Hainbat erabaki hartzea eskatzen du Ikasle laguntzailearen programa ikastetxean ezartzeak eta hedatzea, hots, egin beharreko zeregin eta ekintzak definitzea eta planifikatzea, eta horien ardura izango duten pertsonak izendatzea.
Zeregin horien artean honako hauek daude:
1. Ikasle laguntzaileak hautatzea: funtsezkoa da ikasle laguntzaileen sare on bat hautatzea. Sare horretan, ikasle laguntzaileek borondatez parte hartuko dute, edo lan hori burutzeko ikasleek beren buruak aurkeztu dituztelako edota kideengandik aukeratuak izan direlako. Familiek baimena emanez gero, ikasle laguntzaileen sarea osatuko da, eta funtsezkoa da eskolako aniztasuna (generoa, kultura…) islatuko duen ikasleez osatzea.
2. Programa hedatzea: eskola-komunitateak programaren funtzionamendua ezagut dezan, ezinbestekoa da hedapen on bat egitea. Ikasle laguntzaileak eta programaren talde-koordinatzailea arduratuko dira lan horretaz.
Ikastetxeko ohiko bideak erabil daitezke, ikas-komunitateko partaideei programa zabaltzeko. Alde batetik, tutoretza saioetan aurkeztuko da ikasle laguntzaileen sarea gelaz-gela, eta zein funtzio beteko duen kontatuko zaie kideei. Tutoretza saioetan argituko dira ere ikaskideengandik sortutako zalantzak, ikasle laguntzaileen eginkizunak eta horien laguntza-eskaera nola egin azaltzeaz gain.
Bestetik, talde koordinatzaileak programa hedatzeko zenbait urrats eman ditzake:
v Programari buruzko informazioa hainbat euskarritan zabaltzea: familientzako gutunak, kartelak, triptikoak, eskola-agendak, eskola-aldizkaria, ikastetxeko webgunea. etab.
v Programaren gaineko informazio-hitzaldi bat ematea, ikas-komunitateko partaide guztiei zuzendua.
v Ikas laguntzaileekin batera, taldea identifikatuko duen logotipo bat sortzea.
Programa abian jartzeko ez dugu ahaztu behar, batetik, gune lasai eta isila behar dugula ikasle laguntzaileekin biltzeko; eta, bestetik, ikasle laguntzaileek batzartzeko erraztasuna izan dezaten, ikasmailako tutoretza saioak bat egitea, eskola ordutegian ahalik eta gutxien eragin dezan.
3. Programa jarraitzea eta ebaluatzea: etengabeko gainbegiratzea giltzarri da programaren funtzionamendu egokirako eta iraupenerako. Talde-koordinatzaileak izango du jarraipen-bilerak antolatzeko eta gidatzeko ardura. Bilera horietan, ikasle laguntzaileen kohesioa eta programarekiko konpromisoa bultzatzeaz gain, ikasle laguntzaileek partekatuko dute esku-hartu duten laguntza-egoeren informazio eta esperientzia. Hortaz, helburua da arazo eta zailtasunei buruz gogoeta egitea eta balizko irtenbideak denon artean adostea.
Komenigarria da jarraipen-bilerak ebaluatzea hartutako erabakiak bideragarriak diren jakiteko eta erabaki horien lorpen maila baloratzeko. Horrekin batera, talde-koordinatzaileak izango du urteko memoria egiteko ardura, parte-hartzaile guztien laguntzaz. Urteko Ikasle laguntzailearen memoriak gai hauek bilduko ditu, besteak beste: burututako ekintzak, lortutako emaitzak, erabilitako baliabideak eta hobekuntza-proposamenak.