Platonen bizitza eta obrak

Mundu greziarra, Periklesen mendean. Irudiaren iturria

K. a. 427. urtean jaio zen Platon, goi mailako familia batean; eta K. a. 347an hil zen, 81 urte zituelarik. Leinuz, politikan parte hartzera deitua zen; baina giro horretako intrigek uxatu egin zuten. Platon Sokratesen ikaslerik nabarmenena izan zen, eta itzelezko mirespena erakusten zuen maisuarenganako.

K. a. 399an, Tiraniaren ondorengo demokrazia ezarriberri hartan, Sokratesi, Platonen bihotzeko maisu kutunari, heriotza-zigorra ezarri zioten, jainkoengan ez sinestea eta gaztedia galbidean jarri izana leporatuta.

Sokratesen heriotza, Jacques-Louis David, oihal gaineko olio-pintura, 1787. Irudiaren iturria.

Platonek hainbat idazkitan aipatzen dizkigu gertakizun horren ingurukoak; eta, pentsatzekoa denez, Platon zeharo hunkituta utzi zuten. Kriton deitutako lanean, azaltzen du Sokratesi kartzelan zegoelarik lagunak etorri zitzaizkiola ihes egin zezala konbentzitzeko asmoarekin, baina Sokratesek uko egin ziola ihes egiteari aldarrikatuz hiriaren erabakiak bete egin behar zirela kasu guztietan nahiz eta bidegabeak izan.

Argazkian Atenaseko hiriaren kartzela ageri da; Agorako harresietatik kanpo dago. Badirudi Sokrates hemen egon zela preso, eta hementxe bertan pozoia hartu eta hil egin zela. Argazkiaren egilea: Sharon Mollerus (2009ko martxoaren 14an). Irudiaren iturria

Politikaren teoriko zorrotza dugu Platon. Haren iritziz, aldi hartako estatu eta “polis” guztiak txarto antolaturik zeuden; alde guztietatik ona litzatekeen antolakuntza eraiki beharra zegoen.

Heziketa bikaina bereganatu zuen Platonek, Sokratesengandik batez ere: bere herriko poesia handia, tragediak eta komediak, eta bere garaiko erretorika-legeak ezagutzen zituen. Horrez gain, formazio filosofiko zabala eta zorrotza izan zuen: ederto ezagutzen zituen presokratikoen filosofiak.

Sokratesen heriotzaren ondoren, alde egin zuen Greziatik; baina laster bueltatu zen Atenaseko ejertzitora. Egipton, Sirakusan eta Greziaren italiar kolonietan ere egon zen.

Bere bizitzan, Platonek, Sokratesek ez bezala, obra ugari idatzi zituen; gehienak elkarrizketa modura agertzen zaizkigu. Elkarrizketa horien protagonistarik edo figurarik nabariena Sokrates bera jartzen du, nahiz eta haren hitzetan Platonen doktrinak azaldu ohi diren gehienetan. Bere idazkietan, filosofia-jardunaren alor guztiak ukitu zituen; baina bere planteamendu sozio-politikoak nabarmentzen dira, denen artean. Ikerlariek honako lau aldi hauek bereizten dituzte Platonen pentsaeran eta obretan:

I. Gazte-denborak (399-389). Sokrates hil berriaren eraginpean, maisuaren doktrinak jasotzera ezartzen da Platon, eta ez du inolako konklusio zehatzik agertzen. Aipatzekoak dira, garai honetan, Apologia, Kriton, Protagora eta Errepublikako I. liburua.

II. Trantsizio aldia (388-385). Aldaketa-prozesua gertatzen da haren planteamenduetan. Bere teoriak azaltzen hasten da garai honetan. Gorgia, Menon.

III. Heldutasun aldia (385-362). Platonismoaren mamia tarte honetako obretan kausitzen da: Oturuntza, Faidon, Fedro eta Errepublikako II.-X. liburuak

IV. Zahartzaroa (361-347). Bere teorien inguruko autokritikak: Teeteto, Parmenide, Legeak eta 7. eta 8. Gutunak, besteak beste.

GEHIAGO JAKITEKO:

Eskemaniak

Askatasuna BHI, Filosfia departamendua