4.1. Hormonak

Organismoan, hainbat prozesu ari dira gertatzen aldi berean uneoro. Zelula eta ehunek euren ugalketa eta hazkundea kontrolatu behar dituzte beste ehun batzuekin etengabe koordinatzeko.

Nola lortzen da koordinazio hori? Zer-nolako komunikazioa du izaki bizidunen organismo konplexuak? Nola funtzionatzen du informazio-sistema horrek? Nola erregulatzen da ?

Komunikazioa hormonek bideratzen dute. Hormonak hainbat ehunek ekoitzitako molekula kimikoak dira. Bakoitzak zelula espezifiko batzuk ditu helburu, eta odolean zehar garraiatzen dira zelula horietara heltzeko. Behin jomugara helduta, aktibatu egingo dituzte zelulok zeinek bere funtzioa bideratzeko.

Hormonak bi talde nagusitan banatzen dira:

  • Hormona peptidikoak: Aminoazidoz osatuta daude. Oso molekula handiak direnez, ezin dute euren kabuz zelularen mintza zeharkatu. Mintzeko errezeptore espezifikoekin lotzen dira, errezeptoreok zelula barnean erreakzio-kate bat eragin, eta behar den efektua sortzen dute.
  • Hormona lipidikoak: Esterolen taldeko molekula lipidiko txikiak dira. Zelularen mintza erraz zeharkatu dezakete, eta, zelula barneko errezeptore espezifikoekin lotuta, nukleora sartu eta erantzuna sortzen dute.