Aspaldidanik Koldo Mitxelena BHIko irakasleok hezkidetza, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, genero indarkeriaren prebentzioa, sexu-aniztasuna eta harreman afektibo sexualak landu egin ditugu bai DBHn bai Batxilergo eta Heziketa Zikloetan. Urteetan zehar gai hauek momentu, modu eta sakontasun maila desberdinetan landu dira, beti ere ikasleen heldutasun maila kontutan hartuta.
Urteetan zehar egindako ibilbidea luzea eta emankorra izan da. Hurrengo lerroetan hainbat adibide aipatuko ditugu:
2003-2004 ikasturtetik 2005-2006ra Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko kideek batxilergoko ikasleekin baloreak landu zituzten Etika orduetan eta jorratutako gaien artean genero berdintasuna, sexu orientazioa eta genero ikuspegia landu ziren.
2003-2004 ikasturtean DBHrako Tutoretza Plana egin zen eta geroztik maila guztietan beste ekintza eta tailerren artean hauek ere burutu dira:
• 1.DBHn: Emozio lantegia
• 2.DBHn: Tailerra afektibo-sexuala
• 3.DBHn: Tailerra afektibo-sexuala eta Asexoria
• 4.DBHn: GPS eta Genero Indarkeriaren Kontrako Programa
2004-2005 ikasturtean "Pertsonaren Garapen Integralerako Bideak" proiektuarekin hasi ginen. Ikasturte horretan proiektuan inplikatutako irakasleek "Sexu Orientazioa" ikastaroan parte hartu zuten.
2005-2006 ikasturtean ikasketak bukatzen zituzten ikasleei Berritzeguneko Teknikariak 3 orduko saioa eman zien genero biolentziaren inguruan. Urte horretan "Nerabeentzako Sezu eta Sentimendu Hezkuntza" jardueran parte hartu genuen.
2008-2009 ikasturtean gure lehenengo Mintzakafea antolatu genuen martxoaren 8an. Bertan hainbat erakunde, talde eta adituk parte hartu zuten: Norabide, HIESAren aurkako komitea, Berritzegunea, Hezkuntza Saila, arlo sindikala, Literatura mundua, Gasteizko Emakume Asanblada, Arartekoa, Emakunde, Matxismoaren aurkako Gizon Taldea, Salhaketa, Irakaskuntza, BIHE, Enfasis, Bertsogintza eta Gizarterako.
2011-2012 ikasturtean martxoaren 8a ospatzeko beste Mintzakafe bat antolatu genuen prostituzioaren inguruan eta hainbat erakunde, talde eta adituk parte hartu zuten: IHESAren aurkako komitea, Lanbroa, legalizazioaren aldeko feministak, T-4, Arartekoa, Emakunde, Gizonduz, eta Gizarterako.
2012-2013 ikasturtean batxilergoko ikasle eta irakasle batzuk “Gazteak Berdintasunean 2.0” proiektuaren abentura grafikoan parte hartu genuen. Gizonduz-ek (Emakunderen ekimena gizonen kontzientziazioa, partaidetza eta inplikazioa lortzeko gizon-emakumeen berdintasunaren alde eta emakumeen aurkako indarkeriaren kontra) antolatzen zuen. Proiektu horren helburu nagusia zen berdintasuna bultzatzea, jarrera baketsuak nabarmentzea eta indarkeria prebenitzea gazteen artean. Testeoan DBHko ikasleek ere parte hartu zuten.
Horretaz aparte, ikasgai guztietan zehar lerro garrantzitsu bat da eta irakasle bakoitzak bere eguneroko lanean generoaren ikuspegia urtero txertatzen du (emakume zientzialariak, emakume idazleak, emakume Nobel saridunak, emakume kirolariak...).
Aipagarria da aurten HAUSPOA proiektuaren barruan antolatu den graffiti tailerra. Tailer horretan parte hartu zuten ikasleek instituaren sarreran orma-irudi bat margotu zuten gure eskola-komunitatean dagoen kexka nagusi bat agerian usteko: genero indarkeria, hain zuzen ere.
Urtero-urtero azaroaren 25ean eta martxoaren 8an ekintza bereziak antolatu dira hezkidetza, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, genero indarkeriaren prebentzioa, sexu-aniztasuna eta harreman afektibo sexualak lantzeko. Zerrendatzea luzeegia izango denez, adibide gisa aurten burututako ekintzen laburpena txertazen dugu (ikastetxeko urteKMkarian argitaratu zena):
BERDINTASUNerantz
Institutuan egunero jarduten dugu emakume eta gizonen arteko berdintasuna errealitate bilakatuko duten balioak bultzatzen, egunerokoan sortzen diren egoera guztiak horretarako baliatuta, baina bi egun seinalatu ditugu ikastetxeko guztiok gai horri begira jartzeko; egun horietan lila koloreko betaurrekoak kendu gabe ibiltzen gara:
azaroaren 25ean, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko nazioarteko eguna, eta martxoaren 8an, emakumeen nazioarteko eguna.
