Tea eta kafea produktu baliotsu eta usaintsuak dira, eta exotiko gisa iritsi ziren Europa modernora. Jatorriz Etiopiakoa zen kafea, eta XVI. mendean zehar hedatu zen Ekialde Ertainean, eta Veneziaraino iritsi zen, hiri hori baitzen ekialdeko milikeriek gurean sartzeko zuten atea. Tea ere XVII. mendean iritsi zen Europara, eta Portugalgo erregina batek Ingalaterrara eraman zuen. Izan ere, mende bat baino gehiago zeramaten portugaldar nabigatzaileek jaun eta jabe izaten Ekialdera bidean egiten ziren itsasoz bestaldeko joan-etorrietako eta merkataritzako abenturetan.
Edari biek, euren inguruari gizarte-errituala antolatzea lortu dute: britainiar "te-ordua" edo "kafea hartzera" joatea, edozein aitzakiarekin. Baina hauek hartzea ere atsegingarria da bakardadean, eguna antolatzen ari garenean edo gogoeta sakonetan murgiltzen garenean. Goizean ogi txigortua edo arratsaldean jengibre-pastak; batak eta besteak irakurketak, konfidentziak eta gizarte-bizitza dituzte lagun. Esnearekin ala gabe? Azukrea, sakarina ala hutsik?