200624eezuzentaraua,sarbidepublikokokomu

2006/24/EE Zuzentaraua, Sarbide publikoko komunikazio elektronikoen edo komunikazio-sare publikoen zerbitzuak ematean sortutako edo tratatutako datuak gordetzeari buruzkoa

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

2006/24/EE ZUZENTARAUA, EUROPAKO PARLAMENTUARENA ETA KONTSEILUARENA, 2006ko martxoaren 15ekoa, Sarbide publikoko komunikazio elektronikoen edo komunikazio-sare publikoen zerbitzuak ematean sortutako edo tratatutako datuak gordetzeari buruzkoa eta 2002/58/EE Zuzentaraua aldatzen duena

EUROPAKO PARLAMENTUAK ETA EUROPAR BATASUNEKO KONTSEILUAK,

Europako Erkidegoa eratzen duen Ituna -bereziki Itunaren 95. artikulua-,

Batzordearen proposamena,

eta Europako Ekonomia eta Gizarte Lantaldearen irizpena aztertuta,

Eta Itunaren 251. artikuluan ezarritako prozedurari jarraiki,

Honako hauek kontuan hartuta:

(1) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 95/46/EE Zuzentarauak, pertsona fisikoen babesari buruzkoak, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez, hau agintzen die Estatu kideei: pertsona fisikoen eskubideak eta askatasunak (bereziki, intimitaterako eskubidea) babesteko, Erkidegoan datu pertsonalen zirkulazio askea bermatze aldera.

(2) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002/58/EE Zuzentarauak, komunikazio elektronikoen esparruan datu pertsonalen tratamenduari eta intimitatearen babesari buruzkoak (pribatutasunari eta komunikazio elektronikoei buruzko Zuzentaraua), 95/46/EE Zuzentarauan ezarritako printzipioak komunikazio elektronikoen esparrurako arau espezifiko bihurtu zituen.

(3) 2002/58/EE Zuzentarauaren 5., 6. eta 9. artikuluek zehaztu egiten dute sare- eta zerbitzu-hornitzaileek zer arau aplikatu behar dizkioten komunikazio elektronikoen zerbitzua erabiltzean sortutako trafiko eta kokapen-datuen tratamenduari. Datu horiek ezabatu edo anonimo egin behar dira, igorpenerako beharrezkoak ez badira; ez, ordea, fakturaziorako edo interkonexio bidezko ordainketetarako ezinbestekoak badira. Aldez aurretik baimenduz gero, datu jakin batzuk helburu komertzialetarako edo balio erantsiko zerbitzuetarako erabil daitezke.

(4) 2002/58/EE Zuzentarauaren 15. artikuluaren 1. paragrafoak arautzen du Estatu kideek noiz muga ditzaketen Zuzentarau horren 5. artikuluan, 6. artikuluan, 8. artikuluaren 1. paragrafotik 4.era, eta 9. artikuluan arautzen diren eskubide eta betebeharrak. Murrizketa horiek beharrezko neurri egokiak eta aproposak ekarri behar dituzte gizarte demokratiko batean ordena publikoko helburu jakinetarako, hala nola, segurtasun nazionala babesteko (hau da, Estatuaren segurtasuna), defentsarako, segurtasun publikorako, edo delituak eta komunikazio elektronikoen sistemaren erabilera ez baimenduak aurreikusteko, ikertzeko, hautemateko eta epaitzeko.

(5) Zenbait Estatu kidek ezarri duten legediak zerbitzu-emaileek datuak gordetzea baimentzen du, delituak aurreikusi, ikertu, hauteman eta epaitzeko. Araudi nazionaletako xedapen horiek asko aldatzen dira batetik bestera.

(6) Delituak aurreikusi, ikertu, hauteman eta epaitzeko asmoz datuak gordetzeari buruzko xedapen nazionalen arteko desberdintasun legal eta teknikoek trabak eragiten dituzte komunikazio elektronikoen barne merkatuan; izan ere, zerbitzu-emaileek baldintza desberdinak bete behar dituzte gorde beharreko trafiko eta kokapen-datuei dagokienez, eta baita datuak gordetzeko baldintza eta epeei dagokienez ere.

