Gatazkak bi pertsonaren edo gehiagoren arteko adostasun ezaren ondorioz sortzen dira, haien ideiak, jarrerak edo interesak bateraezinak direnean edo bateraezintzat hartzen direnean. Pertsonen arteko harremanetako osagai dira gatazkak, gure eguneroko bizitzaren parte dira, eta, beraz, eskolako bizitzaren parte eta ikasleen bizitzaren parte ere bai. Bakerako hezkuntzaren ikuspegiaren arabera, gatazka gizakiaren bizitzan berezkoa den prozesu naturala da. Gatazkak ezinegona sortzen du, baina aurrera egiteko eta loturetan sakontzeko aukera ere ematen du.
Bizitzak berezkoa du gatazka; besteekin batera bizi gara, hainbat lagunekin ditugu harremanak, eta harremanak, izatez, gatazkatsuak dira. Gizakiak behar-beharrezko ditu giza-harremanak, eta horietan berezkoa da gatazka.
Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Bakearen Kultur Eskolan irakaslea den Paco Gascón-en iritziz, gehienok uste dugu (hezitzaileok barne) ez gaituztela hezi gatazkei modu positiboan aurre egiteko; hori dela eta, gatazkak kudeatzeko tresnak eta baliabideak falta zaizkigu. Gascónek dio, probentzioari (gatazka bat krisialdian sartu aurretik edo joera bortitz bat ezarri aurretik esku hartzea) esker zenbait gaitasun eta estrategia garatuko ditugula gatazkak hobeto kudeatzeko.
Bestetik, Estatu Batuetako Notre Dame Unibertsitateko irakaslea eta bakearen eta adiskidetzearen mundu mailako aditua den John Paul Lederach-en ustez, gatazka prozesu naturala da, gizarte guztietan gertatzen da, eta beharrezko fenomenoa da giza bizitzarako. Gainera, positiboa izan daiteke aldaketetarako eta harremanetarako, baina baita negatiboa ere; alegia,gatazka kudeatzeko moduaren araberakoa da.
Ildo horretatik jarraituz, Ramón Alzatek dio, gatazkak bide eraikitzaile edo deuseztatzailea har dezakeela eta, beraz, kontua ez da gatazka ezabatzea edo hari aurrea hartzea, baizik eta egoera gatazkatsu horiek bereganatzen jakitea eta baliabide nahikoarekin aurre egitea, egoera horietan inplikaturiko guztiak aberats daitezen.
Beraz, gatazka, izatez, ez da ez positiboa, ez negatiboa. Gatazka positiboa edo negatiboa izatea harremanak izateko dugun moduarekin lotuta dago; hots, mendekotasunezkoak, menderatzaileak edo berdintasunezkoak izatearekin lotuta. Positiboa edo negatiboa gatazka konpontzeko modua izango da; hain zuzen ere, elkarrekin bizi diren eta harremanetan dauden pertsona desberdin horien arteko gatazka konpontzeko modua. Gainera, gatazkak beharrezkoak dira garapen pertsonalerako eta partaide garen taldeen garapenerako, beraz, gatazkarako hezi behar dugu, hari aurre egin eta haren jatorria aztertu behar dugu; eta, gainera, positiboki erantzuteko gaitasuna izan behar dugu. Gatazkei modu egokian aurre egiteko gai baldin bagara, gatazkek ikasteko, aurrera egiteko eta hobetzeko aukera ematen dute.
Elkarrekin bizitzen ikasteko, garrantzitsua da gatazka-egoeretan elkarrekin bizitzen ikastea eta egoera horiek indarkeria erabili gabe kudeatzen ikastea, elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez. Hortaz, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan sartu behar dira gatazkak konpontzeko negoziazio-prozedurak eta teknikak, bai irakaskuntza formaleko kasuak aztertuz, bai ikastetxean eta familian eguneroko bizitzaren egoera informaletan sortzen diren gatazkak kudeatuz.
Ikastetxeko bizikidetza arriskuan jartzen duten edo bizikidetza hori eteten duten zenbait egoera edota portaera desegokiak, hauexek izan daitezke:
a) Irakasleen eta ikasleen arteko portaera desegokiak:
Irakaslea da ikasle taldearen heziketa prozesuaren erantzule nagusia eta bere esku dago taldearen gaineko autoritatea. Autoritate hau ikasleek onartu egin behar dute, eta irakasleak berauenganako arduraz, lanaz eta konpromisoaz irabazi behar du.
Irakasle eta ikasleen arteko harremanak errespetuan, laguntzan eta konfiantzan oinarritu behar dira, ikasleak, onartuak eta babestuak senti daitezen. Horretarako irakasleek ikasleen ekintza positiboak indartu beharko dituzte, eta, era berean, ikasleek errespetatu egin beharko dituzte adostutako arauak.
Arauekin bat ez datorren portaerari diziplinarik eza deritzogu, eta ahaleginik eza, ahalik eta lanik gutxiena egiteari eta ikastetxeko nahiz ikasgelako jarduna oztopatzen duen portaerari. Diziplina, beharrezkoa da edozein hezkuntza prozesutan eta horrekin batera gelako eta ikastetxeko arauak ere bai. Diziplinak demokratikoa izan behar du, hau da, hezkuntza komunitateko kide guztien arteko errespetuan, eskubide eta betebeharretan eta hauek betetzeko gaitasunean oinarritua. Prozeduraren ikuspuntutik, elkarrizketan, arrazoitzean, negoziazioan eta elkar ulertzean oinarritzen da diziplina eredu hori. Diziplinarik eza arazo bihur daiteke, diziplinarik gabeko egoerak maiz gertatzen badira, eta horren ondorioz, irakasle-ikasle arteko harremanak okertzen badira.
b) Ikasleen arteko portaera desegokiak
Ikasleak dira hezkuntza komunitateko kide garrantzitsuenak, alde batetik heziketa prozesua ikasleei zuzenduta dagoelako, eta bestetik ikasle bakoitza heziketa prozesuaren erantzule nagusia bihurtzen delako.
Giro atseginean lan egin eta hezi daitezen, ikasleen arteko harremanek errespetuan, aniztasunaren onarpenean, kooperazioan, tolerantzian eta bizikidetza demokratikoan oinarritu behar dute. Ikasleen arteko harremanetan bereziki zaindu eta landuko dira egungo gizartean hainbat gizatalderekiko ematen diren gutxiespen eta bazterketa jokabideak saihesteko balioak (tolerantzia, errespetua, autoestimua, lankidetza, elkartasuna).
Ikasleen portaera baztertzaileek eta indarkeria egoerek, giro hori erabat apur dezakete. Portaera baztertzaileen bidez, barregarri uzten dira ikasleak, eta, are gehiago, min egiten zaie –psikologikoki, behintzat–, eta gainerakoengandik bereizten dira. Orokorrean, ikasleek itxura fisikoagatik eta ikasketetan lortutako emaitzengatik uzten dituzte ikaskideak barregarri. Gainera, zenbaitetan, ikasleak beren gizarte jatorriagatik, sexuagatik, arrazagatik eta jaioterriagatik ere baztertzen dira. Indarkeria egoerak, berriz, norbaiti min ematearekin lotuta daude. Erasotzaileak indarkeria erabiltzen du bere boterea erakusteko, biktima irainduz, erasotuz edota mehatxatuz.