SEÑE 3.0 / 11 /

2020 / 12 / 21

Oztopoak oztopo 2020 urte amaierara heldu gara.

ZORIONAK eta URTE BARRI ON!

IZENA EMOTEKO GARAIA

Dagoeneko 2021-22 ikasturteko matrikula datak ezagutzen ditugu; urtarrilaren 18tik 29ra, hain zuzen ere. Horrela, gogoraraztea aurten seme-alabaren bat izan baduzue ikastolara hurbil ziteztela izena emotera. Halaber, zuen lagunen edota ezagunen batek ikastolara etortzeko interesik baleuka, bertora hurreratzera edo info@anderdeuna.eus helbidera idaztera gonbidatzea eskertuko genizueke.

HEZKIDETZA. GABONETAKO JOSTAILUAK

Gabonak ate joka ditugu eta garai honetako buru-hausteetako bat jostaluaren gaia dugu, zalantzak sortzen zaizkigu jostailuen egokitasunez; zer jostailu mota, kolorea... Ondoren, bi bideo jostailuen aukeraketa ez-sexista egitea helburu.

Gabonetako jostailuak: pentsatu erosi aurretik!

Jostailu ez sexisten aldeko kanpainaren performance-a

INSPIRA STEAM

Aurten ere, gure seigarren mailako neska-mutilak Inspira Steam tailerretan parte hartzen ari dira. Proiektu honen helburu nagusia nesken artean zientzia eta teknologiarako bokazioak sustatzea da. Hau lortzeko, sentsibilizazio eta orientazio ariketak egiten dira, ikastolako irakasle batekin (mutilak) eta ikerketa, zientzia eta teknologia arloetako emakume profesional batekin (neskak).

Oraingoan haratago joan nahi dugu, eta familiak ere proiektuaren partaide egiteko asmoarekin, saio bakoitzaren amaieran, landutako gaiarekin harremandutako informazioa bidaltzen zaie, etxean seme-alabekin gaia jorratzen jarraitzeko eta familia giroan hausnarketak egiteko asmoz.

Proiektuaren inguruko informazio gehiago; https://inspirasteam.net/eu/conoce-el-proyecto/

LORAN HAZIE KOLEKTIBOA LEHEN HEZKUNTZAN

Urtero legez, ohikoa ez den beste era batean antolatu bada ere, Euskararen astea eta eguna, abenduak 3, ospatzeko aukera izan dugu ikastolan. Ekimen ezberdin artean Loran Hazie kolektiboko kideak izan ditugu gure artean. Horietako baten bat Ander Deuna Ikastolako ikasle-ohi. Egun Antzerti Eskolan edota Musikenen edo... ikasketa artistikoren batean kide guztiak.


Elorriok antolatutako Hel Horri! lelopeko 2020ko Ibilaldiaren egitasmoaren artean Hel Hizkuntzari! liburu Ibiltariaren idazketa eta marrazketa sorkuntza izan dugu. Bizkaiko ikastola guztiok hartu genuen parte bere sorkuntza lanean. Ibiltaria, benetan gero, herririk herri eta ikastolaz ikastola ibili delako. Alkartasuna, kooperazioa, inklusibitatea, hizkuntza aberastasuna lantzea izan du helburu. Ander Deuna Ikastolan DBH 4. mailako ikasleek hartu zuten parte liburuaren pasarte baten idazketan eta ilustrazio lanetan. Hona hemen liburu ibiltaria. Gozatu irakurketarekin!

IHINTZA ETA XAN, SEASKAKO AMA IKASTOLETAN GEHIEN ENTZUTEN DIREN IZENAK

Hirugarren aldiz, ama ikastoletan gehien entzuten diren izenak zeintzuk diren ikertu du Seaskak. Nesken kasuan, Ihintza da gehien entzuten dena eta Xan mutikoentzat.


