«Ez dugu ulertzen zergatik ez zaizkien interesatzen ibaiak euskaldunei»
Anja Bernecker. Erreka garbitzailea
Alemaniar batek eta danimarkar batek ibai bazterrak garbitzeko boluntario talde bat sortu dute, plastiko eta bestelako zikinkeriekin harrituta. Urumearekin hasi dira, baina Oriari ekingo diote laster.
Edu Lartzanguren
Kanpotik etorriko dira, eta ibaia garbituko dizute. Esaera zahar berri bat asmatu beharko da Anja Bernecker (Munich, Alemania, 1979) eta Danimarkako haren kide Malou Henricksen Euskal Herrian egiten ari direna laburbiltzeko. Gure erreketan pilaturiko zikinkeria ikusita, garbitzeko boluntario talde bat osatu dute, Donostiako teknologia parkeko hainbat lankiderekin. Hurrengo saioan, larunbatean, apirilak 7, Urumea garbitzen jarraituko dute, Martutene parean (Donostia), 11:00etatik aurrera: www.urgardenbai.blogspot.com .
Euskaldunak beti mendi tontorrari begira ari gara, eta ez dugu ikusten erreka zuloan dugun zaborra?
Debara [Gipuzkoa] joan ginen aurreko batean Euskotrenen, eta Oria ikusi genuen. Bagenekien zaborra zegoela uholdeengatik, baina badira hilabete batzuk. «Zergatik dago oraindik zaborra hemen?», esan genuen; «badirudi inork ez duela garbitzen». Malouk natura garbitzeko talde bat zuen Danimarkan, eta berak proposatu zuen gauza bera egitea hemen. Badakigu hemen jende asko oso harro dagoela herrialdeaz, eta ez dugu ulertzen zergatik ez zaizkien interesatzen ibaiak.
Lana egiteaz gain, jendea ezagutzeko eta ongi pasatzeko modua da hori zuentzat?
Ez gara muturreko ekologistak. Maite duguna egiten dugu: kanpoan aritu, eguzkitan, solasean, sagardoa edan, hemengo jende gehiago ezagutu...
Hurrengo euriteekin dena berriz zikin geratuko dela jakiteak ez al dizue nagia ematen?
Lan hau ez da bizpahiru hilabeterako: urteetarako lana da. Jendea biltzen bada, errekan gora garbi dezakegu. Asko bilduz gero, hurrengo uholdeetan ez da horrenbeste zikinduko. Garrantzitsuena hastea da. Zer edo zer nahi badugu, orain ekin behar diogu. Gero gerokoak.
Horretan laguntzeko, informazio ona jasotzen ari zarete orain. Zer zabor mota aurkitu duzue?
Interesgarria da, esaten digulako dena ez dela uholdeekin etorri. Zuhaitzetako plastikozko poltsak bai, baina gero gauza handiak daude: telebistak, mahaiak, aulkiak, pneumatiko asko... Horiek guztiak jendeak botatakoak dira. Jakiten badute hemen gabiltzala garbitzen, agian, jokabidea aldatuko dute.
Ikusi eta ikasi. Duela gutxi hasi zarete, baina espero al duzue ekinbide hau beste ibai eta herrialdeetara zabaltzea?
Urumearekin hasi gara, harremana dugulako udalekin, eta laguntza eman digutelako Hernanikoak eta Donostiakoak: edukiontziak utzi dizkigute zaborra biltzeko, eta eskularruak. Asmoa dugu Oriarekin hasteko; harremanetan gaude Andoainekin eta Usurbilekin. Beste herrialdeetatik oraindik ez da jarri inor gurekin harremanetan. Guretzat garrantzitsua da jende asko biltzea taldean, luzera begira. Horrela ez dugu zertan beti berberek lan egin beharko. Larunbatean Martutenen arituko gara, itsabeherarekin.
Herritarrak arazoaz ohartarazteaz gain, herri administrazioak ere lotsagorritu nahi dituzue? Azken batean, haien lana egiten ari zarete.
Gai garrantzitsua da hori. Guk nahi dugulako egiten dugu, baina arduradunak badaudela uste dugu; Eusko Jaurlaritza, esaterako. Udalek, behintzat, lagundu egiten digute. Ez dakit nor den erantzulea, eta ez dakit zergatik ez duten lan hau egiten. Agian, honetaz asko irakurtzen hasten badira, ikusiko dute lana ez dela horren zaila.
Poema liburu batetarako hitzaurregai bat
Pott bandako apatrida
Boutade batzuk gora edo behera, bere gauzak kanporatzen argitaratzen dituanaren pentsamenduak ez dira kontrapasa dantzatzen hasteko modukoak izaten normalki, ene kasoan bederen ez dira behintzat horrelakoak izaten, ez dira. Virginia Wolf, bere liburuak ateratzen zituen bakoitzean, lur jota geratzen omen zen. Kasu arrunta, berea ere.
Hitzaurrea egitea ere, egoera urduritsu horren adierazgarri dateke. Nolabait, despedida bat zaigu. Orain arte gure baitan ur berotan bezala egon den zerbait bota aurretik, kale hotzetara jaurtiki aurretik geure buruari eskaintzen diogun azken une laburra. Trena abiatu baino lehen "oraindik bi minutu dauzkagu" delakoaren antzeko zerbait.
Nolabait ere, ba dirudi literaturaren zereginak (gizartean behar lukeen postua, noski) faltsuztatuak daudela. Egilearen eta irakurlearen arteko rendez-vous bat omen da liburu bat argitaratzea, baina ez da hori inola ere, ez da zeren eta norbaitek faltsiki egiten baitu zita horretan. Agina biak egiten dute poto, egileak eta irakurleak. Jakina, hitz asko xahutu eta alferrikaldu da egindako literaturaren kanporatzeaz, eta egite horren gorabeherak aztertuz. Hemen ere xahutuko dira, eta zera esanez, literaturgintza epaile-epaitu bikotearen jokuan galtzen dela esanez. Liburu hau botatzerakoan ere ez nau uzten sentimendu honek, ez, ez ditut arkituko irakurleak epaileak baizik, eta eskerrik asko. Zenbait zirkostantzi berezitan, gure herrionek zerbait osatu, moderno eta beste edozein herriren mailako izateko nahiak sortzen ari denetan esate baterako, areagotu egiten da literaturgintzaren egoera tamalgarri hori, herri edo kultura edo dena dela bat eraikitzeko puntuan ierarkiak asmatzea baita, antza, biderik lasterrena. Ierarkia, konpetibitatea. Ez da beste filosofia hedatuago eta indartsuagorik zerupean, eredu eskurakoiena da hain zuzen, betikoa, ia eternala makina baten ustez, eta mediokreak, pattalak garenez gero ezin da asmatu beste zubirik parabisurantz. Irakurle ideiala ez litzateke gonparaketetan ibiliko eta gozatzea litzateke bere desio bakarra. Haur batek ez du bere jostailua gonpara edo klasifikatzen, kondenatzen. Jostalaria eta epailaria ez dira etxe berberan bizi.
Euskal Herrian berehala jakiten da idazle bakoitzaren euskararen nolakotasuna; amets txar batetan zera ikusten duzu, tipo bat, lapitza eta papera eskutan, zenbat aditz sintaktiko erabiltzen dituzun kontatzen. Baina ez zara horretan bakarrik epaitua izaten —aztertua fosile bat bazina bezala— zeren ahalegin asko galtzen baita nori zeri kopiatzen diozun jakiten, edo zein iturritatik edan duzun argitzen. Zein tokitan koka ahal zaituzten jakiteko. Gure kasoa aipatu berri dut, inork besterik ez dion bitartean Euskal Herrian gaudelako. Zer esanik ez, Madrilen ere ortotsik dabiltza zakurrak. Madrilen, Parisen.
Irakurlea epaile denean, magistraduei dagokien tokia betetzen du, han goian, eta ez da jabetzen —nola bada— norberaren erlatibotasunaz, bere ideien unibertsaltasun ezaz, eta bere pentsakera eta ideoloqia aurrez
erabakiak kontrajartzen dizkio bestearen lan horri. Justiziarik ez da inon, dagoena arbitrarioa da. Literaturaren plazan, halaber. Nabokov, Borges, hara hor bi arbitrario sinpatiko. Baina ba dira ez direnak ere, sinpatikoak ez direnak esan nahi da. Epaile-epaitu bikotea, honi dagokion konpetibitatea eta ierarkia literaturgintzaren ardatz ba dira, jakina, gizartekera berezi batean kokatzen dugula geure aktibitate hau. Espektakuluaren gizartean. Honen barnean, berorren filosofiaz ornitua. Harreman faltsuztatu bat lehen esan bezala, non azken finean, edonon eta edonola, merkantzia azalduko den. Merkantzia huts bat liburua. Eta egileok ere gogoz sartzen gara zirku horretan. Sariketa literarioak, prolifikotasun bitxi bat, photoak. Zein absurdoa.
Gure kasoa. Begirada bat bota diezaiogun gure panoramari. Ezin esan gure artean montaia komertzial handirik ba denik, apenas ezer. Berrehun liburu saltzea heroitasuna den lur batean ezin gerta horrelakorik, ez bait dabil dirurik tartean. Baina herri humilak omen direnetan ere koskortzen dira filosofia berberaz elikatzen diren egoerak, joerak eta ekintzak. Geure kritikaren azterketa nahiko adierazgarri gerta dakiguke. Hemen bada, bai, kritika bat edo izen hori hartzen duen zerbait. Den kritikarik kaltegarriena dugu, jaunak.
Errepika dezadan: hemen ez da montaia handirik, bankuren batek egin duena salbu. Baina hemen Euskadi Ofiziala sarritan deitu izan dudana errealitate boteretsu bihurtzen ari da azken aldi honetan. Euskadi Ofiziala, España ttiki bat. Euskal polizia, euskal katedratikoak, euskal eliza eta euskal tituloak. Euskadi ofizialak, sustantiboa dagoen bezala utziz, adjetiboaz kezkatzen da bakar bakarrik. Horregatik behar dira, euskal star literatoak. Batzuk horretara prestatuko dira, noski. Borrokatuko gara posturen bat hartzen. Aipaturiko kritikaomen horrek horretara garamatza. Gure kritika, kritika arbitrario bat da, mafia (eta ez magia) arazo bat. Balore literarioak bost axola, ideologia edo arrazoi taktikoak edo elkarrekin egindako bazkariko autobonboak. Zenbat gauza ez diren esaten herri honetan...
