SARRERA

website honetara!

Site hau

Batxilergoko 2. mailako

Filosofia irakasgaia lantzeko erabiliko dugu.

Irudia hemendik hartuta: http://www.flickr.com/photos/tunnelarmr/2276082347/

Philosopher's Club izeneko taberna, San Frantzisko, Estatu Batuak.

Irudiaren iturria

Dakizuenez, ikasturte honetan, mendebaldeko filosofiaren historiari erreparatu behar diogu.

Hau izango dugu ibilbidea:

Greziako Antzinako filosofo klasikoekin hasi, Erdi Aroko pentsamendu

kristautik igaro, Modernitatea hedatzen ikusi, XIX. mendeko "susmoaren maisuen" ekarpena ikertu, eta XX. mendeko filosofiarekin bukatu. Bidaia interesgarria, benetan. Irakasgaian, parada izango duzue mendebaldeko filosofia aberatsaren momentu garrantzitsuetako batzuk ezagutzeko, bai, eta, bide batez, gaur egungo gizartean indarrean dauden ikuspuntuak eta planteamenduak hobeto ulertzeko ere. Hala espero dugu behintzat.Agustin Arrieta et al.: Filosofiaren historia, Elkar, Donostia, 2008.

Irudiaren iturria: Elkar Argitaletxea

Arrazoiaren loaldiak munstroak eragiten ditu, Francisco de Goya, akuafortea, 1799.

Irudiaren iturria

Gure ibilbide honek erautsiko digu zer nolako harremanak egon diren historian zehar arrazoiaren eta fedearen artean, edo, bestela esanda, filosofiaren eta erlijioaren artean. Momentu batzuetan, gizakiek sinesmenari heltzeko premia sentitu dute, mundua azaldu eta ulertu ahal izateko. Gizakiok azalpenak bilatzen ditugu, mundu naturala, gizartea zein gure burua esplikatzeko. Gogoratu iaz mitoaz ikasi genuena: gizakiok azalpen gabezia baino nahiago dugu irudimenezko azalpena. Baina arrazoia eta naturaren behaketa aurrera doazen neurrian, arrazoizkoak ez diren argibideak —guztiz desagertzen ez badira ere— baztertuz doaz poliki-poliki. Hala ere, gizakiak norabide gabe galduta ibili direnean, arazo ustez konponezinez inguraturik egon direnean, denbora luzez indarrean egon diren balioak bertan behera geratu direnean..., hau da, krisialdi handiko momentuetan, ohikoa izan da erlijioetara bueltatzea. Ematen du halako momentuetan arrazoiak (filosofiak, zientziak) atzera egin eta sinesmenei eta sineskeriei uzten diela lekua. Izan ere, zientziak aurrerapauso ikaragarriak eman arren, beti izango dira erantzun gabeko galderak, 'azken galderak': bizitza nolakoa den deskribatu beharrean, bizitzaren zentzuaz galdetzen duten horietakoak, zientziak edo arrazoiak ezin erantzun dituztenak. Ezjakintasun hori jasanezin bihurtzen denean, ohikoa da erlijiora jotzea. Erlijioaren arrakasta itxaropena eskaintzean datza.

Irudia hemendik hartuta: filosofia-oriental-por-ramiro-a-calle_MLC-F-2931305613_072012

Irudiaren iturria.

