaileak produktua bidaltzen dio erosleari beste dokumentazio batekin batera; albaranarekin batera, alegia. Izan ere, hornitzaileak albaranaren originala eta haren kopia bidali behar dizkio bezeroari, bezeroak sinatu ondoren originala beretzat gorde dezan eta kopia, berriz, hornitzaileari itzul diezaion.
Erosleak hornitzaileak bidalitako salgaiak ongi dauden egiaztatu beharko du, eta eskabidearekin bat datozen konprobatu. Horrela bada, albarana sinatu, eta hornitzaileari itzuliko dio. Saltzaileak, erosleak sinatutako albarana jasotakoan, agiri horri dagokion faktura betetzeari ekingo dio. Komenigarria da fakturarekin batera saltzaileak erosleari gutun bat bidaltzea, egin beharreko ordainketaren gaineko xehetasunak emateko.
Ondoren, erosleak faktura ordainduko du, eta, horretarako, hainbat aukera ditu:
- Eskudiruzko ordainketa. Kasu horretan, faktura ordaindu eta gero, saltzaileak erosleari ordainagiria bete beharko dio. Enpresa-eroslearen kontulariak ordainketa horri dagokion kontabilitate-idazpena egingo du.
- Bankuan txeke bidez egindako ordainketa. Erosleak, txekea bete, eta hornitzaileari emango dio, eta hark, txekea bankuan kobratu eta gero, ordainketa horri dagokion kontabilitate-idazpena egin beharko du.
- Ordainketa geroratua. Erosleak onartu egin beharko du saltzaileak aurkeztutako kanbio-letra, eta, bankuan kobratu ondoren, kontulariak ordainketari dagozkion kontabilitate-idazpenak egingo ditu.
OHARRA: Proposatutako ariketetan, aztergai izango dira beltzez eta letrakera etzanez dauden dokumentuak . Prozesu osoa grafikoki laburbildurik ikusteko, ireki behean dagoen fitxategia.