Ikastalde bat ikasleen batura baino azkoz gehiago da. Ikasle-batura horretatik abiatuz talde kohesioa lortzeko, ezinbestekoa dugu lankidetza eta partaidetzarako giro egokia sustatzea, eta partaideen arteko sare indartsu bat sortzea, elkarrenganako konfiantza eta babesa izan dezaten, eguneroko gatazkak ebaztean.
Taldearen kohesioa, funtsezko elementua da gelako giroa ebaluatzeko. Ikasleek talde-kontzientzia hartzen dutenean, hainbat gauza indartu eta konpartitu nahi dituzte: lagunen arteko harremanak, elkarrekiko ezagutza, errespetua, onarpena eta bizipenak. Horrela eta ez bestela, lortuko dugu ikastaldea ikaskuntzaren motorea izatea, eta ikasleak aktiboki ezagutzak bereganatzea. Kohesioa ere areagotu egingo da, taldean lan egitean eta ikasleen arteko elkarrekintza areagotzean.
Taldearen nortasuna eta kohesioa indartzen duten faktoreak:
a) Taldekideen arteko onarpen sentimendua: sentimendu hori sortzen da, taldeko kideak taldearen parte sentitzen diren (baliagarriak eta onartuak), taldearekin identifikatzen diren eta lotura afektiboak garatzen dituzten neurrian. Giro egokia sortu behar da, sentimenduak eta pentsamenduak adierazteko, taldearen aurrean onartua, ulertua eta baliagarria izateko, eta afektuaren beharra sentitzeko. Haien artean lotura sendoak sortzen dira komunikazioa egokia denean, errespetuan oinarritzen denean.
b) Taldearen helburuak: taldearen helbururik garrantzitsuena da, taldekide guztien beharrizanak asetzea. Helburu horrez gain, taldeak baititu beste lehentasun batzuk:
● Ikasleen gaitasunak garatzen laguntzea.
● Autoestimua eta taldeko partaideen onarpena sustatzea.
● Irizpideak bateratzeko gaitasuna garatzea.
● Arauak adosten eta errespetatzen ikastea.
● Erabakiak adostasunez eta elkarrizketaren bidez hartzea.
c) Lidergoa: taldekide bakoitzak rol edo eginkizun bat du; rol bat taldeko liderrarena da. Liderrak izan behar du hautatua eta taldean onartua. Modu egokian banatu behar ditu, taldekideen artean zereginak, rolak eta erantzukizunak.
d) Arauak: arauak izan behar dute, argiak, zuzenak, zehatzak eta adostuak, taldekideen arteko harremanetan eta elkarbizitzan eragina izan dezaten. Horrela ikasleak badaki zer espero dugun berarengandik, zer saihestu behar duen, eta zer gertatuko zaion arauak ez betetzeagatik.
Lankidetzan oinarritutako metodologiek laguntzen dute, taldearen kohesioa sendotzen, eta elkarbizitza hobetzen. Aipagarria da, gaur egun, gero ta hedatuago dagoen Ikasketa Kooperatiboa Ikasketa kooperatiboak errazten du ikasketaren autorregulazioa, arduren banaketa, guztion partaidetza, ahozko komunikazio, errespetua, elkarri laguntzea eta enpatia, garatzea. Horrez gain, ikasketa kooperatiboa da aniztasunari erantzuteko eta eskola inklusiborantz abiatzeko estrategia onenetariko bat. Ikaskuntza-prozesu horrek hiru oinarrizko zehar konpetentzien garapenera garamatza: ikasten eta pentsatzen ikasteko konpetentzia, izaten ikasteko konpetentzia eta elkarbizitzarako konpetentzia.