Behinola, ikasturte honetan landu behar dugun programari 'Filosofia Unibertsalaren Historia' hotsandiko izena ematen genion. Gaur egun, etnozentrismoa baztertu nahian, gehien jota mendebaldeko filosofiaren historiaz ari garela onartu behar dugu. Munduko beste bazterretan ere, garatu dituzte euren pentsamoldeak, euren tradizio filosofikoak, euren erantzunak, bizitzan sortzen diren galderen aurrean. Askotan, lekuan lekuko erlijioen eragina ere nahastu da pentsamendu-korronteokin. Mendebaldean, kristautasunaren eragina izan da nabarmenena, penintsula iberikoan musulmanak luzaroan egon zirela ahaztu gabe, jakina. Izan ere, musulmanei esker berreskuratu zuen Europak antzinako filosofia grekoa eta Aristotelesen lana, bereziki. Baina kristautasunarena izan da, zalantza gabe, mendebaldeko pentsamenduan erlijioak izan duen eraginik handiena. Gure programako Erdi Aroko autoreak (Agustin Hiponakoa eta Tomas Akinokoa) filosofoak izan ziren, baina batez ere teologoak, eta Elizaren Guraso garrantzitsuenetakoak dira. Hala ere, esan behar da historian pentsamendu erlijiosoa eta arrazoizkoa ez direla egon elkarrengandik guztiz banatuta, bakoitza bere eremuan itxita: elkar elikatzea egon da; bi norabideetan, gainera. Kristautasuna greziar filosofian sortutako kontzeptu asko bereganatuta hedatu zen lehenengo urteetan.

Ikasturte honetan, mendebaldeko filosofian egin daitekeen hautaketa bat ikusiko dugu, posible liratekeen beste askoren artean. Izan ere, autore batzuk oso arrakastatsuak izan dira; eta beste asko, ordea, bigarren edo hirugarren planoan geratu dira. Arrakasta filosofikoa izateko motiboak ikertzea oso interesgarria litzateke. Badago frantziar filosofo bat, Michel Onfray, Contre-historie de la philosophie("Filosofiaren kontra-historia") izeneko liburu-bilduma argitaratu duena. Bilduma horretan, filosofiaren historia ofizialak baztertu dituen filosofoak eta pentsamendu-korronteak errebindikatzen ditu; eta historiara pasatu direnetako asko, ostera, sutsuki kritikatu.

Irudiaren iturria.

Irudien iturria (lehenengo hirurak). Laugarrenarena.

Historiatik desagertu diren pentsalarien artean, emakumezkoak daude lehenengo lekuan.

Ala ez da izan historian emakume filosoforik? Gure programa ikusita, ezetz pentsa liteke. Baina, egon dira, bai, gizonezkoek idatzitako historiak jaso ez baditu ere.

Eta gizonezkoak baino gutxiago izan badira, arrazoi berberagatik izan da: gizonen nagusigoak baztertu edo desagerrarazi egin ditu emakumeak, mendeetan, prestigiozko eremu guztietatik, hala nola filosofiatik, zientziatik, zuzenbidetik, artetik, literaturatik, erlijiotik... Historiatik, azken finean.

Irudiaren iturria

Irudiaren iturria.

Honetaz gehiago jakiteko, jo honako lotura hauetara:

Hipatia Alexandriakoa (wikipediako artikulua).

Mujeres filósofas (wikipediako artikulua, gaztelaniaz).

Women in science (wikipediako artikulua, ingelesez)

Agora pelikularen trailer ofiziala (gaztelaniaz).

IRAKASGAIA ANTOLATZEKO ETA AZTERKETA EGITEKO ARGIBIDEAK:

Dakizuenez, Batxilergoko 2. maila honetan, selektibitate-azterketa prestatu behar dugu. Eta ikasgaia derrigorrez eskakizun horren arabera antolatu beharrak asko murrizten ditu gaian murgiltzeko erari dagokionez gure esku geratzen diren aukerak.

Programan, hamar autore daude ezarrita, bost bikotetan banatuta. Hona hemen zerrenda:

  1. ANTZINAKO FILOSOFIA: Platon / Aristoteles
  2. ERDI AROKO FILOSOFIA: Agustin Hiponakoa / Tomas Akinokoa
  3. FILOSOFIA MODERNOA: Descartes / Kant
  4. XIX. MENDEKO FILOSOFIA: Marx / Nietzsche
  5. XX. MENDEKO FILOSOFIA: Wittgenstein / Ortega y Gasset

Programak epigrafe edo azpiatal batzuk ere zehazten ditu, autore bakoitzaren filosofiari dagozkionak. Bikote bakoitzeko autore baten pentsamenduan sakondu behar dugu, ezarritako epigrafe guztiak landuz; eta beste autorearen pentsamenduaren pare bat epigrafe ikusi.