Azaroak 25
Aurten ere, aspaldi honetako urteetan bezalaxe, hainbat jarduera antolatuko genituen azaroaren 25ean emakumeen kontrako indarkeriaren arrazoiak aztertu eta hausnarketarako esparru bat sortzeko asmoz. Maila guztietan egin zen zerbait, baina egitekoak ikasleen heldutasun mailari egokitu genituen. Honela, ikasle nagusiekin eskolak eten egin ziren egun horretan, eta hiru ordu eman zioten gaia lantzeari. Bigarren batxilergoko eta goi-mailako ziklokoek pelikula bat ikusi zuten: Las mujeres de verdad tienen curvas, baina mutilak eta neskak bereizita. Ondoren, talde txikietan, galdetegi bati jarraituta, eztabaidatu egin zuten pelikulari buruz. Bukatzeko, denak elkartu ziren iritziak trukatzeko. Lehen mailan, eztabaidagaia hiru bideoren inguruan egin zen:“Cani amoroso”, Iciar Bollainen “Amores que matan” eta “Violencia no es sólo el golpe”, eta taldeka eta denak elkarrekin ere aritu ziren, baina neskak eta mutilak bereizi gabe.
DBHko 3. eta 4. mailetan, ordea, ez zen eskolarik eten: tutoretza-orduan aritu ginen gaiaz hizketan, “Beldur barik” programaren materiala oinarri hartuta.
Laugarren mailakoek Mundua alderantziz bideoa ikusi eta konturatu ziren zein erraz identifikatzen diren jarrera sexistak mundua alderantziz jartzen dugunean: zergatik iruditzen zaigu zerbait egokia dela baldin eta emakume batek egiten badu eta desegokia gizon batek egitekotan, eta alderantziz? Hirugarrenekoek hausnarketa egin zuten gaur egun emakumeek sufritzen duten presioari buruz modu batekoak izan daitezen. Helburua izan zen aldarrikatzea ez direla ez modelo ez superwoman, ezta nahi ere.
DBHko lehen eta bigarren mailan, bestalde, lehen saioa erabili zen egun horren esanahiaz eta historiaz hitz egiteko eta gaiaren inguruan hausnartzeko; ondoren, indarkeria sexista salatzeko erabiltzen den puntu lila bat jarri zuten leihoetan.
Gainera, azaroaren 20an, Hitzak, besterik ez antzezlana ikustera joan ginen Printzipal antzokira batxilergoko eta DBHko 4. mailako zenbait ikasle eta hainbat irakasle, gaia emakumearen kontrako indarkeria zela eta interesgarria izango zelakoan; baita izan ere: izugarri gustatu zitzaigun guztioi.
Martxoak 8
KM2: Paretak emakumeen eskubideak aldarrika
Ikastetxeko jarduera nagusia mintzakafea izan bazen ere, ikasle txikienek ere gogoan izan zuten emakumearen eguna, eta horretarako KM2ko hormetan berdintasunaren aldeko aldarriak zituzten txartelak eta irudiak itsatsi ziren.
KM1: MINTZAKAFEA (martxoaren 14an)
2008-2009 ikasturtean erabili genuen lehen aldiz mintzakafearen teknika gure intereseko gaiei buruz informazioa konpartitzeko, iritziak elkarrekin trukatzeko eta eztabaidatzeko. Orduko hartan ere emakumeen nazioarteko egunaren harira antolatu zen, eta ikasle nagusiak emakumearen hainbat arloren inguruan aritu ziren elkarrizketan. Gerora ere, mintzakafeak egin ditugu beste gai batzuk aztertzeko, hala nola gure arautegi berria, prostituzioa, eta euskara, eta guztiok oso ondo baloratu izan dugu beti.
Mintzakafe batean, parte-hartzaileak mahai txiki batzuen inguruan elkartzen dira, eta giro lasaian, kafetegi batean egongo balira bezala, elkarrizketan aritzen dira denbora ez oso luze batez, 20 bat minutuz edo. Ondoren, beste mahai batean eseri eta berriz ere elkarrizketari ekiten diote, eta horrela jarraitzen dute hiru edo lau mahaitan eseri arte. Elkarrizketak gero eta aberatsagoak bilakatzen dira, prozesuan zehar informazioa eta iritziak aberastuz joan direlako ikuspuntu-aniztasunaren ondorioz. Normalean mahai bakoitzean mahaiburu bat, aditu bat egoten da, informazioa eman eta eztabaida bideratzeko.
Aurtengo martxoaren 8ari begira zerbait prestatzen hasteko garaia iritsi zenean, gai bat etorri zitzaigun burura: gizartean, bereziki emakumeengan, berebiziko eragina izango duen abortuaren lege-proiektua. Nola heldu gaiari, ordea? Bada, berriz ere orain arte oso emankorra suertatu zaigun mintzakafearen bidez.
Irakasle eta ikasle boluntario talde bat bildu eta saiatu zen gai honek izan ditzakeen ertz ezberdinak zehazten, informazioarekin material batzuk biltzen eta mahaiburu lana egiteko nondik heldu ahal zitzaion gaiari erabakitzen.
