xibilizazioenartekoaliantza(2006)

Zibilizazioen arteko Aliantza (2006)

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

ZIBILIZAZIOEN arteko ALIANTZA

Goi Mailako Taldearen txostena

2006ko azaroaren 13an

I. zatia

I.- BANAKETA GLOBALAK MURRIZTEA

1.1 Gaur egun munduan ditugun desorekak larritzekoak dira. Jende askoren iritziz, XX. mendeak inoiz baino aurrerabide, oparotasun eta askatasun handiagoa ekarri zituen. Beste askoren ustez, ordea, mende hori bera menpekotasun, umilazio eta desjabetzearen mendea izan zen. Gure munduan alde handiak daude batzuen eta besteen artean, eta paradoxaz beterik dago: gure planetako hiru pertsona aberatsenen errenta munduan gutxien garaturik dauden herrialdeen errentaren batura baino handiagoa da; medikuntza modernoari esker, egunero mirariak egiteko gauza gara, eta, hala ere, urtero hiru milioi pertsona hiltzen dira sendatzeko modukoak diren gaixotasunen ondorioz; inoiz baino gehiago dakigu urrutiko unibertsoei buruz, eta hala ere, 130 milioi haurrek ez dute hezkuntza jasotzeko modurik; arlo askoren gaineko akordioak eta alde askotako erakundeak izanik ere, nazioarteko komunitatea sarritan ez da gauza gatazka eta genozidioei aurre egiteko. Gizateriaren gehiengoarentzat, premietatik askatzea eta beldurrari ihes egin ahal izatea beti bezain ezinezkoa da.

1.2 Horrekin batera, mundua gero eta konplexuagoa da, eta gertakariekiko pertzepzioa polarizatzen ari denez, justiziarik ezak eta ezberdintasunek areagoturik, sarritan indarkeria eta gatazka sortzen dira, eta horrek nazioarteko egonkortasuna kolokan jartzen du. Azken urteotan, gerrek, okupazioak eta terrorismo-ekintzek gizarte-eredu ezberdinen arteko eta gizarte horien baitako susmoak eta elkarrekiko beldurra areagotu egin dituzte. Agintari politiko batzuek, hedabideetako zenbait sektorek eta talde erradikal batzuek egoera hori baliatu dute, eta munduaren ikuskera jakin bat eman dute: elkar baztertzen duten kultura, erlijio eta zibilizazioez osaturiko mundua, ikuspegi historikotik ezberdinak diren atalez osatua eta elkarri aurka egin beste irtenbiderik ez dutenak.

1.3 Zoritxarrez, “Zibilizazioen arteko talkaren” teoriak sorturiko antsietate eta nahasmenak distortsionatu egin du munduak aurrez aurre duen gatazkaren benetako zergatien inguruko eztabaida. Kulturen arteko harremanen historia ez da soilik gatazka eta enfrentamenduen historia. Mendeetan zehar harreman horiek eraiki ere egin dute, emankorrak izan dira nahasketak, eta elkarbizitza baketsua ere egon da. Gainera, beren barruan malguak eta askotarikoak diren gizarteak zibilizazio baten mugarri estuen barruan sailkatzeak zaildu egiten du nortasun, motibazio eta jarrerekin zerikusia duten kontuak ulertzeko beste bide argigarriago batzuetara jo ahal izatea. Boteretsuen eta heldulekurik ez dutenen arteko aldea, aberats eta pobreen artekoa, alderdi politiko, gizatalde, lanbide edo nazionalitateen arteko aldeak… eten horiek guztiek hobeto azaltzen dute gertatzen dena, kultur arloko aldeek baino. Izan ere, azken estereotipo horiek guztiek berez muturretara joandako iritziak sendotzeko baino ez dute balio. Eta are okerragoa dena, kulturek berez eta besterik gabe elkarren aurka egiteko patua dutela pentsarazten dutenez, nahiz eta egia izan ez, bada, negoziatzekoak diren eztabaidak nortasunarekin zerikusia duten gatazka bihurtzen dituzte, gatazka ustez konponezinak, eta ideia horiek herritarren mundu-ikuskeran errotzen dira. Beraz, ezinbestekoa da gizarteen arteko etsaitasuna eta konfiantzarik eza sendotzen duten estereotipo eta okerreko iritzien aurka gogor egitea.

1.4 Testuinguru horretan gaudela, inoiz ere ez da gaur besteko premiarik egon gizarteen artean zubiak eraikitzeko, elkarrizketa eta elkar ulertzea sustatzeko, eta munduko desoreken gaiari heltzeko borondate politikoa hezurmamitzen hasteko. Erabateko lehentasuna duen eginkizun hori da Zibilizazioen arteko Aliantza deiturikoaren izateko arrazoia. Zibilizazioen arteko Aliantza Nazio Batuen idazkari nagusiak sustatu zuen, 2005. urtean, Espainiako eta Turkiako lehendakarien bultzadarekin batera, eta berretsi zuen nazio, kultura eta eskualdeen artean adostasun zabala dagoela gizarte guztiak elkarri biziki loturik daudela esaterakoan, gizarteok gizakiz osaturik baitaude, eta, gainera, elkarren premia ere badutela, egonkortasuna, aurrerabidea eta elkarbizitza baketsua aurkitzen saiatzeko.

1.5 Gizarteen artean sortzen ari diren eten gero eta handiagoei heldu nahi die Aliantzak, eta kultura eta erlijioen aldetik tradizio ezberdinak dituzten herrien arteko errespetuzko paradigma bat berretsi nahi du, eta bide horretarantz jotzeko ekintza hitzartuak sustatu. Ahalegin horrek garbi erakusten du herrien gehiengo handi batek muturreko jarrerei ihes egin nahi diela, dena delako gizartea izanik ere, eta erlijio eta kulturen aniztasunaren aldeko borondatea dutela. Ekimen hori aurrera eramateko asmoz, idazkari nagusiak goi mailako talde bat sortu du, izen handiko pertsonez osatua. Esku artean duzun txosten hau egin duten lanaren emaitza da (1). Bertan, egin diren azterlanak oinarri harturik, gizarteen arteko harremanak ebaluatzen dira, eta muturreko jarreretara jotzeko gaur egungo joeraren jatorria zein den aztertzen da, bereziki kontuan izanda Mendebaldeko gizartearen eta gizarte musulmanaren arteko harremanak, eta gogoan harturik izendapen horiek ez dituztela bakoitzaren barruan den aniztasun handiaren berri ematen. Txostenean gobernuei (udal, estatu, nazio eta eskualde mailakoei), nazioarteko erakundeei eta gizarte zibilari aurrera eramateko moduko ekintzen programa bat gomendatzen zaie, eta uste dugu lagungarria izango dela munduko nazio eta kulturen arteko etsaitasuna gutxitu eta harmonia areagotzeko.

II.- PRINTZIPIO GIDARIAK

2.1 Zibilizazioen arteko Aliantzak, kontzeptuaren ezaugarriengatik, ikuspegi anitza izan behar du. Hori hala izanik, Goi Mailako Taldeak egin dituen gogoetetan, nazio eta kultura guztien arteko elkarrizketa eta errespetua sustatzen dituzten printzipioak sortzea izan ditu gidari. Ondoren aipatuko diren printzipioen oinarrizko erreferentzia Nazio Batuen Gutuna eta Giza Eskubideen 1948ko Adierazpen Unibertsala izan dira, azken horren helburua gizateria beldur eta sufrimendutik askatzea baita; eta kultura eta erlijioen arloko gainontzeko oinarrizko dokumentuak ere gogoan izan dira.

2.2 Gure munduan denok elkarren premia gero eta handiagoa dugu, gero eta globalizatuagoa da, eta hori arautzeko zuzenbide-estatua eta sistema multilateral eraginkorra dira bide bakarra, eta sistema horren muinean Nazio Batuen sistema dago. Horren ondorioz, nazioarteko zuzenbidea eta akordioak errespetatu behar dira, horien artean direla gerra aurrera eramateko moduak arautzen dituzten eskubide eta erantzukizunak, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioan jasotako moduan (bereziki Genevako Hitzarmenetan); baina, era berean, arau horiek onartzen dituzten erakundeak ere errespetatu behar dira, eta arau-urratzeez erabakitzeko bideei ere lagundu behar zaie.

2.3 Giza eskubideekin zerikusia duten arauak oso-osorik eta etengabe errespetatzea ezinbestekoa da gizarteak egonkorrak izan daitezen eta nazioarteko harremanak baketsuak. Eskubide horien artean daude tortura debekatzea, dela fisikoa zein psikologikoa, gurtza aukeratzeko eskubidea izatea eta adierazpen-askatasuna eta elkartzeko askatasuna. Eskubide horien integritateak oinarri bat du: unibertsalak eta baldintzarik gabekoak izatea. Beraz, eskubide horiek urratu ezinak dira, eta estatu, nazioarteko erakunde, estatuaz kanpoko eragile eta norbanako guztientzat edozein egoeratan gorde beharrekoak.

2.4 Zibilizazioen eta kulturen aniztasuna gizateriaren oinarrizko ezaugarria da, eta baita gizakien aurrerabidea dakarren indarra ere. Zibilizazio eta kulturek gizateriaren ondarearen aberastasun handia erakusten digute, eta berez dituzten ezaugarriengatik, zibilizazio eta kulturok elkarri eragin, gainjarri eta elkarren alboan bilakaera izaten dute. Ez dago kulturen hierarkiarik, denek eragin baitute gizakiaren eboluzioan. Izan ere, zibilizazioen historia elkartrukeen historia da, etengabeko nahasketa emankorren historia.

2.5 Pobreziak etsipena dakar, justiziarik ezaren eta alienazioaren ustea, eta hori aldarrikapen politikoekin batera nahastuz gero, muturreko jarrerak indartzea eragin dezake. Pobrezia desagerrarazteak marjinazio eta alienazioarekin loturik dauden eragileak murriztea eragingo luke beharbada, eta, beraz, horren alde egin behar da modu aktiboan, Milurtekoaren Garapenerako Helburuetan aldarrikatzen den moduan.

2.6 Terrorismoa inoiz ere ez dago zuritzerik. Nazioarteko erakundeak eta gobernuak izurri horrekin amaitzeko gauza izan daitezen, hori sortzea eragiten duten baldintza guztiak aztertu behar dira, eta onartu beharko dugu bakearen, segurtasunaren, garapen sozioekonomikoaren eta giza eskubideen artean dagoen lotura. Gai horren inguruan, NBEk berriki Terrorismoaren Aurkako Estrategia Orokorra onartu du, eta mugarri garrantzitsua izan da hori.

2.7 Herritarrak ordezkatuko dituen eta herritarron premia eta nahiei erantzungo dien gobernu demokratikoa da biderik eraginkorrena pertsonek beren gaitasunak erabat garatzeko modua izan dezaten. Sistema demokratikoek aurrera egiteko gaitasuna izan dezaten, berez sortu behar dira gizarte bakoitzaren kulturaren baitan, eta elkar banatutako baloreen ispilu izan behar dute, herritarren premia eta interesetara egokiturik. Eta hori posible izan dadin, pertsonek askeak izan behar dute eta beren etorkizuna kontrolatzen dutela sentitu behar dute; bestela ezinezkoa da.

2.8 Erlijioa gero eta dimentsio esanguratsuagoa da gizarte askotan, eta norbanakoaren baloreentzako iturri garrantzitsua. Hori hala izanik, eginkizun garrantzitsua izan dezakete beste kultura, erlijio eta bizimodu batzuk baloratzea sustatzeko orduan, horien arteko oreka edo harmonia sortzen laguntzeko.

III. TESTUINGURU OROKORRA

Laburpena

3.1 XX. mendean izandako aldaketa politiko eta teknologikoei esker, nazioen artean ordura arte ez bezalako bakealdirako itxaropena eta aukera sortuko zela uste izan zen; mundu osoko ongizatea nabarmen hobetuko zela uste izan zen. Eta egia esanda, gauza asko lortu dira. Alde anitzeko elkarlanaren bidez eta gizarte zibileko mugimenduei esker, nazioarteko harremanetan gertakari positiboek aurrera egiteko bidea garbitu zen; esate baterako, lurreko minak erabiltzea debekatzea, nazioarteko epaitegi penalak sortzea, eta elkarlanerako hainbat ekimen abiaraztea, gaixotasunak desagerrarazten saiatzeko eta pobreziaren auka borroka egiteko. Gauza asko lortu badira ere, ordea, hainbat eremutan egonez orokorra dagoela sumatzen da, mundua zein egoeratan dagoen ikusiz gero. Jende askok uste du printzipio unibertsalak sustatzeko eta ongizate orokorra hobetzeko sortu ziren alde anitzeko erakundeek ez dutela eraginkortasunik, batez ere herrialde boteretsuenen laguntzarik ez dutelako, eta benetan beldur dira etorkizunaz, ez baitute uste gaur egungo gazteentzat baketsuagoa, egonkorragoa eta emankorragoa izango denik. Kasu batzuetan ezkortasun hori tokian tokiko egoeraren ondorioa da, hau da, herri, nazio edo eskualde mailako egoeraren ondorioa, baina bada beste testuinguru orokorrago bat ere, eta horri ere begiratu behar zaio.

3.2 Gizartea, politika eta ekonomia kontuan harturik, Mendebaldeak, batetik, globalizazioa sustatzen du, baina aldi berean globalizazio horren joera batzuen ondoriozko mehatxua ere bizi du. Mendebaldeko potentziek mundu osoan duten botere politiko, ekonomiko eta militar nabarmenari eusten diote, eta politika eta ekonomiaren arloko erakunde multilateraletan eragin desproportzionatua izaten jarraitzen dute. Mugen iragazkortasunagatik, herrialde pobreetatik aberatsetara doan jende kopuru gero eta handiagoagatik, integratu gabeko etorkinen komunitateak egoteagatik, eta ekonomia, ingurumen, osasun eta baita segurtasun fisikoarekin zerikusia duten kontuek mugez gaindi eragiten dutelako, garbi dago gizarteek batzuek besteekiko gero eta dependentzia handiagoa dutela, baina, aldi berean, horien arteko etena ere gero eta handiagoa dela.

3.3 Ongizate ekonomikoaren ikuspegitik azterturik, azken hamarkadetan, errentetan dagoen ezberdintasunak handitzen jarraitu du, eta gaur egungo azterlanek erakusten dutenez, munduko ekonomia gero eta integratuagoa izan arren, horrek nabarmendu egin ditu herrien hazkunde ekonomikoen artean dauden aldeak. Hori hala izanik, gizateriaren erdiak baino gehiagok mugaz beteriko bizimodua du, eta aberatsen eta pobreen arteko aldea, bai gizarte beraren baitan zein gizarte batzuen eta besteen artean, badirudi gero eta handiagoa dela, modu saihestezinean. Garapen bidean diren herrialdeetan, osasun- eta hezkuntza-sistemak oraindik ere ez dira behar bestekoak. Ingurumena gero eta gehiago ari gara hondatzen; arma nuklearrak, biologikoak eta kimikoak ugaritzen ari dira, benetako kontrolik gabe; eta mundu mailan egiten diren arma-salmentak -era ofizialean zein legez kanpo- ikuskapen-bideetatik kanpo daude.

3.4 Ongizate politikoari dagokionez, gero eta jende gehiagok uste du giza eskubideen eta gobernu demokratikoen inguruko printzipio unibertsalak indarraren bidez defenditzekotan, estatu jakin batzuei interesatzen zaienean bakarrik defendatzen direla; hau da, nahierara jarduten da, eta horrek legitimotasuna kentzen die printzipio horiek zehaztu, sustatu eta defendatzeko eginkizuna duten erakunde multilateralei. Demokraziaren aldeko elokuentziazko adierazpenek indarra galtzen dute herrialde boteretsuek ez dituztenean onartzen demokratikoki aukeraturiko gobernuak, eta batzuetan boteretik kendu ere egiten dituztenean.

3.5 Komunitateek elkarrekin jardun ahal izateko baliatzen dituzten bideak eta teknologiak azkar garatu dira, baina, dirudienez, tresna horiek denon mesedetan erabiltzeko gure borondate politiko orokorra garatu dena baino azkarrago. Ingurumari hori egokia da identitateetan oinarrituriko politikak agertzeko; politika horiek aldi berean tentsioa eragin dezakete komunitateen artean, eta elkarrekiko harreman gatazkatsuak bultzatu.

Identitate eta pertzepzioak

3.6 Diren identitate kultural guztiak giza esperientziaren aberastasunaren atala dira, eta hala diren neurrian, errespetatu eta sustatu egin behar dira. Zehazki esanda, tradizio eta ohiturek gakoa den eginkizuna daukate identitate modernoa garatu eta transmititzeko orduan. Baina mundu “globalizatu” baterantz garamatzan bultzada geldiezin horrek kolokan jarri ditu munduko hainbat gizatalderen identitateak, esate baterako Hego Ameriketan, Afrikan eta Asian. XX. mendearen bigarren erdian izandako aurrerakuntzei esker, nazio eta kulturei elkarrekin errazago komunikatzeko aukera eskaini zaie; beren interesak baldintza berdintsuagoetan negoziatzeko bidea izan dute, eta denen onerako diren helburuen alde egiteko moduan izan dira; baina hori guztia bakoitzak bere nortasunari eta sinismenei eutsita. Ordea, askoren ustez, sortu dena nazioarteko sistema jakin bat da, zenbaiti ongizate ekonomikoa eskaintzen diena, baldin eta oso kexu ez badira eta kulturak berdintzera jotzen bada; eta horri erantsi behar zaio familia eta komunitate asko desegituratu egin direla, urbanizazioaren, bizimodu tradizionala ukatzearen edo lapurtzearen eta ingurumena degradatzearen ondorioz. Eta komunitate batek bereizkeria jasaten duela, etorkizuneko aukerak ukatzen zaizkiola edo zapaldu edo desagerrarazi nahi dutela ikusten badu, jakinekoa da batzuek jatorriko identitatearen alde egingo dutela, are eta indar handiagoarekin.

3.7 Gizarte demokratikoetan, iraganean bereizkeria edo justiziarik eza jasan duten taldeek eskubide berak izatea eta politikan parte hartu ahal izatea eskatzen dutenean, gai hori modu baketsuan konpontzeko bidea ere badago, esate baterako bereizkeria positiboaren bidez. Eskakizun horiek entzuteko biderik eskaintzen ez duten sistema politikoetan, askotan sortzen dira egoera konpontzea lortzeko indarkeria erabiltzearen alde dauden talde politiko eta militanteak. Batzuentzat liberazio-mugimenduak direnak beste batzuentzat nazio-segurtasunarentzako mehatxuak dira. Eta espektro horren mutur batean, irabazi ekonomiko edo politikoen lehian ari diren erradikalek laido-sentimenduak edo gabezia-sentimenduak balia ditzakete oinarri erlijioso edo etnikoa duten alderdi politiko edo talde militanteetara jendea erakartzeko. Hedabideetan joera jakin bateko proiekzioak egiteak, batzuetan sakoneko analisiekin baina gehienetan egoerak azaletik eta sinpleegi azalduz, elkarrekiko uste negatiboak areagotu baino ez dituzte egiten.

