Kobazuloaren mitoaren bitartez, gizarteaz zer ikusmolde duen eta gizakiaren egoera zein den azaltzen digu Platonek. Hona hemen kontakizunaren lehenengo partearen laburpena:
Lurrazpiko kobazulo batean preso batzuk daude, gatibu. Tantai bati loturik daude, hondoko hormarantz begira, buelta eman ezinik; eta, atzean, gizaki baten altuera duen horma bat dute. Hormaren atzean, berriz, korridore bat dago. Eta korridorearen alboan, su bat dago piztuta, kobaren irteeratik gertu. Korridoretik hainbat pertsona pasatzen dira (hizketan batzuk, isilik besteak), buru gainean estatuatxoak daramatzatela (animalia, tresna, eta beste hainbat gauzaren estatuatxoak). Suaren argitasunak estatuatxoen itzalak proiektatzen ditu kobazuloaren hondoko horman.
Atxilotuek ez dute inoiz itzal horiek beste ezer ikusi; eta ez dute sekula aditu ibiltarien hotsen oihartzuna beste soinurik. Ez dute itzal eta oihartzun horiek beste errealitaterik ezagutzen. Eta haietako bat askatu, eta sua dagoen lekurantz begira ipiniko balute?El Rotoren bineta. Irudiaren iturria.
Irudiaren iturria
Platonen irudian, kobazuloa presondegia da. Hartan, estekadurak ez ezik, iluntasuna ere badago. Existentzia kateatua aurkezten digu Platonek, bizitza halakoa balitz bezala: egitura mugiezin batean eta norberak aukeratu ez duen gizarte batean jaiotzea, oihartzunak entzutea, itzalak baino ez ikustea.
"Manipulazioa". Irudiaren iturria.
Baina dena kanpotik ikusten duenak, badaki hori ez dela dena. Baina baliteke ez izatea inor, muntaia osoa kanpotik ikusten duenik? Halako inor ez badago, ez dago bidegabekeriaz jabetzerik, ezta, beraz, haren kontra borrokatzerik ere...
Kobazuloan daudenek (itzalak besterik ikusten ez dituztela, oihartzunak besterik entzuten ez dituztela) ez dakite engainaturik bizi direla, ez baitakite kobazulo batean daudela eta mundua kobazulo hau baino askoz gehiago dela. Horregatik, gatibuetako bat askatu eta suari begira ipiniko balute, min emango lioke eta itsutu egingo litzateke. Seguru asko, uko egingo lioke aurrera egiteari.
Zaldieroaren bineta Berria egunkarian, 2013ko azaroaren 5ean. Irudiaren iturria.
Izan ere, preso bizi denak egiaren susmoa (bere bizitza osoa gezur hutsa izan dela, alegia) antzematen duenean, hasiera batean ez du onartu nahi. Ikusi berria arbuiatzea da gatibuaren lehenengo bulkada, betiko egonlekura bueltatzeko nahia sortzen zaio, biziki: errealitate ezagun, bero eta seguruan geratu nahi du.
Irudiaren iturria
[Testua Emilio Lledó-ren La memoria del logos (Taurus, 1996) liburutik moldatua]
"Erakutsi nahi dizutena bakarrik ikusiko duzu". Irudiaren iturria.
Irudiaren iturria
HAUSNARKETA:
1) Platonen kobazuloaren mitoaren parte bat entzun edo irakurri duzu. Zer bukaera izango ote du? Zer nolako amaiera emango zenioke zuk?
Iradokizun batzuk:
a) Kanpora irten denak ez du bueltatu nahi (ezta pentsatu ere!). (Zergatik?)
b)Kanpora irten denari, eguzkiaren argiak itsuturik, izugarrizko beldurra eta zorabioa sortarazten zaizkio barnean; eta hain ondo ezagutzen dituen itzal bero-beroetara bueltatzen da, arrapaladan.
c) Kanpoan egon dena bueltatu egiten da bere kide ohiei zer ikusi duen kontatzeko, berarekin kanpora etortzeko konbentzitu nahian (Zelan bueltatzen da? Pozik, triste, beldurtuta...?).
Kobaren barruan daudenek...
d) Bestelakoak. (Zehaztu)
2) Litekeena da gatibuak zoriontsu bizitzea jatorrizko jakinezean? Zenbat eta gehiago jakin, hainbat eta zorigabekoago bizi? Posiblea al da jakinezean zoriontsu bizitzea? Jakinduriak sufrimendua dakar berarekin batera? Sarritan, "zoriontsu" hitzak inozo edo lelo adierak hartzen ditu... Jakitean, ulertzean... mina ala zoriontasuna aurkitzen dira?
"Begietatik urruti, bihotzetik urruti". Irudiaren iturria.
3) Batzuek planteatu dute Platonen kobazuloaren kontakizunaren eta Matrix pelikularen artean antzekotasun asko daudela. Proposatu zuk zeuk kontakizun platoniarraren interpretazio eguneratu bat.
Irudiaren iturria
GEHIAGO JAKITEKO:
- Emilio Lledó, La memoria del logos, Ed. Taurus, (fragmento) [gaztelaniaz]
- Filosofía griega. [gaztelaniaz]
- Plato's Cave (Animated version) [ingelesez]