Nietzschek, filologoa zenez, sakonki ikertu zituen Greziako kultura eta filosofia. Hala ikusi zuen Antzinako Grezian bizitza ulertzeko bi era guztiz ezberdin egon zirela eta elkarren kontra aritu zirela biak:
- Apoliniarra
- Dionisiakoa
Apoliniar hitza Apolo jainkoaren izenetik dator; eta dionisiako, berriz, Dionisio jainkoaren izenetik. Nietzscheren ustez, bi jainko horiek oso ideia eta balio desberdinak irudikatzen zituzten Antzinako Grezian: Apolok balio batzuk irudikatzen zituen hala nola edertasuna, arrazoia, proportzioa eta neurritasuna; eta Dionisiok, berriz, lasaikeria, pasioa, orgia eta gehiegikeria.
Nietzscheren arabera, Grezian, hasiera batean, Izpiritu Dionisiakoa zen nagusi; baina, gerora, Sokrates eta Platonen eraginez, Izpiritu Apoliniarra ezarri zen, zoritxarrez, eta instintuak erreprimitu egin ziren arrazoiaren izenean. Nietzschek esan zuen hori atzerapauso itzela izan zela; haren aburuz, historian zehar gizaki batzuk egon dira, pasioei jarraituta –eta ez erreprimituta, kristautasunak eskatzen duen legez– obra handiak egin dituztenak. Izan ere, Nietzschek izpiritu dionisiakoaren defentsa sutsua egin zuen, esanez Izpiritu apoliniarrak irabazi zuenean hasi zela dekadentzia.
Nietzscheren iritziz, Platonek hutsegiterik kaltegarriena egin zuen historian lehenengo aldiz Ongia eta Gaizkia bereiziz errealitatea bitan zatitu zuenean. Platonen filosofiatik aurrera, mundu materiala inperfektutzat hartu zuen gizakiak, eta perfekzioa ustezko mundu idealean kokatu zuen. Eta, hala egitean, mundu hau (Nietzscheren iritziz, daukagun bakarra) kondenatu egin zuen Platonek. Moral tradizionala (hau da, platonikoa, kristaua, kristautasuna herri xumearentzako platonismoa besterik ez baita) naturaren guztiz kontrakoa dela uste du Nietzschek. Platonismoaren ildoari jarraituz, moral horrek kondenatu egiten du bizitza: bizitzarekiko judizio ezezkoa da, bizitzaren ukapena. Kristauen moralak, platonismoan oinarritzen den heinean, haraindikoan kokatzen du “benetako bizitza”.
Moralaren eremuan, bi motatako balioak daude; eta, beraz, bi moral mota:
William-Adolphe Bouguereau, The Youth of Bacchus (1884). Irudiaren iturria
Nietzscheren arabera, historian, platonismoaren eta kristautasunaren eraginez, indargeen balioak (hau da, herragunetik, koldarkeriatik eta beldurretik sortutako balioak) suertatu dira garaile. Horregatik, gizaki berri bat sortu behar da hildura eta dekadentziatik ateratzeko.