Arbitrarietate hau erakustearren, Amaia Lasaren kasoa aipatuko dut: ezin ikusi inon bere azken liburuaren aipamenik. Zer esan nahi ote du honek?... bere liburuak ez zuela informazio bat merezi edo inoren ardurarik?, ezpairik gabe ez. Gertaera honek bi gauza adierazten du, bata, hemengo kritikoei zipitzik ere ez zaiela inporta literatura (zeren, bueno ez, ez noa esatera ezer, literaturzaleek, inon badira behintzat, konprenituko naute) eta bestea, poeta hau ez dagoela mass mediataraino heltzen den mafia batetan. Beste adibide bat, hildo beretik: Lasaren kasu hau salatzen zuen artikulu bat idatzi zuen norbaitek egunkarian (eta gauza xelebre bat eskatzen zuen beste zentzuzko batzuen artean, ia ez al zuen merezi photo bat liburu handi batean, joder, ez al daki photoak txoro kontuak direla edo zer) baina artikulu horretan ez zen aipatzen Manu Ertzilaren kasoa, berau kasu paraleloa delarik. Zergatik... artikulu horretan ere literatura ez zelako arduren putzu. Ez zen literaturzale baten kexa, ideologi kide edo zer dakit nik batena baizik. Eta beste arlotan?... zineman?... Zabalaren "Axut" filma (izen hau merezi duen bakarrenetakoa edo bakarra) erretenera bota dute, duzue. Bilbaon ez da oraindik ikusi ahal izan. Mediokreren batek bideratzen du gure patua.
Kritikaren eginbehar arbitrarioak gaiztotu egiten du beraz literatur bidea. Ez naiz objetibitatea eskatzen ari —ez naiz ezer eskatzen ari, bestalde— gauza errazago bat baino: finezia apur bat.
Berrikusi dezagun orain, hasieran aipaturiko giro hori. Ez dela irakurlerik esan dut. Epaile joera dagoela. Goazen aurrera.
Begien bistan dago gizonak sentiduen bitartez hartzen duena bere adimenduaren bitartez konprenitzen duela, eta jakiten zer den sentiduek eskainitakoa. Halaber dago begien bistan, eguzkia bezain argi, operazio honen erlatibotasuna; ez daude munduan bi pertsona "baso" hitzari esanahi berbera ematen diotenak (Opus edo alderdi politiko batekoak ez badira bi pertsona horik, jakina). Eta garbi dago baitaere pertsona horrek aurrean duenari baloraketa bat ematen diola. Beraz, pentsa daiteke, epaiketa gauza oso normala da. Gustatzen zait edo ez zait gustatzen. Tipo hau kankailu bat da edo ez da. Txarra da, akojonantea da. Bai, epaiketa gauza normala izan behar du, eta horregatik da, behar bada, hain gauza gogorra liburu bat kaleratzea, edo filma bat aurkeztea edo dena dela. Zeren epaiketa hau naturalena izanik ere, arbitrarioa baita halabeharrez. Historiarik ez duen, eta denbora luzez egindakoari egiten zaionean bereziki. Adibidez, bi urtetan nekez egin den poetika —bi urteko barne denbora, adina duen poetika— gau batetan likidatzen baitu irakurleak, ez perspektiba eta ez kristorik gabe. Bi une, gau bat. Ba da hor alderik. Bestalde, gure buruak ez dira egoten alienaziotik kanpo edo urrun, eta errealitate gauzaztatu, kosifikatua ukaten dugu banderaz. Arbitrarietateari buruz ikus egunkariak, eta artikuluak, eneak barne. Baina epaiketa hori berehala bihur daiteke desnaturala ere. Eta hauk, epaile desnaturalak, aipatu nituen nik. Horregatik esan dut: epaitu-epaile bikotea, konpetibitatea, ierarkia, espektakuloa. Epailea magistradu batekin gonbaratu dut, hots, boterea duen zerbaitekin. Boterea, bai, hau da kakoa. Ez ahalmena, kontuz!. Boterea, erdarazko "dominio" hitza bezala erabiltzen dut, kontzeptu negatibo bat, diktaduraren boterea negatiboa den bezalaxe. Ahalmena, kreatibitatearen auspoa dateke. Hortik zehar, Trias.engan aurki ditzakezue kontzeptu horik.
Ipin dezagun beste adibide bat: orain dela hilabete batzuk arte, haurrei zein zen bere ipuinik maitatuena galdetzen ba zitzaien, "Heidi" erantzuten zuten. Gauza jakina da, edozeinek onartuko dit hau. Epaiketa hori, ordea, desnaturala da. Ez da, zehazki mintzatuz, haurren epaiketa bat, boterearena —telebisioko zuzendariarena, kasu honetan— baino. Botereak hautatzen du ipui hori, eta promozionatzen bere tresnak —eta ze tresnak!— direla medio. Gaur umeak ez dira zuzenki umeak —gizon ttipi batzuk baizik— baina kontenplatu egiten du zer den umearen bizitza (Heidi da "benetako" umea). Botereak esaten du zer den ume bat. Zerk influentziatzen du gehio ume bat filma horik baino?, bere experientzi zuzenak?... ikusi egin behar. Batez ere bere experientzi zuzena, bere benetako errealitatea irudi horik berak direnean (Teleikusle dira umeak ere). Eta adinekook, zer egiten dugu lanean bizitza pusketa utzi eta gero?... kontenplatu bizitza omen dena. This is Amerrikka, Los cuarenta principales, Autobiografia de Fulano, Como perdi aquello.
Arestian aipaturiko adibidea, Heidiz txoratua dagoen haurrarena, tarte edo urruntasunaz ikus dezakegun fenomenoa da. Baina ez da maila horretan bakarrik ematen. Espektakuloa da nagusi. Literatura moeta asko hedatu bada, arrazoi extraliterario —eta gainera, boterea dagoela tartetik jakina— bategatik izan da. Lehen esaten zen: Opusek triunfatu badu, frankismoaren gurdira igon zelako izan da. Baina ba dira beste gurdi frango, ez denak frankismoarena bezain boteretsuak, baina gurdi azken finean. Literatu pila bat, txar askoak, erori zaizkigu —izurrite baten moduan— alderdi politiko konkretu bati apartenitzen zutelako, edo ziotelako. Gurdiak.
Euskal Herrian, euskaraz egiten dugunok lau katu gara. Ba da azeriren bat, baina tira, lau katu. Lau katu horien arteko errealitate kulturala arras sinplea izan behar du derrigorrez. Baina ez da horregatik positiboa, horregatik bakarrik ez behintzat. Elemendu positibo askoz jantzia, baina ez horietaz bakarrik.
Elementu horien artean, epaitu-epaile eta beste elementuak. Negatiboak. Hemen ere, epaiketa eta literatura bera bitartekotua, mediatizatua, dago. Botereak behartzen du egile honen edo haren zabalkuntza. Ez bakarrik batzuk dirudunak eta besteak gizarajo batzuk direlako. Kritika arbitrarioa delako ere bai. Botereak, hemen, beste izen bat du, Euskadi Ofiziala deitzen da. Mafiak, baloraketa estupidoak, propaganda eta beste hortikan sortzen dira. Arrazoi desliterarioak nagusi. Horregatik esaten nuen ez dagoela irakurlerik, ez amesturiko irakurlerik bederen.
Euskadi Ofiziala. Ondo. Baina nola definitzen duzu zuk Euskadi hori, ez da aski insultatzea, gauzak neurtu egin behar dira, hori esaten dit etxeko batek. Saia gaitezen horretan ere, atxiki diezaiogun horri ere, Panaderitoren moduan.
Politikoki, kontzeptu horren barnean sozialdemokratak sartuko lirateke, peto peto. Horiek ez dute amesten gizarte euskaldun klase gabea, eta aurrerakoia bizitzaren kontzepzioan. Bere alternatiba bakarra zeretan labur genezake: Madrilen bezala Cortes batzuk —lehendik ere ba zeuden Bilbao aldean, baina tira— baina gureak. Gurea, hitz majiko bat. Horregatik esaten nuen: españa ttiki bat. Ez noa ni hemen sozialdemokrazien xehetasun ororen berri ematera, eta bat aipatuko dut: populismoa, interklasismoa. Denok anaiak gara. Batasuna. Halere, anai kontu hau bitxia da beti, Bibliak ere esaten du, Cain mato a Abel que era su hermano. Tendentzi arraro bat dagoke; Afrikan ere —independentzia ostean— anai pobre guztiak nagusiak likidatzen ditu. Bidaiakide den anai burjesak aurrrena oraina lapurtzen dio besteari, eta gero fusilatu egiten du.
Sozialdemokrazia bat, guretarra eta abar, hauzoko bat baino hobea dela pentsatuko du askok. Baina beste askorentzat, hori ez da aukera on bat, ez bata eta ez bestea sino todo lo contrario. Aukera hori zerako hura bezalakoa da, zer duzu nahiago gosez ala egarriz hiltzea?... motel motel, ez duk azukre koskor ederra hik eskaintzen diaken proporzioa!...
Politikan sozialdemokrata ez diren asko ere, fronte planteamenduz ornitzen dute bere plangintza kulturala. Populistak hemen ere. Euskara klarian esateko: ande o no ande, caballo grande. Denok anaiak gara, euskaraz izkribatzen den oro ona da, ondo dago. Aski da. Kultura nazionala egin, jaso edo indartu egin behar da. Baina jasotzeko moduan dagoke bitxitasuna, eta desberdintasuna. Esate baterako, ofizialak ez dute kaosik nahi: literaturan, kasu, plangintza bat eskatzen dute. Zer behar da?... kuzina liburu bat, bada has¡ beharko da hori egiten ere.
Funtsean, ez da errespetatzen indibidualitateak bere kabuz aporta dezakeena, hori nahasmendu bat litzateke. Populista batentzat, aldez aurretik emandako kultura definizio baten barnean sartu behar da produkzio intelektual guztia. Esate baterako: euskara indartu eta zabaldu egin behar da. Konforme. Baina: beste guztia horren serbitsupean jarri behar da, literatura, zinea edo pedagogia edo kaka zaharra. Bada ez jauna, ez gaude konforme. Bakoitzari berea: literaturan, lehenengo gauza literatura egitea da (jauna jauna, zenbat aldiz). Eta gero, ba dira, besteak. Kulturaz esaten da: zera da, komunitate batek errealitateari erantzuteko, berorri transformatzeko egin den hura. Laburtuz, gizonaren lan oro kultura da. Baina guk nahiago dugu beste hau, ez baitago definizio neutralik: egoera ekonomiko batetan, komunitate batek eguneroko bizitza antolatzeko egiten duen ahalegina. Eguneroko bizitza, oraingoa.
