UKELELEA ETA EUSKAL KANTAK

Ukelelea hainbat kultura eta musika-estilotan erabiltzen den musika-tresna da. Mundu osoan ospe handia du, batez ere azken urteotan.

Lan honek ukelelea musika-geletan baliabide pedagogiko gisa erabiltzea proposatzen du, ikasleen motibazioa areagotu eta haien trebetasunak eta gaitasunak hobeto garatzeko. Askotariko praktikak egiteko aukera eskaintzen du, eta musika-gela aberasteko bidea.

Musika-gelan ukelelea erabiltzearen abantailak honako hauek dira:

  • Ez da beste musika-tresna batzuk bezain garestia.

  • Eramateko erraza da, txikia eta arina.

  • Errepertorio zabala du.

  • Jotzeko nahiko erraza da.

  • Tamaina ona du ikaslearentzat.

  • Ukelelearekin melodia eta harmonia landu ditzakegu.

  • Abesteko eta aldi berean jotzeko aukera ematen du.

  • Talde-interpretazioa bultzatzen du.

Lan honetan bi atal nagusi bereizten dira. Lehenengo atalean, ukelelea erabiltzeko gida bat dago, musika-tresnarekin lotutako hainbat alderdi daude: historia, ukelele-motak, afinazioa, tablaturak, akordeen diagramakā€¦ Bigarren atalean, euskal kantak daude (letra, akordeak, audioak eta karaokeak).

Euskal kantak aukeratzeko orduan irizpide hauek hartu dira kontuan:

  • Ikasleen gustuko diren euskarazko abestiak.

  • Akorde gutxi dituzten abestiak (3-4 akorde).

  • Do maior edo La minor tonalitatean jo eta abestu ahal diren kantak.

  • Ikasleen tesiturarako aproposak direnak.

Bigarren Hezkuntzako ikasle eta irakasleei zuzendutako materiala da, baina Lehen Hezkuntzako azkeneko zikloan ere erabil daiteke.

Ukelelea eta euskal kantak lana ukelelearen erabilerarako hurbilketa xume bat da, bost akorde baino ez dira lantzen: Do Maior, La minor, Fa Maior, Sol Maior eta Re minor. Bost akorde horiekin abesti ugari landu daitezke.

Sortutako material digital guztia GOOGLE SITES (https://sites.google.com/view/maider-castro-r-400/hasiera?authuser=2) batean dago. Alde batetik, ukelelea erabiltzeko gidaren atalak daude; eta, bestetik, kanta bakoitzaren letraz eta akordeez gain, bi audio-pista (bata jatorrizko abiaduran eta bestea geldoago), bi karaoke (diagramekin eta diagrama gabe) eta jatorrizko abestia topatuko ditugu.