Berpizkundea eta humanismoa

Mendebaldeko filosofiaren historian egiten ari garen ibilbide honetan, Immanuel Kant XVIII. mendeko pentsalaria izango da ikusiko dugun hurrengo autorea. Salto itzela egingo dugu, beraz: Behe Erdi Arotik, Aro Modernoraino. Baina horretara iritsi aurretik, Berpizkundean geratuko gara pixka batez, oso momentu garrantzitsua izan zen eta,garai hartan ezarri baitziren modernitatearen ikusmoldeak ahalbidetuko zituen pentsamenduaren oinarriak.

L'uomo vitruviano, Leonardo da Vinci, 1485/90, Venezia, Galleria dell'Accademia.

Argazkiaren autorea: Luc Viatour. Irudiaren iturria

Berpizkundea

Berpizkundea XV. eta XVI. mendeetan kokatzen da eskuarki. Dena dela XIV. mendearen hasieran ere aurki daitezke Berpizkundearen zantzuak. (...).

Italian hasi zen Erdi Aroko pentsamoldearen aurkako mugimendu gisa (...). Europako beste herrialdeetan beranduago sortu eta garatu zen, besteak beste Erasmo eta Moro pentsalarien eskutik.

Gizakiaren aldeko aldarria egin zen Berpizkundean, Erdi Aroko instituzio hertsiei (Elizari nahiz instituzio feudalei) aurre eginez. Horretarako, Erdi Aroaren aurretiko garaiari begiratu zioten, bai jatorrizko kristautasunean, bai Greziako eta Erromako paganismoan arakatzeko.

Filosofiari dagokionez, (...) Berpizkundean zubi-lana egin zen: Erdi Aroaren eta filosofia modernoaren arteko zubi-lana, hain zuzen ere. Zubi-lan hori gauzatzeko, garrantzitsuak izan ziren zenbait gertakari.

Batetik inprentaren sorrera (...). Bide horretatik, Luther edo Makiaveloren ideia berritzaileak azkarrago barreiatu ziren Europan barrena. Azken buruan, inprentak berak Erdi Aroko ideien kateetatik askatzeko aukera eman zuen, eta ideia berriak zabaldu zituen.

Bigarrenik, lurralde berriak aurkitzeak eragina izan zuen gizakiaren gaineko ikuskeran. Europako kulturaren aldean bestelakoak ziren beste kultura batzuk ezagutu ziren, eta horrek eztabaidak piztu zituen, moralaren esparruan, batik bat. Kontuak kontu, giza izaerari buruzko ikuspegi berria zabaldu zen.

Hirugarrenik, Berpizkundean, nolabaiteko iraultza zientifikoa gertatu zen. Kopernikoren heliozentrismoa (...) iraultza zientifiko horren ordezkari nagusia bada ere, lehenik jada lan garrantzitsua egin zen zientziaren (edo, garai horretan esaten zen bezala, filosofia naturalaren) zenbait esparrutan, hala nola medikuntzan, botanikan, mekanikan eta matematikan.

[Agustin Arrieta: "Berpizkundetik Ilustraziora", in Agustin Arrieta et al. (koord.): Filosofiaren Historia, Elkar, Donostia, 2008, 139-140 orr.]

Humanismo izeneko mugimendua ere Berpizkundean sortu zen. Humanismoak gizakia gauza guztien neurritzat hartu zuen. Balio antropozentrikoak zabaldu ahala, apurka-apurka, atzean gelditzen joan zen teozentrismoa, mendeetan indarrean egon ondoren. Ikusmolde teozentrikoak Jainkoarengan kokatzen zituen azken zergati eta azalpen guztiak, gizartearen antolamendu politikoarenak barne. Ikusmolde horren arabera, gauzak diren modukoak dira azken finean Jainkoak hala nahi izan duelako. Sistema politikoen zilegitasuna ere erlijioan oinarritzen zen ('jainkozko zuzenbidea'), baita gizarte-bizitza antolatzerakoan ere. Zer esanik ez, gizakien jokabidea gidatzeko irizpide bakarra ere erlijioa zen, bai Ongia eta Gaizkia bereizteko, bai betebeharrak ezartzeko.