Euskaldunen kultura zer den, eta zer izanen den, historiak esanen du. Itsasoan goldez hildoak egiten saiatzea, alferrikako lana da. Eta kultura bat bide bat egin dezan, bide konkretu batetik joan dadin bermatzea, halaber da alferrikako gauza. Generalitatetan egon gintezke ados, baina hortik aurrera jai.
Zenbaitek ba omen daki zer egin behar den, zein programaketa kultural eraman. Guri gauza apalagoak jakitea ere asko kostatzen zaigu. Pena bat.
Baina horrenbeste dakiten horik "bakoitzak bere apurra, guztiok ekin diezaiogun iepa, Euskadi da inportanteena etab" esaten dutenean —hots fronte planteamendu borobila egiten dutenean— zerbait oker susmatzen dugu. Berak nahi duten kultura, kultura Bat da, kultura moeta bat. Esate baterako, populista denez gero, anbiguitate bat izanen du. Anbiguitate hori, halere, itxurakoa da ezinbestean, azpitik talde indartsuenaren haizea dabil auspotzen —dirudunena etab— planteamendu hori, bai, hor dator gure anai burjesa. Sozialdemokrataz betetako herri batetan ezin gerta bestelakorik. Ikusiko dugu noren eskutan geratzen diren ikastola haik, (exenplu bat jartzearren). Poema bat kanporatzean beraz, arbitrarietate naturalaren gainetik, ofiziala ere arkitzen du poetak. Ez dira poeta baten problema bakarrak. Ba du beste problema asko, baina oraingoz ixiltzea hobe, ezpaita artikulu bat amaitu behar publikoari insultatuz. Eta bukatzera noa hurrengo puntuan, gehio esango dugu hurrengo bertsuan.
Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.
La Troba Kung Fu taldeak eginiko kantuak girotuko du aurtengo Herri Urrats
Herri Urrats eta Seaskako arduradunen ondoan Troba Kung Fu musika taldeko kideak izan dira. Bob EDME argazkia.
Lehen aldikotz euskalduna ez den talde batek Herri Urratsen kantua eginen du. La Troba Kung Fu talde katalanak 2012ko Herri Urratsek hartu duen "Elkartuz zabaldu" leloa harturik, fandango eta kalejira erritmoak nahasten dituen kanta egin du. Heldu den maiatzaren 13an Senperen ospatuko den bestaren afitxa aurkeztu dute gaur Baonan. Andde Zudairrek asmatu. Ikastolako ikaste ohia, urtetan Herri Urratsen lehendakaria izan den Serge Zuraide Zuzu-ren semea da. Hain zuzen ere, gaurko agerraldia baliatu dute Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko besta antolatzearen ardura hartu duen lan taldea aurkezteko.
Maite UBIRIA | BAIONA
Maiatzaren 13ko "Herri Urratsen kantua egitea eskaini zitzaienean ez zutela zalantza izpirik izan" azaldu dute Baionan La Troba Kung Fu talde katalandarren kideek. Christian Amorena Damba euskal taldearen musikari saratarraren laguntzaz fandango eta kalejiraren erritmoak uztartzen dituen kanta sortu zuten. Beren estiloari lotuz, ekialdeko tzigane estiloan oinarrituak diren akordeoi doinu alai eta kantagarriak eskaintzen ditu abestiak.
La Troba Kung Fu taldeak eginiko kantuak girotuko du aurtengo Herri Urrats
Herri Urrats eta Seaskako arduradunen ondoan Troba Kung Fu musika taldeko kideak izan dira. Bob EDME argazkia.
Lehen aldikotz euskalduna ez den talde batek Herri Urratsen kantua eginen du. La Troba Kung Fu talde katalanak 2012ko Herri Urratsek hartu duen "Elkartuz zabaldu" leloa harturik, fandango eta kalejira erritmoak nahasten dituen kanta egin du. Heldu den maiatzaren 13an Senperen ospatuko den bestaren afitxa aurkeztu dute gaur Baonan. Andde Zudairrek asmatu. Ikastolako ikaste ohia, urtetan Herri Urratsen lehendakaria izan den Serge Zuraide Zuzu-ren semea da. Hain zuzen ere, gaurko agerraldia baliatu dute Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko besta antolatzearen ardura hartu duen lan taldea aurkezteko.
Maite UBIRIA | BAIONA
Maiatzaren 13ko "Herri Urratsen kantua egitea eskaini zitzaienean ez zutela zalantza izpirik izan" azaldu dute Baionan La Troba Kung Fu talde katalandarren kideek. Christian Amorena Damba euskal taldearen musikari saratarraren laguntzaz fandango eta kalejiraren erritmoak uztartzen dituen kanta sortu zuten. Beren estiloari lotuz, ekialdeko tzigane estiloan oinarrituak diren akordeoi doinu alai eta kantagarriak eskaintzen ditu abestiak.
Kantuaren aurkezteko bira bat eginen du La Troba Kung Fu talde. Dagoeneko, ostegunean, Gasteizko Jimmy Jazz-en izan ziren eta, Amorenak azaldu duenez, bertan harrera ezin beroa ukan zuen kantak. Ostiral hontan, Tolosako Bonbereneandira eta, bihar, larunbatean, Ondarroako Kafe Antzokian.
Bosq-ek azpimarratu duenez, maiatzaren 13an Herri Urratsen izanen dira. Egitarau osoa ondoko astetan aurkeztuko badute ere, aperitifa gisa Senpereko oholtzan izanen diren beste hainbat talderen izenak eman dituzte: Zarama, Su ta Gar, Obrint Pas, Gose, Bidaia, Anje Duhalde... Musika eta giroa ziurtaturik da.
Xalbador kolegioan abiatu handitze egitasmoa ordaindu
Katalunia eta Euskal Herria zubia eginen du Iparraldeko ikastolen pestaren kantak. Bir maneran, lotura antzeman daiteke iazko Herri Urratsek zabaldu mezua eta aurten Senperen zabalduko duten leloaren artean. 2011an ur sorten bidez irudikatu zuten elkartasun ezpiritua berreskuratzeko premia. Aurten, Andde Zudairrek asmatu logoan besoetarik lotuak diren jendeak imajinatu ditzakegu. 6 beso, sei kolore, 6 euskal lurraldeen arteko besarkada edo giza-katea irudikatzen dute.
Xiberoa, Baxe Nafarroa eta Lapurdiko ikastolen eremua zabalduz doa. Ur Gorostiaga Seaskako zuzendariak nabarmendu duenez, 2012-2013 ikasturtean 3 000 ikasleen marra gaindituko du Seaskak.
Iaz bezala, Kanboko Xalbador kolegioan dagoeneko abiatu den lan xantiera erraldoia ordaintzeko baliatuko du ikastolen elkarteak heldu den maiatzak 13an ospatuko den bestan bilduko duten sosa. 5,5 milio euroko buxeta du egitasmoak eta, mementukoz, buxeta horren erdia baizik ez dela bermaturik erakundeetako diruaren bidez baieztatu du Gorostiagak.
Aitzindaritzat jotzen den kolegioaren obra ordaindu ahal izateko, Senperen eginen den diru-bilketa oso garrantzitsua dela oroitarazi du Seaskak. Beharra handiak dira eta urtez urtez emendatuz doaz. Horregatik "oxigenozko baloi handia dela Herri Urratsa" goraipatu du Gorostiagak.
Seaskak, eta baita Herri Urratseko elkarteak ere, urte luzetan Senpereko besta prestaketaren ardura bizkargainean eraman duen Serge Zuraide omendu nahi izan dute. Aurten ekipa berria osatu da. Lan talde berriaren kide bi, Alain Bosq komunikazio arduraduna eta Idoia Rodrigez langilea agerraldian izan dira.
entzun ahal duzue kanta kazeta.info webgunean
Xora luzemetraia
Xiberotarrek xiberotarrez Xiberoan egindako Xora luzemetraia Maulen estreinatuko dute heldu den martxoaren 10ean. Filmaren Peio Cachenaut zuzendariak, Dominika Recalt "Ttittika" aktoreak eta Mixel Etxekopar musika egileak herritarren elkartasunari esker gauzatu den "Xora" filma aurkeztu dute Baionan. Azaldu dutenez, sorkuntzaren ardatz nagusia "maisu eta haren dizipuluaren arteko harremana da". Filmaren estreinaldia Xiberoko hiriburuko zinegelan eginen da martxoaren 10an 21:00tan eta ondoren Euskal herri osoan baita Espainia eta Frantzian ere banatzeko nahikeria dute xiberotar zinemagileek.
Mattin PETRISSANS l BAIONA
"Xora filma, xoramena, xoradura, Peio Cachenaut zuzendari gazte muskildiarraren proiektu bat da. Aspaldiko denboretan ibiltzen gira elkarrerekin zeren hameka proiektu egin ditugu batera. Bera kantaria da, ni musikaria, Etxebarren edo Oierkoren trajeria egin ginuen jadanik. Filma baten gidoi bat idazten ari zen, pasatu zidan eta baietz, behar ginuela egin erantzun nion. Pastoraletan baginuen esperientzia bainan filma edo zinema ez zen gure baratzea. Lehenik zangoa sartu ginuen eta burua etorri da gibeletik. Beharrik, bestenez ez ginuen sekulan abiatuko halako baratze gaitz baten jorratzen" azaldu du Mixel Etxekoparek.
Filmaren gauzatzeak bost urte iraun ditu. "Istorioaren lehen ideia 2007an ukan nuen eta gidoiaren idazteak hiru urte iraun ditu. Nola egin behar da filma baten egiteko? Jamaikako filma gidari batek dio aski dela istorio baten ukaitea, talde baten muntatzea eta aitzina joaitea. Hori da egin duguna" esplikatu du Peio Cachenautek. Hain zuzen ere, gidoia prest zelarik, 2010 erditsutan taldea muntatzen hasi ziren, 2011ko udan 21 egunez grabatu zuten eta ondorengo muntaketa lauzpa bost hilabetekoa izan da.
Proiektuaren diruztapena kanpaina herrikoi baten bidez egin da. "Dirurik ez delarik ideiak badira eta hori badakigu egiten. Kanpaina herrikoia Iparraldean, bai Hegoaldean ibili da oso ederki, bestenez ez ginen abiatzen ahal ere ez. Azkenean biziki dinamika polita izan da" dio Etxekoparek.
Buxetari dagokionez 100 000 eurokoa izan da. "Erran daiteke gaitzeko diru zama dela bainan zinemaren industrian ez da gauza haundirik. Guretako ez zen arazo bat" dio Cachenautek. "Pastorala ttipi edo erdi baten buxeta dela" zehaztu du Recaltek.
