Ikastetxeetan berdeguneak eta baratzeak izatea oso garrantzitsua da arrazoi hauengatik:
- biodibertsitatearentzat habitatak sortu eta ikastetxeko paisaia leuntzen eta arintzen dutelako
- ikaslegoarentzat aisiarako guneak direlako, erlaxatu eta elkarrekin egoteko
- klima erregulatzen eta zarata eta kutsadura isurketak gutxiagotzen laguntzen dutelako
- natura, izaki bizidunen funtzionamendu eta zainketaz ikasteko eremu ezin hobeak direlako
- baratzeen bidez bereziki, ikasleek natur eta nekazal ingurunean esperientziak burutzeko aukerak izan ditzaketelako eta horrela ingurunearekiko dauzkagun elkarreragin eta dependentzia ulertzeko eta ardurak banatzeko jarrerak garatu.
Berdegune eta eskola baratzeen zainketa jasangarria izateko, hona hemen aholku batzuk:
- Berdegunea ikastetxeko ingurunearen baldintzak, izango duen funtzio eta ikasleen adinaren arabera diseinatzea: intsolazioa, lurzoruaren kalitatea, malda...; jolasa, zainketa, esperimentazioa, ikasketa…
- Zaintzen errazak diren bertako landareak eta haziak lehenestea eta erostekotan, ingurumen neurriak ezartzen dituzten haztegi edo enpresetan erostea.
- Garaian-garaiko loreen erabilera gune jakin batzuetara mugatzea: alternatiba gisa, loredun landare bizikorrak eta ordezterik behar ez duten bulbazeak erabiltzea.
- Ureztaketa beharrak gutxitzeko, landare espezieen hautaketa zuzena egitea eta ur premien arabera elkartzea; lur-estaltzea bezalako teknikak erabiltzea; ureztatze sistema eraginkorrak instalatzea… Eta ureztatzean ur freatiko, euri ura edo araztegietako ura erabiltzea gehienbat, ur edangarriaren erabilpena ahalik eta gehien saihestuz.
- Lur estalkiaren erabilpena (landare estaldura biziduna, ebakitako landare berdeak, konposta, lastoa... ) bultzatzea, belar desegokien hedapena saihesteko, ureztatze premiak gutxitzeko eta ongarritzeko. Ongarri behar handiagoa izatekotan, ongarri organikoak eta mineral naturalak erabiltzea.
- Zuhaitz eta zuhaixken inausketa gutxitzea, modu naturalean garatzeko aukera emanez (adaburu zein sustraiekin inguruko etxebizitzei arrisku edo eragozpenik sortzen ez dieten bitartean).
- Izurrite eta gaixotasunei aurre egiteko, nekazaritza ekologikoak gomendatutakoak lehenestea.
- Hondakinak modu egokian kudeatzea, gaikako bilketa eginez eta organikoak izatekotan, konposta edo luarra eginez.
Iturriak: