Ardatz kronologikoa

Historialariarentzat, denbora funtsezko lanabesa da, gertakari historikoak denboran kokatu behar izaten dituelako. Hainbat gertaera edota gertakari historikoren iraupena eta segida irudikatu nahi badugu, egokiena ardatz kronologiko bat erabiltzea da. Tresna grafiko horri denbora-lerro edo friso kronologiko ere esaten zaio.

Ardatz kronologikoak egiteko, honako pauso hauek egingo ditugu:

1. Ardatza zehazteko, lehenengo eta azkeneko datak zein izango diren erabaki (azkena, gehienetan, gauden urtearen ingurukoa izan ohi da). Adibidez, Kristo aurreko 4000. urtetik gaur egunera arteko aro historikoak adieraziko ditugu.

2. Zer denbora-unitate erabiliko dugun erabaki: mendeak eta urteak, milurtekoak eta mendeak, etab. Gure kasuan, 6.000 urteko epea irudikatu behar dugunez, milurtekoak eta mendeak erabiliko ditugu, urte guztiak azaltzea oso neketsua izango litzatekeelako.

3. Bi lerro horizontal paralelo eta bi lerro bertikal marraztu, bata hasieran, K.a. 4000. urtea adierazteko, eta bestea amaieran, 2018. urtea adierazteko. Urte horiek azalduko dira bi lerro bertikalen azpian.


4. Lortzen den segmentua zati berdinetan zatituko dugu. Kasu honetan sei zati berdin egin behar ditugu, sei milurteko adierazteko.

5. Milurteko bakoitzari dagokion tartea hamar zatitan banatuko dugu. Hamar zatitxo horiek mendeak adieraziko dituzte. Gero, ardatzean agertzea nahi dugun gertaerak idatziko ditugu goiko aldean, eta beheko aldean datak adieraziko ditugu.

Denbora-lerroak on-line ere egin ditzakegu, hona hemen adibidea:

https://timeline.knightlab.com/

ARDATZ KRONOLOGIKO BAT ZER DEN, ETA NOLA EGIN