Humanismoarekin batera hasten da kolokan egoten Elizaren boterea, mendeetan mugiezin iraun ondoren. Elizak sutsuki ukatuko ditu astronomia arloan eginiko aurkikuntza guztiak: teoria heliozentrikoak kondenatu eta heresiatzat hartu zituen, geozentrismoari gogor eutsiz. Ildo horretan, oso famatua da Galileoren istorioa. Liliana Cavani zine-zuzendariak film bat egin zuen, 1968an, gai horren gainean. (Beherago daukazue pelikula). Filman, Eliza obskurantista eta kontserbadorearen kontra aritzeagatik Galileok nolako sufrimendua pairatu zuen islatu nahi izan zuen Cavanik.

Galileo Galilei (1564-1642), fisikari, matematikari eta astronomo italiarra, zientzia modernoaren aita.

Irudiaren iturria

1633. urtean, Galileok Inkisizioaren aurrean agertu behar izan zuen urtebete lehenago argitaratu zuen liburu baten gaineko azalpenak emateko. Liburuan, Kopernikok proposatutako sistema heliozentrikoa defendatzen zuen Galileok; haren arabera, lurra eta gainerako planetak eguzkiaren inguruan jiraka ari dira. Hori defendatzeaz gainera, Aristotelesen fisikan oinarrituriko eredu geozentrikoa kritikatu eta barregarri uzten zuen Galileok; bereziki, aristotelismoaren interpretazio ptolemaikoa, Liburu Santuarekin bat zetorrena.

Galileo before the Holy Office (Galileo Ofizio Santuaren aurrean), Joseph-Nicolas Robert-Fleury.

XIX. mendeko pintura. Irudiaren iturria.

Giordano Brunoren oroimenezko monumentua, Erromako Campo de Fiori enparantzan.

Irudiaren iturria

Sistema geozentrikoa

Sistema heliozentrikoa

Irudien iturria

1616an, Belarmino Kardenalak (Giordano Brunoren kontrako epaiketa zuzendu zuenak, Bruno sutara eraman zuenak) kargu hartu zion Galileori, Elizaren geozentrismoaren dogma zalantzan jarri zuela eta. 1633ko ekainaren 22an, Inkisizioak behartu egin zuen Galileo belauniko jarrita bere teoriaz arnegatzera. Pasarte dramatiko hau zientziaren eta erlijioaren arteko gatazka luzearen kapitulu garrantzitsuenetakoa da. Arnegatu ostean, kommutatu egin zitzaion Galileori heriotza-zigorra, eta etxean atxilotua egon zen handik aurrera.

Roberto Bellarmino (1542-1621) jesuita, Elizaren doktorea eta santua. XVI. mendeko pintura anonimoa. Irudiaren iturria.

(Hemen duzue Inkisizioari eta garai hari buruzko beste pelikula

oso gomendagarri bati buruzko informazioa)

Baina, une historiko honetan, gizakiaren autonomiaren aldeko aldarrikapena hasten da; oso astiro, baina etengabe. Ez da erraza izango, eta ez da egun batetik bestera gauzatuko. Tirabira asko izango dira arrazoiaren eta fedearen arteko gatazkan, edo, bestela esanda, filosofiaren eta erlijioaren artean, botere politikoaren eta espiritualaren artean, Elizaren eta Estatuaren artean (estatu modernoak garai honetan ernatzen dira). Gatazka eta tirabira horietako batzuek gaur egun arte diraute.

Hala ere, pentsalariak ez datoz bat arrazionalismoaren eta humanismoaren gorakadan erlijioak zer paper izan zuen zehaztean. Hala, batzuen arabera, humanismoa erlijioen kontra sortu zen, batik bat (H. Blumenberg filosofoak, esate baterako, tesi hori defendatzen du); beste batzuek, berriz, erlijioaren barneko hazia garatzearen ondorioz etorri zela diote (hori da, adibidez, K. Löwith historialariaren iritzia).

Irudiaren iturria

Irudiaren iturria

Erlijio-gerrak

Berpizkunde ostean, XVI. mendean, Erreforma Protestantearen ondorioz, apurtu egin zen mendebaldeko Europan kristautasunaren batasuna (mendebaldeko eta ekialdeko Elizen arteko zisma lehenagotik zegoen). Apurketa horrek sekulako garrantzia izango du Europa modernoaren konfigurazioan. Katolizismoa eta protestantismoa zatitzearekinbatera, erlijio gerrek erabat erraustu zuten kontinente zaharra.