Estremismoa gora

3.8 Ideologo batzuk erlijioaz baliatu dira jendea haien iritzietara erakartzeko, eta horrek okerreko uste bat zabaldu du, askok pentsatzen baitute erlijioa bera dela kulturen arteko gatazkaren muinean dagoena. Beraz, ezinbestekoa da gaizki ulertuak argitzea eta balorazio objektibo eta informatua egitea erlijioak gaur egungo politiketan duen eginkizuna zein den jakiteko. Egia da beharbada gaur egun erlijio eta politikaren arteko harreman sinbiotiko bat indarra hartzen ari dela, batak besteari eraginez. Beste garai bateko adibideak jartzearren, eginkizun kolonialaren “misio zibilizatzaile” itxuraz sekularrak edo XIX. mendean indarra izan zuen “patu nabarmenak”, egia esanda, sustrai erlijiosoak izan zituzten. Eta gaur egun, berriz, gure garaiko talde batzuek itxuraz erlijioarekiko lotura nabarmena baldin badute ere, ezkutuko asmo politikoak dituzte, eta erlijioa helburu ideologiko horiek lortzeko baliatzen dute.

3.9 XIX. mendearen erdialdetik XX. mendearen erdialdera arte, intelektualen eta politikarien elite askok uste izan zuten modernizazioaren eraginez erlijioen osasun ona amaitu egingo zela. Pertsona horien argudiatzeko moduaren arabera, jendeak ongizate handiagoa lortu, askatasun politiko handiagoa eskuratu eta hezkuntza arloko prestakuntza areagotu ahala, sekularizazioak eta sekularismoak aurrera egingo zuen, printzipio juridiko eta politiko gisa, eta erlijioak mundu mailan ez zuen eginkizun hain garrantzitsua izango. Baina azkeneko hamarkadetan, ia erlijio handi guztiek ideia hori zalantzan jarri eta politikaren arloko eginkizunei heldu diete. Gizarte askotan gero eta gehiago defendatzen da erlijioak bizitza publikoan eginkizun garrantzitsuagoa izatea. Erlijio gehienek gogo hori dutela bide baketsuak erabiliz adierazten dute, eta kontuan izan behar dugu erlijio horiek hor daudela, nahiz eta askok uste izan mundu hau fedearekiko gero eta aurkakoagoa dela. Dena den, mundu osoan, erlijio-joera duten talde bakan batzuek indarkeriazko ekintzetan parte hartzen dute.

3.10 Testuingurua hori izanik, garrantzitsua da sarritan erabiltzen diren hitz edo termino batzuek gure ustez duten esanahia argitzea: “Fundamentalismoa” Mendebaldean kristau protestanteek sorturiko terminoa da, eta ez da erraza beste komunitate batzuk izendatzeko erabiltzea. Gizarte sekularrean erlijioa bazterturik dagoelako egonezina sentitzen duten mugimenduak deskribatzeko erabiltzen da sarritan hitz hori; mugimenduok erlijioari hasieran zuen eginkizun nagusia itzuli nahi diote. Nahiz eta egia esanda mugimendu horiek guztiak berritzaileak eta heterodoxoak ere badiren, askotan tradizio erlijiosoaren sustraietara itzultzea eskatzen dute, oinarrizko testu erlijiosoak hitzez hitz betetzea, eragile historikoak alde batera utzirik. Dena den, nahiz eta termino hori zehaztasun gehiegirik gabe erabili, hemen gogoan izan beharko duguna da era horretako mugimenduak tradizio konfesional gehienetan izaten direla. Gainera, ez dute indarkeriaz baliatzeko joera. Guztiek duten ezaugarria da modernitate sekularrarekiko desilusio sakona eta beldurra, eta askoren ustez modernitate hori ez dagokion lekuan sartzen da, amorala da eta ez du eduki sakonik. Bestetik, estremismoak helburu politikoak lortzeko neurri erradikalak erabiltzea defendatzen du; berez, ez da erlijio-izaera duena, eta mugimendu sekularren artean ere baditugu halakoak. Kasu batzuetan, ideologia fundamentalista eta estremistak zibilen aurkako indarkeriaekintzak eta baita atentatu terroristak zuritzeko ere erabil daitezke.

3.11 Ezinbestekoa da gogora ekartzea munduko erlijio batek ere ez duela errugabeak hiltzea barkatzen ez onartzen. Erlijio guztiek errukia, justizia eta bizitzaren duintasuna errespetatzearen inguruko ideiak sustatzen dituzte. Dena den, berriki hainbat lekutan gertaturiko gatazka askotan, erlijioa erabili izan da aitzakia gisa tolerantziarik eza, indarkeria eta heriotza bera eragitea zuritzeko. Orain dela gutxi, indarkeria eta terrorismo-ekintza kopuru handi samarra burutu dute talde terroristek gizarte musulmanetako bazterreko sektoreetan. Ekintza horiek direla eta, jende askoren iritziz Islama berez indarkeriazko erlijioa da. Era horretako baieztapenak, kasurik onenean, guztiz okerrekoak dira, eta egoerarik okerrenean, berriz, asmo txarrekoak, are eta zatiketa handiagoa eragiten baitute, eta gizarteen arteko etsaitasuna indartzen.

3.12 Estremismoa eta terrorismoa ez ditu sortzen soilik erlijioen nahierarako interpretazioak, eta estatuko eragileak ere ez dira horietaz baliatzen diren bakarrak. Izan ere, motibazio politiko sekularrak izan ziren gure oroimen bizian gorderik dauden terrore-aldi beldurgarrienetako batzuk eragin zituztenak, hala nola holokaustoa, Sobiet Batasunean Stalinek eragindako errepresioa eta, berrikiago, Kanbodiako, Balkanetako eta Ruandako genozidioak, guztiak ere estatuaren boterea baliaturik burututakoak. Laburbilduz, XX. mendea gaingiroki berrikusten badugu, ikusiko dugu estremismoa eta atentatu terroristak ez direla izan talde, kultura, eskualde geografiko edo ikuspegi politiko bakar baten monopolioa.

3.13 Komunitateek etengabe bereizkeria jasanarazten dietela, edo zapaltzen edo bazterrean uzten dituztela uste duten aldi oro (etnia, erlijio edo beste nortasun-ezaugarri batzuk direla eta), orduan seguruenik beren nortasun horren alde egingo dute, modu erasokorragoan. Erresuminak dirauen artean, eta batez ere hori gero eta larriagoa denean gero eta handiagoa den umilazioagatik nahiz prozesu politiko arruntarekiko itxaropenik ez izateagatik, lider moderatuek beti ahalegina egin beharko dute gizataldeen amorrua xaxatzen ari direnen erakarpen-indarrari aurre egiteko; izan ere, jende horrek, xaxatzaile horiek, talde jakin bateko kide izateko aukera eskaini ohi dute, baita arazoak konpontzeko bidea ere, ideologia baztertzaileen, enfrentamenduaren aldeko politiken eta indarkeriaren bidez. Gertakari horren aurka borroka egiteko neurri eraginkorrak ezin dira izan, soilik, ideologia hori defendatzen dutenen kontra saiatzea. Izan ere, taktika horrekin hasiz gero, desagerrarazi nahi diren sentimendu horiek are eta gehiago indartuko dira. Irtenbidea iraunkorra izan dadin nahi baldin badugu, erresuminaren eta gorrotoaren sustraiak zein diren ikusi eta horri heldu beharko zaio, sustrai horiek eragiten baitute ideologia baztertzaile eta indarkeriazaleok erakargarriak izatea. Ideologia esklusibistak, ikuspegi antagonistak, kultura-harrotasuna eta hedabideetako estereotipoak sarritan nahastu izan dira, modu arriskutsuan, ustezko eta benetako bidegabekeriekin, baina nahasmen hori inon larria izan bada, Mendebaldeko gizartearen eta gizarte musulmanaren artean izan da.

IV.- DIMENTSIO POLITIKOA

Aurrekari historikoak

4.1 Zibilizazioen arteko Aliantzak, hainbat ekimen kontuan izanda, horien artean Zibilizazioen arteko Elkarrizketa (3) eta antzeko beste batzuk (4), gaur egungo gizarte eredu ezberdinen arteko harremanen egoera zertan den aztertu behar du, bakoitzak mundua ikusteko duen ikuspegia zein den, batzuek besteak nola ikusten dituzten, eta hori guztia ikuspegi multipolar batetik. Eskuartean dugun azterlana Mendebaldeko gizartearen eta gizarte musulmanaren arteko harremanetan oinarritzen da, baina Goi Mailako Taldeak gai honen inguruan hartutako ikuspegia berdintsu har daiteke erreferentziatzat beste gatazka batzuk aztertzeko ere, bakea eta harmonia lortzen saiatzeko.

4.2 Egia da historian zehar tentsioa eta borrokak ere izan direla jainko bakardun hiru erlijio nagusienen artean (nahiz eta borroka horiek sarritan politikak eragindakoak izan, ez erlijioak berak), baina hori hala izanik ere, Kristautasunaren, Islamaren eta Judaismoaren arteko harremanetan, oinarrizko ezaugarriak elkarbizitza baketsua, merkataritza emankorra eta elkarrengandik ikasteko gaitasuna izan dira hasieratik gure egunetara arte, eta garrantzitsua da hori argitzea. Erdi Aroan, zibilizazio islamiarra berrikuntza- eta ezagupen-iturri ezinbestekoa izan zen, zientziaren aurrerabidearen eragilea, eta horrek Europan Berpizkundea eta Ilustrazioa agertzeari lagundu zion. Historikoki, musulmanen menpe zeuden judutar eta kristauek askatasun handia izan zuten beren erlijioaren arabera bizi ahal izateko. Horietako askok politikako ardura garrantzitsuak eskuratu zituzten, eta batez ere judutarrek musulmanen inperioen babes bila jo zuten historiako hainbat garaitan, bereizkeriari eta jazarpenari aurre egin ahal izateko. Antzeko egoera batean, azken mendeotan Mendebaldean politikak, zientziak, kulturak eta teknologiak izandako aurrerabideak gizarte musulmanaren hainbat arlotan eragin du, eta musulman horietako askok Mendebaldeko herrialdeetara emigratu nahi izan du, bai askatasun politikoagatik bai dauden aukera ekonomikoengatik.

Mendebaldeko herrialdeetako gizarteen eta gizarte musulmanen arteko harremanak

4.3 Mugimendu erradikalek antzinako historiatik aukeraturiko bertsioak baliatzen dituzte mehatxuzko erretratua egiteko, hau da, historikoki ezberdinak ziren erlijio-komunitateak erakusteko, elkar bereizten zutenak eta gatazkan aritzea beste biderik ez dutenak. Historiaren erretratu nahastu horiei kontrapisua jarri behar zaie. Txosten honek dituen helburuei dagokienez, garrantzitsuagoa da kontuan izatea historia horrek ez dituela azaltzen gaur egungo gatazkak, ez eta Mendebaldeko gizartearen eta gizarte musulmanaren artean zergatik areagotu den etsaitasuna. Horren ordez, ikusten dena da gaur egungo gertakarien sustraia XIX. eta XX. mendeko gertakarietan dagoela, hau da, Europaren inperialismoan hasi, horren ondorengo mugimendu antikolonialekin segi eta mugimendu horien arteko borroken ondorioa litzateke gaur egungo egoera.

4.4 1947. urtean, Nazio Batuek Palestina bitan zatitu zuten, eta bertan bi estatu sortzea aurreikusi -Palestina eta Israel, Jerusalem-i estatutu berezia emanda, baina 1948. urtean Israel estatua sortu zenean, hainbat gertakariren katea luzea hasi zen, eta hori da, gaur egun ere, Mendebaldeko gizarteen eta gizarte musulmanen arteko harremanetan korapilo gogorrenetako bat. Israelek palestinar lurraldea eta beste lurralde arabiar batzuk okupatzen jarraitzen duenez, eta Jerusalem-ek izango duen estatutua oraindik ere argitu gabe dagoenez (kontuan izan behar da hiri santua dela musulman, kristau eta judutarrentzat), eta hori guztia Mendebaldeko gobernuen itxurazko oniritziarekin mantentzen denez, mundu musulmanak Mendebaldeko nazioak erresuminez eta gorrotoz ikusten ditu; hori da oinarrizko arrazoietako bat. Musulmanek okupazio hori kolonialismo gisa ikusten dute, eta askok sinisten dute, egia izan edo izan gabe ere, Israelek “Mendebaldearen” oniritziarekin diharduela. Erresumin eta pertzepzio horiek areagotu eta bizitu egin dira Israelek Gaza eta Libanoren aurka harturiko neurriz kanpoko zigorrengatik.

4.5 Gakoa den beste testuinguru batean, Erdialdeko Ekialdeak energia iturri garrantzitsuak zituela ikusi zen, eta oinarrizkoak ziren horiek oparotasuna eta boterea izateko. Gerra Hotzean parte hartu zuten potentziak lehian aritu ziren eskualde estrategiko horretako herrialdeengan eragiteko, baliabideetan aberatsa zelako, eta, horretarako, sarritan parte hartze militar eta politikoaz ere baliatu ziren. Hori zela-eta, nazio horien garapena moteldu egin da, eta, azkenean, herrialde aberatsen kontra altxatu eta ondorioak gaur egun ere begi bistakoak dira. Gertakari horietako bat Iranen 1953. urtean izan zen estatu-kolpea da. Kolpe horren ondorioz garbi geratu zen zer nolako mugak eta arriskuak zituen atzerritarrek beste herrialde batzuen garapen politikoan esku hartzeak.

4.6.- Sobiet Batasuna 1979. urtean Afganistanen sartu eta okupatu izanak ere beste gatazka-iturri bat sortu zuen. Komunismoari eutsi nahian Mendebaldeko politikak oposizio erlijiosoaren alde egin zuen, eta testuinguru horretan, AEBk eta bere aliatuek (horien artean zirela eskualde hartako gobernu musulman batzuk) Afganistango erresistentziari, “muyahidin” deiturikoei, laguntza eman, eta 1989. urtean Sobietarrek alde egitea lortu zuten. Egonkortasunik eza nagusi izan zen aldi baten ostean, Talibanen erregimenak herrialdearen kontrola eskuratu eta Al Qaeda-ri eman zion laguntza; Mendebaldearen aurkako etsaitasuna sustatu zuten, eta hainbat gertakariren hasiera izan zen, hain zuzen ere milurtekoaren hasiera baldintzatuko zuten gertakariak.

4.7 Al Qaedak 2001eko irailean AEBetan egindako eraso terroristek ia mundu osoaren gaitzespena eragin zuten, bakoitzaren erlijioa edo hautu politikoa zein zen alde batera utzirik, eta muturreko talde horren etsaitasuna zenbateraino zen sakona garbi erakutsi zuen. Gertakari horrek Afganistango erregimen talibanaren aurkako mendeku gogorra eragin zuen. Eraso horiek Iraken sartzeko aitzakia gisa erabili ziren, nahiz eta Iraken eta erasoen arteko lotura inoiz ere frogatu ez den, eta hori dela eta, gizarte musulmanetan Mendebaldeak bidegabeki esku hartu duela uste izan da.

4.8 Gizarte musulmanen eta Mendebaldeko gizarteen arteko harremanen testuinguruan, askok uste dute jarrera bikoitza dagoela nazioarteko zuzenbidea betearazi eta giza eskubideak babesteko orduan. Zigor kolektiboen inguruan izandako salaketek, hilketa hautatuek, torturek, nahierara egindako atxiloketek, pertsona batzuk beste batzuen esku uzteak edo erregimen autokratikoak babesteak areagotu egin dute hauskortasun-ustea, batez ere herrialde musulmanetan; eta Mendebaldeak jarrera bikoitza izatearen ustea hedatu egin da. Islama berez indarkeriazalea dela dioten baieztapenek eta Mendebaldeko politika eta erlijio arloko arduradun batzuek egindako antzeko beste adierazpen batzuek (horien artean direla “terrorismo islamiarra” edo “faxismo islamiarra” bezalako baieztapenak) islam-fobiak larritzeko punturaino gora egitea ekarri dute, eta egoera horrek berak musulmanek Mendebaldearekiko duten beldurra handitu eta larritzea ekarri du.

4.9 Beste aldean, Mendebaldean herritarren aurka izandako atentatu indartsuek (tartean eraso suizida, bahiketa eta torturak daude) susmopeko, segurtasunik gabeko eta beldurrezko giroa sortu dute Mendebaldean. Mendebaldeko biztanle askoren ustez, agintari musulmanek ere jarrera bikoitza izaten dute. Izan ere, Mendebaldarren ekintza militarrak musulman askok salatzen badituzte ere, ez da beste horrenbeste gertatzen musulmanen arteko gatazketan. Herrialde musulman batzuetan xiien eta sunien artean sortzen den indarkeria sektarioak eta, esate baterako, Darfur-en zibilen aurka burututako sarraskiek ez dute eragin musulmanek gaitzespen orokorrik.

4.10 Besteak moral bikoitza duela uste dutenez bi aldeek, susmoak eta konfiantzarik eza sortzen dira, eta horrek gizarte musulmanaren eta Mendebaldeko gizartearen arteko harremanak kaltetzea dakar.

Gizarte musulmanetako joerak

4.11 Garai kolonialaren azken urteetan, pentsalari musulman askok beren gizarteei garai modernoetara egokitzeko deia egin zieten. Independentziaren ostean, agintari musulman askok modernizazioaren alde egiteko programak abiarazi zituzten, beren herrialdeen garapena sustatzeko asmoz. Alderdi erlijiosoek sarritan uste izan zuten politika horiek sekularizazioa xede zuten programen mende zeudela. Azken hamarkadetan, erlijio eta politikarekin lotutako hainbat mugimenduk gora egin dute (orokorrean mugimendu “islamistak” deitzen zaie), eta herritarrengan sinesgarritasuna eragin eta laguntza ere eskuratu dute, neurri handi batean bazter utzitako talde askori ezinbesteko gizarte-zerbitzuak eskaintzeagatik, bereziki osasunaren eta hezkuntzaren arloetan. Talde horiek boterean diren erregimen askoren ifrentzua dira, jende askok uste baitu agintari horiek ez dutela lortu beren herrialdeetako biztanleen ongizate ekonomiko eta soziala behar bestean bermatzea.

