Platonen eragina Agustinengan, etikaren eremuan

Arimaren eta gorputzaren arteko arazo zaharra —oraindik indarrean dago—

burmuinaren eta adimenaren arteko harremana izango litzateke

gaur egungo hizkeran. Materia hutsa al gara, edo zerbait gehiago?

Alegia, ba al dago gure baitan alderdi espiritualik?

Ikasi behar dugun programan, “Platonen filosofiaren eragina Agustinengan” izeneko epigrafea dago. Normalean, atal hau garatzeko, ontologia edo ezagutzaren teoria dira gehien lantzen diren atalak; baina, antropologiaren eta etikaren eremuetan ere, itzela izan zen Platonen eragina Agustinengan.

Agustinentzat, arima hilezkor eta gorputz hilkorrez osaturiko izaki bat da gizakia. Dualismo antropologiko bati jarraitzen dio, beraz. Eta Platonen modura, Agustinek ere, gorputzaren gainetik jartzen du arima, defendatuz "gizakia gorputz hilkor eta mundukoiez baliatzen den arima arrazoiduna dela" (Wikipedia).

Hiponako apezpikuak Platonek zehaztu zuen dualismotik abiatuta zirriborratu zuen, apurka-apurka, bekatuaren kontzeptu kristaua. Eta, bekatuaren kontzeptuan, berebiziko garrantzia dauka gorputza eta arima bereizteak.

Hau guztia garatzeko asmoz, Francisco José Martínez UNEDeko filosofia irakasleari eginiko elkarrizketa baten berri ematen dizuegu honako lerro hauetan:

Dualismoaren eta monismoaren arteko eztabaida Antzinateko garaietatik egon da presente mendebaldean. Pitagorikoen arabera, arima gorputzaren kontrakoa zen, perfekzioaren, onaren eta puruaren gunea; gorputzak, ordea, txarra den oro irudikatzen zuen: lizunaren eta lohiaren isla. Irudiaren iturria

BI TRADIZIO FILOSOFIKO ETIKAN

(Antonio García-Santesmasesek Francisco Jose Martinezi

UNEDen irratiko Revista de Filosofía

programan eginiko elkarrizketatik moldatua)

Martinezen arabera, etikan, bi tradizio filosofiko bereiz ditzakegu; bakoitza autore hauetako batetik abiatzen da:

(1) Platon (2) Aristoteles

(1) Ildo pitagoriko-platoniarra

Hau izan zen kristautasunak berrartu zuen ildoa, bereziki Pablo Tartsokoaren eta Agustin Hiponakoaren bidez. Ildo honek Erdi Aroan jarraitzen du, Occamen boluntarismoarekin; eta Luther eta Kalbin erreformatzaileenganaino ailegatzen da. Planteamendu dualista bat da: haragia eta espiritua (edo arima) bereizi egiten ditu. Espiritua goraipatu, eta haragia gutxietsi eta kondenatu egiten du. Ikuspuntu honetan, gorputza, mespretxagarria denez, kontrolatu eta mugatu egin behar den zerbait gisa ulertzen da. Beraz, gorputzak sortzen dituen tentsioak ezabatu egin behar direla dio. Patologiatzat jotzen dute desira. Guztiz arbuiatzen ez badituzte ere, parentesi artean ipintzen dituzte nahiak, grinak, gurak, inklinazioak, interesak, motibazioak... Giza ekintza, morala izateko, beharrizan hutsak eragin behar du, eta ez desirak. Kasuren batean, gerta liteke ekintza morala desira eta inklinazioekin bat etortzea, kasualitatez. Ez dago derrigorrean desiren kontra jo beharrik, baina kontu handiz ibili behar dugu desirak gure jokabidea ez kutsatzeko. Egin behar duguna egiten dugunean jokatzen dugu moralki, eta inoiz ez desirak bultzatuta aritzen garenean (ikusiko dugunez, Kantek beste arloetan erlijiotik askatzearen beharra aldarrikatuko badu ere, arlo honetan, ikuspuntu hau berau bereganatuko du). Gizakia izaki eroria da, bekataria. Eta bekatua, gehien batean, haragiaren bekatua izaten da.