Filma amaturrezkoa da. Hautu garrantzitsuenak asumitzen zituen Peio Cachenauten "autodidaktismoaren alderdia" eta "egin duen formakuntza neholazko eskolatik pasatu gabe izugarria dela" azpimarratu nahi izan du Etxekoparek. Lan taldea 20 bat lagunez osaturik zen eta aktore nagusiak Dominika Recalt eta Jef Goyhenexpe dira.
"Filmaren istorioa zinemazko baliabideei edo irudiari esker, eta ez testuekin, kondatua da. Hitzak osagai gisa beizik erabilirik dira" adierazi du Cachenautek narrazioari buruzko argibideak ekartzeko.
Fikzioa eta errealitatea nahasten dira filman
Xora-ren gai nagusia maisu baten eta haren dizipuluaren arteko harremana da. Bizi arrunta duen xiberotar anonimo gazte batek, idazle izaiteko helburuarekin, Estatu Batuetan filma gidari izan den eta mendiko kaiolar batean bizi den Hollywood deitutako haren ottoren ikustera dora. Estatu Batuetan ibili diren xiberotarrei hiri famatu baten izengoitiaren emaiteko usaia dute.
Mendian bizi den gizona aski etsitua da munduko influentziak segitu bait ditu bere baitan duena askatzeko ordez. Haren izena ez dugun sekulan ezagutuko xiberotar gazteak aldiz, haren ottok edo maisuak sekulan ez duena erreusitu egitea gauzatuko du.
Baita ere, gaztea aski fite ohartuko da silueta ilun batek atzetik segitzen diola eta galdezkatuko da haren bizitzako gertakari bitxi batzuetan itzal hunek eraginik ba ote duenez... Filmaren ikusleak galdezketatuko dira ere zoin diren fikzioa eta errealitatearen arteko harremanak edo luturak. Bukaeran fantastikoak gainezkoa hartuko du.
Ttittika Recaltek gaineratu duenez, "Eraginaren antxietatea deitutako teoria jorratzen du filmak". Laburbilduz, gure arbasoek edo gure aitzin pasatu direnek egindakoa jasaiteko edo gainditzeko nola egiten ahal dugun tratatzen du teoriak".
Xoro lau haizetara
Xiberotar sorkuntzaren estreinaldia, martxoaren 10an larunbatez 21:00tan, Mauleko zinegelan eginen da. Ondotik hego Euskal Herriko hiri nagusienetan, Bartzelonan eta Madrilen banatua izan behar liteke. Baita ere, ipar euskal Herria eta Frantziarentzat pista batzuk badituzte bainan deus konkreturik momentukotz. Hala ere, aurtengo maiatzarako Euskal Herri osoan ikusgai izan dela espero du Etxekoparek.
Filma osoki xiberotarrez denez, euskara batua, katalana, gaztelera edo frantsesezko azpi tituluak proposatuko dira.
Bestalde, Hebentik elkartearen Xiberoa zinez deitutako egitasmoaren baitan sartzen da filma. Proiektuaren ardatz nagusiak Xora-ren gauzatzea, filma ezberdinen proiektatzea Xiberoako herriko plazetan, Xiberoari buruzko filma dokumental baten muntatzea, filma sorkuntzei inguruko dinamika baten sortzea eta kulturari buruzko gogoeta baten bultzatzea ikus entzunezko medioaren bitartez dira.
"Erraiten dugu xiberotarrezko lehen filma dela munduan bainan Iparraldean ez da nehoiz filmarik egin euskaraz, eta frantsesezkoak edo inglesezkoak ez dira egun guziz ateratzen. Orduan numbeit baratze berri baten idekitzaile izaiten ahal bagira, untsa" bukatu du Hebentik elkateko kide den Mixel Etxekoparek.
Inoiz baino zoriontsuago
Benito Lertxundik bukatu du 'Oroimenaren oraina' diskoaren grabaketa, eta maiatzaren erdialdera kaleratuko du Elkarrekin
Diskoa osatzen duten 10 kantuetan giro intimista eta «ilunabarrekoa» gailentzen da
GORKA EROSTARBE DONOSTIA
· Pako Aristik eta Mikel Markezek ere amaiturik dute Lertxundiri buruzko liburua
Bukatu du. «Hiru etorraldi» egin ditu Elkarren grabaketa estudiora, eta aste honetan bukatu ditu azken orrazketak, azken txukunketak. Nahasketak baino ez dira falta Benito Lertxundiren (Orio, Gipuzkoa, 1942)Oroimenaren oraina lan berria erabat prest egon dadin. Maiatzaren erdialdera kaleratuko du bere ibilbideko hamazazpigarren diskoa, Elkarren eskutik. Aurkezpen kontzertuak dagoeneko hitzarturik dauzka. Maiatzaren 18ean Bilboko Euskalduna jauregian ariko da, maiatzaren 19an Donostiako Kursaaleko auditoriumean eta ekainaren 9an Iruñeko Baluarten.
Mikel Fernandez soinu teknikaria eta Olatz Zugasti musikari eta kantariaren laguntzaz — «hark egin zuen lanik handiena estudioan sartu aurretik, kantuen oinarriak etxean landuz»— egin ditu azken txukunketak eta azken orrazketak. Ahotsa kantu gehienetan nola gelditu zaion gustatzen zaio Lertxundiri, baina bizpahiru kanturekin bukaerara arte izan ditu zalantzak. «Aurreneko egunetan ontzat ematen dituzu egin dituzun ahotsak eta abarrak; baina gero egunero ari zara entzuten ahots horiek, eta zenbaitetan aspertu-edo egiten zara. Hiru bat kantu edo izan dira, eta gaurko eguna berriro ahots horiek sartzeko erabili dugu», dio behin lana amaituta, estudioko isiltasuna hautsiz. Abenduan, Orion eman beharreko kontzertua atzeratu egin behar izan zuen eztarria hartua zuelako. «Uste dut nekea izan zela gehiago. Batere ahotsik gabe geratu nintzen, baina gainontzean beti eztarri indartsu samarra izan dut». Gustura dago lan berrian ere eztarriak eta ahotsak eman diotenarekin. «Ahots batzuk oso ondo daude, inoiz ez bezala geratu dira».
Lehen ere Fernando Pessoa zalea zen Lertxundi. Nere ekialdean diskoan (2002) idazle portugaldarraren hainbat testu euskaratu eta kantu bilakatu zituen. Lan berria osatzen duten hamar kantuetatik ere Pessoaren hiru testu musikatu ditu, eta haietako batetik atera du izenburua:Oroimenaren oraina. Memoriaren eta orainaren arteko talkaz gogoeta egiten du Pessoaren testuak, eta Lertxundik bere egiten du: «Oroimena hor daramagu. Pentsamenduak bere artxiboak egiten ditu eta hor geratzen dira. Eta oso baliagarriak izaten dira, bizitzaren borrokan gabiltzan bitartean, esperientzia direlako. Baina oso inportantea da, era berean, orainera ekartzeko posibilitatea». Diskoari izenburua ematen dion esaldia Nintzenaz oroitzean kantuan agertzen da. Gu bizi bezainbatdiskoa zabaltzen duena eta Basarte honetan dira Pessoaren beste biak.
Kantu minberak
Kantu baten osaerari erreparatuz, barnekoa zer den eta kanpokoa zer den bereiztea zail egiten zaio Lertxundiri, baina zerbait zehaztekotan «barrura begira egindako» diskoa dela dio. Edonola ere, «kantu minberak» dira lan berrikoak, haren hitzetan. «Bakardadeko lan bat izan liteke kontzeptuari dagokionez. Badu halako ilunabar kutsu bat, intimidadeko kutsu bat, esaten diren gauzengatik, eta musikaren egiturarengatik ere bai». Musikaz hiz egitea ez du gehegi gustuko, hala ere: «Musika da egitekoa edo gozatzekoa, baina ez horretaz hitz egitekoa».
Ilunabar eta intimitate kutsu hori emateko, lan berrian garrantzitsuak izan dira Pessoaren testuak: «Batez ere, bizitzari eta munduari zer-nolako begirada eskaintzen dion. Oso berezia delako. Beti pentsatu izan dut iniziazio puntu bat behar dela Pessoa ondo ulertzeko. Pixka bat sentitu behar zara bere bikia bezala, esperientzia hori ere zugan badagoela konprobatu, ezagutu egiten duzulako».
Benito Lertxundik berak beste bi kantutako hitzak idatzi ditu: Nor da erromesa eta Laket dut. Pako Aristik (Irail tristea), Jose Ramon Uriartek (Damua), Olatz Zugastik bera (Marruz olak hirian), Kirmen Uribek (Zuhaitzen denbora) eta Jon Maiak (Suaren bila) idatzi dituzte gainerako kantuetako hitzak.
Jon Maia bertsolariak berak ez daki haren testu bat ere hautatu duela Lertxundik kantu bihurtzeko. Testu zenbait pasatu zizkion behin, eta haietatik aukeratu zuen Itsasoari begira kantua, 40 urtez ikasten egonak zuzeneko diskoan (2005) sartu zuena. Gainerakoak tiraderan gorde zituen, eta begiz joa zuen testu labur bat. «Testu horretan ikusten diot heldutasun maila bat». Maiaren testuak zer dioen galdetuta, hona Lertxundiren erantzuna: «Esaten du kantuak norbait irten zela metalaren bila, irten zela suaren bila, uraren bila, eta bizitzeko beharrezkoa zen guztiaren bila... Halako batean esaten du, 'maitasun bila ere irten omen zen norbait; izan ere, artean ez zekiten maitasuna bilatu gabe aurkitu beharreko zerbait dela'. Oso esaldi jakintsua iruditzen zait».
Maitasunaren bila ibiltzearen ordez, modu beretsuan esan liteke zoriontasunaren bila edo kantuen bila ibiltzeari buruz ere. «Asko dabiltza maitasunaren bila edo zoriontasunaren bila, edo ez dakit zeren bila, eta Jonen testuak esaten du hori ahaleginik gabe datorrela. Datorrenean prest egon behar duzula hartzeko. Horrek esoteriko kutsu handia dauka; iniziatikoa, behintzat. Bilaka ibili behar hori bera da espetxea, berak hartzen gaitu preso. Adimenari utzi lasai arraio».
Kantuen bila ez du joan beharrik izan Lertxundik oraingo honetan: «Eskutik eraman naute oraingo honetan. Hegaldian harrapatu naute, eta beraien eskutik joaten utzi diot neure buruari. Hori sumatu behar duzu barrutik, senaz, zer nahi duen kantuak. Kantuekin dudan harremana oso bitxia egiten zait. Besteen berri ez dakit, baina nik kantuekin asko hitz egiten dut. Kantuak berak segituan esaten dit zer nahi duen, eta zer ez. Eta bat-batean keinu txiki bat egiten duzu, eta kantuak eskertu egiten dizu».