4.12 Mendebaldeko gizartearen eta gizarte musulmanaren arteko harremanak aztertzeko orduan, kontuan izan behar dugu aktibismo islamiarrak ez dakarrela gizarteak, nahitaez, militantzia islamistaren bidea hartzea, eta azken horrek ere ez duela esan nahi automatikoki Mendebaldearekiko indarkeriazko gatazka. Indarkeriazko jarrera izateko arrazoia, beste batzuen artean, Mendebaldeko indar militarrek herrialde musulman batzuk indarrez hartu izana da, etengabe horietan jarraitzea, eta, horrekin batera, mundu musulmanean mugimendu politikoak desagerrarazi izana. Historian zehar herrialde askotan ikusi ahal izan dugunez, errepresio politikoak, okupazioa mantentzearekin batera, indarkeriazko erresistentzia indartzeari laguntzen dio. Horrek guztiak musulmanen herrialdeetan dauden indarren auziaz gogoeta egitea dakar, gizarte musulmanen eta munduko gainontzeko herrialdeen arteko harremanei eragiten baitie gaiak.

4.13 Herrialde musulmanen zati handi batek bizi duen egoera zaila ez da atzerriko herrialdeen esku hartzearen ondorioa soilik. Musulmanen mundu horretan guztian barne-eztabaida gertatzen ari da indar aurrerazale eta erreakzionarioen artean, zenbait arazo sozial eta politikoren inguruan, eta baita lege eta tradizio islamikoa interpretatzeko moduaren inguruan ere. Modu sinplifikatuan esatea bada ere (baina begi bistakoa da aldi berean) gizarte musulman batzuek aldaketekiko duten erresistentzia da gaur egun azkar aurreratzen ari diren beste gizarte batzuekin alderatuta duten kontrako kokalekuaren sakoneko arrazoia. Badirudi gero eta garbiago ikusten dutela aurreko mendeetan beren gizarteetako askotan nabarmendu den autoritarismo eta konformismoa desabantaila oso handiak direla gero eta integratuago eta elkarrekiko menpekoagoa den mundu honetarako. Begi bistakoa dirudi gizarte musulman guztientzat onerako izango litzatekeela elkarrizketa eta eztabaida gehiago izatea, hain zuzen ere beren garapena zein barne-eragilek gerarazi duten identifikatzeko, mundu mailako komunitate politiko, ekonomiko eta intelektualean erabat sartzea zerk galarazi dien jakiteko, eta ataka horretatik nola irten daitekeen jakiteko.

4.14 Kasu batzuetan, beren burua erlijio-lidertzat jo izan duten pertsona batzuek beren onerako baliatu izan dute herritar askok zuzendaritza espirituala izateko duen gogoa, eta horrela, Islamaren irakatsietatik ateratako interpretazio murriztu eta distortsionatuak defendatu izan dituzte. Pertsona horiek, esanahiak bihurritzeaz baliatuta, erlijioaren aginduak balira bezala defendatzen dituzte jarduera jakin batzuk, esate baterako ohorezko krimenak, gorputzari eragindako zigorrak edo emakumea zapaltzea. Jarduteko modu horiek, batetik, ez dituzte errespetatzen giza eskubideen arloan nazioartean onarturiko arauak, eta, bestetik, izen handiko musulman adituen iritziz, erlijioan ere ez dute oinarririk. Aditu horiek frogatu dutenez, Islamaren erlijio-testuak eta historia modu serioan irakurriko balira, jarduteko modu horiek desagertu egingo lirateke, eta ez betiko geratu.

4.15 Jarduteko modu horietako asko zuzenean daude loturik emakumea izatearekin. Gizarte musulman batzuetan, erlijio-prestakuntza eskaseko pertsona batzuek, sistema politiko kontserbadore eta gutxi ilustraturiko batzuen oniritziarekin, emakumeek bizitza publiko eta profesionalean parte hartzeko dituzten aukerak neurri handi batean murriztea lortu dute, eta emakumeok autoerrealizaziorako dituzten asmo eta aukerei oztopoak jarri. Horren guztiorren emaitza, bai emakumeontzat, bai gizartearentzat eta baita etorriko diren belaunaldientzat ere, garapen ekonomiko eta soziala eta aniztasun demokratikoa galaraztea izan dira. Arazo hori konpontzeko modu bakarra benetako genero-berdintasunaren alde egingo duten legeak aldarrikatzea da, giza eskubideen esparruan nazioartean onarturiko arauekin bat. Neurri horiek arrakasta izateko aukera handiagoa egon dadin, erlijioaren irakatsiak modu serioan interpretatzen dituen erlijio-irakaskuntzaren laguntza ere beharko dute. Hala ere, aipatu beharrekoa da munduko leku askotan, baita Mendebaldeko herrialdeetan ere, asko dagoela egiteko emakumearen egoerari dagokionez.

4.16 Musulmanen arteko gatazka horietan batzuk edo besteak gailentzeak garrantzi berezia izango du gizarte musulmanen etorkizunean, baina baita gizarte horiek munduko gainontzeko herrialdeekin gerora izango dituzten harremanetan ere, eta horregatik heldu diogu gaiari lan honetan. Garbi dago tentsio horiek gizarte musulmanek berek konpondu beharko dituztela, ez beste inork. Nahiz eta ez dirudien musulmanak ez direnek ezer dutenik egiteko, bereziki Mendebaldeko aktibistak eta gobernuak zenbait ekintza jakin burutzea baztertu beharrean dira, ekintzok gizarte musulmanetan aurrera eramaten ari diren eztabaidetan eragin kaltegarria dutelako. Kalterako baino ez da hedabideek eta gobernuek azalpen sinpleegiak ematea Islam erlijioa zerbaiten errudun jotzeko, edo laikoak eta ekintzaile erlijiosoak aurrez aurre jartzea bide okerretik jota. Hemen aipatzen ditugun hedabideak denbora eta lekua musulmanen arteko erlijio-iritzi muturrenekoei eskaintzen dietenak dira, eta horien aurrez aurre, Islamarekiko jarrerarik aurkakoena duten Mendebaldeko ideologoak. Era berean, polarizazioa sustatzen dute herrialde musulmanetan ekoizturiko hedabide batzuek, gehienetan edo beti beste komunitateen ikuspegi negatiboa erakusten baitute. Mendebaldean “terrorismo islamiarraz” hitz egitea eta Islamdarren artean “gurutzatu modernoez” mintzatzea elkarrekiko etsaitasuna areagotzea baino ez da.

4.17 Musulmanen arteko barne-eztabaidetako bat, Mendebaldeko gizarteekiko harremanei zuzenen eragiten diena gainera, “yihad” kontzeptuaren ingurukoa da. “Yihad” kontzeptua oso aberatsa da, eta esanahi asko ditu; batetik, pertsona bakoitzaren baitan onaren eta gaitzaren artean sortzen den borroka adierazten du (Islamean horri sarritan “yihad” handia ere deitzen zaio), eta, bestetik, norberaren komunitatea defendatzeko armen bidez borroka egitea ere esan nahi du(“yihad” txikia). Hitz hori estremistek gero eta sarriago erabiltzen dute indarkeria zuritzeko, kontuan izan gabe ez testuinguru historikoa ez eta erlijioaren eskakizunak ere; eta aztertzaile musulman askoren ustez, erabiltzekotan, testuinguru eta eskakizun horiek gogoan izan beharko lirateke. Mendebaldeko hedabideek eta agintari politikoek talde erradikalek egindako indarkeriaren goraipamen horiei kasu egin eta oihartzun handiagoa ematen dietenetan, “Yihad” kontzeptuak galdu egiten ditu musulmanentzat dauzkan esanahi askotariko batzuk, eta baita konnotazio positiboak ere, eta indarkeriazko esanahi negatiboa baino ez du mantentzen, nahiz eta hori terminoari okerreko bidetik jota erantsi zaion.

4.18 Musulman askoren ustez, azkeneko hogeita hamar urteotan Mendebaldeko herrialdeen okupazioa edo nagusigo politikoa bazterturik eskuratutako lorpen bakarrak mugimendu erlijioso-politiko eta militarrei esker izan dira, estatua ez diren eragileei esker. Talde horiekin alderatuta, Mendebaldeko herrialdeak askoz ere indartsuagoak dira ikuspegi militar, ekonomiko eta politikotik, baina, hala ere, inbasioei eta okupazioei aurre egiteko gauza dira taldeok gerra asimetriko baten bidez, eta, ondorioz, elkartasuna eta laguntza eskuratzen dituzte. Hain handia eta orokorra izanik Mendebaldeak mendean hartzearekiko beldurra, erresistentzia-mugimendu horien pentsaera politiko edo erlijiosoaz bat ez datozenek ere laguntzen diete, eta mugimendu horiek nagusituz gero askatasun politiko eta sozialetan epe luzera gertatuko liratekeen ondorioez arduratuta dauden pertsonek ere beste horrenbeste egiten dute. Hori dela eta, gizarte musulmanean alboratuen eta frustratuen daudenen artean askok ezintasuna eta bidegabekerien menpe daudela sentitzen dute, eta horregatik, ez gaitu harritu behar mugimendu erlijioso militar erradikalenen erretorika iraultzazaleak laguntzaileak aurkitzea horiengan.

4.19 Bestetik, oposizio politikoaren baitan sortutako taldeon ekintzek kontraste handia sortzen dute herrialde musulman askotako erregimen ofizialek izandako porrotekin alderatuz gero; uste hori hedatu da. Izan ere, jende askok uste du erregimen ofizial horietako asko ez direla gauza atzerritarren esku-hartzeari aurre egiteko, edo Mendebaldeko zenbait herrialderekin elkarlanean dihardutela iruditzen zaie, nahiz eta Mendebaldeko herriok herrialde musulmanak okupatzeari ustez laguntza eman edo musulmanen aurkako errepresioaren alde egin.

4.20 Testuinguru horretan, gero eta jende gehiagok uste du, bai musulmanen artean eta baita herrialde horien mugez kanpora ere, bereizketa egin beharra dagoela atzerriko okupazioaren aurka dauden mugimendu nazionalen eta mundu mailako helburuak dituzten talde terroristen artean. Nazioartean denak ez datoz bat ikuspegi horrekin. Erresistentziako taldeei bultzada eman behar zaie beren helburuak lortzeko indarkeria erabiltzeari utzi eta prozesu politikoetan parte har dezaten, ordezkaritza demokratikoaren bidez. Mundu mailako helburuak dituzten talde terroristentzat, “zibilizazioen talka” gogo onez hartzeko moduko goiburua da, berengana askotariko jarraitzaile eta ekintzaileak erakartzeko eta horiek motibatzeko indarra baitauka. Garbi utzi behar dugu gure ustez herritar arrunten aurka, borrokan ez dihardutenen aurka, egindako erasoak ezin direla zuritu inolako helburu politikoren bidez, nahiz eta horren atzean bidegabekeria historikoa edo gaur egungo probokazioa egon; eta berdin dio eraso hori erresistentzia talde batek, mundu mailako talde militarrek edo estatuek egindakoa den. Era horretako ekintzak inolako zalantzarik gabe gaitzetsi behar dira.

V.- ZIBILIZAZIOEN ARTEKO ALIANTZARANTZ:

GOMENDIO POLITIKO OROKORRAK

Erdialdeko Ekialdea

5.1 Gizarte musulmanen eta Mendebaldeko gizarteen arteko harremanei dagokienez, gaur egun zer gertatzen den ikusi beharra daukagu, horrek milioika musulmanengan daukalako eragina: hor ditugu Palestina eta Israelen arteko gatazka luzea, Afganistango indarkeria eta Irakeko gatazka gero eta gogorragoa.

5.2 Gero eta larriagoa da Palestinako gatazka, gertakari hori baita gizarte musulmanaren eta Mendebaldeko gizartearen arteko etena eragiten duen eragile nagusietako bat. Gai honen inguruan, guk guztiok uste dugu irtenbide bidezko, duin eta demokratikoa lortzen ez bada, gatazka horretan esku hartzen duten herri guztien borondatean oinarritua, ahalegin guztiek seguru asko arrakasta mugatua baino ez dutela izango, tartean direlarik txosten honetan jasotako gomendioak, zubiak eraiki eta gizarteen arteko etsaitasunari kontrapisua jartzeko.

5.3 Palestina eta Israelen arteko gatazka nabarmen azpimarratzen badugu ere, horrek ez du esan nahi gizarte musulman eta Mendebaldeko gizartearen arteko tentsio guztien arrazoi nabarmenena hori denik. Beste eragile batzuek ere sortzen dute erresumin eta konfiantzarik eza, horien artean direla Irakeko krisiak eragindako espirala, Afganistanen dagoen egonkortasunik eza, gizarte musulmanek beren baitan dituzten arazoak, eta herrialde askotan herritar xumeen aurka izandako atentatuak. Dena den, gure iritziz palestinar eta israeldarren arteko gatazkak balio sinbolikoa hartu du, eta horrek jainko bakarreko hiru erlijio nagusien jarraitzaileen arteko kultur arteko harremanetan eta harreman politikoetan eragiten du, nahiz eta gatazka geografikoki mugatua izan.

5.4 Gatazka horri bidezko irtenbide iraunkorra emateko, ausardia eta etorkizunari buruzko ikuspegi trebea behar dute palestinar, israeldar eta egoera horretan eragin dezaketen gainontzeko herrialde guztiek. Benetan uste dugu arazo horretan aurrera egin ahal izateko palestinarrek eta judutarrek dituzten helburu edo asmo nazionalak aitortu beharra dagoela, eta bi estatu erabat subirano eta independente finkatu behar direla, elkarren alboan bakean eta segurtasuna errespetatuz bizi izateko gauza izango direnak.

5.5 Helburu hori erdiesteko, beharrezkoa da Israelek estatu palestinar bideragarri bat sortzea onartu ez ezik horretarako pausoak erraztea ere. Bake-akordio batzuk Israel, Egipto eta Jordaniaren artean lortu dira, eta horiek garbi uzten dute posible dela eraikitzeko aurrerapausoak ematea, beti ere nazioarteko zuzenbidearen ildotik jotzen bada. Gainera, alde guztiek 1991.ean Madrilen izan zuten Konferentzian, oinarri batzuk zehaztera iritsi ziren; 2000. urtean Estatu Batuetako lehendakariak, Clinton jaunak, bake-ekimen bat abiarazi zuen, eta 2002. urtean Liga Arabiarrak Beiruten izandako bileran (Libanon), bake-proposamena egin zuen. Bada, horiek guztiek garbi utzi zuten oinarri zabala izango zuen akordio baterako esparrua egon badagoela, eta borondate politikoa ere sor daitekeela.

5.6 Gai honen inguruan garrantzi berezia dauka Israel estatua sortu zenetik sortu diren kontrako bertsioak bi aldeek onartzeak. Judutar eta israeldar gehienen ustez, gertakari hori, Israel estatua sortzea, aspaldiko asmo bat gauzatzea izan zen, hau da, judutarren aberria sortzea, baina hori gertatu eta berehala auzoko herrialde arabiarrek eraso egin zioten. Bestalde, palestinarrek eta musulmanen arteko herritar gehienek gertakari hori eraso gisa hartu zuten, ehunka mila palestinar kanpora bidaltzea eragin baitzuen, eta baita haien lurrak hartzea ere. Azpimarratzekoa dela iruditzen zaigu kontrajarriak diren bi bertsio horiek azken urteotako historia interpretatzeko orduan ere eragina izatea: dauden gatazkak, okupazioa eta bakea negoziatzeko ahaleginak deskribatzeko modua ezberdina da.

5.7 Palestinar eta israeldarren arteko gatazkari buruzko Liburu Zuria. Palestinarrek eta israeldarrek dituzten bertsio kontrajarriak ez dira erabat adiskidetuko, baina bi ikuspegi horiek elkar onartu beharra daukate, denboran iraungo duen akordio baten oinarriak jartzeko modua izateko. Asmo horrekin, gure ustez liburu zuri bat idatzi beharko litzateke, palestinar eta israeldarren arteko gatazka pasiorik gabe eta objektibotasunez aztertzeko modua izateko, alderdi bakoitzaren ahotsa jasotzeko aukera eskaini, orain arte izan diren bake-ekimenen arrakasta eta porrotak berrikusi eta diagnostikatu, eta garbi asko erakuts dezan zein diren krisi horri irtenbidea aurkitzeko bete behar diren baldintzak. Agiri horrek oinarri sendoa eskainiko lieke gatazka hori konpontzeko ahaleginean parte hartu behar duten ahalmendun organo gorenei. Zentzuz egindako analisi arrazional batek erakutsi beharko luke, palestinarrei dagokienez, erabat aitortzen dela okupazio, gaizkiulertu eta estigmatizazioko hainbat hamarkadek izan duten kostua; eta, aldi berean, israeldarren beldurrak desagertzen laguntzeko ere balio beharko luke. Ahalegin horretan saiatzeak pisu handiagoa emango lieke gatazkari bidezko irtenbidea eman nahi dietenei, eta ahuldu egingo lirateke bi aldeetako muturreko jarrerak, jarrerok ez liratekeelako orain beren eskuetan geratu den “kausaren” defendatzaile nagusiak izango. Hau da, beren historia narratzailerik gabe dagoelako edo nazioen komunitateak nahita entzungor egin diolako eskuratu duten lekukoa eskuz aldatuko litzateke.

5.8 Alde askotariko bake prozesu berrindartua. Erdialdeko Ekialdean bizi duten krisiaren azpian dauden arazoak konpontzeko beste ahalegin bat egiteko bide horretan, Goi Mailako Taldeak prozesu politikoari berriro heltzeko deia egin nahi du, eta horretarako, ahalik eta azkarren, Erdialdeko Ekialdeko bake-prozesuari buruzko nazioarteko konferentzia baterako deia egin beharko litzateke, bake-akordio orokor bat erdiesten saiatzeko, pisuzko eragile guztiek bertan beharko luketela.

5.9 Irak eta Afganistanerako nazioarteko hitzarmenak (5) Nazioarteak erantzukizunez ihardetsi behar dio Iraken bizi duten krisi politiko eta humanitarioari. Goi Mailako Taldeak erabateko laguntza eman nahi dio Liga Arabiarrari, Iraken barne-adostasun politikoa lortzeko egiten ari den ahaleginagatik, eta Irakerako Nazioarteko Hitzarmena erabat bete dadin saiatzeagatik. Era berean, eta nahiz eta lurraldea beste bat izan, Goi Mailako Taldea Afganistanerako berriki lorturiko Nazioarteko Hitzarmenaren alde dago erabat.