(7) Justizia eta Barne arazoetarako Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko ondorioek nabarmentzen dutenez, komunikazio elektronikoen aukeren hazkunde handia dela eta, komunikazio elektronikoen erabilpenari buruzko datuak bereziki garrantzitsuak dira, eta, beraz, tresna baliotsua delituak aurreikusi, ikertu, hauteman eta epaitzeko, batez ere delinkuentzia antolatuaren aurka.

8) Terrorismoaren kontrako borrokari buruzko Adierazpenak, Kontseilu Europarrak 2004ko martxoaren 25ean egindakoak, Kontseiluari eskatu zion neurriak aztertu zitzala, zerbitzu-emaileek komunikazioen trafiko-datuak gordetzeari buruzko arauak ezartzeko.

(9) Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenaren (GEEH) 8. artikuluarekin bat, pertsona guztiek daukate euren bizitza pribatuarekiko eta korrespondentziarekiko errespeturako eskubidea. Aginte publikoak ezin izango du esku hartu eskubide horretan, legeak hala arautzen duenean izan ezik eta gizarte demokratiko batean beharrezkoa denean, besteak beste, segurtasun nazionalerako edo segurtasun publikorako, desordenak edo delituak aurreikusteko edo hirugarrenen eskubideak eta askatasunak babesteko. Datuak gordetzea zenbait Estatu kidetan legea betearazteko ikerketa-tresna beharrezko eta eraginkor bihurtu denez, batez ere, gai larrietan, hala nola, delinkuentzia antolatua eta terrorismoa, beharrezkoa da bermatzea gordetako datuak segurtasun-indar eta kidegoak esku jarriko direla denbora-tarte jakin batez, Zuzentarau honetan ezarritako baldintzei jarraituz. Ondorioz, beharrezkoa da zenbait bitarteko sortzea, eta horiek datuak gordetzeko GEEHren 8. artikuluko baldintzak betetzea.

(10) 2005eko uztailaren 13an, Londresko atentatu terroristak gaitzesteko egin zuen adierazpenean, Kontseiluak berretsi egin zuen telekomunikazioetako datuak gordetzeari buruzko neurri komunak lehenbailehen hartzeko premia.

(11) Zenbait Estatu kideren ikerketek eta esperientzia praktikoak erakusten dutenez, trafiko- eta kokapen-datuak funtsezkoak dira delituak ikertu, hauteman eta epaitzeko; ondorioz, beharrezkoa da Europa osoan ziurtatzea, sarbide publikoko komunikazio elektronikoen edo komunikazio-sare publikoen zerbitzuak ematean hornitzaileek sortutako edo tratatutako datuak denbora-tarte jakin batez gordeko direla, Zuzentarau honetan ezarritako baldintzak betez.

(12) 2002/58/EE Zuzentarauaren 15. artikuluaren 1. paragrafoa datu orori aplikatzen zaio, baita, Zuzentarau honek gorde beharra berariaz agindu ez arren, emaitzarik gabeko telefono-deiei dagozkien datuei ere. Azken horiek Zuzentarauaren aplikazio-eremutik kanpo daude, eta horixe bera gertatzen da Zuzentarau honetan aipatzen ez diren arrazoiengatik (arrazoi judizialak barne) gordetzen diren datuekin.

(13) Zuzentarau honek komunikazio baten edo komunikazio-zerbitzu baten ondorioz sortutako edo tratatutako datuei baino ez die erreferentzia egiten, eta ez komunikatutako informazioaren edukia osatzen duten datuei. Datuak behin baino gehiagotan gordetzea saihesteko moduan gorde behar dira. Komunikazio elektronikoen zerbitzuak ematen badira, datu eskuragarriei egiten diete erreferentzia sortutako edo tratatutako datuek. Bereziki, Internet bidezko posta elektronikoei eta telefoniari buruzko datuak gordetzeari dagokionez, hornitzaileen edo sare-hornitzaileen zerbitzuen datuak baino ez dira gorde behar derrigorrean.