Kantuen sorkuntzan arrankatzea «kosta» egiten zaio; «digestio geldokoa izango naiz» dio. Baina beti konstante. Bere ibilbide osoan etenik gabe kaleratu izan ditu diskoak, batetik bestera beti hiruzpalau urteko tartea utzirik. Lan berriko kantu guztiak azken urte eta erdian sorturikoak dira. «Pentsatu nuen, nire beldurrak eta nagikeriak alde batera utzi eta eseri behar nuela, eta hasi behar nuela kantuak sortzen». Eta dena «natural» joan zen — «badakit musikariok sarri esaten dugula hori, eta nik neuk erabili izan dut, baina honetan inoiz baino nabarmenagoa izan da»—, inoiz baino errazago, inoiz baino aiseago: «Egia esan, nire bizitza guztian gusturen egon naizen epealdia izan da. Nire lanbidean ez dut inoiz hobeto pasatu. Kantuak etorri zaizkit oso... eskatu gabe, alegia. Askotan esan dut kantuak gureak ez direla ere. Kantuak hor daudela ate-joka, eta zuk hor egon behar duzula atea ireki eta kantuei sartzen uzteko. Zoriontsu izan naiz lan honetan, disfrutatu egin dut. Orain, bukatu delarik, kasik pena ere hartuko dut. Bidaia polita izan da disko honena, ia inoiz izan ez dudan modukoa».
Joanden astearteko testua eta argitasunak
bailiran a .ikusezinak bailiren/bailiran
b. ikusezinak balira bezala
ZERITZON : IRITZI (appeler penser)orainaldian NERITZON HERITZON ZERITZON GENERITZON ZENERITZON ZENERITZOTE ZERITZOTEN
ZIOEN : ESAN : NIOEN HIOEN ZIOEN GENIOEN ZENIOEN ZENIOTEN ZIOTEN
Gabero : Gauero
Urko : hurbileko, ondoko
Urko laguna : le prochain (l'ami proche) (Graxik errana eta hiztegian atxeman ahal zegenuen h ekin hurko)
Aiotz, Ahiotz : serpe
(hora zer erran nahi duen Santibate ( Anne-Marie ikertuz)
Santibate" hitzak erran nahi du "kabalkada" ihauterikari.
Egun hortan, gazteak maskaturik pasatzen dira etxez etxe arroltze eta xingar eske. Gero, egunaren bukaeran besta bat egiten dute bildu dituzten gauza guziekin.
"Santibate" hitza erabiltzen da Garazi eta Oztibarre (Ostabat) eskualdean.
Adibidez, Bankako herrian, deitzen dute "Karatotxak" eta ber gauza da.
Horra, agian aski argi izan naiz.)
Helduden astearteko testua
Udaberria hurbilago dela oharraraziz, Libertimendua Donapaleun eta Garazin
Joan den asteburuan Amikuzeko santibatek ezusteko arrakasta bildu ondoren -60 bat zirtzil hurbilarazi zituen- igande huntan Libertimendu eguna ospatuko da. Goizeko 10etan kabalkada abiatuko da Donapaleuko karriketan barna, Aiziritzeko bidetik abiaturik, Xabirenean, elizatean eta abere merkatuan jauziak eman ondoan, merkatu plazara helduko dira. Hor, 11:00tan, libertimendua emanen dute, usaian bezain airos eta xorrotx, dela zirtzil, dantzari ala bertsulariek, hurbilduko direnen. Bestalde, Donibane Garazin heldu den asteburuan eginen dute Libertimendua.
Ondotik, oren batak inguru herriko Airoski gelan, ikastolak antolatutako bazkariarekin ospakizunek eintzina segituko dute. Kantatzeko eta umore onezko denborak pasatzeko aukerak ez dira falta izanen. Ahaatik, berantiarrei galdegina zaie izenaren emaitea 06.81.51.96.83 telefono zenbakira deituz.
Igandeko aroa zoin nahi izan ere, antolatzaileek hitz emaiten dute libertimendua ohoratuko dutela, izan dadin herriko plazan edo merkatu estalian. "Zinez ezin mugituzko elurra edo burdina arrailtzeko hotza behar liteke bestaldi batetara uzteko... eta oraino!".
Libertimenduak udaberria itxuratzen duten dantzari garbi, argi, mutu eta ederrak, Santibatez jaun eta jabe diren neguko Zirtzil ilun, zikin, geizki ikasi eta basatiak parez pare emaiten ditu.
Hain zuzen ere, joan den ibiakoitzean 60 bat gazte, bata bestea baino zarpailago beztiturik, aurpegia gorderik eta zintzurra bero, ibili dira Donapaleuko karriketan Santibateren ospatzeko. Herriko bost ostatuek errezebitu dituzte, bakotxak bere moldean ahotik ezin utzizko eskaintzak eginez, dela tripot, xingar, pintxo, arno, matahami ala sagarno.
Santibateren kantua eskaini zaie ordainez, eta pare bat bertsu bota dizkiete gau hortako bi bertsulariek. Izan da ere ateak ireki ez dizkietenik. Haiek ere, kostuma zaharrari segi, beren kantu partea izan dute. Ikusiz nolako arrakasta bildu duen pestak heldu den urterako emanik da hitzordua.
Hortaz gain, jakin behar da Donibane Garaziko libertimendua, aldiz, otsailaren 19an iraganen dela.
2012(e)ko Urtarrilak 27
Nork Ipar Euskal Herriko Hitza
Hasieran, Gamere-Zihigak egin behar zuen negu honetan herriz herriko itzulia maskaradekin; ezbehar bat gertatu zen herrian, eta gain behera gelditu zen xedea. Horren ondorioz, Santa Grazik abiatzeko gogoa agertu zuen, baina handik aste batzuetara Basabürüko herri horrek ere gibel egin zuen.
Azken iragarpena Zuberoako ikastoletako ikasle ohiek egin dute, apirileko bost igandeetan maskarada eskainiko dutela erabaki baitute. Aurtengo maskaradak hasia izan behar luke, baina iragarpen eta ezeztatzeen artean denbora pasa da. Halere, heldu diren bi hilabeteetan maskarada bat plantan ezartzea bere gain hartu du XIIO Xiberoko Ikastoletako Ikasle Ohiak elkarteak.
"Hasieran, gure taldeko batek erran zuen ez zuela sekula maskaradarik eginen, bere herrian ez baita dantzaririk, eta erran genion ikasle ohien artean egin behar zela". Bettan Bordagarai Urdiñarbeko gazteak hitz horiekin esplikatu du xedearen abiapuntua. Haien inguruan beste hiruzpalau lagun bildu, eta deialdia hedatu zuten. Joan den astean egin bilkura batean, hogeitik gora izen zerrendatu, eta abiatzeko erabakia hartu zuten.
Hainbat herritako gazteak bilduko dira beraz aurten, gisa batez tradizioarekin hautsiz. Bordagarai antolatzaileak argi du kritikak izanen direla: "Segur da batzuek zerbait erranen dutela, kexu edo jeloskor izanen direla, baina egin nahi dugu, eta orain hasi gara prestatzen".
Parte hartzaile euskaldunak
Aurten, aldiz, aitzineko urteei konparatuz, ezingo da kritikatu euskararen ezagutzarik eza. Herri batzuetan, maskaradak antolatzeko zailtasuna bilakatzen ari delarik aski gazte euskaldunen biltzea, aurten denak euskaldunak izanen dira, Kabanatik dantzarietara, medikua barne.
Bordagaraik ez du lehentze parte hartuko zuberotar ihauterien ospakizunetan, bere herriarekin, Urdiñarberekin, dantzari izan baitzen maskaradan. Euskara erabiltzeko parada ikusten du plazaz plazako ibilian: "Euskaraz aritzeko parada galdua nuen, eta herrietara joatean ene herriko gazte batzuk emeki-emeki berriz hasi ziren hitz batzuk ematen, eta euskara, nonbait, berpiztu zen. Hori zen helburua, eta kausitu genuen ene ustez".
Urdiñarbetarrek bezala, ikasle ohi batzuek ukan zuten, haien herrietan, maskaradetan aritzeko parada. Horrek, dudarik gabe, gazteak lagunduko ditu epe laburrean egiten prestaketa lanak.
Apirilaren 1ean abiatuko direla iragarri dute, eta bost herritan ibili behar lukete, aldaketarik ez bada. Nahiz eta iragan asteko bilkuran zein herritara joan bozkatu zuten denen artean, herrien erantzunak ukan arte ez da jakinen nora joanen diren. Haatik, Basabürüan (Atharratzeko kantonamendua) eta Pettarran (Mauleko kantonamendua), bietan ibiliko direla argitu dute.
Larunbat honetan eginen dute lehen trebaketa, Maulen. Lehena haien artean eginen badute ere, kanpoko laguntzaile batzuei dei eginen diete, maskarada antolaketan ez baitute esperientziarik. Bereziki dantzetan izaten da prestaketa lan handia egiteko, baina ikasle ohien artean badira dantzariak eta trebatzaile gisa arituak direnak ere.
Ikasle ohien dinamika
Joan den urtean, XIIO elkarteak Olaz Ola ikuskizuna antolatu zuen Seaskaren berrogei urteak ospatzeko. Iaz abiatu ibilbideak "ikasleak berriz elkartzeko, belaunaldi ezberdinen artean ezagutzeko" balio izan zuen, Maite Davant elkarteko kidearen arabera. Dinamika horrek jarraikia ukan dezan "begi onez" ikusten du.
Iaz, berrogei bat ikasle ohi bildu ziren, eta Davantek hizkuntzarekiko duten lotura azpimarratu nahi du: "Herrietan euskaraz ari direnak, gehienetan, ikastoletako ikasleak edo ikasle ohiak dira. Sei hilabetez euskaraz bizi izan ginen; bilkurak, entseguak eta besta, dena euskaraz egin genuen, eta naturala zen".
Hori kultur ekintzetan ere sentitzen dela dio XIIOko kideak: "Kantatzea edo predikuak egitea aiseago da euskara menperatzen delarik". Gainera, ikasle ohien dinamika aitzina joateak plazer egiten dio "erakusten baitu ikastolek duela berrogei urte landatu zuten haziaren fruitua".
Lagunarteko dinamika horrek euskarazko sorkuntza ahalbidetuko du, beraz, aurten ere. Halere, Olaz Ola ikuskizunaren bilana egitean, Davantek botere publikoen laguntza eskasa ere aipatu du: "Laguntza teknikoa bai ukan genuen, baina sosez laguntzeko bakarrik bi herriko etxeren laguntza ukan genuen".
