2.2.1. Argiaren errezeptoreak

Eboluzioan, zelula fotoerrezeptoreak elkartu, eta ikusmenaren organoak sortu ziren: begiak.

Animalietan, askotariko ikusmen-organoak daude:

  • Ozeloak: Knidarioek dituzte. Argia nondik datorren eta zer intentsitatekoa den besterik ez dute bereizten.
  • Begi konposatuak: Intsektuen begiak dira, eta omatidio izeneko unitate ugariz osatuta daude. Ikusmen mota honi mosaiko-ikusmena esaten zaio.
  • Begia: Begi-globoaren barruko zelula fotoerrezeptore ugariz osatuta daude, eta formak eta koloreak bereiz ditzakete.

Ikus dezagun ornodunen begiaren mekanismoa:

  1. Argi-izpiak kornean sartzen dira.
  2. Sartu den argiaren intentsitatea erregulatzen du irisak.
  3. Kristalinoak objektua fokalizatzen du.
  4. Irudia erretinan proiektatzen da. Bertan, fotoerrezeptoreak kitzikatu, eta nerbio-kinada hasten da. Bi motatako zelula fotoerrezeptoreak daude: konoak eta makilak.
  5. Konoek argi distiratsua eta koloreak bereizten dituzte, eta, beraz, irudien xehetasunen berri ematen dute.
  6. Makilek, argi-intentsitate baxuetan, zuri-gris-beltz eskalako xehetasunak ematen dituzte, argiarekiko oso sentikorrak direlako.
  7. Ikusmenaren nerbio-zelulek zerebroraino garraiatzen dute seinalea.

1. jarduera. Begiaren disekzioa

Ikusi nahi duzu benetako begi bat nolakoa den? Egin klik esteka honetan, eta aukera izango duzu –gure begiaren antzekoa den– behi baten begiaren disekzioa ikusteko. Ikusi arretaz bideoa, eta laburbildu ezazu ematen dituen 12 urratsetako bakoitzaren ideia nagusia.

2. jarduera. Ikusmenaren bitxikeriak

Batzuetan, begien aurrean duguna eta ikusten ari garena ez dira gauza bera. Nola izan liteke? Ikusmenak bitxikeria ugari ditu. Esperimentu batzuk egin nahi dituzu? Probatu hemen!

3. jarduera. Ondo ikusten duzu?

Zure ikusmena eskasa, ona edo bikaina ote den ikusi nahi baduzu, egin klik hemen eta probatu!