(14) Komunikazio elektronikoei dagozkien teknologiak azkar aldatzen ari dira, eta agintari eskudunen legezko eskakizunak aldatu egin daitezke. Aholkularitza izateko eta gai horiekiko jokabide onen esperientzien trukea sustatzeko, honako hauek osatutako talde bat eratzeko asmoa dauka Batzordeak: Estatu kideetako polizia-agintariek, komunikazio elektronikoen esparruko elkarteek, Europako Legebiltzarreko ordezkariek eta datu-babeseko agintariek, Datu Babeseko Europako Ikuskatzaileak barne.

(15) 95/46/EE Zuzentaraua eta 2002/58/EE Zuzentaraua oso-osorik aplikatu dakizkieke Zuzentarau honen arabera gordetako datuei. 95/46/EE Zuzentarauaren 30. artikuluaren 1. paragrafoaren c) idatz-zatiak pertsona fisikoen babesari buruz Lan-taldeari galdetzea eskatzen du datu pertsonalen tratamenduari dagokionez; tratamendua Zuzentarau horren 29. artikuluak araututako moduan egingo da.

(16) Datuen kalitatea bermatzeko neurrien inguruan zerbitzu-emaileei ezarritako betebeharrak, 95/46/EE Zuzentarauaren 6. artikulukoak, eta datuak isilpean eta segurtasunez tratatuko direla bermatzeko betebeharrak, aipatutako Zuzentarau horren 16. eta 17. artikuluetakoak, oso-osorik aplikatu dakizkieke Zuzentarau honen arabera gordetako datuei.

(17) Ezinbestekoa da Estatu kideek legezko neurriak hartzea, hau ziurtatzeko: Zuzentarau hau aplikatuz gordetako datuak, legedi nazionalaren arabera eskumena duten agintari nazionalei baino ez zaizkiela emango, betiere horren eragina jasan dezaketen pertsonen oinarrizko eskubideak osoro errespetatuta.

(18) Testuinguru honetan, 95/46/EE Zuzentarauaren 24. artikuluak zuzentarau horrek ezarritako xedapenen urratzeak zigortzera derrigortzen ditu Estatu kideak. 2002/58/EE Zuzentarauaren 15. artikuluaren 2. paragrafoak betebehar bera ezartzen du 2002/58/EE Zuzentarauari jarraituz emandako xedapen nazionalei dagokienez. Informazio-sistemen kontrako erasoei buruzko 2005eko otsailaren 24ko 2005//222/JAI Kontseiluaren Esparru-erabakiak dio, informazio-sistemetara eta bertan gordetako datuetara nahita eta legez kanpo sartzea delitutzat zigortu behar dela.

(19) Legez kanpoko tratamenduaren ondorioz edo 95/46/EE Zuzentaraua aplikatzean ezarritako xedapen nazionalak urratzen dituzten jardueren ondorioz jasandako kalteak konpontzeko eskubidea, zuzentarau horren 23. artikuluak aitortua, aplikatu egin behar zaio, baita ere, zuzentarau honek legez kanpokotzat jotako datu pertsonalen tratamenduaren ondorioz sortutakoei.

(20) Delinkuentzia Zibernetikoari buruzko Europako Kontseiluaren 2001eko Hitzarmenak eta Europako Kontseiluko 1981eko Hitzarmenak, datu pertsonalen tratamendu automatizatuari dagokion pertsonen babesari buruzkoak, euren baitan hartzen dituzte Zuzentarau honen arabera gordetako datuak.

