Edozein enpresak, bere helburuak aurrera eramateko, harremanak izan behar ditu beste enpresa batzuekin. Erlazio horiek merkatuan beren funtzioa bete dezaten, arauetan oinarriturik egoteaz gain, ulergarriak ere izan behar dute.
Beharrezkoa da, edozein arazoren aurrean neurri zuzenak hartzeko, enpresaren antolaketari buruzko informazioa era egokian gordetzea. Egiteko horretan, kontabilitatea lagungarri gertatuko zaio enpresari. Kontabilitatea informazio-sistema bat da, eta, arau batzuk abiapuntutzat harturik, ekonomia-jarduera bateko kontuez erabaki arrazionalak hartzea du helburu.
Hori guztia garatzeko, hiru atal bereizi dira lan honetan:
3.1. Kontzeptuak eta definizioak: Kontabilitatearen terminologia oso zabala denez, oinarrizko kontzeptuak jorratu dira lan honetan; ezinbestekoa da oinarrizko ekonomia-lexikoa menderatzea, gero kontzeptuak behar bezala ulertu zein erabiltzeko.
3.2. Prozedurak izenekoan, urratsez urrats azaltzen dira ustiatze-zikloan egin beharreko pauso guztiak.
3.3. Ariketak: testak eta ariketa praktikoak (azken hauek izango dira interesgarrienak); izan ere, praktikak lagunduko du kontabilitatean dauden lotura guztiez jabetzen.