Maskarada batek gutxienez ez du sos laguntza beharrik, eta gogotsu abiatu dira gazteak. Orain, bi hilabetez arropen bila, paperak banatzen eta dantzak lantzen ariko dira, besteak beste, ikastoletako ikasle ohiak. Larunbatean, lehen saioa dute; apirilean, lehen emanaldia.
Agintari politikoek eta enpresa buruek errugbi atorra ezarri dute AHTren aldeko partida irabazteko nahikeria agerian utzi nahian
Akitania eta EAEko Merkataritza eta Industria Ganbaretako ( MIG ) lehendakariak, agintari politiko eta enpresa buru ugari bildu dira Baionako MIGaren egoitzan AHT proiektuaren aldeko foroan. Anartean, karrikan azpiegitura hori karioa izateaz gai beharrezkoa ez dela agerian uzteko 200 bat manifestalari elkartu dira. Beraiekin, etxeko ekoizpenak, kabalak eta 15 bat traktore eraman dituztela. Ekitaldian, Akitaniako Alain Rousset lehendakaria, Eusko Jaurlaritzako Atzerri ekintzetarako idazkari nagusia den Guillermo Etchenique, Inaki Arriola Garraio sailburua, Baionako MIGaren André Garreta lehendakaria, eta Ekitania eskualdeko beste ganberetako arduradunak izan dira. Baita hautetsiak ere: hala nola, Baionako auzapeza Jean Grenet, Miarritzeko auzapeza Didier Borotra, eta Frantxoa Maitia eskualde kontseilaria. ( Arte telebistak otsailak 12an, igandeatekin, emanen duen "TGV, Très Grande Vanité ?" erreportaiaren aurrerapena. Bideoa ).
Mattin PETRISSANS / BAIONA
"Hemen gira mundu ekonomikoari bozaren emaiteko beste batzuek kanpoan manifestatuz progresua errefusatzen duten bitartean. Ezin dugu irudikatu Bordelen gelditzen den Abiadura Handiko Trena" adierazi du mintzaldiaren sartze gisa Akitaniako MIGaren Laurent Courbet lehendakariak.
Haren ondotik, agintari politiko, lurralde ezberdinetako ganberetako lehendakariak edo enpresa buruak bata bestearen gibeletik tren azkarraren onurak goraipatu dituzte eta proiektuaren aldeko argumentuak eman dituzte. Azaldu dutenez, tren berriari esker denbora irabaziko da, garapen ekonomikoa azkartuko da eta inguramena errespeatzen duen garraiobidea garatuko da.
Akitaniako MIGak azpiegitura hunen aldeko iritziak jasotzen dituen inkesta oinarri gisa erabili dute. 395 enpresari galdezketatuak izan dira. Txostenaren arabera, enpresa buru gehienek AHTak perspektiba positiboak sortuko dituela erran dute. Hortaz gain %83ak AHTk fretaren erabilpena areagotuko duela uste du eta %90ak turisten kopurua emendatuko dela.
Azpiegitura eraikitzeko arrazoiak
"AHTari esker kamioi guttiago ukanen ditugu errepideetan. A63an adibidez, 10 000 kamioi pasatzen dira egunero eta merkantzien garraioa etengabe emendatuz doa. Treinak bideetako garraioak baino 13 aldiz guttiago CO2 botatzen du. AHTa garraio baliabide ekologikoena dugu" adierazi du André Garreta, Baionako MIGeko lehendakariak.
Izan ere, AHTren bizkortasuna goraipatu du gehienbat. Azpiegitura berriari esker, Bordele Bilbotik 2 orenetara izanen da eta Parisetik 3 orenetara Baiona.
"Bilboko Guggenheim museoan milioi bat bisitari ditugu urtean. Bisitarien %60a atzerritik dator eta gaur egun baliabide hoberena Loiuko aireportua da. AHTak hurbiltasuna ekarriko duela uste dugu" azaldu du Museoko garapen zuzendariak.
Horrez gain garapen ekonomikoaren argudioa ez dute ahantzi. Esplikatu dutenez azpiegituraren eraikuntzaren epean -7 urtekoa- 15 000 enplegu sortuko dira urtero.
"Eusko Jaurlaritzak AHTaren aldeko ekimen guziak sostengatzen ditu. AHTa errealitate aterabide ekologikoena dugu, merkantzia eta bidailarien garraioaren emendaketaren errealitateari erantzun hoberena ekatzen dion garraiobidea" erran du EAEko Atzerri ekintzetarako Guillermo Etchenique idazkari nagusiak.
"Nere ustez, datu teknikoak emaitearen gehigarriz RFFek esplikatu behar diru arrangurak eta beldurrak uxatzeko. AHTa XXI. mendeko garraio baliabidea dela, inguramena babesten duela, garapen ekonomikoa sustatzeko eta denbora irabazteko balio duela azaldu behar du" laburbildu du Alain Roussetek.
Mintzaldiaren ostean, arratsaldearen momentu azkarrenetarikoa heldu da. Foroan hartu duten hainbat buruzagik AHTaren aldeko errugbi atorra jantzi eta Matignon-era igorriko duten tiserta bat izenpetu dute.
EGURALDIA
Izotza dela eta, arreta berezia eskatu du Herrizaingo Sailak
Euskal Herriko errepide sare nagusian ez da aparteko arazorik, baina bigarren mailako errepideetan arazo dezente ari da izaten. Biharko prezipitazio gutxiago espero dituzte, tartekatuagoak; Araban eta Bizkaian, batik bat. Alerta laranja larunbatera arte luzatu dute.
Elurra ari du goizetik Euskal Herrian, eta ondorioz, mendate eta errepide sareen egoera korapilatu egin da eguerditik aurrera. Arratsaldeko lehen ordutan arazoak izan badira ere, orduek aurrera egin ahala lasaitu da egoera: Euskal Herriko errepide sare nagusian ez da aparteko arazorik. Hala ere, bigarren mailako errepidetan traba ugari sortu da arratsaldean ere.
20:15eko informazioaren arabera itxita daude Barrerillako mendatea, Opakuakoa, Orduñakoa, Bikotzgane, Gasteizko portua, Herrerako mendatea eta Etxegarate. Dena den, aldakorra da egoera, elurra kentzeko errepideak irekitzen eta ixten ari baitira arratsalde osoan.
Artikutza, Arlaban, Bidania, Barazar, Dima, Kurtzeta, Leintz-Gatzaga eta Urraki mendateak kamioientzat itxi dituzte, eta autoentzat guztietan kateak erabiltzea beharrezkoa da.
Izotza dela eta, arreta berezia eskatu du Herrizaingo Sailak errepide sare osoan. Araban gutxienez zortzi lagun zauritu dira eguraldiagatik izandako istripuetan. Gasteizen, gutxienez 25 istripu izan dira.
Mondragon Unibertsitatetik jakinarazi dute arratsaldean ez dela klaserik egongo Oñati, Arrasate eta Eskoriatzako kanpusetan. Bihar goiz eta arratsalderako ere bertan behera utzi dituzte klaseak. Gipuzkoako Foru Aldundiak ehiza egitea debekatu du bihartik aurrera, eguraldiak hobera egin arte. Araban eta Bizkaian, asteburuko eskola kiroleko lehiaketak bertan behera utzi dituzte, eta Gipuzkoako aldundiak horretarako gomendioa egin du.
Arraun elkarteak ere bertan behera utzi du larunbatean jokatzekoa zen batel estropada. Nafarroako Gobernuak, aldiz, mendira ez joatea gomendatu du.
Biharko prezipitazio gutxiago espero dituzte, tartekatuagoak; Araban eta Bizkaian, batik bat. Ipar ekialdeko haizeak zakar joko du lurralde osoan; 98 kilometro orduko haize boladak ere izan daitezkeela ohartarazi dute. Tenperatura baxuak izango dira, balio negatiboak barnealdeko leku askotan, eta ipar haizearen eraginez, hotz sentsazioa areagotu egingo da.
Hotz gehien ostiraletik larunbaterako gauean egingo duela iragarri dute; alerta laranja larunbatera arte luzatu dute.
Tenperatura hotzak
Iritsi da Euskal Herrira azken egunetan Europan hainbat kalte eragin dituzten hotza eta elurra. Zero azpira jaitsi da tenperatura leku askotan, eta elurra ere ari du goizetik, baita zenbait hiriburuetan ere, tartean, Donostian eta Iruñean. Iruñean 19:30ean -4 gradu dituzte. Donostian -2 gradura iritsi da tenperatura. Kontxako hondartza zuri dago; Gipuzkoan ia toki guztietan 0 gradu azpitik dira.
Baionan -1 gradu dituzte 19:30ean, Gasteizen ere zuritu du, 0 gradu azpiko tenperaturekin. Bilbon, berriz, ez du zuritu. San Martingo harrian -14 gradu jaso dituzte; Aralarren, berriz, -8 gradu. Erronkarin 20 zentimetrotako elur kapa dute. Arangoiti mendian (Irunberri, Nafarroa) -12,6 graduko tenperatu dute 17:30ean; sentsazio termikoa, ordea, -27 gradukoa da.
Denboralearen aurrean, hainbat aholku eman dituzte, etxean, kalean eta errepideetan aintzat hartzeko.
Gaur jasotzen ari diren tenperaturak, hala ere, Euskal Herrian inoiz jasotako tenperatura hotzenetatik urruti daude: Urbasan 1952an -24 gradu jaso zituzten.
Luma haurtzaindegi sarea hedatzen ari da
Ziburuko Luma haurtzaindegian iragan abendoan eginiko animazio baten irudia. Bob EDME argazkia.
Bi dira Lumaren baitan diren haurtzaindegiak, bata Baionan eta bestea Ziburun. Hurrengo urtetan Ziburukoa handitu egingo da, baina bereziki beste haurtzaindegi bat sortuko da Hendaian. Dirua biltzeko “Imanol kantatuz” kontzertua izanen da larunbatean Baionako antzokian. Hau ez da haurtzaindegiei dagokioen berri bakarra, Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) ziurtagiri bat atera du eta egitasmo horri esker euskarazko zerbitzuen gaineko konfiantza handitu egin dela uste du Dominika Ortuño, Luma haurtzaindegietako zuzendariak. ( Irakurri ere: EEPren eta CAF-en eskurik, Leha izeneko dispositiboa plantan jarri dute haurtzaindegietan euskarazko eskaintza arautzeko xede )
Idoia ERASO | BAIONA
Lapurdin hiru urtera arteko zerbitzu euskalduna eskeintzen duten Luma haurtzaindegiak zabaltzen ari dira. Egitasmo hauek suposatzen dute zama ekonomikoari aurre egiteko "Imanol kantatuz" ikuskizunaren azken emanaldia eskeiniko dute larunbatean Baionako antzokian.