(21) Zuzentarau honen helburua da hornitzaileek datu jakin batzuk gordetzeko eta delitu larriak (Estatu kide bakoitzaren araudiak zehazten duenaren arabera, terrorismoa eta delinkuentzia antolatua, esaterako) ikertu, hauteman eta epaitzeko datuak eskuragarri egongo direla ziurtatzeko betebeharrak bateratzea. Hori horrela izanda ere, Estatu kideek ez dute helburu hori behar bezala bete, eta zuzentarau honen norainokotasunari eta ondorioei erreparatuta, helburua Erkidego osoan hobeto lor daitekeela ikusi da, eta, ondorioz, Erkidegoak neurriak har ditzake Itunaren 5. artikuluan ezarritako subsidiariotasun-printzipioa aplikatuz. Artikulu horretan araututako proportzionaltasun-printzipioa betez, zuzentarau honek helburuak erdiesteko neurriak arautzera mugatzen da.

(22) Zuzentarau honek oinarrizko eskubideak errespetatzen ditu eta gogoan dauzka Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak berariaz araututako printzipioak. Zuzentarau honen xede nagusia da, 2002/58/EE Zuzentarauarekin batera, herritarren oinarrizko eskubide hauek beteko direla bermatzea: bizitza pribatuaren eta komunikazioen errespetua eta datu pertsonalen babesa, Gutunaren 7. eta 8. artikuluek aitortuak.

(23) Komunikazio-zerbitzuen hornitzaileen betebeharrak neurrikoa izan behar duenez, komunikazio-zerbitzuak ematean sortutako edo tratatutako datuak soilik gordetzeko eskatzen du zuzentarauak. Datu horiek hornitzaileek sortu edo tratatu ez badituzte, ez daude gorde beharrik. Zuzentarau honen helburua ez da datuak gordetzeko teknologia bateratzea: hori Estatu bakoitzak argitu behar du.

(24) «Legeak hobeto egin» Erakunde arteko Hitzarmenaren 34. puntuak dei egiten die Estatu kideei, euren taulak egin eta argitaratu ditzaten, euren intereserako eta Erkidegoarenerako. Taula horiek ahal den neurrian, zuzentarau hau eta transposizio-neurriak bat datozela erakutsi behar dute.

(25) Zuzentarau honek araututakoak ez du baliogabetzen Estatu kideen eskumena zenbait arau emateko agintari nazionalek datuak nola eskuratu eta erabiltzeari behar dituzten finkatzeko. Erkidegoko zuzenbidearen aplikazio eremutik kanpo geratuko dira Zuzentarau hau aplikatuz gordetako datuak ikusteko agintari nazionalek egindako jarduerak, baldin eta jarduera horiek 95/46/EE Zuzentarauaren 3. artikuluaren 2. paragrafoaren lehen gidoian ageri diren jarduerekin lotuta badaude. Hala ere, datuetarako sarbide-jarduera horiek legedi nazionalak bete edo Europar Batasuneko Itunaren VI. tituluko xedapenetan araututako jarduerekin bat egin beharko dute. Lege edo jarduera horiek guztiz errespetatu behar dituzte Estatu kideen usadio konstituzional komunek eman eta GEEHk bermatutako oinarrizko eskubideak. GEEHren 8. artikuluaren arabera, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren interpretazioa kontuan izanda, agintaritza publikoek bizitza pribatuan egindako esku-hartzeek beharrizan- eta proportzionaltasun-printzipioak errespetatu behar dituzte, eta, ondorioz, berariazko asmo esplizitu eta zilegizkoetarako erabili behar dira; gainera, esku-hartzearen arrazoiarekiko modu egokian eta neurriz egin behar dira.

HONAKO ZUZENTARAU HAU EMAN DUTE:

1. artikulua

Helburua eta aplikazio-eremua

1. Estatu kideen xedapenak bateratu nahi ditu zuzentarau honek, sarbide publikoko komunikazio elektronikoen edo komunikazio-sare publikoen zerbitzu-emaileek sortutako edo tratatutako datuak gordetzeari buruz hornitzaileek eurek dauzkaten betebeharren alorrean. Horrekin, datuak eskuragarri egongo direla bermatu nahi da, delitu larriak (Estatu kide bakoitzaren legedian zehaztutakoak) ikertu, hauteman eta epaitzeko.

