Friedrich Wilhelm Nietzsche filosofoa XIX. mendearen bigarren erdian bizi izan zen. Mende horretan, une gorenera iritsi zen Errenazimenduan hasi zen prozesu luzea: “arrazoimenean fedea jartzekoa". Zientziek aurrerapauso itzelak emanak zituzten ordurako, eta hala jarraitu zuten handik aurrera ere. Horren ondorioz, gizakiak gero eta gehiago menperatzen eta kontrolatzen zuen natura. Hortaz, naturaren jaun eta jabe ikusten zuen bere burua itxaropen osoa aurrerakuntzan eta teknologia-garapenean ipinita.
Baina, aldi berean, krisialdia ere bazen garai hartan. Gizakia noraezean zebilela zirudien; izan ere, hasi zen susmatzen aurrerapen zientifikoak eta teknikoak ez zutela zertan derrigorrez aurrerapen morala eta politikoa ekarri. Aspaldian hasitako prozesu batzuk une gorenera iritsi ziren: urbanizazioa eta industrializazioa, kasu. Baina ekonomia kapitalistak emandako etekinak ez ziren populazio osoaren onurarako: lehenengo industrializazioa, bereziki, langileen bizitza-baldintza penagarrien gainean eraiki zen, eta egundoko amildegia ezarri zuen kapitalisten eta langileen artean.
The Potato Eaters, Vincent Van Gogh (1853–1890), olioa. Ohialean, Van Gogh Museum, Amsterdam. Irudiaren iturria.
Umeak ikatz-meategi batean lanean, Britaina Handian. XIX. mendeko grabatua. Irudiaren iturria.
Horregatik, "klaseen arteko borroka" aldarrikatuko zuen filosofia agertu zen XIX. mendean: Marxen materialismo historikoa. Eta, haren eskutik, mugimendu politiko berria: sozialismoa.
Irudiaren iturria
Esan daiteke XIX. mendea mugimendu sozialena izan zela: langileen mugimendua eta sufragismoa (mugimendu feministaren mende horretako adierazpena) momentu hartan agertu ziren. Izan ere, Frantziako eta Estatu Batuetako iraultzetan gauzatu nahi izan ziren balioak letra hila besterik ez ziren, desberdintasun ekonomikoak handiegiak zirelako eta pertsona guztiei eskubide politikoak onartzen ez zitzaizkielako. Horregatik, XIX. mendeko gizarte-mugimenduek —bakoitzak arlo batean enfasi eginez— defendatu zuten Ilustrazioak aldarrikaturiko printzipio eta balio politikoak (berdintasuna, askatasuna, hiritartasuna, eskubideak...) pertsona guztienagana zabaldu behar zirela,iruzur ez bihurtzeko.
La Liberté guidant le peuple (Askatasuna herriaren gidari), Eugène Delacroix,1830, oihal gaineko olioa.
Louvre-Lens Museoa. Irudiaren iturria.
1848. urtean eman zuten argitara Marxek eta Engelesek Manifestu Komunista. Manifestu horretan, munduko langile guztiei dei egiten zieten elkarrengana batzeko, beren eskubideak borrokaren bidez defenditzeko eta kapitalismoa sistema berri batez ordezkatzeko.
Urte berean, Seneca Falls izeneko herrian, Estatu Batuetan, emakume talde txiki batek —tartean gizonezko batzuk ere baziren— Seneca Fallseko Sentimenduen Deklarazioa argitaratu zuen. Bertan, emakumezkoek jasan behar zituzten murrizketak salatzen zituzten: eragotzita zuten bozkatzea, hauteskundeetara beren burua aurkeztea, kargu publikoak okupatzea, erakunde politikoen kide izatea, bilera politikoetara joatea.
Emmeline Pankhurst (1858-1928) sufragista ospetsua, Women's Social and Political Union elkartearen fundatzailea. Hemen, Londresen egindako protesta batean atxiloturik, 1914ko maiatzaren 22an.
Sojourner Truth (1797?-1883), beltzen esklabotzarenkontrakoa eta emakumeen eskubideen defendatzaile ospetsua.
Irudiaren iturria
Informazio gehiago (ingelesez),esteka honetan
Emakumezkoen bozkatzeko eskubidearen aldeko borrokalariak, XIX. mendean.
Irudiaren iturria
Clara Campoamor (1888-1972),emakumeen botatzeko eskubidearen aldeko borrokalaria. Espainian, XX. mendearen hasieran.
