Hizkuntzaren musikaz…
Ahoskatze egokiaz ari garen honetan ezin landu gabe utzi prosodia. Baina zer da prosodia? Zein da, zuen iritziz, azpiko definizioetatik argiena? Zein aukeratuko duzue eta zergatik?
- Hotsen luze-laburraren eta doinuaren alderdiak, bertsoetan zerikusirik duten aldetik.
- Hizkuntza baten ezaugarri suprasegmentalak aztertzen dituen alderdia (kantitatea, azentua eta intonazioa bereziki).
- ”Prosodia” hitzak esanahi berezia du linguistikaren alorrean: tonu melodikoa, intonazioa, azentua eta erritmoa aztertzen dituen gramatika-atala da. Prosodiak esan nahi du hizketa barneko musika.
- Prosodia da: hitzak ahots bihurtzean, hotsak denboran erritmikoki uztartzeko erabiltzen dugun musika; bestela esanda, hitz egitean gertatzen diren doinu-gorabeherak (altuera, maiztasuna), erritmo-unitateak (silaba edo silaba multzoak), nabarmentzeguneak (indar- edo altuera-azentua), hotsen iraupena eta abar aztertzen dituen gramatika-atala.
Ez dago hizketarik prosodiarik gabe. Euskarak ere badu berezko prosodia, berezko musika (zehazkiago hitz eginda, berezko prosodiak, berezko musikak esan beharko genuke). Euskaldunak ez direnek soinu berezia hartzen diote gure hizkuntzari, eta guri ere berdin gertatzen zaigu: musika jakin bat lotzen diogu gaztelaniari, beste bat frantsesari, beste bat ingelesari, italierari…
Beraz, prosodiaren osagai ditugu erritmoa, intonazioa eta azentua.
Jarduera honetan erritmoaz arituko gara.
Euskararen eredu prosodikoan, euskararen erritmoa bi osagai nagusiren mende dago batez ere: silabaren nagusitasunean eta esaldiaren sekuentzia-banaketan (Ahoskera. A. Alberdi)
Erritmoa egituratzen duten ezaugarriei eta arau nagusiei erreparatuko diegu.Honako prozedura honi eutsi:
- Talde handian, irakurri arretaz erritmoari lotutako ezaugarriak. Egin klik hemen.
- Ondoren, hiruko taldeak egin.
- Hirukoan, taldekideok testu bana aukeratu: Zotina (I. Zaldua) , Bilbaoko Kaleak (G. Aresti), Jakintza (O. Enbeita).
- Hamar bat minutuan, nork bere kabuz testua irakurri eta erritmoari lotutako ezaugarriez ohartu.
- Txandaka, testua ozenki irakurri hiruko beste kideen aurrean, erritmoari lotutako ezaugarriak kontuan hartuta.
- Bitartean, beste bi kideek behaketa isila egingo dute. Horretarako, txantiloi hau erabiliko dute.
- Azkenik, taldekideek elkarrekin komentatuko dituzte antzemandako gabeziak, zailtasunak…
Materiala:
Diapositibak
Irakurgaiak: Zotina (I. Zaldua) , Bilbaoko Kaleak (G. Aresti), Jakintza (O. Enbeita)
Behaketa orria