2. Zuzentarau hau pertsona fisiko eta juridikoen trafiko eta kokapen-datuei aplikatuko zaie eta baita erregistratutako abonatua edo erabiltzailea identifikatzeko datuei ere. Ez zaio aplikatuko komunikazio elektronikoen edukiari, ezta, horren baitan, komunikazio elektronikoen sareak erabilita kontsultatutako informazioari ere.

2. artikulua

Definizioak

1) Zuzentarau honi dagokionez, ondoko Zuzentarauetako definizioak aplikatuko dira: 95/46/EE Zuzentaraukoak, 2002ko martxoaren 7ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002/21/EE Zuzentaraukoak, komunikazio elektronikoen sareen eta zerbitzuen esparru erregulatzaile komun bati buruzkoa (Esparru Zuzentaraua) (), eta 2002/58/EE Zuzentaraukoak.

2) Zuzentarau honi dagokionez, honako definizio hauek aplikatuko dira:

«datuak»: trafiko eta kokapen-datuak eta abonatua edo erabiltzailea identifikatzeko datuak;

«erabiltzailea»: sarbide publikoko komunikazio zerbitzu bat helburu pribatu edo komertzialetarako erabiltzen duen pertsona fisiko edo juridiko oro, zerbitzu horretara abonatuta egon ez arren;

«telefono-zerbitzua»: deiak (ahots-igorpena, ahots-postontziak, konferentziak eta datuak barne), zerbitzu osagarriak (dei-transferentzia barne), mezulari-zerbitzuak eta multimedia-zerbitzuak (mezu laburren zerbitzuak, multimedia-zerbitzu aurreratuak eta multimedia-zerbitzuak barne);

«erabiltzaile-identifikadorea»: pertsona bakoitzari emandako identifikadore bakarra Internetera sartzeko zerbitzu batean edo Internet bidezko komunikazioen zerbitzu batean abonatzeagatik, edo zerbitzu horietako batean erregistratzeagatik;

«gelaxka-identifikadorea»: esku-telefonoko dei bat hasi edo bukatzen den gelaxkaren identitatea;

«emaitzarik gabeko telefono-deia»: telefono-deia zuzen egin arren, erantzunik jaso ez duen komunikazioa edo sare-kudeatzaileak esku hartu duen komunikazioa.

3. artikulua

Datuak gordetzeko betebeharra

1. 2002/58/EE Zuzentarauaren 5., 6. eta 9. artikuluen salbuespen gisa, Estatu kideek neurriak hartu beharko dituzte bermatzeko Zuzentarau honen 5. artikuluan zehaztutako datuak bertan xedatutakoaren arabera gordetzen direla, edozein komunikazio-zerbitzu ematean Estatu horien eskumenaren mende dauden sarbide publikoko komunikazio elektronikoen edo komunikazio-sare publikoen zerbitzuen hornitzaileek sortu edo tratatutako datuak badira.

2. Datuak gordetzeko 1. paragrafoan aipatutako betebeharrak barne hartuko du 5. artikuluan zehaztutako datuak gordetzea emaitzarik gabeko deiei dagokienez, zeinetan komunikazio-zerbitzua ematean Estatu jakin baten eskumenaren mende dauden sarbide publikoko komunikazio elektronikoen edo komunikazio-sare publikoen zerbitzuen hornitzaileek datuak sortu edo tratatzen, gordetzen (telefono-datuei dagokienez) edo erregistratzen (Interneteko datuei dagokienez) dituzten. Zuzentarau honek ez du behartzen konektatu gabeko deien datuak gordetzera.