Guk, Elexalde institutuan, zerrendan letra lodiz nabarmenduta dauden bost autoreak aukeratu ditugu sakonki aztertzeko: Platon, Agustin, Kant, Nietzsche eta Ortega y Gasset.

Autore bakoitzari dagokion alde teorikoa jorratzeaz gain, hark idatzitako testu luzetxo bat ere landu behar dugu. Honako hauek izango ditugun aztergai:

1. Platon: Errepublika, VII. Liburua, 5-13.

2. Agustin Hiponakoa: Bizitza Zoriontsua, 2. kapitulua, 7-16.

3. Kant: "Zer da ilustrazioa? galderari erantzuna" izeneko artikulua.

4. Nietzsche: "Patua naiz, zergatik?", Ecce Homo liburuko kapitulua, 1-8 atalak.

5. Ortega y Gasset, Jose: Ideiak eta sinesteak idazlana.

Website honetan, autore bakoitzari dagokion atalean, 'Aurkibidea eta azterketa eredua' izeneko azpiatal bana jarri dizuegu. Azpiatal horretan dituzue kasuan kasuko autoreari dagozkion epigrafeak eta autore jakin horren gaineko selektibitate-azterketa oso bat, azken urte honetan izan direnen artean aukeratutakoa.

SELEKTIBITATE AZTERKETA

Selektibitate azterketan, autore bikoteetako bat jarriko dizuete. Azterketak bi atal izango ditu: landu dugun autorearen testu labur baten azterketa egiteko galdera batzuk, batetik, eta hari buruzko galdera teorikoak, bestetik. Lehenengo hiru galderak, 1. multzoa: testuaren ulermena izenburupean aurkituko dituzuenak, testuari buruzkoak izango dira. Beraz, ondo ulertu eta landu behar duzue testua. Bigarren multzoan, alde teorikoari dagozkion hiru galderak izango dituzue, Edukiak eta testuinguruketa izenburupean. Galdera horiek bat etorriko dira programak ezartzen dituen epigrafeekin.

Multzo bakoitzak 5 puntu balio du; baina multzo bakoitzeko galdera guztiek ez dute balio bera, puntuazioari dagokionez. Eta hori kontuan hartzekoa da, azterketa egitean denbora ondo antolatzeko.

Hau da azterketaren egitura zehatza:

1. MULTZOA: TESTUAREN ULERMENA

  • 1.1 Laburtu pasartea, haren ideiak eta ideien arteko loturak errespetatuz. (puntu 1)
  • 1.2 Azaldu azpimarraturiko terminoak. (puntu 1; 50-75 hitz, termino bakoitzeko).
  • 1.3 (Hirugarren atal honetan, normalean, autoreak testuan garatzen duen tesia laburbiltzen dizuete, eta gero disertazio labur bat eskatzen dizuete, gutxienez tesi horren aldeko argudio bat eta haren kontrako beste argudio bat emanez garatu behar duzuena. Ondoren, tesiaren inguruko hausnarketa pertsonala egiteko eskatzen dizuete). (3 puntu; 200-300 hitz).

2. MULTZOA: EDUKIAK ETA TESTUINGURUKETA

  • 2.1 Galdera hau epigrafeen araberakoa izaten da, eta gehienez 150 hitz erabiliz erantzun behar duzue. 1, 5 puntu balio du, eta gehienez 150 hitz idatz ditzakezue.
  • 2.2 Galdera honetan, formulazioa (epigrafeetakoa), hitz-kopurua eta puntuazioa aurrekoaren berdinak dira. 1, 5 puntu balio du, eta gehienez 150 hitz izan idatz ditzakezue.
  • 2.3 Erlazionatzeko galdera. 2 puntu balio ditu, eta gehienez 250 hitz idatz ditzakezue.