Aurreko atalean aztertu ditugun ezaugarri horiek eskolan jarri behar ditugu praktikan. Gure ahoskera ikasleentzako eredu da alde batetik; eta, bestetik, eskolak irakatsi behar die modu egokian ahoskatzen. Ahoskera zaindua lantzea da eskolaren egitekoetako bat. Indarrean dugun curriculumean, gainera, zehatz-mehatz azpimarratzen da.
Askotan esan dugu, bestalde, ebaluatzen ez dena ez dela existitzen. Ahoskera kontuan hartu ezean, ez du lanketarik behar, eta, hala, ikasleek ere ez diote behar besteko garrantzirik emango. Beraz, atal honetan, aurreko atalean jorratutako ezaugarriei eta ikasleek egin ohi dituzten akatsei erreparatuta, ahozkoaren ebaluaziorako proposamen bat dakarkizuegu: ikasleek egiten dituzten akatsak, zuzendu beharrekoak; eta kontuan har litezkeen ebaluazio irizpideak.