METAL AROA

Historialariek Metal Aroa deitzen diote historiaurreko azken aldiari. K.a. 6000. urtea ezkero, gizakiak metalezko objektuak lantzen ikasi zuen.

Baina hedapena ez zen toki guztietan unea berean izan. Leku batzuetan Neolito garaian zeuden bitartean, beste leku batzuetan Metal Aroan (metala erabiltzen zutelako) edota Antzinaroan zeuden (idazkera erabiltzen zutelako). Metal Aroa hiru alditan banatzen da, landutako metalaren arabera:

· Kobre Aroa : K.a. 6000. - K.a. 3500.

· Brontze Aroa: K.a. 3500. - K.a. 1500.

· Burdin Aroa: K.a. 1500. - K.a. 500.

Gizakiak landu zuen lehen metala kobrea izan zen. Kobrea material bigunegia zenez, eta lanabesak egiteko oso erabilgarria ez zenez, gehienbat bitxiak eta apaingarriak egiteko erabili zuten.

Mendeek aurrera egin ahala, eskulangile batzuek kobrea eztainuarekin nahasi, eta metal berri bat lortu zuten, brontzea. Kobrea baino gogorragoa zenez, lanerako tresnak, armak eta armadurak egiteko erabiltzen hasi ziren. Horren ondorioz, harria gero eta gutxiago erabiltzen hasi ziren.

K.a. 1500. inguruan, burdina lantzen hasi ziren. Metal hori beste guztiak baino gogorragoa zen, eta bikaina armak eta nekazaritzako tresnak egiteko. Burdina lantzeko ahalmena zuen herria besteak baino boteretsuagoa eta aberatsagoa bihurtuko zen.

Metala lantzeak metalgintza edo metalurgia sortu zuen. Metalgintza metalak lortzeko tekniken multzoa da.

Metalgintza garatzeak hainbat aldaketa eragin zituen gizartean :


- Merkataritza hedatzea: nekazaritzari eta abeltzaintzari esker, behar zutena baino janari gehiago lortzen zuten. Soberakin horrekin, trukean oinarritutako merkataritza garatu zen. Teknologia berriek ere asko lagundu zuten garapen horretan: gurpila asmatzea, nabigaziorako teknika berriak aurkitzea, zaldi gainean ibiltzeko tresneriak...

- Lanbideen sorrera: ordura arte, gizakiek denetarik egiten jakin behar zuten, baina Metal Aroan bakoitzak lan bat egiten zuen. Lanbideak agertu ziren: abeltzainak, nekazariak, errementariak, zeramikariak, ehuleak eta gudariak.

- Gizarte desberdintasunak: lanbide espezializatuekin batera, gizarte-taldeak agertu ziren.

- Lehen hiriak: Neolitoko herrixkak hazi, eta hiri bihurtu ziren. Buruzagi baten inguruan antolatzen ziren eta defentsarako harresiak ere bazeuzkaten.

- Asmakizun berriak:

· Gurpila: garraioak hobetu zituen eta lehorretik eroanda saldu nahi zituzten produktuak urrunera eramateko aukera eman zien.

· Haize-oihala: itsasontziak haizearen indarrez baliatzeko aukera eman zuen. Salgai-kopuru handiagoa urrutiago eramateko aukera eman zien.

· Goldea: lursail handiagoak azkar lantzeko aukera eman zien.

· Garai horretan beste aurrerapen batzuk ere izan ziren. Horren adibide, soroak ureztatzeko kanalak.