Irudiaren iturria
Irudiaren iturria
XIX. mendeko emakumeen eta langileen eskubideen aldeko beste defendatzaile famatu batzuk hauek izan ziren: Clara Zetkin (1857-1933), Rosa Luxemburg (1871-1919) eta Alexandra Kollontai (1872-1952).
Emakumeen eta langileen mugimenduez gain, esklabotzarekin bukatzeko borroka ere piztu zen XIX. mendean, askotan aurrekoekin nolabait lotuta. Esate baterako, sufragista iparamerikar asko esklabotza deuseztatzearen aldeko borrokalariak ere izan ziren. Dena dela, mugimendu sozialen arteko harremanak ez dira beti adiskidetsuak eta atseginak izaten. Adibide gisa, honako pasarte hau: 1840. urtean, Munduko Esklabotzaren Kontrako Batzarra izan zen Londresen. Estatu Batuetako ordezkaritzan, emakume batzuk bertaratu ziren Britainia Handira; abolizionistak (alegia, esklabotzaren kontrakoak) ez ezik, emakumeen eskubideen defendatzaileak ere baziren: Lucrecia Mott eta Elizabeth Cady Stanton, hain zuzen ere. Baina batzarreko buruzagi gehienek (gizonezkoak, jakina) erabaki zuten emakumezkoei eragoztea Batzarrean parte hartzea. Hala sortu ziren emakume abolizionistengan emakumezkoen eskubideen alde borrokatzeko grina eta beharra.
Hemen daukazue Soomo Publishing argitaletxeak sufragisten oroimenez "Too late to apologize: a declaration" titulupean produzitu zuen Lady Gagaren "Bad Romance" bideoaren parodia. Bideoan, adierazten da emakumezkoak maitasun harreman kaltegarrietan harrapatuta daudela bozkatzeko eskubidea eskuratu arte.
Soomo Publishing delakoaren web-orrian, bideo bera duzue, ingelesezko azpitituluekin.
Atal hau bukatzeko, honako hau gaineratu behar da:
Nietzschek sutsuki kritikatu zituen bere garaiko mugimendu sozial eta politiko guztiak. Ez bakarrik hemen ikusi ditugun horiek: nazionalismoak ere (XIX. mendeko beste mugimendu bat), esate baterako, kritika zorrotzak jasan behar izan zituen gure filosofoaren aldetik. Baina, batez ere, berdintasuna aldarrikatzen zuten horiek pairatu behar izan zituzten Nietzscheren eztenkada zorrotzenak: sozialismoak eta sufragismoak, bereziki. Diferentziaren defendatzaile amorratua eta berdintasunaren balioaren kontrakoa zen erabat gure filosofoa, berdintasunak uniformetasuna inplikatzen zuelakoan eta pertsonen arteko diferentziak -gizabanako bihurtzen gaituzten horiek, hain zuzen ere- ezabatu egiten zituelakoan. Sozialismoan, kristautasunaren balioak ikusiko ditu Nietzschek: artaldearen balioak, azken finean. Masa-mugimendua izanik, gizabanakoa disolbatzen zuela pentsatzen zuen Nietzschek. Eta, berarentzat, hori guztiz onartezina zen. Modu berean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren kontrakoa izan zen erabat Nietzsche, nahiz eta, gero, bere bizitza pribatuan, zeharo maitemindu zen bere garaiko emakume libreetako batekin, Lou-Andreas Salome psikoanalista famatuarekin, Freudek Vienako Gizarte Psikoanalitikoaren "barneko zirkuluan" onartu zuen emakume bakarrarekin, alegia.
Liliana Cavani zine zuzendariak, Nietzscheren liburu baten titulua hartuta, Ongiaz eta Gaizkiaz haraindi tituluko filma egin zuen, 1977an. Filman, Nietzscheren bizitzaren pasarte jakin batzuk tratatu zituen: Lou Salome psikoanalista errusiarrak, Paul Ree idazle eta filosofo alemaniarrak —Nietzscheren eta Salomeren lagun mina— eta Nietzschek berak denboraldi batez osaturiko hirukote afektiboaren ingurukoak, hain zuzen ere. Nietzsche, berez, filosofo eskandalagarria izanik, haren bizitzaren pasarterik eskandalagarrienetako bat hautatu zuen Cavanik, eta filma oso polemikoa suertatu zen.