5.10 Herrialde musulmanetako aniztasun politikoa. Gizarte musulmanaren eta Mendebaldeko gizarteen arteko harremanak polarizatzea eta muturreko jarrerak areagotzea dakarren eragileetako bat gizarte musulmanetan mugimendu politikoek jasaten duten errepresioa da. Hori hala izanik, gizarte musulmanari eta Mendebaldeko gizarteari, biei, interesatzen zaie musulmanen artean gobernuan dauden alderdiek behar beste leku utz dezatela indarkeriazaleak ez diren alderdi politikoek maila guztietan parte hartzeko, eta berdin dio erlijio ingurukoak edo sekularrak diren alderdiok. Helburu hori lortzeko, Mendebaldeko gobernuek hitzekoak izan behar dute prozesu demokratikoak babesteko orduan, eta ezin dute esku hartu emaitzak Mendebaldeko herrialdeon agenda politikoaren araberakoak ez direnean. Aniztasun politikoa hedatzearen aldeko dei hau ez da soilik Erdialdeko Ekialdeko herrialdeei egindako deia, edo mundu musulmanari orokorrean egindakoa; nazio guztiei egindako deia dugu.

Beste gomendio politiko orokor batzuk

5.11 Multilateralismoarekiko konpromiso berritua. Txosten honetan zehar ikusteko modua izan dugunez, nazioarteko komunitateak aurrez aurre dituen arazoetako asko modu eraginkorrean konpontzeko, esparru multilaterala behar da. Ondorioz, estatuek erakunde multilateral horiek sendotu beharra daukate, bereziki Nazio Batuen Erakundea, eta erakunde horien gaitasuna eta jarduera indartuko duten berrikuntza-proiektuen alde egin.

5.12 Nazioarteko zuzenbidea eta giza eskubideak erabat eta ohartuki errespetatzea. Komunitateen arteko polarizazioak gora egiten du baldin eta giza eskubide unibertsalak nahierara defendatzen badira, edo hala defendatzen diren susmoa sortzen bada. Ondorioz, nazioen arteko benetako elkarrizketa abiarazi nahi bada, denek berdin ulertu behar dituzte giza eskubideen nazioarteko printzipioak, eta konpromiso unibertsala behar da printzipiook beti eta nonahi ezartzeko, ondorio guztiekin. Zehazki esanda, elkarrizketa horrek norbanakoen eskubideak errespetatzea izan behar du oinarri (horien artean direlarik kontzientzia-askatasuna, adierazpen-askatasuna, eta torturatik nahiz gizalegezkoak ez diren edo degradatzaileak diren beste tratu txar batzuetatik babestea).

5.13 Migrazioaren arloko politika koordinatuak eta giza eskubideak babestearekin koherenteak izango direnak. Migrazioak modu eraginkorragoan koordinatzen dira baldin eta jatorriko herrialdeetako, igarobide diren herrialdeetako eta helmuga diren herrialdeetako politikak modu koordinatuan bideratzen badira, eta politika hori giza eskubideen arloan edo zuzenbide humanitarioaren arloan nazioartean dagoen legeriaz bat datorrenean, edo errefuxiatuak eta herrialde baten barruan lekuz aldatu behar izan duten pertsonak babesteko nazioarteko akordioekiko koherentea denean.

5.14 Pobreziari eta ezberdintasun ekonomikoei aurre egitea. Zibilizazioen arteko Aliantza aurrera eraman nahi badugu, nazioarteko esparru baten barruan jardun beharko da, eta hor dauden herrialde guztiek Milurtekoan Garatzeko Helburuak deiturikoak lortzeko konpromisoa izan beharko dute. Gai hau kontu larria dela esatea ez da exagerazioa. Munduan gero eta ezberdintasun handiagoak daude, eta oso azkar ari da handitzen aldea. Afrikako biztanleriaren erdia egunean dolar bat baino gutxiago izanda bizi da. Kontinente horrek mundu osoko biztanle guztien ia seiren bat badu ere, mundu osoko merkataritzaren % 3 baino gutxiago eragiten du, eta askoz atzerago dago beste arlo batzuetan, hala nola inbertsioetan, hezkuntzan eta osasun arloan (6). Arazo horiei ahalik eta azkarren heldu behar zaie; izan ere, aberats eta pobreen arteko gero eta eten handiagoak erresumina sortzeko orduan garrantzi handia du, eta munduko solidaritatea murrizten du.

5.15 Erlijio-askatasuna babestea. Erlijio-askatasuna eta gurtzeko askatasuna oinarrizko eskubideak dira, eta eskubideok herrialde guztiek eta sinesmendunen komunitate guztiek bermatu behar dituzte. Hori dela eta, arreta berezia jarri behar da monumentu erlijiosoak eta leku sagaratuak babesteko, funtsezko esanahia baitaukate norbanakoen eta giza taldeen identitate erlijiosoan. Otoitz egiteko lekuak bortxatu eta profanatzeak giza taldeen arteko harremanak modu larrian kaltetzea eragin dezake, eta hortik biolentzia orokor bihurtzeko arriskua sortzen da. NBEren Batzar Nagusiak 2001. urtean hartutako ebazpenaz bat (7), gobernuek jarrera tinkoa erakutsi behar dute leku sagaratuak eta otoitz lekuak profanatzearen aurka, eta lekuok babesteko erantzukizuna beren gain hartu behar dute. Era berean, gizarte zibilari eta nazioarteko erakundeei eskatu nahi diegu erlijio guztiak eta erlijioei lotutako leku guztiak onartu eta errespetatzeko kultura sustatzen lagun dezatela.

5.16 Erantzukizunezko lidergoa izatea. Giza taldeen arteko tentsioa ahalbidetzen duten kontuetako asko politika eta erlijioa gurutzatzen diren gunean sortzen dira. Arazo horietako bat politikaren eta erlijioaren arloko liderrek batzuetan erabiltzen duten hizkera sutsuak izan ditzakeen ondorioena da, diskurtso mota hori hondatzailea izan daitekeelako hedabideek zabaltzen dutenean. Hizkera mota horrek gorrotoa eta konfiantzarik eza hedatzea errazten du, eta horrek, aldi berean, islam-fobia, xenofobia eta antisemitismoa eragiten ditu. Mundu osoko giza taldeetan beldurra eta susmoa nagusitu diren garaiotan, liderrek eta iritzi publikoa sortzen ari direnek kulturen arteko elkar ulertzea sustatzeko erantzukizuna daukate, sinismen eta tradizio erlijiosoen arteko elkar ulertzea sustatzeko erantzukizun handia. Pertsona horiek duten eraginagatik eta horien iritzia errespetatu egiten denez, indarkeriazko hizkera edo hizkera probokatzailea saihestu beharko lukete beste herrialde batzuetako sinesmen eta sinbolo sagaratuei buruz hitz egiteko orduan.

5.17 Aktibismo sozial zibilaren garrantzi handia. Gorago aipaturiko gomendio horietako bakoitzean aurrera egiteko neurri politikoak behar badira ere, ekintza politiko horiek nekez eragingo dute aldaketa iraunkorrik, gizarteak laguntzen ez badu. Hori dela eta, Goi Mailako Taldeak berak emandako gomendioak aurrera eramateko orduan gizarteari eginkizun eta parte hartze handiagoa utz dakion eskatzen du, bereziki gatazkak modu baketsuan konpontzearekin zerikusia duten arloetan.

5.18 Zibilizazioen arteko Aliantza sustatzeko elkarteak eratzea. Goi Mailako Taldeak Zibilizazioen arteko Aliantzaren baitan nazioarteko beste erakunde batzuekin elkarteak aurrera eramatea bultzatu nahi du, beti ere helburu berak baldin badituzte, eta NBEk duen sistemarekiko elkarreragina eta koordinazioa indartu. Arreta berezia jarri behar da NBEren baitan dauden nazioarteko erakundeetan, eta baita Zibilizazioen arteko Aliantzaren baitako Goi Mailako Taldearekin elkarlanean jardun duten erakundeetan; hauek dira: Europar Batasuna, Europako Segurtasun eta Elkarlanerako Erakundea (OSCE), Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundea (UNESCO), Konferentzia Islamikoaren Erakundea (OIC), Arabiar Estatuen Liga, Hezkuntza, Zientzia eta Kultura Islamikoaren Erakundea (ISESCO), Hiri eta Tokiko Gobernuen Batasuna (CGLU), eta Turismoaren Nazioarteko Erakundea (OMT); baita nazioarteko eta nazio barruko beste erakunde publiko eta pribatu batzuk ere).

5.19 Txosten honen lehenengo zatian egiten den analisiaren helburu nagusia erakundeen esparruan eta gizartearen mailan gizarte musulmanaren eta Mendebaldeko gizartearen arteko hitzartutako ekintza bat aurrera eramateko oinarriak eta printzipio moralak zehaztea da, orokorrean zein maila zehatzagoez ari garela, eta horrekin guztiarekin kulturen arteko harmonia sustatu nahi da, era horretan mundua egonkorragoa izan dadin. Txostenaren gainontzeko zatian (II. zatia, Ekintza Eremu Nagusiak) ekintza zehatz hori aurrera eramateko zein baliabide erabili beharko liratekeen aztertzen da: hezkuntzak, gaztediak, migrazioek eta hedabideek gaur egun gizarteen arteko harremanetan dituzten eginkizun garrantzitsuenak aztertzen dira, eta eremu horietako bakoitzean zein ekintza gauzatu proposatzen da, beti ere gizarteen arteko harremanak hobetzeko.

II. ZATIA

VI. EKINTZA EREMU NAGUSIAK

6.1 Txosten honen I. zatian gatazka politiko korapilotsuenak eta sinbolikoenak konpondu beharra dagoela azpimarratu da, gure ustez horrek berebiziko garrantzia daukalako Zibilizazioen arteko Aliantza bat ezartzeko dauden oztopoak kentzeko. Era berean, elkarrekiko beldurra, susmoak eta kulturen gaineko ezjakintasuna hedatu egin dira, eta dagoeneko ez da agintari politikoen mailakoa bakarrik, herritarren bihotz eta pentsamenduraino iritsi baita, eta horren ondorioz, aldian-aldian kultura eta erlijioen artean funtsezko ezberdintasun eta bateraezintasunak daudela aipatzen da, kultura eta politikarekin zerikusia duten zenbait gatazka zuritzeko. Egoera kezkagarri horri era praktikoan heldu behar zaio.

6.2 Zehazkiago esanda, hezkuntza, gazteria, hedabide eta migrazioen arloko politikek eginkizun guztiz garrantzitsua izan dezakete kulturen arteko tentsioa gutxitzen laguntzeko eta komunitateen artean zubiak eraikitzeko. Ondorioz, txosten honen II. zatiaren helburua eremu horien gaineko ikuspegi orokorra eskaintzea da, eta baita bakoitzean aurrera eramateko moduko ekintza batzuk proposatzea ere; jakina, dagoeneko abiarazita dauden ahaleginak aitorturik eta ahaleginok gehiago zabaldu, sendotu, elkarri lotu eta errotzeko bideak eskainita. Goi Mailako Taldeko kideek benetan uste dute mundu osoa neurri handi batean arduraturik dagoela gatazka hilgarri batzuk gora egiten ari direlako etengabe, eta jende askok nahi duela mundu osoko gizakiek segurtasuna eta aurrerabidea izatea. Ardura horren berri emateko eta horrek, hau da, segurtasunak eta aurrerabideak, aitzinera egiteko bideak sendotu behar dira, eta ahalegin horretan gizarteko sektore guztiek lagun dezakete.

Hezkuntza

6.3 Hezkuntza-sistemek gaur egun erronka handia dute, elkarren menpetasunean oinarrituriko munduan bizitzeko prestatu behar baitituzte gazteak, eta horrek nahasmena sortzen du norbanakoen eta taldeen nortasunean. Norberaren herriaren historiari buruzko hezkuntzak komunitate eta elkartasun zentzua eskaintzen ditu, baina hori mundu mailako gertakarien berri jasotzearekin orekatu behar da, beste gizarte eta kultura batzuk ulertu eta balioesten ikasi behar da. Hezkuntza bide askotatik barneratzen da, baita musika, kirol, arte, antzerki eta zinearen bidez ere, eta horrek guztiak komunitate eta pertsonen arteko zubiak eraikitzen lagun dezake. Ikuspegi zabal horiek izanez gero, gazteek ihes egiten diete pentsamendu mugatzaileei, hau da, talde baten interesak beste batzuen interesen kontura defenda daitezkeela dioten pentsamenduei, edo talde bat diskriminatzeak beste talde batzuk diskriminatzea zuritzen duela dioten pentsamenduei. Hezkuntza informalak eginkizun mobilizatzaile oso garrantzitsua izan dezake helburu horiek lortzeko.

6.4 Gizalegezko eta bakearen aldeko hezkuntza: Gizalegezko hezkuntzak aukerak eskaintzen ditu identitatearekin zerikusia duten gaiei heldu eta aniztasuna errespetatzea sustatzeko. Ideologia erradikalek elkar baztertzen duten identitateen mundua sustatzen dute. Badago era horretako jarrerei aurre egiteko modua, dauden kultura guztienganako errespetua garatuz, guztiok ditugun balore eta ideietan arreta jartzeari esker. Herritarrek printzipio horiek ezagutu beharra daukate, hain zuzen ere NBEren Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean eta UNESCOren Kultura Aniztasunaren Aldarrikapen Unibertsalean jasota dauden printzipioak, mundu anitz batean modu eraginkorrean jarduteko moduan egoteko.

6.5 Hezkuntza globala eta kulturartekoa: Erlijio eta etnien ikuspegitik gero eta aniztasun handiagoa dute nazioek eta, beraz, modu integratzaileagoan eskaini beharra daukate hezkuntza, munduaren eta munduko herrien ikuspegi osoa emateko. Azken hamarkadetan, mundu osoko hainbat unibertsitate eta ikerketa-gune garrantzitsuk ahaleginak egin dituzte “historia unibertsalari” buruzko edo “gizateriaren historiari” buruzko programak garatzeko, polo anitzeko ikuspegitik landuta. Unibertsitate eta ikastetxeetan diziplina anitzeko ikuspegitik historia unibertsala erakusteko gero eta handiagoak diren ahaleginei esker, mundu osoko kulturen aniztasun eta elkarrekiko lotura hobeto ezagutu eta ulertzeko modua dago, eta horri esker, giza esperientzia guztiona eta guztiontzat dela pentsatzea errazagoa da.

6.6 Elkartrukerako programak, bereziki gradu-ondokoak nahiz maila zientifikokoak: Esperientzia berrienek erakutsi dutenez, maila zientifikoko elkartrukerako programek, hau da, gradu-ondoko ikasleek eta irakasleek parte hartzeko direnek, oso eragin handia izan dezakete: kultur arloko gaizki ulertuak gainditzen laguntzeaz gainera, ezagupenak transmititzen ere laguntzen dute, eta azken horrek garrantzi handia dauka garapena sustatzeko orduan. Aurrerapausoak esanguratsuagoak izango lirateke elkartrukerako programak bi aldeetarantz balira, eta Iparretik Hegora ere egingo balu jakintza-isuri horrek, hau da, zientziaren eta ezagupenen arloko elkartruke horrek.

6.7 Hedabideei buruzko alfabetizazioa: Herritarrak masa-hedabideen eraginpean daude etengabe, eta hori erronka handia da hezkuntzari dagokionez, are eta handiagoa, gainera, garai elektroniko eta digital honetan. Informazio-iturriek diotena ebaluatzeko, ezagupen eta pentsamendu kritikoa izan behar da, eta hori hezkuntzaren bidez lortzen da, nahiz eta sarritan ez zaion behar besteko garrantzia ematen prestakuntza horri. Gertakariak eta iritziak bereizten jakitea, testuak eta irudiak ebaluatzeko gauza izatea (zein aldetara makurtzen diren jakiteko) eta testu bat logikaren printzipioen arabera eraiki eta desegiteko gauza izatea, irakasteko moduko teknikak dira. Hedabideei buruzko hezkuntzak ez du onarpen zabalik, nahiz eta gai garrantzitsua izan hezkuntza zibikoaren eta bakerako hezkuntzaren bidean, eta horregatik, gai hori irakasteko programa gutxi eraman dira aurrera gaur egungo oinarrizko irakaskuntzaren baitan.

6.8 Hezkuntza eta erlijioa: Nork bere fedea bortxarik gabe aukeratu eta praktikatzeko eskubidea Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 18. artikuluan dago jasota, eta baita erlijio tradizio gehienetan ere. Hezkuntza-sistemek, eta baita erlijio jakin bati loturik dauden eskolek ere, munduko erlijio arloko sinismen, praktika eta kulturen berri eman behar diete ikasleei, horiek ulertu eta errespetatzeko gaitasuna eskaini behar diete(8). Ez dira soilik herritarrak eta erlijio arloko liderrak erlijioen inguruko gutxieneko batzuk ulertzeko gauza izan behar dutenak, baizik eta gizarte guztia; denek ezagutu behar dituzte norberarenaz gainera beste tradizio erlijiosoei buruzko oinarrizko kontu batzuk; errukiari buruz erlijio guztiek dituzten funtsezko irakaspenen berri izan behar dute.

6.9 Hezkuntza eta garapena: Gazte eta emakume gehienek ez dute hezkuntza jasotzeko aukerarik, batez ere garpen bidean diren herrialdeetan (9). Txirotasuna dela eta herrialde askotan gurasoek aukeratu egin behar izaten dute zein seme edo alabak ikasiko duen, eta kasu horietan, sarritan neskak izaten dira eskola utzi behar izaten duten lehenak. Lehen hezkuntzan, bigarren hezkuntzan eta hirugarren hezkuntzan ikasteko aukera eskaintzeko ahaleginek aurrera jarraitu behar dute, eta Milurtekoaren Garapenerako Helburuen barruan egon, eta horretarako, urrutiko irakaskuntzak eskaintzen dituen sistema berritzaileez baliatu behar da, baina baita hezkuntza-aukerak areagotzeko sistema tradizionalez ere.