Urtero bi emanaldi eskeintzen ditu Lumak dirua biltzeko. Aurtengo lehena Baionan izanen da eta Ipar Euskal Herriko berrogei artista bilduko ditu kantariari omenaldia egiteko. "Imanol pertsona ezaguna zen euskararen alde zuen engaiamenduarengatik, guk egiten dugun lanaren alde ari zen bera ere" azaldu zuen Dominika Ortuño, Luma haurtzaindegietako zuzendariak. Holako emanaldien garrantzia nabarmendu zuen: "Proiektu berriak baditugu eta horiek gauzatzeko jende anitz etortzea behar dugu".
Ziburuko haurtzaindegian lan egiten duen Haizbea Goienesek haurtzaindegiak egiten duen lana azpimarratu zuen: "Gurekin egoten diren haur kasik denak gero ikastolara joaten dira, eta horrek garrantzia badu, gero haur horiek euskaraz mintzatzen segitzen dutelako". Jakin behar da batzutan haurtzaindegietan den toki eskasiagatik, euskarazko zerbitzua aukeratzen dela, eta horrek aurrikusia ez zen hezkuntza euskaldunari bidea irekitzen diela gurasoei.
Haurtzaindegia Hendaian
"Lumak lur bat atzeman du, baina orain laguntza behar dugu eraikina egiteko. Oraindik ez dakigu zer eta nola, baina haurtzaindegia eginen dugu" hitz eman zuen Dominika Ortuñok.
"«Bi urte beharko direla erran digute, lehenik frantsesezkoa bada, eta antzu egina da. Gure proiekturako ianeko itxaron-zerrenda handia dugu, baina lekua da problema" azaldu du Lumako zuzendariak.
Luma Hendaiako herriko etxearekin negoziatzen ari da, ahalik eta lasterren ireki ahal izateko. Izan ere Estatu frantseseko legediak herrian eskeintzen den zero eta hiru urte arteko haurrentzako tokien portzentai bat frantsesez izatera behartzen du, eta Luma egun Hendaian irekiko balitz legea ez litzateke errespetatuko, horregatik frantsesez jardungo duen haurtzaindegia ireki arte itxaroten ari dira.
"Lege hori ez da normala, baina pentsa zer irabazi dugun. Euskararen Erakunde Publikoarekin urrats bat egin dugu hortan. Orain herriko etxeek gehiago nahi dute euskaraz ezarri lehen hezkuntza, edo bederen elebidunean" azaldu du Ortuñok. "EEPk haurtzaindegientzako ziurtagiri bat atera du eta euskarazko zerbitzuen gaineko konfiantza handitu egin da", gaineratu du.
Ziburuko haurtzaindegiaren handitzea
Egun Ziburuko Luma haurtzaindegiaren egoitza lehen hezkuntzako eskolarekin batera dago. Espazio horretan "Haur gune" bat egitea deliberatu du herriko etxeak. Berregituratu egingo da eta bertan haurtzaindegi frantsesa ere integratuko dute. Urruñan, bestalde, burasoen taldea sortu da haurtzaindegi euskaldun baten egitasmoa bultzatu nahian. Elkartea eratu eta inkesta moduko bat egin dute herritarren artean beren egitasmoak duen babesa neurtzeko xede. Urruñako Herriko Etxeak, bestalde, labelizazio desmartxa abiatu nahi du herrian janeko plantan dagoen haurtzaindegian hango langileen euskaldunizazioa bultzatzeko.
Dominika Ortuñoren arabera berri onak dira guzti horiek: "Hiru leku gehiago eskatuko ditugu, horrela egunero hamabost haur hartu ahal izateko. Gainera haurtzaindegi frantsesarekin beharbada elkarlan bat eramaten ahalko dugu». Elkarlan hori, maila batean, bertako langileen euskalduntzean oinarrituko da. Elkarlan horren baitan asteazkenetan itxita egoten den Luman haur batzuk hartzeko aukera izatea aurrikusten du Ortuñok.
Egitasmoaren gidaritza batzordea lehen aldiz elkartu zen aurreko astean. Taldearen lanak udazkenera arte luzatuko dira, eta ondoren lanetarako urte bete beharko dela kalkulatzen da.
Jean-Louis Davant / Idazlea
Txillardegi joan zaigu beraz, eta harekin gure historiako zati on bat, mende erdia gainditzen duena. Hegoaldean asko aipatzen da, hegoaldekoekin soilik, iparralderik ez balego bezala. Alta bada, bere bizitzaz eta obraz, iparraldekoa ere daukagu Txillardegi.
1961eko urtats irian honara ihes etorri zen donostiar lantegi bateko grebaren ondorioz. Hor ingeniaria izanez, langileen alde agertu zen, greba egitea debeku zagolarik. Espainiar poliziaren usaiako manerak ezagutuz, ETAkoa zela aitortzeko arriskua baztertu zuen bi Estatuen arteko muga iraganez.
Ondoko egunetan, Aljeriako soldadu zerbitzutik itzultzean, Hazparneko Saint-Joseph kolegio katolikoan irakasle sartu bainintzen, Txillardegi hor aurkitu nuen, Piarres Charritton zuzendariak aterpetua. 1858ko udaberritik ezagutzen nuen, Jone Forcada emaztea ere bai, biak Donostian elestatu bainituen. 1961 urte hastean beraz, egun zenbait gurekin egon ondoren, Txillardegi handik lekutu zen familiarekin juntatzeko.
1964ko udazkenean berriz, Hazparneko laborantza eskola sortu berrian, matematiken irakasten hasi zen, eta beraz lehen hiruhilekoan elkarrekin lan egin genuen hor. Zoritxarrez prefetak hemendik haizatu zuen, eta Txillardegi Belgikara joan zen. Urte zenbaiten buruan Lapurdira itzuli zitzaigun familiarekin. 1971an Donibane Lohizungo Aberri Egun istilutsuan parte hartu zuen Monzonekin. Biak berriz desterrura manatu zituen Frantziako gobernuak.
Horien inguruan, Baionako katedralean, historiako bigarren gose greba egin izan zen. Ondorioz gobernuak bere zigorra eztitu zuen, gure bi liderrak denbora batentzat Gersera bidaliz.
Niretzat, Txillardegiren obra nagusia, euskara batuaren sorrerakoa da, iparraldean hasia.
1963ko udazkenetik 1964ko udaraino, euskaltzale batzu hilabetero bildu ginen horren inguruan, Kordelieren karrikako 14an, lehen solairuan, Euskal Idazkaritzak Enbataren aldamenean zeukan gelan, euskara batuari buruzko lehen urratsen finkatzeko. Hor elkarlanean genbiltzan bizpahiru ETAko, beste hainbat EAJko (haietan Monzon), ni Enbatakoa, Roger Idiart irakaslea, azken bilkuretan beste hiru apez: Andiazabal, Hiriart-Urruty eta Lafitte.
Burutzeko, bilkura bat egin zen ber tokian, Baionako Biltzarra, 1964ko abuztuaren 29an eta 30ean, Lafitte gidari, mugaren bi aldeetako euskaltzale gazte andana batekin. Hor onartu ziren euskara batuari buruzko lehen neurriak: grafia eta deklinabidea bereziki. Ondotik Euskaltzaindiari proposatu genizkion, eta honen gehiengoak, 1968ko udan, Arantzazuko Biltzarrean beretu zituen, Koldo Mitxelenaren itzal handiari esker. Gero honek gure ibilbidea markatu zuen, baina beti aitortuz Txillardegiri zor geniona.
Bai, hala da: Txillardegi, euskara batuaren aita dugu, gero Mitxelena gozaita, eguzaita, aita pontekoa izango bazen ere. Euskara batua hazten ari zaigu beti, edozein izaki bizidun bezala. Txillardegi bera ere ez zen lehenbiziko pauso hartan gelditu, etengabe aurrera egin zuen, jo aitzina! Badakigu, aita batek ez du haurra osorik egiten, handiena gero amari dagokio, baina zinezko aita beti hor dauka laguntzaile. Txillardegiri biak zor dizkiogu: lehenbizki pindarra, hura gabe haurrik ez baita, eta gero bere lanez Euskatzaindiari ekarri dion hazkurria, nahiz bien arteko ezkontza gutiz hutsegin genuen 1980an. Euskaltzain oso izateko, Patxi Altunarekin lehian gertatu baitzen, horrek baino boz gehiago bildu zuen, baina gehiengo osora heldu gabe, bi boturen faltan. Euskaltzaindiaren betoa izan zela erran zen, eta ez da egia. Politikaren aitzakia ere aipatu zen, eta hori ere ez da egia, lekuko nago: Mitxelenak eta San Martinek bereziki boza Txillardegiri eman zioten. Egia hau da: apez anitz bazegoela orduan Euskaltzaindian, eta horietarik parte on batek Aita Altunari eman ziola. Ondoko bilkuran berriz hasi behar genuen, eta hor aurkeztu bazen, seguru nago Txillardegik eremanen ziola, aitzinean egonez: besteek amore eman beharko zuten. Gero berantegi zen. Dena dela, ondoko euskaltzainek ez dute horretan ilustekorik, eta beti saiatu dira Txillardegiri zor diogunaren adieraztera, bereziki 2005ean Donostian egin genion omenaldian, Iker saileko 17. liburua eskainiz. Berari on egin zion, eta guri zelan ez! Goian bego Txillardegi, euskara batuaren aita
Gorka Bereziartua 2011-12-25
Senpereko kultura Larraldean bizi da
5.000 biztanle inguru ditu Senperek, baina arlo kulturalean tamaina handiagoa duten herri asko baina bizkorrago dabil azken urteotan. Andoni Iturriozek zaharberritutako Larraldea etxeak badauka horrekin zerikusirik; erakunde publikoen sostengurik gabe, etxea erabiltzen dutenen arteko harremanak zainduz, zenbat gauza eta zein ongi egin daitezkeen erakusten du egunero-egunero Larraldeak.
– Eta ez pentsa e, Larraldea mantentzeko, esango dizut zenbat diru den gutxi gorabehera... bost mila euro.
– Urtean?
– Urtean, urtean... Bost mila euro besterik ez.
