1. Sarrera

"Auzoko parkean patinatzen zabiltza, eta, halako batean, konturatu zara txakur handi bat zuri begira dagoela, begirada gaiztoz eta arnasestuka. Txakurrak amorruz begiratzen dizu, marmarka, tarteka zaunkaka eta hortzak erakutsiz. Bat-batean, uhaletik askatu, eta zuregana dator, zuzen-zuzenean. Bihotzeko taupadak izugarri azkartu, eskuak izerditan jarri, eta muskuluak guztiz tenkatu zaizkizu. Patinetea hartu, eta gurasoen autora abiatu zara tximisten pare, ziztu bizian. Atea itxi duzun unean, txakurrak salto egin du leihora. Salbu zaude, baina bihotza oraindik saltoka dabilkizu...”.

Justu-justuan, ozta-ozta, baina salbatu egin zara, e? Badakizu esaten zeri esker eman duen zure gorputzak bat-bateko erantzun azkar hori?

Ikusi eskuinaldeko bideoa, eta hausnartu.

Bai, bide onetik zabiltza! Unitate honetan, ikusiko dugu nerbio-sistemak eta sistema endokrinoak nola laguntzen duten berehalako erantzuna sortzen arriskuaren aurrean zein nola laguntzen dioten pubertaroan dagoen gaztetxoari heldu bilakatzen, nahiz eta prozesu bi horiek oso-oso desberdinak izan.

Ikasi nahi? Aurrera!