6.10 Teknologia berriak eta Internet eskueran izatea: Garapen bidean diren herrialdeetan, ordenagailu gutxi dituzte, eta Interneten sartzeko aukerak ere murritzak dira ("eten digitala" deitzen zaio egoera horri), eta horrek injustizia areagotu eta kultur arteko ikaste prozesua zaildu egiten du (10). Orokorrean Interneten sartzeko aukerarik ez baldin badago, batez ere irakaskuntzako guneetan, eskualde horietako pertsonek ezin izango dute informazioa eta kulturen arteko elkarreragina izateko munduan dagoen baliabide onenaz erabat baliatu. Ezinbestekoa da garapen bidean diren herrialdeetan Interneten sartzeko aukerak areagotzea, leku horietako gazteek informazio-corpus zabalagoa izan dezaten eskueran, eta beste nazio, etnia eta erlijio batzuetako pertsonekin komunikatzeko beste bide batzuk erabil ditzaten. Ahalegin horrekin batera, beste batzuk ere egin behar dira bestelako tresna eta gune elektronikoak ere sortzeko, hain zuzen ere kulturen arteko elkarrizketa eta elkar ulertzea sustatzeari begira.

6.11 Enplegurako eta bizitzarako hezkuntza: Garapenaren erronkak direla-eta, hezkuntza eraberritzeko ahalegin askoren ia ardatz bakarra gazteak enplegurako prestatzeko premia da oraindik ere. Baina ardatz hori indartu behar horrek hezkuntza-sisteman hainbat desoreka sortu du, eta goitik behera erabat banaturik utzi ditu, alde batetik, teknika, zientzia eta matematika, eta, bestetik, gizarte- eta giza zientziak. Eta, ekonomiaren ikuspuntutik uste izan denez ez zutela ezer ekoizteko balio, azken horiek balio-galdurik geratu dira.

Intelektualak ez dira iritzi horretakoak ordea. Haien ustez -eta gero eta adostasun handiagoa dute-, hezkuntzan, ikuspuntu baterabiltzaileek eta diziplina anitzekoek dute garrantzia, haien argitara ikasleak hobeto prestatzen baitira kultura anitzeko mundu honetan bizi beharrak duen konplexutasunerako, anbiguotasunerako eta etengabeko aldaketetarako, eta ezaguera bitan banatu beharrak ez du horrekin guztiarekin zer ikusirik.

Gazteria

6.12 Gazteak mugiarazteko aukera gehiago: Azken urte hauetan, orokorrean, gazteen mugimenduak eta antolakundeak ugaritu egin dira, eta, orain, gazteak mugiarazteko lehen baino aukera gehiago dago. Ikasleak trukatzeko programak direla, kirol-jarduerak direla, politikarako engaiamendua dela, hori dena dela-eta, baliteke orain lehen ez bezalako beste aukera batzuk egotea kulturen arteko ulermena eta dibertsitatearekiko errespetua sustatzeko. Gainera, erabakiak hartzeko prozesuetan gazteen partaidetza sustatzen badugu, baliteke gizarte osoari egitea mesede, gazteak ideia berrizaleak eta aldaketa positiborako indarra baitakartza berarekin. Alde horretatik, gazteak ez dira, soil-soilik, halako zer mugitu bat, baizik eta eragile eta bazkide autonomoak, eta hala aitortzeak izugarrizko garrantzia du.

6.13 Elkar trukerako programak: Gazteak trukatzea oso baliabide eraginkorra da bai kulturen arteko hesiak gainditzeko, bai kulturartekotasun-sena areagotzeko eta baita norbanakoaren garapena sustatzeko ere. Kultura ezberdinetako gazteak trukatzeko programak gogotik ugaritzeko behar gorria dago, eta, horretarako, oinarri modura, emaitza positiboak ekarri dituzten esperientziak eta esperientzia europarretan eta euromediterraniarretan ikasitakoak hartu beharko dira (11), hori bai, Mendebaldeko herrialdeen eta herrialde musulmanen arteko trukaketetan ahalegin berezia eginda (12) .

6.14 Gizarte eta ekonomiatik alienaturik: Herrialde guztietan, gazteen langabezia-tasa herrialdeko langabezia-tasa baino bi edo hiru bider handiagoa da. Gehiengo musulmaneko herrialde batzuetako gazteentzat arazoa bereziki larria da. Gazteen partaidetza-tasa (lan-merkatuan duten partaidetzaz ari gara) Erdialdeko Ekialdean eta Afrika Iparraldean da baxuena: % 40 koa, eta munduan, berriz, % 54koa da. Gazteek ekonomian duten partaidetza hobetzeko estrategiak, esate baterako, lanbiderako bidea ikastetxeetan erakusten hastea, gazte-enplegurako nazio-estrategiak eta gazteei enpresak sortzen laguntzea, gazteen langabeziaren aurka borrokan egiteko baliabide garrantzitsuak dira.

6.15 Kulturatik alienaturik: Gazteak kulturatik alienaturik geratzeko, hainbat eragilek du esku hartzen, esate baterako, eredu bide-erakuslerik ez izatea eta garrantzitsuak iruditzen zaizkien gaiak adierazteko aukera gutxi izatea beren kultur testuinguruetan eta erlijio-testuinguruetan. Kulturaren esparruan, Mendebaldeko gaztediaren erakusgarriak diren produktuen eta batez ere Mendebaldekoak ez beste leku batzuetakoak diren gazteei zuzendutakoen artean aldea oso handia da. Eta, jakina, horrela, nekez gertatuko da kultur elkarrizketa baliotsurik, eta, gainera, gazteek nekez pentsatuko dute ezer onik beren buruaz eta beren kulturaz.

6.16 Partaidetza sustatzea: Erkidegoko erakundeetan esku hartzen baldin badute, gazte-erakundeetan eta gizarte zibilaren antolakundeak eta erakundeak zuzentzeko organoetan esku hartzen baldin badute, baliteke gazteek beren erkidegoak eraikitzen esku hartzeko aukera paregabea izatea. Eskualdeetako gazte-plataformen arteko bilerak direla-eta, azken urte hauetan, gazteen ordezkaritza indarberriturik dabil mundu zabalean. Sare horiek, gainera, Zibilizazioen arteko Aliantzarentzat eta antzeko ekimenentzat oso aukera polita dira, inondik inora, hainbat kultura, erlijio eta herrialdetatik datozen gazteen ekarpenak biltzeko eta gazte horiei mugitzen laguntzeko.

Migrazioa

6.17 Migrazioaren izate dinamikoa: Estatu guztiek dituzte migratzaileak bidaltzen eta hartzen. Gaur egun, munduan ez da muga iragazgaitzik, garraiobideak eta komunikazio-bideak oso azkar ari dira garatzen eta ekonomiak globalizaturik daude, eta migrazioa etenik gabea izanik, derrigor eragin behar herrialde batak besteari. Bada, beraz, zeri heldua, migratzaileak hartzen dituzten herrialdeentzat batez ere. Ikusi egin behar dinamika hori nola azaltzen duten komunikabideek, nola aztertzen duten buruzagi politikoek eta kultur buruzagiek, eta nola kudeatzen duten politika-diseinatzaileek, horren arabera baitago jendeak debertsitate geroz eta handiagoa energia-iturri modura hartzea edo mehatxu modura hartzea.

6.18 Migrazioari heltzeko estrategia proaktiboak: Migratzaileei inork ez txarkeriarik ez bazterkeriarik ezer egiteko, derrigorra da bai nazioetan bai eskualdeetan bai nazioartean koordinaturiko estrategiak erabiltzea. Konponbidea ez da estatuen inguruan hormak jasotzea. Etorkizunerako gauzarik onena, dirudienez, herrialdeen artean lankidetzan aritzeko ahaleginak egitea da, hau da, migratzaile gehienen jatorrizko herrialdeak, bidean igarotzen dituzten herrialdeak eta jomuga dituzten herrialdeen arteko lankidetza. Alde horretatik, herrialderik aberatsenek beren hitza beteko balute eta garapen-bidean diren herrialdeetan inbertsio handiagoak egingo balituzte, ez litzateke aurrerapen makala izango, horrek herrialde horien baldintza ekonomikoak hobetzen lagunduko luke-eta, horrek, bai, eta garapen-bidean diren herrialdeen aginte-lan zuzenak eta gaitasuna sortzeko ahaleginak ere bai.

6.19 Migrazioak dakartzan onurak: Migratzaileek ekarpen handiak egiten dituzte bizitzera doazen gizarteetako ekonomia, gizartea eta kultura garatzeko. Eta, aldi berean, langile inmigratzaileek laguntza ekonomiko ederra ematen diete jatorrizko herrialdeei, askotan ederki kostata baldin bada ere. Bidaltzen duten diru hori bera, gainera, daukaten dibisa-iturri handienetako bat da esku-lana esportatzen duten herrialdeentzat.

6.20 Migrazioak dakartzan erronkak: Baliteke inmigranteen integrazioak erronka batzuk ekartzea, adibidez, inmigrante horiek hezkuntzara eta gizarte-zerbitzuen sistemetara heltzeko dituzten arazoak, edo, beste adibide bat jartzearren, etxebizitza edo lana lortzeko aukera-murriztapenak gainditzea, eskubide osoko herritarrak izatera iristeko oztopoak eta arrazakeria zer den ikasi behar izatea. Baina, inmigrante musulmanak AEBn edo Europan integratzea bada kontua, erronkak bereziak dira, batez ere 2001ean gertatu zenaz geroztik. Jende hori Europan eta AEBn arrazakeria handiagoa pairatzen hasia da, eta geroz eta beldur handiagoa dute funtsezko askatasun zibilak ez ote dizkieten ostuko. Hala ere, inmigrante musulmanek zailtasun handiagoak dituzte Europan AEBn baino. Bai, hala da: AEBn bizi diren inmigrante musulmanek musulmanak ez diren estatubatuarrek baino maila altuagoko heziketa eta egoera ekonomiko hobea dute.

6.21 Bazterkeriaren aurkako borroka: Inimigranteei gizartearen eguneroko bizitzan integratzeko bidea errazteko politikak garatze eta aplikatze horretan urrats handiak egin dira, horretarako zehaztu baitzen, 1997an, enplegurako estrategia europarra (langile migratzaileek eta gutxiengo etnikoetakoek enplegurako bidean dituzten hesiak ezabatzeko da estrategia hori), eta horretarako sortu baitzen Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Behatoki Europarra (EUMC). Esperientzia horiek zabaldu eta handiagotu egin behar dira, ordea, testuinguru europarra baino haratago.

6.22 Elkarrizketa baterabiltzaile zabalagoa behar, maila guztietan: Integrazio-estrategia koherenterik sortuko badugu, derrigorra da gobernu-ordezkariek, inimigrante-komunitateek, gizarte zibilaren ordezkariek, erlijio-antolakundeek eta enplegu-emaileek elkarrekin hitz egitea, sarri-sarri, eta herrietan, eskualdeetan, nazioetan eta nazioartean ere lan egitea. Hitza emateak, hitza informala eta ad hoc bada ere, beti du balioa, baina erakunde-egiturek oinarri erregular eta etenik gabeko batez baliaturik egiten badute elkarrizketaren alde, integrazio handiagoa lortzeko ahalegin horien eraginkortasuna bermatu ahal izango dute. Ahalegin horiei esker, errazagoa izango da integrazio-eskariak eta norberaren erlijio-nortasuna eta kultur nortasuna gordetzeko beharra orekatzea.

6.23 Buruzagi-lana: Mendebaldeko buruzagi politikoek, gizarte zibileko buruzagiek eta erlijio-buruek, nahi badute, beren esku dute inmigrazioari buruzko eztabaidei maila jasoagoa ematea. Horretarako, inmigranteak inon arriskuan baldin badira, denen aurrean garbi-garbi haien eskubideen alde hitz egin behar dute, eta erkidegoko bizitzarako eta ekonomiarako ekarri duten guztia aitortu.

Komunikabideak

6.24 Komunikabideek gure iritziei itxura eman. Honela: Komunikabideek, era batekoak edo bestekoak izan, kulturen eta gizarteen arteko zubi-lana egin dezakete. Komunikabideak, besteak beste, teleikusleak eta irakurleak informatzeko eta hezteko dira. Horixe da denok gogoan dugun helburua. Baina, gaur egungo munduan hainbat indar dabil tiraka, eta indar horietan handienetako batzuk direla-eta -kontrol politikoa eta merkatu-indarrak direla-eta- ez da erraza kalitateko berriak ematea eta atzerriko kulturak neurri zuzenean erakusten dituzten denbora pasako programak sortzea. Musulmanek lehen baino errazagoa dute iturri musulmanetatik sortutako berriak eskuratzea eta orain, orokorrean, hobeto dakigu zer gertatzen den Palestinan, Iraqen eta Afganistanen. Eta dena delako berriak sineskide musulmanen aurkako jazarpena nabarmentzen badu, herritarren atxikimendua eta elkartasuna piztuko du. Mendebaldean, berriz, berriek eta iruzkinek ukitu dezente abertzalegoa dute, eta, batzuetan, musulmanen aurkakoa, batez ere 2001eko irailaren 11n gertatutakoaz geroztik.

6.25 Prentsa-askatasuna eta prentsa-erantzukizuna: Herrialde askotan, kazetaritzak ez du prentsa-askatasun handiegirik; eta askatasun hori izan baden lekuetan, merkatu-indarren eta sentimendu abertzaleen eraginez, askatasun hori ardura handiegirik gabe erabiltzen da sarri askotan. Informazio objektiboa behar da, eta ikuspuntu bat baino gehiago aurkeztu behar da, estereotipoek eta gezur zuriek ez dezaten informazio fidagarriaren emaria ito.

6.26 Denbora-pasako komunikabideen eragina: Denbora-pasako komunikabideek ere arerio-irudipena gizentzen dute (14). Mendebaldeko komunikabideetan, musulman normalen irudi orekatuen behar gorria dago. Baina, edonola ere, badirudi ez ote diren gauzak neurri batean onerako aldatzen ari, eta, 2001eko irailaren 11z geroztik, Mendebaldean bizi diren musulmanak ez ote ari diren zuzenago esku hartzen Hollywooden eta Europako zine-ekoizpenetan, beren burua eta fedea irudi errealagoak erakuste aldera.

6.27 Internet eta iraultza digitala: Joera horien orpoz orpo eta aldi berean, bai Mendebaldean bai mundu musulmanean “komunikabide berriak” sortu dira. Orain, Interneti eta komunikabide digitalen ekoizpenaren eta banaketaren garapenari esker, badira beste bide batzuk, komunikabide horien kontsumitzaileak komunikabide horien ekoizleak eta zabaltzaileak ere bihur daitezen, eta pertsonen arteko zuzeneko komunikazioa izugarri areagotzeko hainbat modu ekarri digute. Internet helburu suntsitzaileetarako erabil daiteke, bai, baina beste hainbat eta hainbat aplikazio onuragarri ere badu: hain denez irekia, aparteko sarea da gizartearen elkar eraginerako, eta plaza paregabea ideiak eta informazioa elkarren artean trukatzeko. Alde horretatik, elkarrizketa eta ulermena sustatzeko gai diren ekintzaileak elkarren artean konektatuz, Internet-ek erabateko balioa du kulturen eta erlijioen arteko aldeak gainditzeko.

VII. GOMENDIOAK

Atal honetako gomendioak Nazio Batuen sistemarentzat dira, estatuentzat -legebiltzarrak eta gobernuak barne, edozein mailatakoak direlarik ere (naziokoak, eskualdeetakoak, tokikoak eta udaletakoak)-, gobernu arteko antolakundeetarako, gobernuz kanpoko antolakundeetarako eta, orokorrean, gizarterako. Eta esparru horietan abian diren ekimen eta ahalegin ugariak kontuan harturik egin ditugu. Aplika daitezen sustatzeko, ezinbestekoa da Zibilizazioen arteko Aliantzaren esparruan hainbat akordio gauzatzea, 5.18 paragrafoan zehazturik dagoen moduan.

Hezkuntza

Hezkuntzaren arloan lehenagotik ere hainbat eta hainbat jarduera dagoenez Aliantzaren helburuekin zerikusia duena, arlo honetako gomendioak, jarduera berriak abian jartzera ez baino, abian diren ahaleginak egokitzera eta zabaltzera daude bideraturik.

1. Gobernuek, alderdi anitzeko erakundeek, unibertsitateek, hezkuntzako adituek eta politikak zehazteko arduradunek banandurik eta batera lan egin behar dute, hezkuntza globala zabaltzearren, hezkuntza kulturartekoa eta giza eskubideak sustatuko dituena.

Neurri hauek hartu behar dira:

a. Lehen eta bigarren irakaskuntzan, hezkuntzak oreka eta baterabiltze-saio moduko bat lortu behar du nazio-nortasunaren eta beste kultura, erlijio eta eskualdeen ezagueraren artean, eta gobernuen ardura da hori horrela dela bermatzea.

b. Erakunde espezializatuek, UNESCOk eta ISESCOk adibidez, hezkuntza ikertzen jarduten duten erakundeekin eta eskualdeetan curricula egiteko ardura dutenekin lankidetzan aritu beharko dute, esparru honetan lehenagotik dauden baliabideak ikasgeletan benetan erabili ahal izateko moduan egokitzeko (esate baterako Gizateriaren Historiari buruzko serieak eta Eskualdeetako Historiei buruzko Egitasmoa), eta estatu kideetan baliabide horien berri zabaltzeko eta alferrik ez galtzeko estrategia bat egiteko eta aplikatzeko.

c. Era berean, beste estrategia bat ere zehaztu beharko da, giza eskubideei buruzko heziketa-materiala zabaltzeko, UNESCOk eta ISESCOk dagoeneko egina duten lanetik abiaturik eta dagoeneko arrakasta izan duten beste ekimen batzuetatik abiaturik, horra hor, esate baterako, Giza Segurtasunerako Sarearen “Giza Eskubideetan Hezteko Eskuliburua”.

d. Irakasle-eskola batzuetan, historia eta geografia unibertsaleko adituek historia unibertsaleko curriculumeko eduki eta baliabide pedagogikoak garatzen dihardute. Bada, emaileek, bai emaile publikoek bai pribatuek, irakasle-eskola horiei ikerketa-bekak eta hitzaldietarako eta eskualde arteko trukaketetarako funtsak eman behar dizkiete.

e. Islamak bildu duen ondarean zati batzuek aniztasunari, arrazionaltasunari eta metodo zientifikoari buruz dihardute. Bada, emaile publiko eta pribatuek ikasketa espezializatuetako erakundeei ondare-zati horiek atzera berriro editatzen eta Interneten hainbat hizkuntzatan denon eskura jartzen lagundu behar diete.

f. Gizarte osora zuzenduriko hezkuntza-ahaleginetan ere lagundu behar dute emaile publikoek eta pribatuek, bai Mendebaldean bai gehiengo musulmaneko herrialdeetan, eta, horretarako, arte-adierazpenak, zine-jaialdiak, heziketa-bidaiak eta hitzaldi espezializatuak/hezitzaileak finantzatu behar dituzte, baina, beti ere, kultura guztien aberastasuna zabaltzeko eta kultura horien arteko elkar eragitearen garrantzia nabarmentzeko balio baldin badute.

g. Kulturen arteko elkarrizketa eta ulermena irakasten eta ikertzen diharduten adituei laguntzearren, arlo publikoek eta pribatuek funts bateratu bat osatuko dute.