Zenbait proiektuk gurean izaten dituzten aurrekontu erraldoiak ikusirik, Andoni Iturriozekin hitz egitea oinak lurrean jartzea bezalakoa da; berehala erakusten dizu, esplikazio sinple bezain zehatzez, kulturgintza bizi-bizi mantentzen duen espazio batek ez duela zertan inbertsio ikaragarririk eskatzen, jarduteko moduan dagoela sekretua. 2000. urtean erosi zuen Senpereko Larraldea, XVI. mendeko etxea, eta arreta handiz ekin zien zaharberritze lanei, “baina lehen bezala uzteko, ez hemen egiten duten bezala, kanpoko itxura atxiki eta barnekoa dena hautsi apartamentuak egiteko. Nahi nuen erakutsi etxea nola izan zen egina XVI. eta XVII. mendeetan; uste dut lortu dudala hori”.
Obra horretan gastatu du Iturriozek Larraldean inbertitu duen diru kopururik handiena; ikusteko modukoa geratu da etxea, bere xumean gustu handiz apaindua, goxotasuna arnasten da barruan. Eta behin horretara jarrita, zergatik ez ateak ireki? Etxeak erabileraren bat eskatzen baitzuen: “Ez nekien zuzen zer egin, lehenik pentsatu nuen museo gisa jartzea eta hasi nintzen baserriko tresnak biltzen: orgak, gurdiak, goldeak... Baina ikusi nituen museo txiki batzuk Bizkaian eta Baztan aldean, eta iruditu zitzaidan museoa geldia zela, hila. Orduan, ideia aldatu nuen”. Joana Mendiburu ezagutzen zuen, bertso munduan buru-belarri sartuta zebilen senpertarra denbora hartan eta esan zion Iparraldeko Bertsularien Lagunak elkarteak ez zeukala egoitzarik, ea tokirik uztea ba ote zuen. Esan eta egin, 2005. urtetik Larraldean bizi da bertsolarien elkartea, bertan ditu bulegoa eta bilera gelak. “Odei Barroso, Xumai Murua eta horiek etortzen dira errepikak egitera, bazkariak antolatzen dituzte beraien artean...”.
Mugimendua ikusirik, lekuren baten premian zebiltzan talde gehiago ere hurbiltzen hasi zen: Euskal Herrian Euskaraz, Integrazio Batzordea eta bi dantza talde (Senpereko Zirikolatz eta salsa dantza talde bat), besteak beste. Elkartzeko lekua edukitzeak interes berriak garatzeko bidea ere erraztu zuen eta hortik sortu zen Lapurdi 1609 elkartea. “Ohartu ginen Senperen sorginak-eta aipatzen zirela, baina gauza horien inguruan ez zegoen informaziorik. Orduan, antolatu dugu elkarte bat ikerketak eginarazteko horri buruz. Mintzaldiak antolatu ditugu, gai horrekin lotutako arte erakusketak, antzerki bat ere bai, Iduzkilore... eta horren inguruan ere sortu da talde bat”.
Udaberrian erakusketak antolatzen ditu: Juan Gorriti, Nestor Basterretxea, Mariemi Otaola... “Egia esan harrituta geratu naiz” dio Iturriozek “nola etortzen den jendea erakusketetara; ez nuen pentsatzen etorriko zirenik, baina etortzen dira. Gune egokia iruditzen zait erakusketak egiteko, artistak kontent geratzen dira eta ni ere bai”.
Sosetan baino, harremanetan dago sekretua
Behin baino gehiagotan errepikatu du Iturriozek ideia bera: “Ez dut deus hartzen, ez dut egiten sosa irabazteko; gastuak ere nire sakelatik ordaintzen ditut denak”. Kulturgintza sustatzen duen mezenasa da Larraldearen nagusia eta erakunde publikoek betetzen ez duten zeregina bere gain hartu du. “Herriko Etxeak badu helburua gune bat egiteko, antzoki bat, eta pentsatzen ari dira tokia uztea elkarteentzat. Baina Larraldeak egiten du orain lan hori; eta jendea arrunt ongi egiten ari da, arte maila politarekin, antzerki politak, aurkezpenak...”. Pozik dago etxearen dinamikarekin, nahiz eta krisia alde guztietan nabaritzen den. Aurrera begira, Larraldea erabiltzen duten taldeei gastu arruntak ordaintzeko diru apur bat eskatzea ez du baztertzen. “Bertso elkarteak urtero zerbait ordaintzen du, baina bestela, argi-indarra, gasa, ura, zergak... neronek ordaintzen ditut. Elkarte txikiak dira hemen dabiltzanak eta gastu handirik ere ez dute; orain arte bildu dute sosa aski beren lana egiteko”. Eta ez du subentziorik eskatu; ez du pentsatzen galdetzea ere. “Herriko Etxeko politika da pizar bat ematea jende anitzi eta hori ez da politika egokia niretzat. Elkarte bati ematen badizkiozu 100 euro, hartuko ditu; baina horrekin zer egin behar du?”.
Hainbeste talde ibilita, antolatzeko nola moldatzen diren galdetu diogu Iturriozi bukatzeko, ea ba ote dagoen batzorderik edo talde guztiak ordezkatzen dituen mahairik, koordinazio lanetarako. “Ez, ni naiz” erantzun du. “Aspaldian pentsatzen dut sobera lege egiten dugula eta gero behar duzu abokatu bat jakiteko zer lege dugun. Nik gauzak sinple-sinple egiten ditut; egia da horrela egiteko behar direla gauzak landu. Nik egutegi bat eman dut eta bakoitzari galdetzen diet tokia hartzea aitzinetik; orain arte aski ongi funtzionatu du, arazo txiki batzuk izan ditugu, batzuek ez dutela lekua hain garbi uzten... horrelako gauzak. Eta orduan, nik egiten dudana da, neronek jendea buruz-buru hartu eta ematen dizkiet aholku batzuk. Jendeak ikusten du konfiantza egiten dutela eta ez dute hori galdu nahi. Pentsatzen dut, gainera, hori euskal kulturan sartuta zegoela eta orain ere hala arraitzen dugu, aski kontent naiz”. Kultur kudeaketa manual bikaina da, zalantzarik gabe, Andoni Iturriozen esaldi horrek biltzen duena.
Machu Pichu
1530. urtean Francisco Pizarro espainiarrak zuzendutako soldaduek Inka inperioa erabat konkistatu zuten arte, hogeita hamar urtez 1.200 biztanle inguru bildu zituen hiria. Cuzco hiriaren mendebaldera aurkitzen da Machu Pichu. Naturaren eta inkek garatu zuten teknologia eta arkitektura handiaren arteko konbinazio harrigarria da. Harlanduz eginiko terraza zabalez dago osatuta Machu Pichu. Hainbat adituren iritziz, inken jainko gorena Inti edo Eguzkia zenez, Eguzkira ahalik eta gehien hurbiltzea zen Machu Pichuren xede nagusia. Beste batzuen ustez, berriz, hiriaren helburua espainolen konkistaren aurrean gotorleku menderaezina izatea zen. Aztarnak, Hiram Bingham iparramerikarrak aurkitu zituen 1911. urtean, artean, hainbat indígena bertan bizi zirenean. Urte bertan eginiko indusketetan, etxebizitzak, tenpluak, harresi bat, 3.000 maila baino gehiagoko eskailerak eta 100 terraza baino gehiago aurkitu zituzten. Hirian bertan, besteetatik oso desberdina den e
Inken hiri zaharra. Cuzcotik gertu dago, Yucay haraneko mendi batean. Tontor zaharra esan nahi dute kitxua hizkuntzaz Machu (zaharra) Picchu (tontor) hitzek. XV. mendearen erdialdean eraiki zuten. Hasieran jauregi moduan erabili zen, eta gero santutegi moduan. Dituen ezaugarri arkitektonikoak eta paisajistikoak kontuan hartuta, 1983an gizateriaren ondare izendatu zuen Unescok.
1912an aurkitu zituen haren hondakinak Hiram A. Binghamek, mendiaren magalean bizi ziren artzain bi familiaren azalpenei jarraituz: harresiz inguratutako 150 eraikin. Eskailera eta korridoreen bidez komunikatzen ziren eraikin horiek. Eraikinak ia ez daude apainduta, eskul-tura abstraktuak dirudite. Plaza sakratua, Hiru Leihoen tenplua, Ñustas jauregia eta Errege Mausoleoa dira aipagarrienak. Zutik dauden eraikin gehienak granito zuriz eginda daude. Gehienak lau paretaz inguratuta daude. Badira, ordea, hiru paretaz inguratutakoak ere. Horiei huayarana deitzen zaie. Eraikin bakar batek ere ez du jatorrizko teilatua. ta tenplu nagusia zela dirudien eraikina dago
_______________________________________
La Paz, mendiz inguratuta
Horrelaxe dio bertako esamoldeak: «Oh, linda La Paz; oh, La Paz, quien te conoce no olvida jamás... quien te conoce no vuelve jamas!». Aimaraz Chukiyawu (urrezko finka) esan nahi du La Pazek, eta munduko aireporturik altuena (lau mila metrokoa) du: El Alto. «!Dólares, dólares!», merkatu beltzean dirua aldatzen dutenen leloa edozein bazterretan entzuten da. Baina horretan ez da bukatzen kaleetako letania; kale aldapatsuetan egunaren ordu askotan entzungo dituzu gora eta behera ibiltzen diren mikrobusetan, gorputzaren zati handia kanpoan, mutikoen leloak ere: «!Miraflores, Sopocachi, Cementerio, Estadio, Autopista...». Kale bazterretan itxoiten dagoen bezeroa erakartzeko erreklamoak dira. Dena den, bestelako ogibideetakoak, egunkari eta enpanada saltzaileak, zapata-garbitzaileak... inolako zaratarik gabe aritzen badira ere, hantxe izan ohi dira San Francisco enparantzatik gertu, mugimendu handia baitago. Bertan Potosiko zilarra eta Tarabucoko ehunak saltzen dituzte, besteak beste. Eta Sagarnaga eta Santa Cruz kaleetan, udatiar askoren gunetan, Sorginen merkatua dago. Kaleetako dendariek denetariko eskaintzak egiten dituzte: betiereko maitasuna, betiereko bizitza, ukenduak, llamen fetuak Patxamama jainkosari eskaintzeko... Neskatxo batek krema baten gaineko azalpen asko eman dizkit. Behin larruaren gainean zabalduz gero, era guztietako minak sendatzen omen ditu. Zarata eta koloreen orgia dastatzen zoazela oxigeno falta antzematen baduzu -batzuek zorabioa esaten diote, beste batzuek puna-, komeni apurtxo bat gelditzea, arnasa sakon hartzea eta koka mastekatzea, aho zabalik gordetako sekretuak hobeto gozatuko dituzu eta.