4. artikulua

Datuak eskuratzea

1. Estatu kideek neurriak hartuko dituzte zuzentarau hau betez gordetako datuak agintari nazional eskudunek soilik eskuratuko dituztela bermatzeko, kasu jakinetan eta legedi nazionala betez. Estatu kide bakoitzak bere legedi nazionalean zehaztu beharko du zer prozedura bete beharko den eta zer baldintza bete beharko diren gordetako datuak eskuratzeko, betiere beharrizan eta proportzionaltasun eskakizunekin bat, Erkidegoko Zuzenbideko edo nazioarteko Zuzenbide publikoko xedapenekin bat, eta, bereziki, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak egindako GEEHren interpretazioarekin bat.

5. artikulua

Gorde beharreko datu-kategoriak

1. Estatu kideek bermatu egingo dute datu-kategoria hauek zuzentarau honek adierazitako moduan gordeko direla:

komunikazio baten jatorria miatzeko eta identifikatzeko datuak:

sareko telefonia finkoari eta telefonia mugikorrari dagokienez:

deiaren telefono-zenbakia,

erregistratutako abonatuaren edo erabiltzailearen izena eta helbidea

Interneterako sarbideari, Internet bidezko posta elektronikoari eta Internet bidezko telefoniari dagokienez:

esleitutako erabiltzaile-identifikazioa,

telefonia-sare publikora sartzen den komunikazio orori esleitutako erabiltzaile-identifikazioa eta telefono-zenbakia,

erregistratutako abonatuaren edo erabiltzailearen izena eta helbidea, baldin eta komunikazioaren unean Internet Protokoloko (IPko) helbide bat, erabiltzaile-identifikazio bat edo telefono-zenbaki bat esleitu bazaio;

b) komunikazio baten helburua identifikatzeko datuak:

sareko telefonia finkoari eta telefonia mugikorrari dagokienez:

markatutako zenbakia edo zenbakiak (helburuko telefono-zenbakia edo zenbakiak) eta, beste zerbitzu batzuek parte hartzen dutenean, dei-desbideratzea edo transferentzia esaterako, deiak zein zenbakitara bidali diren,

erregistratutako abonatuen edo erabiltzaileen izenak eta helbideak

Internet bidezko posta elektronikoari eta Internet bidezko telefoniari dagokienez:

erabiltzaile-identifikazioa edo Internet bidezko telefono-dei baten hartzailearen edo hartzaileen telefono-zenbakia

erregistratutako abonatu edo erabiltzaileen izenak eta helbideak eta komunikazioaren hartzailearen erabiltzaile-identifikazioa;

c) komunikazio baten data, ordua eta iraupena identifikatzeko datuak:

sareko telefonia finkoari eta telefonia mugikorrari dagokienez: komunikazioaren data eta hasiera eta amaiera-ordua,

Interneterako sarbideari, Internet bidezko posta elektronikoari eta Internet bidezko telefoniari dagokienez:

Internetera sartzeko zerbitzuaren konexioaren eta deskonexioaren data eta ordua, ordu-eremu jakin batean oinarrituta, eta Interneteko sarbide-hornitzaileak komunikazio bati ematen dion Internet Protokoloaren helbidea, dinamikoa nahiz estatikoa izan, eta erregistratutako abonatuaren edo erabiltzailearen erabiltzaile-identifikazioa,

Internet bidezko posta elektronikoaren zerbitzuaren edo Internet bidezko telefonia-zerbitzuaren konexioaren eta deskonexioaren data eta ordua, ordu-eremu jakin batean oinarrituta;

d) komunikazio-mota identifikatzeko datuak:

sareko telefonia finkoari eta telefonia mugikorrari dagokienez: erabilitako telefono-zerbitzua,

Internet bidezko posta elektronikoari eta Internet bidezko telefoniari dagokienez: erabilitako Internet-zerbitzua;

e) erabiltzaileen komunikazio-ekipoa edo komunikazio-ekipotzat hartzen dena identifikatzeko beharrezko datuak:

sareko telefonia finkoari dagokionez: jatorriaren eta helburuaren telefono-zenbakiak,

telefonia mugikorrari dagokionez:

dei-egilearen eta -hartzailearen telefono-zenbakiak,

deia egiten duen aldearen abonatu mugikorraren nazioarteko nortasuna (IMSI),

deia egiten duen aldearen ekipo mugikorraren nazioarteko nortasuna (IMEI),

deia jasotzen duen aldearen IMSIa,

deia jasotzen duen aldearen IMEIa,

aurretiazko ordainketako zerbitzu anonimoetan, zerbitzuaren lehen aktibazioaren data eta ordua eta zerbitzua zein kokapen-etiketatatik (gelaxka-identifikadorea) aktibatu den;

