Ikasle laguntzailearen programak ikastetxearen proiektu integrala izan behar du, alde batetik, programa hori ezar dadin hezkuntza-komunitatearen onarpen zabala behar duelako, eta, bestetik, bere diseinuak eta funtzionamenduak hezkuntza-komunitateko sektore guztien lankidetza eskatzen duelako.
Bizikidetza Planak bildu beharko lituzke Ikasle laguntzailearen helburuak eta horren ardura duten pertsonak. Horrez gain, programa horren barne egon beharko lirateke ikasle laguntzaileen ezaugarriak zein profilak ere. Horrekin batera, ez dugu ahaztu behar ezinbestekoak direla egin beharreko ekintzak, horiei eskainitako denbora eta espazioak eta baita jarraipen eta ebaluazio irizpideak ere.
Programa hau abian jarri aurretik, kontuan izan behar dira honako alderdi hauek:
· Irakasle-klaustroari programaren berri emango zaio.
· Eskolako Ordezkaritza Organo Gorenak onartu behar du.
· Programaren arduradun bat izendatuko da.
· Proiektua bideratuko duten irakasle eta ikasle taldea antolatuko da.
· Programa familiei helaraziko zaie.
· Programaren garapena prestatuko da: ordutegiak eta batzartzeko espazioak egokituko dira.