La scuola di Atene (Atenaseko Eskola), freskoa (zehaztasuna). Rafael Sanzio, 1510-1511. Museo Vatikanoak. Iturria

(2) Ildo aristotelikoa:

Ikuspuntu honen arabera, gizakiaren grinak eta interesak ere kontuan izan behar dira etikan. Dena dela, horrek ez du esan nahi modu arinean edo primarioan ulertu behar direnik irrikak (azken finean, Aristoteles bera ere platonikoa zen). Baina bertuteak baldintzak ditu: ezin diogu, besterik gabe, mundu guztiari exijitu bertutearen arabera bizitzea; gutxieneko baldintza batzuk (osasuna, gutxieneko lasaitasun ekonomikoa eta espirituala…) bete ezean, ezin da moraltasuna eskatu. Ildo hau bestea baino materialistagoa da, giza bizitzaren baldintza konkretuei jartzen die arreta. Onartu egiten du gorputzaren garrantzia (azken finean, animaliak garela esaten du).

XX. mendean, Ernst Bloch-ek ezker eta eskuin aristotelikoa bereizi zituen. Eskuinak, Platonen ildoarekin antza handiagoa duen adarrak, Tomas Akinokoa teologoan izan zuen ordezkaririk garrantzitsuena. Ezker aristotelikoan, ordea, 'bigarren mailako' pentsalariak sartuko lirateke: hala nola Avicena, Averroes eta Giordano Bruno. Bigarren planteamendu horrek defendatzen du etikak loturaren bat izan behar duela gorputzarekin, pasioekin eta desirarekin. Ezin dugu eraiki guztiz idealista den etika bat, arrazoian bakarrik oinarrituta, gure naturaren elementu emozional eta korporal guztiak ezabatuta. Ildo naturalista da, eta kontuak egin nahi ditu gure zentzumenen alderdiarekin. Arrazoia giza ahalmena da, bai; baina nonbait sortzen da, baldintza material zehatz batzuetan, gorputz jakin batean, beharrak eta desirak dituen gorputz batean, hain zuzen ere. Eta gizakiok, arrazoia edukitzeaz gain, zentzumenak ere baditugu. Spinoza, XVII. mendeko filosofo holandarra, da ildo honen ordezkaririk seinalatuena.

Charles Taylor filosofo kanadar ospetsuak, bere Sources of the Self liburuan (gaztelerazko bertsioa: Las fuentes del yo, Paidós, Bartzelona, 2006), oso ondo azaltzen du Platonen ikuspuntua. Platonen arabera, onak gara gugan arrazoia nagusitzen denean; eta gaiztoak, berriz, desioen menpe bizi garenean. Gizaki ona da bere desioen jabea dena. Horrela ulertu behar ditugu ‘nor bere buruaren jabea’ izateko deia eta norbera meneratzearen aldeko aldarrikapen guztiak. Platonen aburuz, arrazoiak gidaturiko pertsonak baretasuna ere eskuratzen du; irrikaren morroi bizi dena, ordea, egonezinean biziko da, aztoratuta. Pertsona ona trankil dago; gaiztoa, artegaturik. Lehenengoak auto-kontrola dauka; bigarrenak, ez. Desioak inoiz ez baretzea da desioen menpe bizi denaren madarikazioa. Izan ere, desioa asegaitza da, izatez.

Bere garaian, eta geroago ere, ikuspuntu hau askok eztabaidatu bazioten ere, Platon garaile atera zen, nolabait. Arrakasta horren kausa eta efektuetako bat Agustinengan izandako eragina izan zen. Izan ere, Agustin platonismoaz jabetuko da, neurri handi batean, kristautasunari oinarri filosofikoa emateko asmoz. Geroago, Tomas Akinokoak aristotelismorantz biraraziko du kristautasuna; baina Agustinek ezarritako hainbat kontzepzio mantendu egingo dira orduan ere.

Irudiaren iturria

Kristautasunean, Hiponakoaren aurretik, Pablo Tartsokoaren ikuspuntutik jada, haragiak izpiritua garaitzea besterik ez da bekatuetako asko. Gure lehenengo gurasoen bekatuaren ostean, “(...) haragiak Espirituaren aurka irrikatzen du; eta Espirituak haragiaren aurka” (Gal. 5, 16-17). Pablorentzat, haragiaren irrikak bekatu-iturri dira: “Ez al dakizue emakume galduarekin batzen dena harekin gorputz bat egiten dela? (…) Ihes egizue haragikeriatik” (Kor. 1, 6:18). Holakoak ikusita, Michel Onfray gaur egungo pentsalariak bere Traité d’athéologie liburuan (Tratado de ateología, gaztelerazko edizioan), ondorioztatzen du Tartsokoak arazoak zituela sexuarekin, obsesioak joa zela.

