Gatazkara hurbiltzeko eta aurre egiteko oinarrizko bost era bereiz ditzakegu:
a) Lehiatzea: jarrera lehiakorrak norberaren interesak eta beharrak asetzea du helburu, bestearen interesen gainetik, beharrezkoa bada. Irabazi-galdu motako gatazkaren ikusmolde klasikoa islatzen du. Norgehiagokon emaitza harremana baino garrantzitsuagotzat hartzen da. Bestarekiko harremanak ez du axolarik. Gatazka "galera-irabazia" motako gai modura hartzen da. Batak irabazteak, besteak galtzea dakar. Uste da, bietako bat dela egiaren jabe, eta bestea, ostera, okerturik dagoela.
b) Saihestea: jarrera horrek ez dio arazoari aurre egiten, gatazkak saihestu, atzeratu edo ukatu egiten dira. Honek ez du esan nahi gatazkarik ez dagoenik, konpontzeko interes eza, baizik. Hala, gatazka ezkutuan dago eta beste noizbait eta beste modu batean ager daiteke. Batzuetan, gaia bertan behera uztea izaten da onena, ez harremanek, ez emaitzek, ez dutelako kezka handirik sortzen. Beraz, ez bataren, ez bestearen interesak, ez dira kontuan hartzen.
c) Egokitzea: besteen ikuspuntua onartzea da, norberaren ikuspuntuari uko eginez. Egokitzea estrategia bat da, bestearekiko harremanek norberaren interesek baino garrantzi gehiago dute. Jarrera eredu hori erabiltzen da, harremana indartu eta sendotu nahi denean, eta horren alde norberaren interesei eta nahiei uko egiteko prest gaudenean.
d) Negoziatzea: aldeetako batek bere interesez arduratzeari uko egin gabe bestearen interesak ere, kontuan hartzen ditu. Adostasunerako konponbidean oinarritutako jarrera da. Gatazka ebazteko alde biek zertxobaiti egin beharko diote uko, erdi-puntu batera iritsi arte. Jakina, bi jarreren arteko erdi-puntura iristea da helburua. Konponbideak partzialki asetzen ditu alde biak.
e) Kolaboratzea: aurre egiteko beste modu horretan emaitza eta harremana garrantzitsuak dira. Bi aldeak ahalik eta emaitzarik onena lortzen saiatzen dira, aldi berean euren arteko harremana mantenduz edo indartuz. Aldeek gatazka naturaltzat hartzen dute, harremanetarako osagai gisa. Kezka ez da “nork duen arrazoi” eta “nor dagoen okerturik”, baizik eta bi aldeentzako egokia den soluzioa aurkitzea. Alde biak aseko dituzten alternatibak sortzea eta bilatzea da xedea.
Eskola gatazkak kudeatzeko negoziazioa eta kolaborazioa dira modu egokienak, lan horretarako elkarrizketa,gelako batzarra eta bitartekaritza erabil genitzake.