URA

Euskal Autonomia Erkidegoan ahalegin handia egin behar dugu ur-eskaria murrizteko, baita ibaietara isurtzen ditugun urak guztiz arazteko ere. Batetik ur hornidura neurri handian euri kopuruaren mende dago eta beraz balizko lehorte garai batean ur-murrizketa zorrotzak ekiditeko modurik egokiena da aurrezpena. Bestetik gure ur ekosistemen osasuna bermatzeko emari ekologikoak errespetatzeaz gain, ez dugu inolaz ere guztiz araztu gabeko urik isuri behar. Uraren horniketa eta arazketa bermatzen lagundu dezakegu uraren erabilpen arduratsua eginez.

Ikastetxeetan ur-kontsumoaren atal handiena komunetan eta dutxetan egiten da normalean, baina zenbait kasutan sukaldean, garbiketan edo berdeguneen ureztaketan ere gastu handia egiten da. Gure ikasleekin batera ondo identifikatu behar ditugu gure kontsumo puntuak, kopuruak eta erabilpenak, alternatiba egokienak praktikara eramateko. Ez dugu ahaztu behar ura berotzeak ere baduela ingurumen kostu handia eta ondorioz, ur-kontsumo baxuagoak dutxetan eta sukaldean energia aurrezpena ere ekarriko du.

Hori dela eta, ikastetxerako honako hauek proposatzen dira:

    • Ikastetxeko ur kontsumoa ezagutu. Ikastetxearen erabilpenen arabera 6-10 litro pertsonako eta eguneko nahiko izan daiteke.
    • Kontsumo ohitura egokiak gogorarazi karteltxoak eta ikuskapenak eginez: txorrotak ondo itxi, dutxa laburrak hartu, komuneko deskargari alferrik ez eragin, ez bota konketa edo komunetik olio, pintura edo janari hondakinik, garbigarriak neurriz erabili… sukaldariak eta garbitzaileak ere kontuan hartuz.
    • Saihestu ihesak: Begiratu txorrotek edo komunek ea ihesik duten, eta konpondu.
    • Ur-ihesak hoditerian detektatzeko ur-kontagailuaren datuak aldizka begiratu: urik kontsumitu ez den tarte batean zenbat markatzen duen hasieran eta zenbat amaieran.
    • Zaindu txorroten emaria eta eraginkortasun maila. Emari eraginkorrak: 6 litro minutuko konketan eta 10 litro minutuko dutxan. Emaria murrizteko aparailuak, egokitzapenak eta txorrota berri ugari daude, ura aurreztea ahalbidetzen dutenak, atzera-egite automatikoa duten kanilak adibidez.
    • Tenporizadorea duten txorrotetan eta dutxetan egokitu zabaltze-denbora.
    • Komunak berriztatu behar direnean jarri komuneko deskarga sistema eraginkorrak: deskarga bikoitzeko sistemak (3-6 litrokoa, 4-5-9 litrokoa) edo ur deskargak nahita eteteko sistemak.

Gainera sukaldean eta garbiketan:

    • Konketa urez bete txorrota irekita utzi beharrean.
    • Kontuz ibili janari hondarrak, koipeak eta olioak harraskatik joan ez daitezen.
    • Ontzi-garbigailua programa egokian erabili eta ordezkatzeko garaia heltzen denean ur kontsumo baxukoa erosi.
    • Aerosolak, produktu toxikoak, intsektizida kimikoak saihestu.
    • Produktu naturalak erabili: ozpina, limoia…
    • Garbigarrien etiketak behatu ekologikoak erosteko.
    • Produktu kopurua murriztu, biodegradagarriak izan daitezela.

Baratza edo lorategian:

    • Ur kontsumo txikiko lorezaintza egin. Ura neurriz erabili, eta euri ura bada hobe.
    • Ureztatze sistema eraginkorra jarri: tanta edo mikroaspertsio bidezkoa, adibidez.