Tresnak

Neolitoan erabiltzen ziren lanabesak Paleolitoan erabiltzen zirenak baino landuagoak ziren. Harria lantzeko modu berria asmatu zuten: harria leuntzea. Horren ondorioz, tresna eta teknika berriak garatu zituzten. Horrela, harriari forma berriak eman eta tresna berriak asmatu zituzten: lurra lantzeko aitzurrak, harria leunduz egindako aizkorak, igitaiak, labanak eta beste tresna asko.

Harria lantzeko modu berriarekin batera, zeramika ere asmatu zuten. Paleolitoan nolabaiteko ontziak egiten bazituzten ere, Neolitoan hasi ziren zeramika garatzen, eta era askotako ontziak asmatu zituzten eginkizun berezietarako.

Bi arrazoi nagusik bultzatu zuten zeramikaren sorrera. Lehenengoa sedentario bihurtzearen ondorio zuzena izan zen: toki jakin batean finkatu, eta lurra lantzen zuten soroen inguruetan herrixkak eraikitzen zituzten. Horrela, adreiluak egiten hasi ziren, etxeak eta bestelako eraikuntzak egiteko. Bigarren arrazoia uztak gordetzeko premia izan zen. Horrela, ontziak egiten hasi ziren, uztak gordetzeko eta kontserbatzeko.