Bardoitzako Anderea lurrean egindako irudi handia da. 20 metro luze ditu eta beste 20 bat metro zabal. Lurra zulatu eta egindako zulo eta ildoak bertan ugari den kare-haitza zuriaz betez egindako irudi ederra da. Horixe da irudia egiteko erabili zuten teknika xume eta adierazgarria.
Joseba Aurkenerena
Aunitz dira Euskal Herrian eta mundu zabalean aurkitzear edota argitzear dauden aztarna zaharrak. Gaurko teknika berriek, genetikak esate baterako, oraintxe arte pentsaezinak zitzaizkigun aukerak eskura jartzen dizkigute. Oraindik ustekabe handiak ikusi beharko ditugu eta iraganaz ditugun teoriak goitik behera irauliko dira askotan. Horietako bat dugu orain segidan jorratuko dizuedana.
Adiskide baten bidez jakin nuen Urbasa aldean izandako aurkikuntza handiaz, eta pertsona beraren bidez bertara joateko eta aurkitutako Andere misteriotsua bertatik ikusteko aukera ezin hobea ukan nuen. Telefonoz hitzordua finkatu genuen eta maiatzaren 15ean, igandearekin, zortzi bat lagunekin batera, Urbasako Bioitza kanpinera bertaratu ginen. Hantxe zegoen gure zain Jon Zufiaurre basozaina, aurkitutakoa erakusteko prest. Otsaportillora daraman bidexka luze estua hartu eta 12 kilometro inguru egin ondoren, Bardoitza izeneko ordokira iritsi ginen. Bertan autoak utzirik, basozainaren gibeletik abiatu ginen oinez, eta denbora gutxian aurkitutako aztarnategian geunden, bertako borda batean luzaz izandako artzain baten izengoitiaz ezaguna den tokian, Juangorrin, hain zuzen ere. Aurkitutako anderearen irudia ordokian ikus zitekeen. Hura harrigarria zen, sinestezina! Berehala hura aztertzeari eta argazkiak ekiteari ekin genion. Sinestezina bazen ere, gu bezain erreala zen.
Jon Zufiaurrek kontatu zidanez, duela hiruzpalau urte topatu zuen irudia lehen aldiz, ustekabean, aipaturiko lekuan zenbait koordenada hartzen ari zela. Apirila zen eta ordurako elurra bertako zelaietatik desagertua bazen ere, lurrean zeuden zenbait zulo eta ildotan urtu gabe jarraitzen zuen. Beraz, argi eta garbi ikusi ahal izan zuen anderearen irudia, elurrak garbi erakusten baitzuen zulo eta ildo horiek osatzen zuten marrazkia. Papera eta arkatza hartuta elurrak erakutsitako irudia marraztu zuen. Ezin zuen sinetsi! Horrela, Bardoitzako Anderea guztiz nabarmen agertu zen bere begien aurrean.
Bardoitzako Anderea lurrean egindako irudi handia da. 20 metro luze ditu eta beste 20 bat metro zabal. Lurra zulatu eta egindako zulo eta ildoak bertan ugari den kare-haitza zuriaz betez egindako irudi ederra da. Horixe da irudia egiteko erabili zuten teknika xume eta adierazgarria.
Irakurria daukat zenbait aldizkaritan Ingalaterrako iparraldean horrelako zenbait irudi topatu dituztela eta bertako adituek Neolito aroan finkatu dituztela. Teknika berbera erabili bazuten ere, Ingalaterran aurkitutako irudiak lau hazkan ari diren zaldienak dira. Bitxia bada ere, Bardoitzako Anderea eta zaldi horiek teknika bera erabiliz eginak dira.
Gorputz estilizatua, buru biribila, esku eta oin biribilak… eta harrigarriena, alutik aterata, eta oraindik zilbor hesteaz loturik, ume jaio berria, hau ere biribil batez irudikaturik. Beso eta hanka estilizatuak bildurik daude, indarka, umea munduratzeko indarra eginez, balego bezala. Burua mendebalde aldera dago orientaturik, alua eta ume jaio berria, ordea, ekialdeari begira. Esku banatan, gaur eroriak diren zutarriak edo menhirrak. Badirudi andereak zutarriak eskuez heltzen dituela eta beraien bidez indarra egiten duela haurra bizitzara ekartzeko. Indarrezko heldu-lekuak direlakoan nago.
Noizkoa da? Neolito arokoa? Antzinarokoa? Ez dira galdera errazak, eta erantzun egokia emateko era guztietako adituek aztertu beharko dute. Dakidan bakarra zera da, irudia aztertu duen geologo batek esan omen du ildoetako kare-haitzak biribildu samarrak daudela, higadura handia dutela nonbait, eta horrek esan nahi omen du zahar-zaharrak direla. Eta zer irudikatzen dute? Hori garbi ikusten da, erditzen ari den emakumea, hau da, emankortasuna. Baliteke, Mari edo Amalur irudikatu nahi izatea, auskalo. Baina erabilitako sinbolismoak izadiaren indarrekin loturiko kosmogonia zahar baten berri ematen digu. Anderearen burua mendebalde aldera begira dago, eguzkia sartzen den lekura, hau da heriotzari begira. Haur jaio berria ekialdeari begira, eguzkia sortzen den aldera orientatua, hau da, bizitzari begira. Aurrez aurre, Aralar mendikateko Putxerri mendia gelditzen zaio (1299 m.) euskaldunon kosmogonian Mari jainkosaren egoitzatzat hartua izan dena. Amalurrarekin lotura nabarmena da, alde batetik, eskuek zutarri bana heltzen dute eta bestaldetik, irudia lurrean etzanda dago. Denbora berean, zeruari begira daukagu, Egu (edo geroxeago Ortzi) izan zenari begira.
Kultu teluriko batekin loturik dagoela dirudi. Amatasuna, emetasuna eta emankortasuna nabarmen ikusten dira Bardoitzako irudian. Dena txiripa ote? Gure irudipen suharraren fruitu? Kasualitate gehiegi nire ustetan. Dena den, era guztietako adituen ikerketen eta emaitzen aiduru egon beharko dugu inolako hipotesirik plazaratu aurretik. Inguruetan indusketak egin beharko dira ea objekturen bat azaltzen den. Horixe da horrelako aurkikuntza baten aurrean egin beharrekoa, eta hori ongi egiteko, tamalez, denbora luze behar izaten da. Beraz, Bardoitzako Anderearen misterioa argitzeko luze itxoin beharko dugulakoan nago.