Artea

Artea kulturaren eta gizartearen isla denez, esan dezakegu arte-lanek gizartea nolakoa den erakusten digutela.

Goi Paleolito garaiko gizakiak (Homo sapiens-sapiens), hainbat elementuren artean, hormetan margoturiko zenbait irudi utzi zizkigun. Hezurretan edota harri zapaletan egindako beste zenbait irudi ere agertu dira. Aurkitu diren irudiak ez dira guztiak gisa berekoak eta, sailkatzean, oro har bi multzo nagusitan banatzen dira:

Arte higigarria: animalien hezurretan, adarretan edo harrietan egindako objektu apaingarriak nahiz irudiak. Buztinezkoak nahiz harrizkoak izan daitezke (zintzilikarioak, venusak...).

Labar-artea: kobazuloetako hormetan egindako pinturak, marrazkiak eta grabatuak sartzen dira multzo honetan (animaliak, gehienetan, baina zenbait lekutan giza irudiak ere agertu dira).

Labar-arteak badu ezaugarri berezi bat: irudiak ez daude inoiz haitzuloen sarreretan (gizakiek eguneroko bizitza egiten zuten lekuan), baizik eta tokirik sakon eta gordeenetan, iristeko zailak diren galeria ezkutuetan eta begi bistan ez dauden lekuetan.

Pentsa daiteke, beraz, kobazuloetako margolanak ez zirela egin artea sortzeko. Ez dakigu irudi horiek zertarako egin zituzten, baina argi dago ez zirela egin jendearen bistara egoteko.

Gaur egun, oraindik ere, misterioa izaten jarraitzen du. Halere, hipotesi ugari daude horren inguruan. Ikertzaile batzuek santutegiak direla pentsatu izan dute, magia-ukitua zutela, animaliak errazago ernaltzeko edo ehizan laguntzeko marrazten zituztela, baita totem edo babesle izateko ere.

Hori guztia ez dago ziurtzat jotzerik, baina nahiko argi ikusten da labarretako arteak esanahi magiko-erlijiosoa zuela. Gehien bat kolore beltza eta gorria erabiltzen zituzten irudiak marrazteko, baina baita okrea ere. Koloreak lortzeko, lurrak eta mineralak animalien koipeekin nahasten zituzten.

Paretetako artea eremu franko-kantabrikoan metatuta dago, eta honako hauek dira kobazulorik garrantzitsuenak:

· Ekaingo haitzuloa: zaldiak.

https://www.ekainberri.com/eu/

· Santimamiñeko haitzuloa: bisonteak.

· Altamirako haitzuloa: bisonteak.

· El Castilloko haitzuloa: eskuak.

· Lascaux-eko haitzuloa: zezenak.

· Izturitze-Otsozelaiko harpeak.