Agustin Hiponakoak ildo beretik jarraituko du, eta hausnarketa sakona egingo du haragikeria edota lohikeria bezalako nozioez, nozio horiek Pabloren moduan ulertuta, hau da, suntsigarriak diren ondasunak suntsiezinak diren ondasunen gainetik ipintzeko joera gisa. Gorputzaren eta sexualitatearen kontrako jarrera (eta askotan, obsesioa bera) mendeetan zehar mantendu da kristautasunaren barnean, eta bereziki Eliza Katolikoan. “Arima gehiago doaz infernura haragiaren bekatuengatik beste edozerrengatik baino” esan zuen Santa Fatimak, 1913an. Sexualitatea zerbait zikintzat eta bekatuzkotzat hartu du kristautasunak Pablo Tartsokoaren eta Agustin Hiponakoaren eraginpean; eta Elizak sekulako ahaleginak egin ditu iritzi hori gizartean hedatzeko. Katolizismoan, gehien jota, baldin eta ugaltzeko bide, tresna, medio bada, onartzen da sexualitatea; baina inondik inora ez helburutzat hartuta, are gutxiago plazera eman eta hartzeko modutzat ulertuta.

1990ean, Espainako gobernuak publizitate-kanpaina bat bultzatu zuen kondoia erabiltzeko ohitura

gazteen artean zabaltzeko, sexu bidez transmititzen diren gaixotasunak ekiditeko asmoz.

Eliza katolikoak gaitzetsi egin zuen kanpaina, eta Madrilgo artzapezpikutzak bere kanpaina propioa jarri zuen martxan, sexu-abstinentzia eskatuz .

Irudien iturriak: lehenengoa eta bigarrena

Hala, zakarki kondenatzen ditu Elizak espeziea ugaltzeko balio ez duten adierazpen sexual guztiak: masturbazioa, homosexualitatea eta, heterosexualitatearen esparruan, haurdunaldia bilatzen ez duen edozein praktika sexual. Gauzak horrela, ulergarria da Eliza Katolikoak kondoiaren erabilera kondenatzea eta bekatutzat izatea. Izan ere, antisorgailu guztiek, kondoia barne, posible egiten dute ugalketa eta sexualitatea bereiztea (Eliza Katolikoak sexualitatearen eta antisorgailuen gainean daukan ikuspuntua oso argi azaldu zuen Pablo VI Aita Santuak bere 1968ko Humanae Vitae Entziklikan). Eta horrexegatik ere izan ziren harritzekoak Frantzisko Aita Santuaren 2013ko irailekoadierazpenak, zeinetan esan baitzuen Eliza Katolikoak ezin duela hitz egin abortuaz, homosexualez eta kondoiaz bakarrik. Komunikabideek berri gisa tratatu zuten, benetako nobedadea zelako.

Dena dela, fede kristaua mendebaldeko pentsamenduaren ardatza izango da Erdi Aroan, hau da, mila urtez. Berpizkundean hasiko da erlijioaren nagusitasuna ahultzen, oso poliki. Baina XIX. mendera arte itxaron beharko dugu Nietzsche bezalako pentsalari bat aurkitzeko, platonismoaren eta kristautasunaren eraikina guztiz suntsituko duena. Hala ere, Pablok eta Agustinek sexualitateaz zituzten iritzien aztarnek gaur egun arte iraun dute. Eta, gaur egun ere, Platonen itzal luzea susmatzen da Elizak behin eta berriro haragiaren kontrako kondena sutsua aldarrikatzen duenean.Irudiaren iturria

Filosofiaren ifrentzua

Ateologia tratatua-ren ondoren, Michel Onfrayk gogoz ekin zion hainbat ataletan plazaratu beharreko Filosofiaren kontra-historia lanari. Lan horretan, Platonengandik hona Filosofiaren historiografiak mendeetan ezkutatu, txikiagotu edo mespretxatu izan dituen lerro filosofikoak aldarrikatzeko eta, zenbait kasutan, ezagutzera emateko ahalegina egiten du; haren hitzetan, filosofia ofizialaren angelu hilei ohartzekoa. Egileak bere buruari egiten dion galdera da zergatik atera den garaile idealismoa edozein joera materialistaren gainean, zergatik lotzen den zuzenean oraindik gozamen oro bekatuarekin eta kulparekin baita beren burua kristautzat ez daukatenen artean ere; abiapuntu horretan oinarrituta, ikusarazten digu beste filosofia bat posible izan zitekeela.

Angel Erro, "Gorputzaren lagunak", Berria [data gabe]