Interneterako sarbideari, Internet bidezko posta elektronikoari eta Internet bidezko telefoniari dagokienez:

zenbakiak markatuta sartuz gero, jatorrizko telefono-zenbakia,

abonatu-linea digitala (DSL) edo komunikazioaren egilearen beste terminal-puntu identifikadore bat;

f) komunikazio-ekipo mugikorraren kokapena identifikatzeko datuak:

kokapen-etiketa (gelaxka-identifikadorea) komunikazioaren hasieran,

gelaxkaren kokapen geografikoa finkatzea ahalbidetzen duten datuak, kokapen-etiketaren erreferentziaren bitartez, komunikazioen datuak gordetzen diren denbora-tartean.

2. Zuzentarau honekin bat, ezingo da gorde komunikazioaren edukia agerian utziko duen daturik.

6. artikulua

Gordetzeko epeak

5. artikuluan aipatutako datu-kategoriak gutxienez sei hilez eta gehienez bi urtez gordeko direla bermatuko dute Estatu kideek, jakinarazpena egiten denetik aurrera zenbatuta.

7. artikulua

Datuen babesa eta segurtasuna

95/46/EE eta 2002/58/EE Zuzentarauen arabera ezarritako xedapenek diotenari kalte egin gabe, Estatu kideek zaindu egingo dute sarbide publikoko komunikazio elektronikoen edo komunikazio-sare publikoen zerbitzuen hornitzaileek gutxienez ondoko printzipioak beteko dituztela datuen segurtasunerako, zuzentarau hau betez gordetako datuei dagokienez:

gordetako datuek sarean dauden datuen kalitate bera izango dute, eta segurtasun- eta babes-arau berak bete beharko dituzte;

datuak neurri tekniko eta antolakuntza-neurri egokien mende egongo dira ustekabean edo legez kontra suntsitu ez daitezen, ustekabean galdu edo aldatu ez daitezen eta baimenik gabe edo legez kontra gorde, tratatu, eskuratu edo hedatu ez daitezen;

datuak neurri tekniko eta antolakuntza-neurri egokien mende egongo dira bereziki baimendutako pertsonek soilik eskuratuko dituztela zaintzeko,

eta

gordetzeko epea amaitzean, datuak suntsituko egingo dira. Ez dira suntsituko, ordea, eskuragarri izan eta gorde egin direnak.

8. artikulua

Gordetako datuak zaintza-baldintzak

5. artikuluan zehaztutako datuak zuzentarau honen arabera gordeko direla bermatuko dute Estatu kideek; hartara, eskumena daukaten agintariek eskatzen dutenean, gordetako datuak edo haiekin lotutako edozein informazio atzerapenik gabe igorriko da.

9. artikulua

Kontrol-agintariak

1. Estatu kide bakoitzak agintari publiko bat edo gehiago izendatuko du, gordetako datuen segurtasunari buruz eta 7. artikuluari jarraituz emandako arauak betetzen direla kontrolatzeko. 95/46/EE Zuzentarauaren 28. artikuluan aipatutako agintariak izenda daitezke.

2. Lehen paragrafoan aipatutako agintariek independentzia osoz jokatuko dute 1. paragrafoan azaldutako kontrola egitean.

10. artikulua

Estatistikak

1. Sarbide publikoko komunikazio elektronikoen edo komunikazio-sare publikoen zerbitzuak ematean sortu edo tratatutako datuak gordetzeari buruzko estatistikak Batzordeari urtero emateaz arduratuko dira Estatu kideak. Estatistika horiek ondoko informazio hauek hartuko dituzte barne:

noiz eman zaien informazioa agintari eskudunei, aplikatu beharreko Zuzenbide nazionalaren arabera,

zenbat denbora igaro zen datuak gorde zirenetik agintari eskudunei datuak igortzeko eskatu arte,

noiz ezin izan diren bete datu-eskariak.

