PALEOLITOA

Paleolito hitza grezieratik dator: paleos = zahar eta lithos = harri; hau da, "Harri Zaharraren Aroa” (harria lantzeko era zaharra). Historiaurreko lehen garaia da.

Lehenengo gizakiak agertzearekin hasi zen eta nekazaritzaren eta abeltzaintzaren garapenaren ondorioz amaitu zen. Oso aldi luzea da: lehen homoak harria lantzen hasi zirenetik, orain dela 2.500.000 urte inguru, duela 10.000 urte arte (Mesolitoa). Hiru alditan banatzen da: Behe Paleolitoa, Erdi Paleolitoa eta Goi Paleolitoa.


1.1.-Behe Paleolitoa: Paleolitoa banatzen den hiru zati nagusietako lehena eta historiaurreko aldietan luzeena: duela 2,5 milioi urte ingurutik duela 300 mila urte inguru arteko garaia hartzen du.

Homoak harrizko tresnak egiten hasi ziren garaia jotzen da Paleolitoko kulturaren hasieratzat.

Garai honetan homo hauek ditugu: Homo habilis, Homo ergarster, Homo erectus, Homo antecessor, Homo heildebergensis.


1.2 Erdi Paleolitoa: Paleolitoa banatzen den hiru zati nagusietako bigarrena, duela 300 mila urte ingurutik duela 40-30 mila urte inguru arteko garaia hartzen du.

Homoa: Neanderthalgo gizakia.

1.3 Goi Paleolitoa: Paleolitoa banatzen den hiru zati nagusietako azkena, duela 40-30 mila urte ingurutik duela 12-10 mila urte inguru arteko garaia hartzen du.

Homoa: Homo sapiens-sapiens.

Garai hartan, gizakiak tribu izeneko familia-talde txikietan bizi ziren eta bizimodu nomada zuten (janari bila mugitzen ziren).

Naturatik bertatik ateratzen zuten bizimodua. Jateko, ehizatu eta arrantzatu egiten zuten, baita landareen fruituak eta sustraiak jaso ere. Leku batean janaria amaitzen zenean, beste batera joaten ziren.

Kobazuloak erabiltzen zituzten euritik eta hotzetik babesteko. Sua menderatzen ikasi zuten. Berotzeko, janaria prestatzeko, argia emateko, sasiak erretzeko eta animaliak uxatzeko erabiltzen zuten.

Tresna propioak ere egin zituzten, harriz, zurez, hezurrez eta maskorrez.