NEOLITOA

Historialariek Neolitoa esaten diote nekazaritza eta abeltzaintza agertu ziren historiaurreko aroari. Duela 10.000 urte hasi zen, eta burdinazko lehen tresnak agertu ziren arte iraun zuen.

Garrantzi handiko aldaketak gertatu ziren garai hartan. Hasteko, glaziazioaren amaierarekin batera klima aldatu egin zen. Tenperaturak igo zirenean, orduko gizakiek haitzuloak utzi zituzten eta ingurune naturaletara joan ziren bizitzera, ibaietatik gertu zeuden herrixketara. Klima-aldaketak nekazaritza eta abeltzaintza garatzea ekarri zuen.

Nekazaritzaren hasiera. Urteak pasa ahala, Neolitoko gizakiak ikasi zuen lur-azpian jarritako hazietatik landareak sortzen zirela. Orduan, zerealak (garia, garagarra, zekalea...) eta lekaleak (dilistak, ilarrak...) ereiten hasi ziren. Horrela hasi zen nekazaritza.

Abeltzaintzaren hasiera. Era berean, inguruko animaliak behatuta ikusi zuten etxekotu egin ahal zirela: abeltzaintza sortu zen. Etxekotutako lehen animaliak ahuntzak, ardiak eta txerriak izan ziren (Euskal Herrian Neolitoan etxekotu ziren lehen animaliak ardiak eta ahuntzak izan ziren).

Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren ondorioz, Neolitoko gizakia sedentario bihurtu zen: janaria soroak landuta eta artaldeak zainduta lortzen zuenez, ez zuen horren bila alde batetik bestera ibili beharrik. Lan berriek teknika berriak eskatzen zituenez, aldaketa gehiago izan ziren:

  • Harria lantzeko teknika berria: harri leundua. Teknika horrekin hainbat lanabes berri egin zituzten; zulatzeko aizkora eta zuhaitzak mozteko aizkora, besteak beste. Nekazaritzak tresna berriak asmatzera bultzatu zituen: igitaiak (uzta biltzeko edo belarra mozteko) eta errota (alea ehotzeko tresna).

  • Jatekoak bildu, garraiatu eta egosi beharrak zeramikaren garapena bultzatu zuen. Buztinari forma eman eta gogortzeko, labetan egosten hasi ziren.

  • Ehungintza: ehunak nola egin asmatu zuten. Horretarako, ardatz bat erabiltzen zuten, zuntz naturalak (artilea eta lihoa) hari luzeak bihurtzen zituena. Horrekin batera, ehungailua ere asmatu zuten, ardatzarekin sortutako ehunak elkarrekin lotu eta jantziak egiteko.