2. Ikastetxeetan, bereziki bigarren hezkuntzan, komunikabideei buruzko prestakuntza-programak abiarazi behar dira, berriak ikusi edo entzuten dituztenean kontsumitzaileei burua argi eta kritika-bahea prest izaten laguntzeko.

Alde horretatik, Europako Segurtasun eta Lankidetzako Erakundeak badu ekimen bat, komunikabideak ezagutarazteko eta Interneten berri erakusteko, hartara, uste okerren, aurreiritzien eta gorroto-sena ernarazteko moduko hizkeraren aurka borrokatzeko, eta halako ekimenak abiapuntu baliagarriak izan daitezke.

3. Erlijio-arduradunek, hezkuntza-politiken arduradunek eta erlijio arteko gizarte-erakundeek batera jardun beharko dute, erlijioa irakasteko jarraibide bateratuak adosteko ahaleginetan.

Nazioartean erlijio arteko hainbat ekimen garrantzitsu dabil eta hezkuntza-politikako hainbat eta hainbat etxe ere ari da ikastetxeetan erlijioak irakasteko ereduak ikertzen (15). Gaur egun ahalegin horietan dabiltzanak elkarlanean aritu beharko dira ea lortzen duten erlijio-buruzagiak eta hezitzaileak ados jartzea eta garbi ikustea hango eta hemengo hezkuntza-esparruetan munduko hainbat erlijioren berri irakatsi behar dela, eta, horretarako, praktika, jarraibide adostu eta hezkuntza-baliabide hobeak behar direla bildu eta zabaldu. Azken helburua oinarrizko material batzuk eskaintzea da, ikastetxeek eta erlijio-ikastegiek sinesmen nagusiak irakasteko erabil ditzaten. Agintariek erlijio-eskolak erregistraturik izan behar dituzte, eta eskola horien curriculak ezin du beste erkidego batzuen aurkako gorrotoa sustatu, eta hori hala dela bermatzeko, behar hainbat jarraibide eta baliabide abiarazi beharko da. Baina, beste alde batetik, ez litzateke irakaskuntza-askatasuna edo kultu-askatasuna mugatzeko moduko neurririk hartu behar.

4. Gobernuek eta nazioarteko erakundeek, elkarri lagunduz, curricula horiek aztertzeko batzordeak sortu beharko dituzte. Arlo horretako adituek eta erlijio-tradizio nagusietako ordezkariek osatu beharko dituzte batzorde horiek, eta hezkuntzako curricula zabalduenak aztertzeko ardura izango dute, egiaztatzeko ea erlijio-sinesmenak alderdikeriarik gabe, zorrotz eta oreka galdu gabe azaltzen dituzten eta ea ez dituzten ez sinesmena bera -bat ere ez- ez jarraitzaileak iraintzen.

Batak bestearena aztertzeko tresnaren bat abiarazi beharko litzateke, beste erlijioak irakasteko orduan alderdikeriarik ez erabiltzea zer den, zuzentasuna zer den eta oreka zer den zehazteko, jarraibide horiek eskualde guztietan zuzen erabiltzen direla bermatzeko, eta herrialdeei eskatzeko elkarrekin lan egin dezatela, beren hezkuntza-sistemetan helburu horiek lortze aldera.

5. Estatu kideek eta alde anitzeko antolakundeek, esate baterako Biltzar Islamikoaren Antolakundeak eta Europar Batasunak, saiatu beharko lukete, denek batera, hezkuntzan aplikatu beharreko neurriak aplikatzen, kulturen arteko tolerantzia eta errespetua, gizartearen parte hartzea eta gizartearen engaiamendua indartze aldera.

Neurri hauek hartu behar lirateke:

a. Hezitzaile-sareen bitartez, irakasleak prestatzeko ekimenen bidez eta curricula-kudeatzaileentzako deialdien bidez, hezkuntzako materiala zabaltzea. Balio handiko beste material batzuen artean, UNESCOren irakaskuntza-materialak eta -programak banatu beharko dira, adibidez, Ikastetxe Elkartuen Planeko Sarea (IEP sarea), Demokraziarako Kultura, Kultura Islamikoaren Hainbat Alderdi, tolerantzia: bakearen atari, eta Bake Kulturak.

b. Gazte eta helduen artean herritar arduratsuak izan beharra eta esku hartze demokratikoa sustatzen duten jarduerak identifikatzea eta diruz laguntzea, eskolako ohiko curricula, eskolaz kanpoko programak eta gizarte-elkarteak ere jarduera horien artekotzat harturik. Programa horien barnean, giza eskubideen eta zuzenbide-estatuaren arloko heziketa ere jaso beharko da, eta komunikabideen bidez alfabetatzeko irakas-materiala ere gararatu beharko dute, muturreko joeren aurkako lehen babes-lerro gisa.

c. Gazte eta helduen gaitasunak gizarte-ekintza konstruktiboetan baliatzea, esate baterako, erkidegoaren alde lan egiten ikasteko programetan, eta halako ikasketa-atalak abiaraztea, diploma edo egiaztagiridun programetara loturik.

6. Gobernuek, nazioarteko erakundeek, administrazioek eta teknologia-enpresek, elkarrekin lanean, Interneterako sarbidea zabaltzen saiatu behar dute, gogoan gehiengo musulmaneko herrialdeak harturik batez ere.

Biltzar Islamikoaren Erakundeak (BIEk) ekin behar lioke lanari, eta kideturik dituen estatuek betetzeko helburuak zehaztu, helburu gorazaleak baina lortzeko modukoak (hala nola, mundu musulmaneko lehen eta bigarren hezkuntzako eta unibertsitateetako gela bakoitzean 2020an ordenagailu bana izatea, Internetarako sarbidea eta guzti), eta, horretarako, helburu hori iristen laguntzeko moduko teknologia-enpresak, inbertitzaileak eta gainerako bazkideak bildu. Arlo horretan abian diren saiakera-programen arduradun nagusiei eta garapen-bidean diren herrialdeetan programarik baduten teknologia-enpresei zer-nola egiten duten galdetu, eta, erantzunetatik ikasitakoak, BIE bitartez, estatu kide bakoitzeko gobernuei azaldu beharko zaizkie. BIEk Interneteko Gobernu Foroarekin lankidetzan aritzeko ardura ere izango du, herrialde musulmanetan internet lasterrago eta prezio egokian eskuratzeko bideak garatzeko. Foro hori Informazio Gizartearen Mundu Biltzarraren ondoren sortu zen (Tunezen egin zen biltzar hori). Eta ez ahaztu “ordenagailu eramangarri bat ume bakoitzeko” eta antzeko programak. Halakoekiko lankidetza ere sustatu beharko da, garapen-bidean diren herrialdeetako milioika umek ikasketak egiteko aukera hobeak izatea lortu nahi baitute.

7 Eta, hezkuntzaren eraberritzearen barruan, derrigorra da gobernuek, hezkuntzan, berriz ere ikuspuntu integratzaileei heltzea.

Garapen-bidean diren herrialdeetan, hezkuntza eraberritzeko ahaleginetako askok hezkuntza teknikoari eta praktiko garbi-garbiari eman diote garrantzirik handiena, langabezia handia mugatzeko, nolabait. Jakina, joera horrek badu alde positiborik, baina, batzuetan, hezkuntza lanpostuaren beharretara zorrotz-zorrotz lotu izateagatik, garapen-bidean diren herrialde askotan humanitateei eta gizarte-zientziei arreta txikiagoa eskaini zaie eta arlo horietan prestatzeko aukera gutxiago egon da. Eta, mundua geroz eta gehiago mundu konplexua eta askotarikoa izanik, beharrezko pentsamendu kritikoa garatzeko eta gauzak ulertzeko gaitasuna eta egokitzen jakiteko gaitasuna garatzeko, ezinbestekoa da hezkuntza baterabiltzailea eta orekatua izatea. Horregatik, hezkuntza eraberritzeko ahaleginetan, edukien arteko oreka lortzen saiatu behar dugu, batez ere lehen hezkuntzan eta bigarrenean.

Gazteak

1. Gazteen Batasun Nagusia sortu beharra dago, gazteek ere lagundu dezaten txosten honetan ageri diren gomendio guztiak betetzen (guztiak ordea, eta ez “gazteen” atalean ageri direnak bakarrik).

Gaztediaren Elkartasun Funts Nagusi baten laguntzaz, ekimen horren haritik, beharbada, lehenengo gauzetako bat izan liteke hainbat gazte-sare eta gazte-elkarterako deia egitea eta mugiaraztea, elkarrizketa, batasuna eta bake-kultura sustatzearren. Antolakunde horiek lanean hasiak dira, hainbat bilera antolatzen. Bilera horietan, jatorri bateko eta besteko gazteek ekintza-programa bat zehazteko aukera izango dute, gero programa hori mundu zabaleko buruzagiei aurkezteko eta haien sostengua eta laguntza eskatzeko. Eta, egin den azterketa batean, aplikazioan esku hartzeko moduko 468 gazte-antolakunde identifikatu dira, 125 herrialdetan.

2. Eta Estatu Batuek, Europar Batasunak eta Biltzar Islamikoaren Erakundeak ere badute elkarrekin zer egina: helburu modura, beraien herrialdeen arteko gazte-trukaketak, kopuruz, eskualde arteko trukaketa-zerrendako azken tokietatik lehen tokietara eramatea. Eta denetan lehenetsi beharrekoak denbora luzerako trukaketak izango dira, eta talde-trukaketak, eta eliteez gainera beste gizarte-maila batzuei ere esku hartzen uzteko bezain besteko diru-laguntzak dituzten trukaketak.

Lehenagotik datozen programa arrakastatsuak zabaldu egin behar dira, lehentasun horri bidea emateko: eta, horrenbestez, Erasmus Programa eta Universaria sarea zabaldu egin behar dira, gehiengo musulmaneko herrialdeei ere ateak zabaltzeko; Euromed Gazteria Programa ere hurbileneko eskualde mediterraniarra baino haratago zabaldu beharko da, Europako eta Erdialdeko Ekialdeko herrialde guztietara iriste aldera; eta Estatu Batuetako Bake Taldearen Programak orain baino lan handiagoa egin beharko du gehiengo musulmaneko herrialdeetan. Trukaketen alde gobernu gehiagok egin ahala, orduan eta emaile pribatu gehiago agertuko da, bide horri jarraitzeko prest. Eta, trukaketa-kopuruak ez diezaion kalitateari ezer kendu, baliabide horietako batzuk helburu osagarri hauek lortze aldera bideratu beharko dira:

a. trukaketetan kanpoko ikasleak hartzen dituzten unibertsitateek eta beste erakundeek egitura-kontuetan laguntza handiagoa ematea.

b. gizarte zibiletik datozen eta arautu gabeko heziketaren eta irakaskuntzaren printzipioetan eskarmentua duten erakundeek gazte arteko trukaketa-bideratzaileak prestatzea;

c. trukaketek arrakasta izateko beharrezko ikuspuntu pedagogikoei buruzko ikerketen emaitzak lortzea eta jendartean zabaltzea. Eta, lan horretan laguntzaileak izan litezkeenak aipatzearren, horra hor, Europako Batzordea, Anna Lindh Fundazio Euromediterraniarra eta baita praktikan bai ikerketetan aritzen diren gobernuz kanpoko erakundeak ere.

3. Erlijio-buruzagiek eta gizarte zibileko eragileek web gune-sare bat iruteko ardura hartu beharko dute, gazteak erlijio-adituekin konektatzeko, eta, haiek, berriz, gazteen gaur egungo erronken gainean hitz egin diezaieten,sortze-gogoa ernatzeko moduan.

Beste aukera bat da gune horietan, eta erlijio-adituen zuzendaritzapean, eztabaida-taldeak antolatzea; erlijio-idazkiak ulertzeko moduak azaltzea eta ulermen-modu horiek ikuspuntu murriztaileak zalantzan jartzea; gazteek beren erkidegoetan esku hartzeko ideiak eta baliabideak bultzatzea; eta gazteei laguntzeko sareetarako lotuneak eskaintzea. Baliteke, horretarako, beste web gune batzuk sortu behar izatea, baina, hasteko, orain ere izan badiren guneetako zuzendariak, adibidez Beliefnet, Islam-Online eta MuslimHeritage, tartean diren gizarte zibileko taldeekin eta erlijio-buruzagiekin harremanetan jarri beharko genituzke, haiek zehaztu ditzaten sarean esku hartzeko irizpideak eta arriskuan diren gazteengana iristeko estrategiak landu ditzaten.

4. Gizarte musulmaneko eta Mendebaldeko emaile publikoek eta pribatuek Kultur Funts eta Sare Zerbitzu bat sortzeko ardura hartu behar dute, elkarrekin lanean, hartara, artista, idazle, musikari, zinegile eta halako gazte musulmanak Mendebaldeko bide-lagunekin eta kultur industriako zuzendariekin harremanetan jar daitezen.

Helburua izango litzateke kultura musulman garaikidea beste gizarte batzuetan zabaltzen laguntzea, eta, aldi berean, elkarrizketaren eta elkar ulermenaren aldeko apustua egitea.

5. Gazte-enplegurako estrategia adostua diseinatu behar da, eta, horretarako, tartean interesa duten alderdien halako batasun bat sortu beharra dago. Hau da, gazteen enplegua sustatzea zer den badakiten erakunde alderdi anitzekoekin eta gizarte zibileko erakundeekin batasun moduko bat egitea da kontua, eta batasun hori sostengatzea, gero hura saiakerak egiten has dadin -oinarri zabalekoak behar dira izan-, batez ere gazteen langabezia eta alienazioa arazo larria den herrialdeetan.

Gazte Enplegurako Sareari (16) eta gobernuz kanpoko hainbat erakunderi galdetu diegu ea zer iritzi duten eta, eta agi denan ekimen horrek harrera ona izango luke, eta gazte-enplegurako “leihatila bakarraren” moduko ereduek nazio-mailan behinik behin arrakasta izan dute (lanerako prestakuntza, lan-ibilbidea osatzea, lan-elkarrizketak prestatzea, lan bila aritzea, lanean hastea, laneko aholkularitza eta baita mikrokreditu bidezko finantzaketa ere leihatila bakarrera biltzea).

6. Neskato eta emakume gazteen elkarte, sare eta antolakundeen artean, neskatoen hezkuntza bultzatu nahian dabilenik baldin bada, emakumeek gizartearen alderdi guztietan esku hartu ahal izateko plataformak garatzen dituenik baldin bada, edo emakumearen egoera hobetzeko beste egitasmorik darabilenik baldin bada, emaile publiko eta pribatuen elkarteek haien alde egin behar dute.

Munduko leku askotan, genero-berdintasunerako aurrerabidea ikaragarri mantsoa da, edonor gogaitzeko bezain geldoa. Eskolara joaten ez diren 130 milioi umeen artetik, ehuneko hirurogeita hamarra neskak dira. Irakurtzen ez dakiten 960 milioi helduen artetik, hirutik bi emakumezkoak dira, eta munduko mila milioi pertsona txiroenen artetik, bostetik hiru emakumeak eta neskak dira (17). Baina herrietan, eskualdeetan eta nazioetan lanari ekinik, baliteke oreka lortzea. Eta, bereziki, gizarte zibilean badira antolakunde batzuk saiatzen direnak emakumeentzako ikasketa-aukera hobeak, enplegurako aukera gehiago, eta bizi-baldintza hobeak lortzen, eta antolakunde horiei laguntzea ez litzateke batere txarra izango, bidegabekeria horiek zuzentze aldera.

Migrazioa

Arlo honetan hainbat gomendio eginagatik ere, gogoan izan etorkinik gehien duten herrialdeetako gobernuak orain ere ari direla, serio, haien integrazioa errazteko ahaleginetan. Orain arte ere gai honen inguruan hainbat eztabaida egin da, eta eztabaida horien emaitzak dira hemen jaso ditugun gomendioak, helburuz, abiaturik diren ahaleginak indartzera datozenak. Edonola ere, ekimen batzuek integrazioak arrakasta izateko lagungarriak dira, hala nola, Jatorrizko eta jomugako herrialdeetan lanerako migraziorako politika eraginkorrak egiteko eskuliburua(18), eta Migrazioari eta Garapenari buruzko Mundu Biltzarra, Nazio Batuetako Idazkari Nagusiak proposatua, txosten hau egin dugun aldi berean.

1. Etorkin-jende asko duten herrialdeetako gobernuek pizgarri gehiago, lagungarri gehiago eta ikastetxeetarako finantza-bide oparoagoak eskaini beharko dituzte, gazteek erkidegoaren alde eta gizartearen alde lan egiten ikasteko programetan esku hartzea sustatzeko, eta baita zeregin horretan ikastetxeei laguntzen diharduten erakundeetarako ere.

2. Udal-gobernuek eta toki-fundazioek erkidegoaren alde egiteko gazte-antolakundeak sortzeko laguntza handiagoa eman beharko dute.

Programa baten zein bestearen bidez, etorkin gazteek errazagoa izango dute beren buruak ikastetxea baino erkidego zabalagoetan kokatzea, eta, beste gazte batzuekin batera, gizartean elkar eragitea eta gizartearen alde lan egitea zer den ikasteko aukera izango dute, zuzen-zuzenean.

3. Gizarte zibileko beste erakunde batzuek, berriz, gurasoak ikastetxeko zereginetan estuago loturik egotea lortzeko beharrezko laguntza-baliabideak sortu nahian ari dira etorkin-jendarteekin lanean, eta, beste batzuek, aldiz, informazioa eta heziketa dute eskaintzen, etorkinen prestakuntza hobetzearren. Bada, emaile publiko eta pribatuek erakunde horien finantzaketa handitzeko ardura hartu beharko dute.

