SEÑE 3.0 / 13 /

2021 / 02 / 19

ABIATU DA LIBURU IBILTARIA, IKASTOLAZ IKASTOLA OSATZEN JOANGO DENA

Gaur jarri da martxan Liburu Ibiltaria, ikastolen jaiek, Ikastolak Herriari ekimenaren baitan, sortutako egitasmoa. Sopelako Ander Deuna ikastolako DBH 3ko ikasleei eman zaie liburua idazten eta ilustratzen hasteko enkargua, Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituren eskutik. Sopelatik, Leioara egingo du jauzi hurrengo egunetan Liburu Ibiltariak, Betiko ikastolako ikasleek jarraipena eman diezaioten.

Bi ikastola hauek dira, hain zuzen ere, aurtengo Ibilaldiaren antolatzaileak, eta jaien ekimena izanik, aurtengo jaien antolatzaile diren ikastoletatik igaroko da liburua, guztien artean osatu dezaten. Baina jaien antolatzaile diren ikastolez gain, beste hainbatek ere hartuko dute parte ekimenean, guztira Euskal Herri luze zabaleko 21 ikastolatako DBH 3ko ikasleek hartuko baitute parte Liburu Ibiltarian.

Liburuari amaiera emateko ardura Lizarrako ikasleena izango da. Beraiek amaituko dute, eta Nafarroa Oinez egunean panel handi batzuetan ikusgai jarriko dute. Era berean, ekimenean parte hartuko duten ikastolei Liburu Ibiltariaren edizioaren ale bana jasoko dute oroigarri gisa.

Ikastolen jaien helburuetako bat da euskaraz bizi, pentsatu, dibertitu eta sortzeko guneak eta ekimenak zabaldu eta sustatzea, eta bereziki gazteei eskaintzea euskaraz ongi pasatzeko, esperimentatzeko eta sortzeko aukerak. Liburu Ibiltariaren ekimenarekin, aukera hori zabaldu zaie DBH3ko ikasleei, eta, aldi berean, 21 ikastola horien arteko elkarlana sustatu nahi izan da, eta eremu soziolinguistiko desberdinetan kokatuta egonik, errealitate horien guztien isla ere izan nahi du Liburu Ibiltariaren ekimenak.


ARATUSTEAK 2021

Otsailaren 12an Aratuste barikua izan genuen eta zer edo zer egin gurean ikastolan bertan etapaka, egoerak behartuta, apal-apal ibili ginen. Aurten gaia etapaka edota zikloka aukeratu izan da eta, gehienetan, aukera asko ematen zuten gaiak hartu dira. Horrela, askotariko jantziak izan ziren gure artean. Ea datorren urteko aratusteak beste giro batean bizitzeko aukera daukagun!

Peio Jorajuria - Seaskako lehendakariak BERRIA egunkarian 2021-02-23an argitaratua

Euskal Hezkuntza ereduaren gaia biziki aberatsa da. Nahiz eta badakigun haren deklinabideak lurralde administratiboka eraman beharko direla, eztabaidak Euskal Herria kontuan hartu behar duela uste dugu, Euskal Hezkuntza sistemaz ari bagara bederen. Bateratzen gaituena landuz ditugu urratsak egiten ahalko. Baina beste batzuetan gertatzen den bezala, EAEko berezitasunek gaina hartzen dute, eta beste lurraldeetan ezagutzen ez dugun errealitate batean fokua ezartzen. Kasu honetan publiko/pribatu edo balizko segregazioen gaiek oinarrizko eztabaida batzuk itzalean utzi dituzte. (jarraitu irakurtzen)