Animaliek sistema bi dituzte ingurunean gertatzen diren aldaketak (estimuluak) hautemateko: nerbio-sistema eta sistema endokrinoa.
Nerbio-sistemak kanpo- zein barne-inguruneko estimuluak jaso, eta berehala ematen du erantzuna: esate baterako, muskuluak uzkurtzea, guruin-jariatzea...
Sistema endokrinoak, ostera, gorputzaren barne-estimuluak hauteman, eta jarduera metabolikoak, hazkundea, ugalketa eta garapena kontrolatzen ditu. Ematen dituen erantzunak motelak eta —gehienetan— iraunkorrak izaten dira.
Sistema biak batera aritzen dira, eta euren arteko koordinazioa ezinbestekoa da organismoak ondo funtziona dezan.