Nahiz eta gatazka gure bizitzaren zati bat izan, zenbait egoeratan gatazkak indarkeria bultza dezake, baita eskoletan ere. Ikasleen arteko indarkeriak, helduen artean azaltzen diren hainbat bortizkeriak dituen ezaugarri antzekoak izaten ditu. Indarkeria bakoitzak bere ezaugarriak baditu ere, erasotzaileak hura erabiltzen du bere boterea erakusteko, bere burua defendatu ezin duen biktimaren aurrean.
Ikaskideen arteko erasoak taldeko fenomeno bezala aztertu behar dira, zerikusi handia baitute biktimaren eta erasotzailearen artean sortzen den harreman motarekin.
Biktimaren eta erasotzailearen artean sortzen den harreman mota hori tratu txarra (bullying) dela esateko, honako ezaugarriak bete behar ditu:
▪Botere-ezberdintasuna. Berdintasun simetria apurtzen da, kideen arteko harremanean. Indar desoreka dago, biktima eta erasotzailearen artean. Biktima egoera desorekatuan eta defentsa gabezian aurkitzen da.
▪ Eraso-ekintza behin eta berriro gertatzea. Denbora tarte luze batean eta era errepikatuan gertatzen dira biktimaren eta erasotzailearen arteko tratu txarrak.
Eskola-jazarpenaren inguruan mundu mailen aitzindaria den Olweus-en hitzetan:
“Ikasle bat biktima bihurtzen da, etengabe eta denbora tarte batean beste ikaslebaten edo batzuen ekintza negatiboak jasan behar izaten dituenean”.