HISTORIA

Historia iragana aztertzen duen zientzia da; hau da, gizadiaren iraganaldiko gertaerak aztertzen dituen jakintza.


Iturri historikoa iraganari buruzko informazioa ematen digun edozer da. Iturri historiko nagusiak hauek dira:

· Iturri materialak: eraikinak, txanponak, arropa, altzariak, tresnak eta hezurrak.

· Idatzizko iturriak: gutunak, eleberriak eta egunkariak.

· Iturri grafikoak: marrazkiak, pinturak, mosaikoak, argazkiak eta filmak.

· Ahozko eta soinu-iturriak: musika, abestiak, esaerak eta ipuinak.


Gizakion iragana oso luzea da eta, errazago aztertzeko, aldi laburragotan banatzen dugu. Aldi horiei historiaren aldiak edo aroak esaten zaie. Aro bakoitzak ezaugarri bereizgarri batzuk ditu.

Honako hauek dira aroak: historiaurrea (Paleolitoa, Neolitoa eta Metal Aroa), Antzinaroa, Erdi Aroa, Aro Modernoa eta Aroa Garaikidea.


HISTORIAURREA: gizakia agertu zenetik idazkera sortu zen bitarteko garaia hartzen du, gutxi gorabehera; kronologikoki, orain dela 2.500.000 urtetik K.a. 3500.urtera arte. Hiru arotan banatuta dago: Paleolitoa, Neolitoa eta Metal Aroa.


HISTORIA: idazkera sortu zenetik gaur egun bitarteko garaia; kronologikoki, K.a. 3500. urtetik gaur egun arte.

Historia honako aro hauetan sailkatzen da:

1. ANTZINAROA edo ANTZINATEA: lehen dokumentu idatziak agertu zirenetik Erromatar inperioa desagertu arteko aldia da; kronologikoki, K.a. 3500. urtetik K.o. 476. urtera arte.

2. ERDI AROA: Erromatar inperioaren amaieratik Turkiarrek Konstantinopla hiria konkistatu zuten urtera arte (edo Kristobal Kolon Amerikara heldu zen arte). Kronologikoki, 476. urtetik, 1453. (edo 1492) urtera arte.

3. ARO MODERNOA: Konstantinopla konkistatzetik (edo Amerika topatzetik) Frantziako iraultzaren hasiera arte. Kronologikoki, 1453. (edo 1492) urtetik, 1789. urtera arte.

4. ARO GARAIKIDEA: Frantziako iraultzaren hasieratik gaur egun arte.