Massacre de la Saint-Barthélemy, Francois Dubois, Musée cantonal des Beaux-Arts, Lausanne. Irudiaren iturria.

Garai benetan ilun eta ikaragarri horretan, gaur egun munduko beste bazterretako gatazka erlijiosoetan ikusten dugun krudeltasuna eta bortizkeria berak sufritu zituen Europak. Izan ere, XVI. mendeko erlijio gerren ankerkeriak muga guztiak gainditu zituen, eta sarraski itzelak eragin zituen Europako biztanleen artean. Hain zuzen ere, sarraskia baratzeko asmoz hasi zen garatzen Europan tolerantziaren aldeko ideia.

Jacques Callot, Les misères de la guerre: 11. Les pendus, Art Gallery of New South Wales (Australia). Irudiaren jatorria.

Tolerantzia eta sekularizazioa

Esan dezakegu, beraz, Europan erlijio gerren sarraskia geldiarazi nahian sortu zela tolerantzia. Hortik aurrera hasiko da zabaltzen guretzat zalantzagabekoa den iritzi bat: ez dugula zertan guztiz ados egon herrialde berean bizi ahal izateko. Alegia, elkarbizitza posible dela bat ez datozen hirikideen artean. Baina kristautasunaren barnean soilik onartzen zen estreinakoz tolerantzia. Izan ere, tolerantziaren aldeko lehenengo aldarrikapen ahulak sortu zirenean, inori ez zitzaion burutik pasatzen kristautasunetik kanpoko fedea toleratu behar zela; eta are gutxiago, jakina, jainkogabeak.

Gaur egun, kontzeptua garatu eta zabaldu egin da; eta guztiok ulertzen dugu toleranteak izan behar dugula, ez bakarrik sinesmen erlijiosoei dagokienez, bai eta iritzi edota ohitura eta kultura desberdinei dagokienez ere. Gure ustez, iritzi askeak, askotariko ideiak, gizartean pluraltasuna izateak, gizartea aberatsa dela erakusten du, azken finean; eta pluraltasuna babestu behar delakoan gaude. Baina gogoratu behar dugu garai batean ez zegoela horrelakorik, ezta pentsatu ere. Aldez aurretik markatuta zegoen zehatz-mehatz nondik jo, zer sinistu, zer egin. Berpizkundeak, humanismoak, tolerantziak, sinesmen aniztasunak, horrek guztiak bultzatu zuen gaur egungo aniztasunarekiko ikusmoldea. Baina mendeak behar izan ditugu horrelakoak onartzeko.

Irakasgai honetan kusiko dugunez, Berpizkundean hasitako mugimendu hau Ilustrazioan iritsiko da puntu gorenetako batera. Kant bezalako pentsalari batentzat, fededun kartsua izanik ere, zalantzagabekoa da, esate baterako, bekatua eta delitua bereizteko beharra. Erlijio aniztasunak gatazka gehiagorik ez eragiteko, aurrerantzean, komenigarritzat joko da fedea kontu pribatua delako ideia. Errespetatu egin behar ditugu sinesmen erlijiosoak, bai, baldin eta sinesmenok eremu publikoa arautu nahi ez badute. Politika eta erlijioa bi eremu desberdintzat hartzen hasiko gara hemendik aurrera.

Horrela, Kantek eta beste filosofo ilustratuek erlijio- eta sinesmen-askatasuna defendatuko dute. Batzuek, argi eta garbi; beste batzuek, zalantza eta muga batzuekin oraindik. Baina Elizaren eta Estatuaren arteko bereizketak gero eta defendatzaile gehiago izango du. Laikotasunaren (laïcité, laicidad, secularism) ideia modernoaren lehenengo adreilua jarrita zegoen.

