Artea

Margolanak


Gizakia sedentario bihurtzeak eta nekazaritza eta abeltzaintza garatzeak eragin zuzena izan zuten margolanetan. Arte-adierazpenak nabarmen aldatu ziren.

Pinturak aire librean edo babesleku naturaletan egiten hasi ziren; sakanetan edo haitzarteetan, adibidez. Paleolitoko helburu magikoa desagertuta, giza irudia izan zen irudikapen nagusia.

Konposizioak dinamikoak eta eskematikoak ziren: ehiza, abere-jarduerak, dantzak eta gerra-irudiak izan ohi ziren. Koloreari dagokionez, monokromia (kolore bakarra) da pintura horien ezaugarri nagusia.

Pintura aipagarrienak Cogull-en (Lleida), Alperan (Albacete) eta La Gasullan (Castelló) aurkitutakoak dira.

Zeramika

Paleolitoko bizimodu nomadak ez zuen ematen objektu hain hauskorrak egiteko aukerarik. Sedentario izateak, ordea, aukera berriak eman zizkien.

Zeramikazko ontziak egiten hasi ziren, janariak gordetzeko, kontserbatzeko eta kozinatzeko orduan zituzten arazoei aurre egiteko. Lehen ontziak eskuz egin zituzten, buztina erabiliz: orea egin ondoren, eskuekin moldatzen zuten, gero lehortzen uzteko. Azkenik, egosi egiten zuten. Neolitoaren azkenaldian, gurpila asmatzearekin batera, eltzegile-gurpila asmatu zuten. Horri esker, zeramika ontziak egiteko sistema hobetu egin zuten.

Zeramikarekin batera, adierazpen artistiko berri bat sortu zen: ontzi horietan gizakiek motibo geometrikoak eta abstraktuak margotzen zituzten, eta eskulturak egiten hasi ziren.

Arkitektura megalitikoak

Megalitoak harri handiz egindako monumentu arkitektonikoak dira. Funtzio hauek zituzten: ehorzteak egitea eta kultuak edo errituak egitea.

Neolitoaren bukaeran, hildakoenganako gurtzari garrantzia ematen hasi zitzaien, eta kultura berri horren isla ditugu harrizko eraikin handiok.

Zenbait eraikin-mota bereiz daitezke:

Trikuharriak edo dolmenak hilobi gisa erabiltzen zituzten. Horiek eraikitzeko, harrizko bloke bertikal handien gainean bloke horizontal bat jartzen zuten. Euskal Herriko dolmenen artean, Araban dagoen Sorginaren txabola izenekoa da aipagarriena.

Iruinarriak edo menhirrak, lurrean bertikalki sartutako harri luze eta handiak dira, eta leku garrantzitsu bat markatzeko erabiltzen zituzten. Batzuetan, lerrokaturik ere jartzen zituzten. Adibiderik garrantzitsuena Frantzian aurki dezakegu, Carnac-en: 3.000 iruinarri edo mehir baino gehiago daude, hainbat lerrokadatan jarriak.

Harrespilak edo cromlechak (edo mairu-baratzeak ere bai) zirkulu bat osatuz jarritako menhirrak ziren. Ingalaterran dagoen Stonehenge-ko cromlecha da aipagarrienetako bat.

Honako helbide honetan Euskal Herriko monumentu megalitikoen mapa ikusiko dugu:

http://www.euskal-herria.org/megalito/aurkezpen