Seaskako ama ikastoletan gaur egun eskolatuak diren 1010-1020 haurren artean zeintzuk dira gehien entzuten diren izenak? 2013 eta 2015an egin bezala, erantzuna eskaini du ikastolen elkarteak egindako inkestak. 2015-2018 urte bitartean sortu diren neska gazteen artean Ihintza da burasoek gehiengoan hautatzen duten izena. Mutikoen artean, Xan izena nagusitzen da. (jarraitu irakurtzen)

GEUREA DEN HEZKUNTZA SISTEMA BAT DA BEHAR DUGUNA

“Aurrerantzean ez da gehiago ikastolez hitz egingo”. Halaxe esan zuen Eusko Jaurlaritzako orduko Hezkuntza sailburuak, 1993an, Hezkuntza Publikoaren Legea onartu berritan. Iltzatuta daude oraindik hitz horiek ikastolen mugimendua osatzen dugun kide askoren artean; urte gogorrak izan baitziren ikastolentzat. Gure mugimendua haustera zetorren eta ikastola askoren publifikazioa ekarri zuen prozesu hark utzitako orbanek oraindik erresumina eragiten diguten arren, harro gaude orduan hartu genuen erabakiarekin, herritik eta herriarentzat sortutako hezkuntza proiektuei herriarentzat eutsi genielako. Oraindik, ziklikoki, zaurietan gatza botatzen digute, ordea, eta orduan amaitu ez zen eraiste prozesua akaberaraino eraman behar dela aldarrikatzen duten ahotsak altxatzen dira noizean behin.

Azkenak Euskal Eskola Publikoaz Harro topagunean biltzen diren eragileak izan dira. (jarraitu irakurtzen)

2019-2020 MENDI IRTEEREN SARI BANAKETA

Aurreko urteetan bezala, 2019-2020 ikasturtean zehar ere zenbait mendi irteera antolatu zituen Kirol Batzordeak, harik eta pandemiak dena geldiarazi zuen arte. Besteak beste, Serantes, Itxina, Jata, Leungana eta Bizkargira joan ziren gure haurrak.

Lagunarte ederrean egiten diren mendi irteera hauek, kirol jarduera osasuntsu bat izateaz gain, naturarekiko errespetua eta kideak laguntzea bezalako baloreetan hazteko aukera eskaintzen die gure haurrei, bai eta beraien familiei ere.

Mendi irteerak are erakargarriago egiteko asmoz, erronka bat jartzen die haurrei Kirol Batzordeak. Antolatzen diren irteeretako gehienetara etortzen diren haurrek sari bat irabazten dute. 2019-2020 ikasturteko mendi irteeretan erronka hori 24 haurrek gainditu zuten, eta pasa den abenduaren 20an egin zen sari banaketa.

Tamalez, oraindik ezin izan da beste mendi irteerarik antolatu, baina egoera hobetzen denean, ekingo zaio berriz ere.


IKASTOLAKO FUTBOL ZELAIA

Urriaren hasieran, ikastolako futbol zelaiko beheko aldean zeuden zenbait langara apurtu eta lur-jausi txiki bat jazo zen. Urritik hona euri nahikotxo egin badu ere, batez ere azken hilabete honetan, ez da lur-jausi berririk izan. Duela urte mordoxka futbol zelaia egin zuten bazkide-ohi haiek bazekiten zertan zebiltzaten, duda barik! Halere, bageneraman pare bat urte lur mugimenduen jarraipena egiten eta aurreikusita bazegoen ere uneren batean edo bestean gai horri ekin beharko geniola, gertaerak aurreratu ditu gure asmoak. Horrela, ikastolako obra eta berrikuntza lantaldeak gaia landu eta izan daitezkeen aterabide ezberdinak aztertu ditu. Azkenik, aukera ezberdinen arteko batekin aurrera egitea erabaki eta beharrezko diren baimenak lortzeko proiektu bat prestatzeari ekin zaio. Halaber, udal teknikariekin ere hasiak gara lehenbiziko batzarrak egiten. Argazkian, egin nahi den harri-lubeta errotondari zati bat kenduta.