HISTORIA

Helburua

Aiaraldeko historia ezagutzea Mariaka legendak ematen digun informazioa erabiliz.

Horretarako honako dokumentazioa erabili da:

Micaela Portillaren tesi-lanean Mariaka dorretxeari buruz topaturiko irudiak:

Ikasleek denbora-lerro ezberdinak osatu dituzte lorturiko informazioarekin.

ABESTIEN INGURUKO HAUSNARKETA HISTORIKOA

TXINTXARRIEN BARRUAN


Gure institutuaren izena aski ondo ezagutzen dugu: Zaraobe. Baina nondik dator bere izena? Zergatik Zaraobe?


Institututik oso gertu, Aiara udalerriko Olabezarren, bada historikoki izugarrizko garrantzia duen zelai bat: SAURAUBE ZELAIA.

Zelai honetan Erdi Arotik hona, Batzar Nagusiak biltzen ziren eta bertan, tokiko agintariak aukeratzen ziren euren foruen, askatasunen eta ohitura zaharren arabera.

Batzarrak helburu hauteslea ez ezik beste helburu batzuk zituen: Helburu legegilea, betearazlea eta judiziala. Batzar hauetara gainera, bailarako familia boteretsuak edo ahaide nagusiak joaten ziren;

bilera hauetan beraz gure Mariaka ongietorria zen, Aiala, Murga, Ugarte eta beste familia boteretsuekin batera.

Tokiko agintariak aukeratzeko zilarrezko txintxarriak erabiltzen zituzten eta txintxarri hauen barruan aukeratuen izenak ipintzen zituzten.


Zaraobeko orkestra sinfonikoak aukeratu duen lehen kantua “Txintxarrien barruan” du izena; guztiok dakigu orain izenaren zergatia...baita gure institutuaren izenaren zergatia.

MARIAKA INDARTSUA


Eskolako proiektu nagusiak Mariaka du izena eta Amurrioko Mariaka indartsuaren kondaira oinarri hartzen du.


Bada 1093. urteko dokumentu bat zeinek honela dioen: “Mariaka Etxeak larreak, urak, soroak eta San Pedrori dedikatutako eliza zituen”. Beraz, XI. mendean jada Mariaka eremu hau eraikia zegoen eta hemen nonbait San Pedrori dedikatutako eliza egongo zen. Baina badirudi eliza hau XIX. mendean desagertu zela…

Gaur eguneko Mariaka etxea XV. edo XVI. mendekoa da, nahiz eta aurretik dorretxea izan zen. Horregatik, oraindik ere dorre itxura mantentzen du eta horren froga dira hormen loditasuna, sarrerako arkua eta bere armarria. Bestalde, baditu oso apainduak agertzen diren lehioak.


Dorretxe honetan gainera indar handiko gizon bat omen zegoen, batzuen ustez Juan Sanchez de Mariaka zen gizon hura; besteen ustez Fernando de Mariaka izan zitekeen… Bata edo bestea izan badirudi hauetako norbaitek indar handia izango zuela eta bertute hori oinarri hartuta, legenda bat sortu zen: Mariaka indartsua.


Legendaren protagonista Fortun izeneko mutila da eta indarra babak janez eta txakolina edanez lortzen ditu, bata zein bestea gure eskualdeko produktuak.

Legenda errekonkista garaian kokatzen da eta beraz Fortun musulman baten aurka borrokatzera jotzen du Madrilera...borroka hastear doa…

Nola amaitzen den jakin nahi al duzue?

Entzun kantua eta gozatu!