Beste talde batek egunean bertan lekua prestatu eta beharrezko jaki, edari eta bestelako materialak mahaietan ezartzeko ardura izan zuen. Dena prest zegoenean, 220 bat ikasle bildu ziren 22 mahairen inguruan, eta gogotsu ekin zioten gaiaren ertz guztiak eztabaidatzeari. Jarduera goizeko 10:45etik 12:45era luzatu zen eta gai hauexek landu genituen (gai bakoitza bi mahaitan):
1. Legea: oraingoa eta datorrena: zer dakigu? baldintzak
2. Ez duzu umea izan nahi. Zer egin? Emakumeen ikuspegiak, presioak 3. Umea izan nahi duzu. Zer egin? Emakumeen ikuspegiak, presioak
4. Abortu librea/legala: desberdintasuna. Adina, abortatzeko epeak, nork erabaki? Zigorrak…
5. Nola ez iritsi abortu batera: prebentzioa
6. Nork erabaki, bai edo ez?: bikotean, gurasoekin
7. Derrigorrezko abortua: Txina eta India: feminizidioa
8. Mamá déjame nacer abestia
9. Zergatik egon abortuaren kontra?
10. Zergatik egon abortuaren alde?
11. Abortu ilegala: ondorioak
Mintzakafea amaitutakoan, eta 14:30etara arte, bigarren jarduera bat egin zen: Gasteizko fakultateko emakume-talde bateko partaideek antzerkitxo bat egin zuten, abortuaren egoeraren bilakaera azaldu, eta eztabaida bat zuzendu zuten.
Aipatzekoa da aurtengo mintzakafea pixka bat desberdina izan dela: batetik, ez dugu aditurik gonbidatu, eta, bestetik, batxilergoko eta heziketa zikloetako ikasleez gain, DBHko 4. mailako neska-mutilek ere parte hartu zuten. Eta bi berritasunek ondorio ona ekarri zuten. Aditurik ezean, ikasleak berak aritu ziren eztabaida bideratzen: mahai bakoitzeko bi edo hiru mahaiburu. Txalotzekoa da horien lana, seriotasun handiz prestatu zutelako jorratu beharreko gai-zatia eta animoso jardun zutelako gainerako ikasleen parte-hartzea bultzatzen. DBHko 4. mailako ikasleak, bere aldetik, oso pozik eta esker oneko agertu ziren haiek ere aintzat hartu genituelako, haiek ere badutelako zer esan abortuaren lege-proiektuaz.
Orokorrean inpresio onarekin gelditu baginen ere, ekintzan parte hartu zuten ikasleei balorazio orri bat zabaldu zaie alde positiboak, negatiboak eta hobetu beharrekoak adierazteko eta 0tik 10erako ebaluazio bat ezartzeko. Alderdi positiboen artean antolakuntza, eguneroko klase jarduera eten eta gaurkotasuna duen gai bat lantzea, irakasleak eta ikasleak elkarrekin bestelako lanetan aritzea, ikasleek ardurak hartu eta betetzea (gaiak landu, mahaiburutza ikasleek beraiek eramatea, inplikazioa…) eta euskaraz aritzea bera ere aipatu dira.
Mintzakafeak izan zituen bi zatien balorazioan denetariko iritziak eman dira, gustuen araberakoak, eta hala behar du gainera, baina orokorrean mahaietako txandetan ikasleak oso gustura aritu dira, baina batzuei labur egin zaie eta gutxi batzuei luzeegi; batzuek elkarrizketarako aukera balioetsi dute, informazio trukaketa, errespetuz aritu izana, elkar ezagutzeko aukera (norbait ligatzeaz ere akordatu da).
Alde txar edota hobetu beharrekoetan batzuen isiltasuna, parte hartzeko lotsa (jende gehiegi mahaietan agian) eta batzuen ganora eskasa aipatu izan dituzte. Mahaiburuen lana orokorrean ongi baloratu da baina noizbait gaia agortu egin da edo errepikakor bihurtu da. Norbaitek mahaiburutzarako adituak hobe izango zirela aipatu du, testigantza zuzenak egokiak izango zirela ere esan du beste norbaitek, irakasleak faltan bota ditu besteren batek.
Goizeko bigarren zatiari buruzko balorazioetan, antzerkia orokorrean jendeari gustatu zaio, hitzaldia luzetxo, eta azken talde lanak denetariko iritziak sortu ditu: luze, errepikakor, jendetsuegi, edo gustuko eta aberasgarri izan dela ere bai. Gehienek, hori bai, aipatu dute aretoa txikiegia zela. Eskerrak eguraldi ona izan genuen aretotik irten eta patioan amaitzeko.
Zenbakizko balorazioari dagokionez, kexatu direnak ere onberak izan dira: oso pertsona gutxik eman dute ez gainditutzat mintzakafea; bestela jende gehienak 7tik gora baloratu du, eta merezi izan duela eta berriz egiteko moduko ahalegina dela izan da iritzi nagusia.