Bekatua eta delitua

Frankismoan, bekatua eta delitua ez ziren bereizten. Eliza katolikoarentzat bekatua zen portaera oro debekatu eta zigortu egiten zen, legez. Homosexualitatea eta biraoa, esate baterako, Zigor Kodean kodifikaturik zeuden. Hala, 1954an, Francoren gobernuak aldatu egin zuen "Ley de vagos y maleantes" izenekoa homosexualei aplikatu ahal izateko. Ezkontza kanpoko sexua ere debekaturik zegoen: ezkonduta egon arren, ezkontzaren ziurtagiria erakutsi ezean, gizon-emakumezko bikoteek ezin zuten hotel bateko logela berean lorik egin. Infernuko neke-penak ez ezik, espetxe-zigorra ere pairatzen zuten jokabide horiek zituztenek.

Orain indarrean dagoen Zigor Kodeak honako hau esaten du bere 525. artikuluan:

1. Zortzi hilabetetik hamabira arteko espetxe-ziforra ezarriko zaie erlijio baten kideen sentimenduak ofenditzearren, haren dogma, sinesmen, errito edo zeremoniei jendaurrean eskarnio egiten dietenei, hitzez, idatziz nahiz edozein agiriren bidez, edota, jendaurrean, iseka egiten dutenei aurreko dogma zein sinesmen horiek dituztenekiko edo errito nahiz zeremonia horiek egiten dituztenekiko.

2. Zigor berbera ezarriko zaie erlijio edo sinesmenik ez dutenekiko, hitzez edo idatziz, jendaurrean eskarnio egiten dutenei.

Hausnarketarako gaia izan daiteke hau: zigortu egin behar da biraoa? Sinestunen kontrako errespetu falta ote da? Onartu egin behar da adierazpen askatasunaren babespean? ?

Hemen dituzue gai horren gaineko berri eta irakurgai batzuk:

"Mahomari iseka egiten dion filmaren egileaatxilotu dute", Berria.

"Hiru urteko kartzela Mahomaren karikatura argitaratzeagatik" Berria.

"Mahomari buruzko irrimarrak Jyllands-Posten egunkarian", Wikipediaren artikulua (gaztelaniaz).

"Biraoa zigortzea zaharkitua da". Público egunkariaren erreportajea (gaztelaniaz)

"Europa Laica elkarteak biraoa delitua ez izatea exijitzen du", El Huffingpost egunkaria (gaztelaniaz).

Tolerantzia eta laikotasuna

Legearen aurrean hiritar guztiak berdinak garela defendatzen du laizismoak, ezin dela inor baztertu bere sinesmen erlijiosoak direla medio. Laizismoa garaipen historikoa dugu: erlijioen aurkako borrokan gauzatu zen, erlijioak behar den lekuan kokatu nahian (eta ez, apezpikuek askotan esan duten modura, erlijioei esker). Laizismoak banatu eta desberdindu egiten ditu Estatua eta Eliza, politika eta erlijioa, bekatua eta delitua; eta iritzi desberdinak defendatzeko eskubidea babesteko sortu zen, Europan. Hau da, laizismoa, laikotasuna defendatzen duen jarrera gisa ulerturik, tolerantziaren ideia garatzean agertu zen.

Teresa Maldonado, "Tolerantzia eta laikotasuna", Berria, 2008/01

Erlijioa eremu publikoan

Modernitatearen ekarpen handienetako bat da laikotasuna: erlijioa plaza publikotik atera eta pertsona bakoitzaren barrenera mugatu du. Sekularizazioaren ondorioz, banandu egin dira moral pribatua eta publikoa, fededuna eta hiritarra, bekatua eta delitua. Erlijioa arazo pribatu bihurtu da, hautu pertsonala, alegia.

Estatu laikoa neutrala da eta ez du inolako hauturik egiten, ez sineste erlijiosoen kontra, ez alde. Laikotasunak estatuaren neutraltasuna defenditzen du («larderia ala jazarkunderik gabe», gure Jean Etcheparek esango zukeen bezala). Hiritar erlijiosoek, beren aldetik, errespetatu egin behar dute politikaren autonomia, eta bazterrera utzi ordenamendu juridikoa eliztartzeko ahalegin oro. Legearen eta moralaren artean bereizten ikasi behar dute batzuek eta besteek.

Jon Sudupe, "Erlijioa eremu publikoan", Berria, 2012-04-13