Hainbat oztopok mugatzen edo eragozten du gurasoek ikastetxean esku hartzea, eta baliabide horiek oztopo horiei ekiteko balioko lukete (esate baterako, oztopoetako batzuk aipatzearren, hizkuntza, garraio-arazoak eta garraioaren garestia, lanaren edo etxeko lanen ondoren denborarik ez izatea, edo ikastetxean nola esku hartu ez jakitea). Ahalegin horiek eginez gero, baliteke etorkin gazteak gizartean hain alienaturik ez egotea, alde horretatik aurrera nabarmen egitea, eta “bi mundutan” bizi ez ote diren irudipen hori indarrik gabe uztea ahalik eta gehiena: munduetako bat etxekoena da, gurasoena batez ere, eta, bestea, eskolako lagunena eta irakasleena. Integraziorako beste laguntza handi bat aholkularitza-programak garatzea izan daiteke, haien bidez, etorkinei arau juridikoak, ohiturak eta gizartean esku hartzeko bideak hobeto ulertzen laguntzeko. Era berean, talaia eleanitz moduko bat sortzea ere lagungarria izango litzateke, lege-aldaketaren batek etorkinei eragiten baldin badie, hain zuzen ere aldaketa hori haiei jakinarazteko.

4. Eta, etorkinak lana lortzeko eta etxea lortzeko nola dabiltzan jakiteko, edo osasun-zerbitzuak, gizarte-zerbitzuak, hezkuntza-zerbitzuak eta jendearentzako beste zerbitzu batzuk erabiltzen nola dabiltzan jakiteko, datu-bilketak kontinente osoan bat eta berbera izatea lortu behar da, eta Europar Batasunak eginkizun horretan estatu kideei laguntzeko ardura du.

Datu horiek lortuz gero, Europako Arrazakeriaren Behatokiari (EUMCk) eta antzeko beste ikerketa-erakunde batzuei eta gobernuei errazagoa izango zaie etorkin-jendearen aurkako bazterkeria borrokatzeko ahaleginetan aurrera ote goazen jakiteko jarraipena egitea. Eta, horrela, era berean, errazagoa izango da ikustea ea gobernuen, enpresen eta gizarte zibileko erakundeen politika eta ekimenen artetik zeinek izan duten arrakasta bazterkeriaren aurkako ahaleginetan, hartara, hala aitortzeko (eta baita Europar Batasunak denen aurrean saritzeko ere), bide beretik ikertzen jarraitzeko, agian herrialdekako urteroko txostenetan jasotzeko, eta beste leku batzuetan ere gauza bera egiteko.

5. Erlijioen arteko harremanek eta/edo etorkinen integrazioak kezkarik eragiten baldin badie, emaile publiko eta pribatuek diru gehiago jarri beharko lukete etorkinen erkidegoetan bertan elkarrizketa eta erkidego-antolaketa sustatzeko.

Ekimen horietan gehiago lagunduz gero, errazagoa izango da etorkin-jendarte horietan Amerikako eta Europako gizarteetara behar bezala egokitutako buruzagiak agertzea (baita erlijio-buruzagiak ere), eta baita beste elkarte eta sare batzuk agertzea ere, eta elkarte-sare horiek ordezko egokiak izatea beste erkidego batzuekiko eta erakunde publikoekiko kulturen arteko eta erlijioen arteko elkarrizketarako.

6. Etorkin-jendarteen buruzagiek eta harrerako herrialdeetako agintariek elkarrekin beste zeregin bat ere badute: dibertsitateari zor zaion begirunea eta erkidegoen arteko harreman onak bultzatzen laguntzeko moduko materiala sortzea (hala nola, Interneteko buletinak, iragarkiak eta herri-administrazioetako zirkularrak).

7. Ipar Amerikako eta Europako unibertsitateek eta ikerketa-zentroek orain baino ikerketa zabalagoak egin behar dituzte etorkin-jendarteek Amerika eta Europako ekonomiarako, kulturarako eta gizarterako egiten dituzten ekarpen garrantzitsuen gainean. Eta, mundu islamdar eta musulmanarekin zerikusia duten gai jakin batzuen inguruan mundu musulman horretatik datozen argitalpen batzuk sustatzeko ardura ere hartu beharko lukete.

Gero, etorkin-jendarte horien ezinbesteko zereginari buruz datu fidagarririk behar badute, politikariek eta kazetariek oinarri modura ikerketa horiek erabili ahal izango dituzte. Baten batek etorkinen alde egiteko ardura hartzen badu, argi eta ozen, jendarte horiek ez dute beren burua hain alienaturik ikusiko, eta inmigrazio-politikei buruzko eztabaidak aurrera egiteko bidea izango du, arrazakeriaren eta xenofobiaren itzalpe ilunetik kanpora geratuko baita. Ezinbestekoa da komunikabideetan bazterkeria borrokatzeko kanpaina bat egitea, eta, horretarako, etorkinei buruzko hainbat mezu erabili beharko da, etenik gabe; eta askotarikoa izatea herrialde ororentzat zer-nolako abantaila den adierazi; eta etorkinek zer-nolako ekarpenak egiten dituzten; eta estereotipoak zein arriskutsuak diren. Kanpaina horretan garbi-garbi adierazi beharko litzateke herrialde batean bizi diren pertsona guztiek dutela kalitateko zerbitzuak eskatzeko eta eskuratzeko eskubidea; baztertzen baldin badituzte, protesta egiteko; eta konponbide egokiaren bila saiatzeko eskubidea.

8. Lankidetza areagotzeko eta migrazioaren eta garapenaren planteamendu bateratu bat lortzeko, gobernuek Migrazioari eta Garapenari buruzko Foro Orokorrean esku hartu behar dute.

Foro aholku-emaile horri esker, gobernuek elkar ulermenerako oinarri batzuk zehazteko aukera izango dute, migrazio-politiken baitako alderdi guztien artetik garapenerako aukera zabalagoak ematen dituztenen inguruan. Eta migrazioak harrerako herrialdeetara zer-nolako abantailak dakartzan garbiago ikusteko aukera ere izango da.

Komunikabideak

1. Komunikabideetako profesionalek jarrera-kodeak sortu, bideratu eta aplikatu behar dituzte, nahi duenarentzako.

Hitzek eta irudiek izugarrizko eragina dute gure mundu-ikuskeran: Eta komunikabideetako profesionalek botere hori tentuz eta neurriz erabili beharra daukate. Alde horretatik, informazio zehatzak ematea ezinbestekoa da, baina ez da nahikoa. Kazetariek eta komunikabideetako zuzendariek begi zabalik egon behar dute beti, ea beren editorialetako iritziek eta berrietatik uler daitezkeen iritziek zer-nolako eragina duten jendeak gai jakin bati buruz duen iritzirako. Elkarte batzuek sortu dituzte, bai, zenbait arau, esate baterako Kazetarien Nazioarteko Elkarteak, baina elkarte profesionalek ez dituzte, adibidez, medikuntzako eta zuzenbideko profesionalek beraien jarraibide profesionalak eta jarrera-kodeak betetzen dituzten bezain zuzen eta zorrotz betetzen eta kontrolatzen. Arau horiek betetzeak berebiziko garrantzia du bai krisialdietan -halakoetan herritarren sentimenduak eta beldurrak lehertu beharrean izaten baitira- eta baita erlijioaren eta politikaren arteko banalerroaren gainean ibili behar dugunean ere. Eta prentsak duen erantzukizunari arreta handixeagoa eskaintzeak ez du esan nahi -eta ez luke hala izan behar- prentsa-askatasunaren alde egin ezin denik.

2. Kazetari-eskolek, interesa izanez gero, prestakuntza-programa bereziak sortu behar lituzkete, kazetariek nazioarteko arazo nagusiak hobeto uler ditzaten, batez ere erlijioa eta politika nahasten diren kontuetan, eta jendeari informazio fidagarria eta orekatua emateko gaitasun handiagoa izan dezaten.

3. Eskola-munduko, erlijioetako, politikako, kulturako eta gizarte zibileko pertsonarik adierazgarrienek komunikabideei kulturen artean elkar ulermen hobea lortzeko moduko edukiak eman behar lizkiekete (iritzi-artikuluak, iruzkinak eta bideo edo audio-itxurako adierazpenak), batez ere krisialdietan.

Kulturen eta erlijioen arteko ulermen handiagoa nahi dutenek ezin dituzte horretarako momenturik egokienak alferrik galdu, hau da, Mendebaldeko gizarteen eta gehiengo musulmaneko gizarteen arteko harremanak puri-purian daudenean eta zuzendariak eta erredaktoreak halako edukien bilia ari direnean. Krisialdietan mundu zabaleko erredaktoreei eta zuzendariei berehalako erantzunak eskaintzen bazaizkie, baliteke gure esku ere egotea herritarrek, gertakari jakin batzuen garrantzia eta esanahia direla-eta, ikuspuntu eraikitzailea izatea edo, aldiz, muturrera jotzea. Komentario-egileek nahikoa sona badute, gauza egokiak esaten badituzte, eta tokian tokiko hizkuntza badarabilgu, erantzun horiek errazago erabiliko dituzte. Halako sistemen hainbat eredu dago eta arrakasta izan dute, nahiz eta mundu osoan ez.

4. Jendeak beste kulturekiko duen jarrera hobetzeko gogoz lan egiten duten komunikabide gehiago behar dugu, eta emaile publiko zein pribatuek baliabide gehiago erabili behar dituzte komunikabide horiek sortzeko.

Diru gehiago eman beharko litzateke kulturen eta gizarteen arteko elkar ulermena hobetzeko programetarako. Gidari-programa batzuek, esate baterako, arrakasta baldin badute, finantzaketa komunikabideetatik lortzen dute, serie modura, eta halako programak ekoizteko ematen bada dirulaguntza, diru horiek beste hainbat eta hainbat programa sortzeko gidari modura balioko dute, inbertsio handiegirik gabe. Ahal dela lau ekoizpen-mota lehenetsi behar dira:

A ekoizleek lortua dute komunikabide-kate baten sostengua eta taldekako egitasmo batean edo koprodukzio batean ari dira lanean, kulturen eta erlijioen mugak gainditzeko moduan.

b. ekoizlearen heziketa-edukiak denbora-pasako formatu berriztatzaileak eta edonorentzako modukoak erabiliz transmititzeko dira eta/edo mundu osoaren arreta erakartzeko moduko ikuskizun handietan zabaltzeko (Munduko Kopan, Joko Olinpikoetan eta abar);

c. dena delako ekoizpena gazteentzako da bereziki, eta batetik bestera dabiltzan estereotipoak gainditzeko ahalegina egiten du, adibidez, bideo-jokoak, marrazki bizidunak edo gazteentzako web guneak, baina kulturen eta sinesmenen arteko elkarrizketa eraikitzailea bideratu behar dute, etenik gabe.

d. telebista-serieak, hainbat hizkuntzatakoak, gizarteen arteko harremanen alderdi historikoak, sozialak eta psikologikoak lantzen dituztenak, eta asmoa elkar ulermena sustatzea dutenak.

5. Telebistak eta zinemak kulturen arteko harremanetan duten eraginaz interesik baldin badute, gizarte zibileko eta masa-komunikabideetako ordezkariei arnasa eta laguntza eman behar litzaieke, kulturen arteko elkar ulermena hobetzeko moduko filmak eta halako beste eduki batzuk sor ditzaten.

Produktoreei eta gidoigileei ere lagundu behar zaie (batez ere Hollywoodekoei baina ez haiei soilik), gizarte zibileko eragileei eta osasun publikoa ikertzen dutenei laguntzeaz bat, elkarrekin lan egin dezaten ea zinemak eta telebistak gure jarreretan eta jokabideetan zein eragin duten nolabait neurtzea lortzen duten eta ea hasten diren sarriago musulman normalak erakusten eta baita ia inoiz agertzen ez diren erkidego horietako jendea erakusten, edo komunikabide herrikoietan estereotipo gaiztoen itzalpean agertzen direnak erakusten (19).

6. Gobernuek, komunikabide-antolakundeek eta gizarte zibilak, elkarrekin lanean, Internet kulturen arteko elkarrizketa-bide modura erabiltzea sustatzeko programak sortzen saiatu behar dute.

Internet berebiziko informazio-tresna da, mundu osoko hedabideetarako eta hainbat eta hainbat baliabideetarako atea zabaltzen duena. Horregatik da hain garrantzitsua, gure ustez, interneterako sarbidea orain baino dezente gehiago zabaltzea (ikus hezkuntzari buruzko 6. gomendioa). Baina Internet arrazei buruzko estereotipoak eta muturreko iritzi itsuak zabaltzeko ere erabil daiteke, baita neurri gabe ere, eta gorrotoa eta bortxa zabaltzeko bidea eman. Zabalbide horri muga jartzeko, Internet elkarrizketarako tresna gisa eta kulturen arteko ulermenerako tresna gisa erabiltzea lortu behar da, eta, horretarako, hala darabilten ekimen guztiak sustatu behar dira, garbi-garbi.

7. Hedabideek mundu islamikoaren eta Mendebaldeko munduaren arteko harremanak nola islatzen dituzten jakiteko jarraipen-saio moduko bat egin behar da, horretarako lanak elkarrekin eta hainbana eginez, hartara, hedabideak goitik behera berraztertzeko eta gizarte musulmanaren eta Mendebaldeko gizarteen arteko harremanak hobeto islatzeko ahaleginak saritzeko.

Batak besteari berrazterketa kritikoak eginez gero eta, beste alde batetik, jarraipen hori egiteko ardura duten agentziak luze-zabal ordezkatzeko moduko koalizio batek sari batzuk emanez gero -esate baterako, Europar Batasunak, Biltzar Islamikoaren Erakundeak eta gizarte zibileko erakunde batzuek sorturikoak-, erkidego bakar bateko hedabideetan oinarrituriko banakako ahaleginekin baino hobeto ikusteko moduko irudi publikoa sortuko dugu eta legitimitate handiago lortuko dugu.

8. Emaile publikoek eta pribatuek “arrisku-funts” bat sortu behar lukete, baliabide eta kultur material sentsazionalistak eta estereotipoz josiak bultzatzen dituzten merkatu-indarrei aurre egitearren.

Mendebaldeko gizarteek gizarte musulmanei buruz duten iritzia eta haiek mendebaldeko gizarteei buruz dutena giza legera biltzeko eta normalizatzeko moduko filmik, obrarik edo beste kultur ekoizpenik ematea erabakitzen badute, zine-aretoek, antzeztokiek, museoek, argitaletxeek eta bestelako kultur erakundeek segurtasun-funts moduko batera sartzeko aukera izan behar dute, galera-arriskuak direla-eta. Adibidez, polita litzateke Mendebaldeko herrialdeetan emakume musulman ospetsuen istorioak kontatzea, edo giza eskubideen eta gizarte-justiziaren alde egiteagatik ospetsu bilakaturiko judutarren istorioak erakustea herrialde musulmanetan, edo estereotipo nagusiak indarrik gabe uzten dituzten literatur klasikoak erakustea, bai musulmanak bai Mendebaldekoak.

9. Gertakari mediatiko handiak, kultur gertakari handiak eta kirol gertakari handiak bere helburuak lortzeko erabili behar ditu Zibilizazioen arteko Aliantzak, ezin ditu alferrik galdu.

Estatuetara eta nazioarteko erakundeetara mugatzen baldin bagara, zailagoa izango da Zibilizazioen arteko Aliantzaren helburuak lortzea. Ezinbestekoa da, ezinbestekoa, nazioarteko iritzi publikoa mugiaraztea. Eta kultur eta kirol-gertakariak aparteko aukera dira jendarte zabalenetara iristeko. Horregatik da komenigarria gertakari horiek Zibilizazioen arteko Aliantzaren helburuak sustatzeko erabiltzea.

VIII.- GOMENDIOAK BETETZEA

NBEko Idazkari Nagusiak Goi Mailako Talderako eman zuen aginduan eskaturiko ekintza-planaren zati nagusia txosten honetan jaso ditugun gomendioek osatzen dute. Eta hainbat gobernuk, alde anitzeko erakundek eta gizarte zibileko ordezkarik (20) Zibilizazioen arteko Aliantzari zein erantzun ona eman dioten oinarritzat harturik, gomendio hauek bultzatzeko ere erakunde horiek dezenteko laguntza eta interesa erakutsiko dutela uste du Goi Mailako Taldeak. Badakigu proposamen horietako batzuen antzekorik lehenagotik ere badela martxan edo egiteko asmotan. Ahalegin horiekin ahalik eta etekinik handiena lortzearren, jendartean ahalik eta eraginik handiena izan dezaten, eta txosten honetako gomendioak betetzeko behar den hauspo-indarra ez galtzearren, gure ustez Nazio Batuek neurri hauek hartu behar lituzkete:

1.- NBEko Idazkari Nagusiak Zibilizazioen arteko Aliantzarako ordezkari nagusi bat izendatu behar luke. Haren esku egongo litzateke txosten honetako gomendioak betetzen ote diren ikuskatzea eta Aliantza ezkutaturik ez dela geratuko eta aurrera jarraituko duela bermatzea. NBEko Idazkari Nagusiak ordezkari nagusi hori hortxe izango luke, lagungarri, erlijioa eta kultura direla-eta erkidegoen artean pizten diren tirabirak baretzeko, krisi-garaitan. Ordezkari Nagusiari sona handiko pertsona-talde batek lagunduko lioke eginkizun horiek betetzen.

2.- Ordezkari Nagusiari laguntzeko bulego txiki bat sortu beharko litzateke. Eta bulego horren lehen lana izango litzateke txosten honetako gomendioak praktikan jartzeko exekuzio-plan zehatz bat egitea. Plan horren baitan gauza hauek ere jaso behar dira:

a) nazioartean, nazioetan eta toki-mailan hainbat erakunde publiko eta pribaturekin elkarte-harremanak eta akordioak sortzea, hainbat egitasmo zehatz elkarrekin gauzatzeko.

b) Zibilizazioen arteko Aliantzaren ekimenak eta jarduerak garatzeko, indartzeko eta jendartean zabaltzeko aukera ematen baldin badute, datozen urteetarako dagoeneko programaturik dauden biltzar eta bilera nagusietan esku hartzea (21).

3.- NBEren itzalpean, Zibilizazioen arteko Aliantzarako Foro bat sortu beharko litzateke. Horrela, gobernuetako, nazioarteko erakundeetako, gizarte zibileko eta arlo pribatuko ordezkariek elkar topatzeko leku bat izango lukete, elkarteak sortzeko eta lanerako konpromisoak adierazteko.

4.- Gizarte zibilaren esku-hartze eta inplikazio orokorra bermatzearren, Aliantzaren Kontseilu autonomoak bultzatu eta sustatu beharko lirateke, nazioetan, eskualdeetan eta/edo herrietan. Erakunde horiek lotune-lana egingo lukete, Aliantzarekin zer ikusia duten jarduerak exekutatzeko eta koordinatzeko.

5.- Nazio Batuen Batzar Nagusiaren 62. bilera-aldiko gai-zerrendan beste puntu bat sartu edo ez aztertu beharko litzateke: puntu hori Zibilizazioen arteko Aliantzari buruzkoa izango litzateke.

