Gorputz hezkuntza ikasgaiak dantza-antzerki tailerra landu du Unai Lopez de Armentia adituaren eskutik.
Unai Lopez de Armentia Londres-eko Rose Bruford Unibertsitateko Europar Antzerkian lizentziatua da. Obra Theatre, Parasite Kolektiboa eta New International Encounter konpaniekin egiten du lan eta Sala Baratza Aretoko zuzendaria da ere. Arte eszenikoen munduan murgilduta ibili da 20 urtez antzezle, zuzendari ta pedagogo bezala.
Jende multzo baten artean talde-koro bat osatzeko tresnak garatuko ditugu tailer honetan. Hortik abiatuta esperimentazio eta inprobisazio prozesuak hasiko dira.
Lanaren oinarria taldea da, baita norberaren gaitasunak sustatzeko taldeak ematen duen bultzada ere. Testuinguru horretan taldeko kideen entzumen sentsoriala eta sentsitiboa barrurantz eta kanporantz finduko dira.
Metodologia honen xedea adierazkortasun irudimentsu eta zehatza lortzea da; bidea, berriz, neutraltasunetik abiatzen da. Prozesu honen helburu orokorra buruaren eta gure gorputzen arteko komunikazio psikofisikoa indartzea da. Norberak duen naturaltasun intuitiboa ber aurkitzeko hain zuzen ere.
Interpretearen tresna gorputza da, horregatik tailer honetan gorputz-mugimendutik eta fisikotik abiatuz sortuko dugu. Gorputza eta burua sormen lanerako prest egoteko xedez, saio guztiak beroketa eta ariketa fisikoekin hasiko dira.
Saioak dinamikoak izango dira eta teknika eta metodologia ezberdin guztiak inprobisazioarekin batera nahastuko ditugu, era arin eta naturalean partaideen zein taldearen sormen potentzialean arakatzeko. Era orokorrean ikerketa honen sorlekua plazerra izan behar da, epaiketak eta lotsak egonaldi honetan alde batera uzten saiatuko gara hasieratik.
Abiapuntua Mariaka indartsuaren istorioa izanda helburua ikasleekin esaldi koreografiko ireki batzuk garatzea da. Esaldi hauek beraien arteko komunikazio fisikorako balioko dute istorioaren kontakizunean koro moduan erabili ahal izateko.