Denbora neurtzea

Zibilizazio bakoitzak bere modura neurtu izan du denbora:

Esaterako, erromatarrek Erromaren sorrera hartzen zuten denbora neurtzeko abiapuntutzat. Haientzat, urte hori 1. urtea zen (gure egutegian K.a. 753. urtea izango litzateke).

Gaur egun herrialde gehienetan KRISTAU AROA erabiltzen da denbora neurtzeko sistematzat. Sistema horren arabera, 1. urtea Kristo jaio zen urtea da.

• Jesu Kristo jaio aurretiko gertaerak Kristo aurretik (K.a.) gertatu zirela esaten dugu.

• Geroagokoak, berriz, Kristo ondoren (K.o.) gertatuak dira. Data baten aurretik esapide horietako bat (K.a. edo K.o.) adierazten ez bada, Jesu Kristo ondoren gertatu dela ulertu behar da.

HAMARKADA: hamar urteko denbora-bitartea.

MENDEA: ehun urteko denbora-bitartea.

MILURTEKOA: mila urteko denbora-bitartea. Mendeak eta milurtekoak zenbaki erromatarrez adierazten dira. Gogoratzen al dituzu?

Zenbaki erromatarren taula gogoratuko dugu jarraian:

Urteekin lan egiten dugunean kontuan izan beharreko zenbait gauza:

· 0 urterik ez dago. Urteen zenbaketa K.o. 1. urtetik edo K.a. 1. urtetik hasten da.

· Urte bat zein mendetakoa den jakiteko honako hau egin behar duzu: zenbakiaren AZKEN BI ZIFRAK ESTALI (batekoa eta hamarrekoa) eta geratzen den zifrari 1 gehitu. Adibidez, 2018. urtea: azken bi zifrak estali (1 eta 8); 20 geratzen da, eta 1 gehituta = 21. Beraz, 2018. urtea XXI. mendekoa da.

· Edozein menderen lehen urtea 01 zifrez amaitzen da. Adibidez, XXI. mendearen lehen urtea 2001a izan zen.

· Edozein menderen azken urtea 00 zifrez amaitzen da. Adibidez, XXI. mendearen azken urtea 2100. urtea izango da.

· Urte bat zein milurtetakoa den jakiteko, hau egin behar duzu: zenbakiaren AZKEN HIRU ZIFRAK ESTALI (batekoa, hamarrekoa eta ehunekoa) eta geratzen den zifrari 1 gehitu. Adibidez, 2018. urtea: azken hiru zifrak estali (0, 1 eta 8); 2 geratzen da, eta 1 gehituta = 3. Beraz, 2018. urtea III. milurtekoa da.