6.- “Zibilizazioen arteko Aliantzaren Funtsa” sortu beharko litzateke, kulturen arteko gaietan munduaren elkar laguntza sustatzeko, eta erkidegoen artean elkarrizketa sustatzeko balio duten eta zubi-lana egiteko balio duten ekimenak bultzatzeko.

7.- Zibilizazioen arteko Aliantzaren web gunea (www.unaoc.org) zabaldu egin behar da eta kulturen arteko elkarrizketa sustatzeko ezibesteko tresna bihurtu behar du.

1. ERANSKINA: GOI MAILAKO TALDEAREN AGINDUA

2005eko abuztuaren 25a

Nazio Batuen Idazkari Nagusiak badu ekimen bat abiarazia, Espainiako eta Turkiako gobernuetako lehendakariek babesturik, Zibilizazioen arteko Aliantza baterako.

Testuingurua

1.- Nazioen, kulturen eta erlijioen artean oso gauza onartua da gizarte guztiak independenteak direla, garapen-bidean eta segurtasun-bidean elkarri loturik daudela, eta halaxe daudela baita ingurumenaren, ekonomiaren eta finantzen ongizate-bidean ere, eta onarpen zabal horrek dakar ekimen hau. Aliantzak talde-borondate politikoa erein nahi du, eta langintza hitzartu baterako deia egin, bai erakundeetan bai gizarte zibilean, kontsensu horren aurka lan egiten duten aurreiritzi, irudipen-okerrak eta muturrerako joerak gainditzeko. Gizarte orotan, muturkeriei ezetz esateko joera orokor bat sortzen laguntzeko esperantza du, hala nahi baitute herritar gehien-gehienek.

2.- Azken urte hauetan gertatu diren gauzak gertatu ondoren, mesfidantza, beldurra eta ulertu ezina dira nagusi gizarte islamikoen eta mendebaldeko gizarteen artean. Eta giro hori ederki jakin dute beren onerako erabiltzen mundu osoko muturrekoek. Gizarteen eta nazioen arteko harremanak gehiago hondatzea nahi ez badugu, eta harremanen hondatze horrek nazioarteko oreka arriskuan jartzea nahi ez badugu, koalizio orokor bat da bide bakarra. Galbide horri aurre egin nahi dio Aliantzak, zibilizazioen eta kulturen arteko elkar errespeturako paradigma bat ezarriz.

Goi Mailako Taldea

1.- Idazkari nagusiak, ekimenaren babesleei kontsulta egin ondoren, goi-mailako talde bat eratu du pertsona ospetsuekin, ekimenaren aitzindari izan dadin. Hona hemen talde horren egitekoak:

1. Bakerako eta nazioarteko segurtasunerako arrisku berrien gaineko balorazioa egitea, bereziki estremismoa sustatzen duten indar politiko, sozial eta erlijiosoen gainekoa;

2. Joera horiei aurre egite aldera, erakundeak nahiz gizarte zibila zein talde-ekintzaz balia daitezkeen hautematea;

3. Gizarteen arteko harmonia sustatze aldera, estatuek, nazioarteko erakundeek eta gizarte zibilak gauzatzeko moduko ekintza-egitasmo bat gomendatzea;

2.- Horretarako, Goi-mailako Taldeak zenbait estrategia praktiko aztertuko ditu:

1. Herrien, kulturen eta zibilizazioen arteko elkar ulertzea, errespetua eta balore erkideak indartzearren;

2. Estremismoa eta beren mundu-ikuskerarekin bat ez datozenen bazterketa sustatzen duten taldeen eragina gutxitzearren;

3. Estremismoak munduko bakeari eta egonkortasunari dakarzkien mehatxuei aurre egitearren;

4. Segurtasuna ezin zatituzko ondasuna delako kontzientzia, bizitzeko guztiok behar dugun zerbait delako kontzientzia hedatzearren gizarte guztietan, eta, orobat, segurtasuna, egonkortasuna eta garapena erdiesteko, mundu osoaren arteko lankidetza ezinbestekoa delako kontzientzia.

3.- Goi-mailako Taldeak txosten bat egingo du, eta Estatuentzako, nazioarteko erakundeentzako eta gizarte zibilarentzako analisi bat eta ekintza-egitasmo bat proposatuko ditu bertan, bai eta ekintza praktikoak ere, honako hauek lortze aldera, besteak beste:

1. Elkar aditzeak duen garrantzia nabarmentzea, eta elkar aditze hori sustatzeko bitartekoak proposatzea, honako hauek, besteak beste eta beste bitarteko batzuk baztertu gabe: eztabaida publikoak era onuragarri batez egiteko aukera eman eta sustatzearren, nazioarteko lankidetzarako esparru hobeak garatzea eta hedabideak erabiltzea (internet bera ere bai) ;

2. Agenda ezarriko dutenak gehiengo nagusia osatzen dutenak izan daitezen – neurritsuek osatzen baitute gehiengo hori, gailentasun osoz, eta gehiengo horrek baztertu egiten baititu estremisten iritziak- egun gauzatzen ari diren ekimenen arteko lankidetza eragitea;

3. Elkarteak egitea, era bateko eta besteko gizarteei beren arteko ezberdintasunak hobeto ulertzen laguntzeko, eta elkarren artean dituzten gauza erkideak indartu eta lantzeko;

4. Neurriak proposatzea, hezkuntza-sistemetan beste kultura eta erlijio batzuk ezagut eta uler daitezen;

5. Munduko gazteei laguntza eskaintzea, neurritasunaren eta lankidetzaren balioak barnera ditzaten eta haien artean askotarikotasuna estimatzeko jarrera sustatzearren.

6. Segurtasuna, egonkortasuna eta garapena guztion bizi-beharrizan direlako kontzientzia hedatzea, eta, orobat, horiek erdiesteko mundu osoaren arteko lankidetza nahitaezkoa delako kontzientzia; horrez gain, proposamen praktikoak egitea elkarren segurtasuna sustatzearren.

4.- Goi-mailako Taldeak txosten bat aurkeztuko dio idazkari nagusiari 2006. urtearen bigarren zatian, eta, hark, babesleei kontsulta egin ondoren, ekintza-egitasmoa nazioarteko komunitateari aurkezteko modurik egokiena zein den zehaztuko du. Ondoren, talde txikiago batek, pareko maila batekoak, egitasmoaren aplikazioa berrikusi ahal izango du.

Laguntzarako egitura

1.- Idazkaritza batek, zuzendari esperientziadun baten gidaritzapean, azterlanak, analisiak eta proposamenak egingo ditu, goi-mailako taldeak azter ditzan. Halaber, antzeko beste ekimen batzuekin jardungo da lankidetzan, eta beste gune batzuek egindako edo egiten ari diren lanaz baliatuko da.

2. ERANSKINA: GOI-MAILAKO TALDEKO KIDEAK

Babesleak

1. Mehmet Aydin irakaslea (Turkia)

Kopresidentea

Turkiako Estatuko Ministro eta Filosofia irakasle

2. Federico Mayor irakaslea (Espainia)

Kopresidentea

“Cultura de Paz” fundazioko presidente eta UNESCO erakundearen zuzendari nagusi ohi

Erdialdeko ekialdea

3. Seyed Mohammed Khatami (Iran)

Irango presidente ohi

4. Bere gorentasun Sheikha Mozah (Quatar)

Quatar-ko emirraren emazte eta Quatar-ko Hezkuntza, Zientzia eta Komunitatearen Garapenerako Fundazioko presidente

5. Ismail Serageldin doktorea (Egipto)

Alexandriar Liburutegiko presidente

Afrika iparraldea

6. Mohammed Charfi doktorea (Tunisia)

Tunisiako hezkuntza-ministro ohi

7. André Azoulay jauna (Maroko)

Bere gorentasun Marokoko Mohammed VI erregearen kontseilari

Afrika mendebaldea

8. Moustapha Niasse jauna (< xml="true" ns="urn:schemas-microsoft-com:office:smarttags" prefix="st1" namespace="">Senegal)

Senegalgo lehen ministro ohi

Afrika hegoaldea

9. Desmond Tutu artzapezpikua (Hegoafrikako Errepublika)

Lurmutur Hiriko artzapezpiku

Europa mendebaldea

10. Hubert Vedrine jauna (Frantzia)

Frantziako Kanpo Arazoetako ministro ohi

11. Karen Armstrong andrea (Erresuma Batua)

Erlijio-historialari

Europa ekialdea

12. Vitaly Naumkin irakaslea (Errusia)

Estrategia- eta politika-ikasketen nazioarteko gune eta katedrako presidente, Moskuko Unibertsitate Publikoan

Ipar Amerika

13. John Esposito (EEBB)

Musulmanen eta kristauen arteko elkar aditzerako Al-Waleed bin-Talal Printzea Gunearen zuzendari eta sortzaile (Georgetown-eko Unibertsitatea) eta Islamiar Munduko Oxford Entziklopediaren argitalpen-arduradun

14. Arthur Schneier errabinoa (EEBB)

Kontzientziari Deiadar Fundazioaren presidente; East Park-eko sinagogako errabino buru

Latinoamerika

15. Enrique Iglesias jauna (Uruguai)

Latinoamerikar Konferentziako idazkari nagusi eta Garapenerako Inter-amerikar Bankuko presidente ohi

16. Candido Mendes irakaslea (Brasil)

Latinotasunaren Akademiako idazkari nagusi

Hegoaldeko Asia

17. Nafis Sadik doktorea (Pakistan)

Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiaren kontseilari berezi

18. Shobhana Bhartia andrea (India)

Indiako Legebiltzarreko diputatu; Delhi Berriko The Hindustan Times egunkariko erredaktoreburu

Hego-ekialdeko Asia

19. Ali Alatas jauna (Indonesia)

Indonesiako Kanpo Arazoetako ministro ohi

Sortaldeko Asia

20. Pan Guang irakaslea (Txina)

Shangaiko Gizarte Zientzien Akademiako zuzendari eta irakasle

BESTE AGIRI INTERESGARRI BATZUK

Zibilizazioen arteko Aliantzari eta Goi-mailako Taldearen lanari buruzko agiri hauek, hitzaldi, adierazpen eta oinarrizko ikerketak barne, Zibilizazioen arteko Aliantzaren webgune honetan ikus daitezke (www.unaoc.org)

1.- Espainiako gobernuko presidente José Luis Rodríguez Zapatero jaunak 2004ko irailean Nazio Batuen Batzar Nagusiaren aurrean egindako adierazpena, Zibilizazioen arteko Aliantza proposatzeko.

2.- Nazio Batuen Erakundearen goi-bilerako (2005eko irailaren 14an egin zen) 144. idatz-zatia, +5. milurterako helburuei buruzkoa; Zibilizazioen arteko Aliantzaren ideiari on irizten zaio bertan.

3.- Zibilizazioen arteko Aliantza proposatzeko agiria.

4.- Goi-mailako Taldeak egindako lehenbiziko bileran (Palman egin zen, Mallorcan, Espainian) babesleek eta NBEko idazkari nagusiak egindako hitzaldiak.

5.- Goi-mailako Taldeak egindako bilerak eta entzunaldiak.

6.- André Azoulay eta Hubert Védrine jaunek Palestinaren eta Israelen arteko gatazkari buruz egindako agiria.

7.- Zibilizazioen arteko Aliantzarekin zerikusia duten konferentzia eta bilerak.

8.- Zibilizazioen arteko Aliantzaren alde agertu diren gobernu, erakunde eta adierazpenen zerrenda.

9.- Zibilizazioen arteko Aliantzarekin zerikusia duten kontsulta-agiriak, nazioarteko adierazpenak eta proiektuak.

OIN-OHARRAK

(1) Txosten honek Goi Mailako Kideen iritzi bateratua erakusten du, baina horrek ez du esan nahi kontu guztietan akordio orokorra dagoenik.

(2) Ikus bitez Zibilizazioen arteko Aliantzaren web-orrian ageri diren erreferentziazko dokumentuak (www.una.oc.org).

(3) Ikus bedi Zibilizazien arteko Elkarrizketarako Agenda Orokorra (A/60/259).

(4) Bereziki, Bakearen aldeko Kulturaren inguruko Adierazpen eta Ekintza Programa, Zibilizazien arteko Elkarrizketa, eta Zibilizazioen arteko Aliantza; horiek guztiak NBEk 2005ean izan zuen Batzar Nagusiaren Mundu mailako Gailurrean idatzitako Azken Dokumentuaren 144. paragrafoan aipatzen dira.

(5) Irakerako Nazioarteko Hitzarmena Irakeko Gobernuak, Nazio Batuen Erakundeak eta Munduko Bankuak sustatu zuten, eta 2006ko irailaren 10ean Abu Dhabi-n izandako prestatze-bileran abiarazi zen. Ikus bedi www.iraqcompact.org. Afganistanerako Ituna Afganistango Gobernuaren, Nazio Batuen Erakundearen eta Nazioarteko Komunitatearen arteko kontsulten emaitza izan zen, eta Londresen Afganistani buruz izandako Konferentzian abiarazi zen. 2006ko urtarrilaren 31 eta otsailaren 1a artean izan zen. Ikus bedi www.lco.gov.uk

(6)Giza Garapenaren 2005eko Txostenean esaten denez (Nazio Batuek Garapenerako duten Programaren baitan), Afrikak atzerritik jasotako inbertsioa 13.000 milioi dolarren parekoa izan zen (Estatu Batuetako dolarrak); Europako Batasunean 216.000 milioikoa izan zen inbertsio hori, Asian 147.000 milioikoa, eta Ipar Amerikan 95.000 milioikoa. Gainera, Afrikan dauden 53 herrialdeetatik 18tan bizitza mailak atzera egin zuen 1990 eta 2003. urteen artean.

(7) Ikus bedi Nazio Batuen ondorengo ebazpena: “Erlijio-guneak Babestea”. (A/RES/557254); Batzar Nagusiak 2001eko maiatzaren 31n onartu zuen.

(8) Mundu musulmanaren eta Mendebaldearen arteko harremanez gaur egungo irakaskuntzak ematen duen ikuspegia zenbateraino den okerra jakiteko, inkesta batzuei begiratu besterik ez dago. 2005eko abenduan, Gallup-ek estatubatuarren artean inkesta egin zuen, eta musulmandarren gizartetik zer zuten gogokoen galdeturik, elkarrizketatuen gehiengoak (% 32ak) zera erantzun zuen: “ezer ez”. Bigarren erantzun hedatuena, %25arena, hau zen: “ez dakit”. Ikus bedi “ Americans´vieu of de Islamic word, Gallup poll Neuws Service; 2006ko otsailaren 8a.

(9) Nazio Batuen Erakundeak Herritar Funtsari buruz egindako azterlanean Milurtekoaren Garapenerako Bigarren Helburua lortzeko aurrerapausoak zenbatekoak izan diren aztertu nahi zen (Biztanleen Mundu Osoko Eguna zela-eta, 2006ko uztailaren 11n), eta bertan jasotzen denez, 1995. urtetik etengabe gora egin du lehen hezkuntza amaitu duten ikasleen kopuruak, baina, hala ere, oraindik 130 milioi haur eskolatu gabe daude, eta 133 milioi haur alfabetatu gabeak dira.

(10) Estatu Batuetan eta Europan (Ekialdeko Asia ere barruan dela) ageri da jabetzan ordenagailua dutenen eta Interneteko sarbidea dutenen ehuneko handiena, eta Erdialdeko Ekialdean eta Afrika Iparraldean mila biztanleko 18koa da proportzioa. Batez besteko orokorra 73,8koa da. Ikus bedi Pocket - World in Figures - 2005 Edition. The Economist-ek argitaratua, Profile Books LTD-rekin elkarlanean. Londres, 2004.

(11) Bereziki, Erasmus, Leonardo eta Sokrate programak eta gazteentzako EuroMed Programa, denak ere Europar Batasunak antolaturikoak.

(12) AEA Consulting-ek (New Cork) AEBk egiten dituen ikasle-trukaketei buruz berriki egin duen ikerlan batean ageri denez, AEBtako nazioarteko kultur trukaketetarako beka guztien % 30 Europarako da (eskualdeka, horixe da kuotarik handiena), baina Erdialdeko Ekialdera, ordea, % 6 besterik da joaten (eskualdeka, horixe da kuotarik txikiena). Ikus “Cultural & Artistic Exchanges Between the West and Predominantly Muslim Countries: Working Paper, May 13 2006 Meeting of the UN Alliance of Civilizations”, Zibilizazioen arteko aliantzaren web orrian (www.unaoc.org).

(13)Ikus usulmanek Herriko Plazan duten lekuari buruzko egitasmoa (MAPS egitasmoa) Georgetowngo Unibertsitateak egina eta Nimer Mohamedek, The North American Muslim Resource Guide: Muslim Life in the United States and Canada, New York, NY, Routledge, 2002. Hor dituzue AEBetara gehiengo musulmaneko eskualdeetatik joan diren immigranteen diru-sarrerak eta heziketa-maila.

(14) Pertsonaia arabiarrak dauzkaten 900 film estatubatuar aztertu dira eta, ikusi denez, ia denak karikatura baldar eta arrazistak ziren. Ikus Shaheen, Jack G., Reel Bad Arabs: How Hollywood Villifies a People. Olive Branch Press, New York, NY, 2001.

(15) Zerrenda horretan hauek ere badaude, besteak beste: Hirutariko Batzordea, TRES sare (Europan), Munduko Bakearen aldeko Eskualdeak eta Nazioarteko Hezkuntza Institutua.

(16) Nazio Batuek, Munduko Bankuak eta Lanaren Nazioarteko Erakundeak ekin diote, denek batera, Gazte Enplegurako Sareari.

(17) Nazio Batuen Garapenerako Programado 2005eko urteko txostena.

(18) Hiru erakundek egin dute, batera: Europan Segurtasunaren eta Lankidetzaren Alde Egiteko Antolakundeak, Migrazioetarako Nazioarteko Erakundeak eta Lanaren Nazioarteko Erakundeak.

(19) Ekialde-Mendebalde Institutua eta Harvard-eko Osasun Publikoko Eskola hasiak dira norabide horretan lanean, eta espero izatekoa da halaxe jarraituko dutela.

(20) Gure Batasunaren web gunera sartu, eta hortxe dituzue jaso ditugun sostengu-adierazpenak, estatuek, nazioarteko erakundeek eta gizarte zibileko erakundeek bidaliak.

(21) Gertakari horiek behin-behineko zerrenda bat nahi baduzue, Zibilizazioen arteko aliantzaren web gunean aurkituko duzue (www.unaoc.org).

euskal legezalea