2. Estatistikek ez dute datu pertsonalik jasoko.

11. artikulua

2002/58/EE Zuzentarauaren aldaketa

2002/58/EE Zuzentarauaren 15. artikuluari ondoko paragrafo hau erantsi zaio:

«1 bis. Ez da 1 paragrafoa aplikatuko, baldin eta gorde beharreko datuak, sarbide publikoko komunikazio elektronikoen edo komunikazio-sare publikoen zerbitzuak ematean sortu edo tratatutako datuak gordetzeari buruzko 2006ko martxoaren 15eko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006/24/EE Zuzentarauaren (*) arabera, berariaz gorde behar badira zuzentarau horretako 1. artikuluaren 1. paragrafoan azaldutako helburuetarakoren baterako.

___________

(*) EO L 105, 2006.4.13koa, 54. or.»

12. artikulua

Etorkizuneko neurriak

1. Datuak gordetzeko seigarren artikuluan ezarritako gehienezko epea modu mugatuan luzatzea eskatzen duten egoera bereziei aurre egin behar bazaie, Estatu kideek egoki deritzoten neurriak hartu ahal izango dituzte. Hori egiten duen Estatu kideak berehala jakinaraziko dizkie Batzordeari eta gainerako Estatu kideei artikulu hau betez zer neurri hartu dituzten eta zer arrazoik bultzatu dien horrela jokatzera.

2. Lehen paragrafoan azaldutako jakinarazpenetik aurrera sei hileko epean Batzordeak onartu edo atzera botako ditu neurri nazional horiek. Ezer erabaki aurretik, aztertu egin beharko du ea neurriek bereizkeria arbitrarioa eragiten duten, Estatu kideen arteko merkataritzaren ezkutuko murrizketa dakarten edota oztopo izan daitezkeen barne-merkatuaren funtzionamendurako. Batzordeak ez badu erabakirik hartzen epe horretan, onartutzat joko dira neurri nazionalak.

3. Estatu kide batek hartutako neurri nazionalak 2. paragrafoaren arabera Zuzentarau honen xedapenetatik bereizten badira, Batzordeak Zuzentarau hau aldatzeko proposatzeko aukera aztertuko du.

13. artikulua

Errekurtso judizialak, erantzukizuna eta zehapenak

1. Zuzentarau honen esparruko datuen tratamenduari dagokionez, Estatu kideek neurriak hartuko dituzte 95/46/EE Zuzentarauko III. kapitulua aplikatzeko neurriak —errekurtso judizialei, erantzukizunari eta zehapenei buruzkoak— erabat aplikatuko direla zaintzeko.

2. Zuzentarau hau betez gordetako datuetara nahita sartzean edo datuak igortzean, Zuzentarau honi jarraituz emandako legedi nazionalak baimentzen duena gaindituz gero, Estatu kide bakoitzak neurriak hartuko ditu disuasio-zigor eraginkor eta proportzionatuak jartzeko, zigor administratibo eta penalak barne.

14. artikulua

Ebaluazioa

1. Beranduenez 2010eko irailaren 15ean, Batzordeak zuzentarau honen aplikazioari buruzko eta operadore ekonomikoengan eta kontsumitzaileengan izan duen eraginari buruzko ebaluazioa aurkeztuko die Europako Parlamentuari eta Kontseiluari, komunikazio elektronikoen aurrerapenak eta 10. artikulua betez Batzordeari emandako estatistikak aintzat hartuta. Ebaluazioaren helburua zuzentarau honen xedapenak aldatzea beharrezkoa den zehaztea da, zehazki, 5. artikuluko datu-zerrenda eta 6. artikuluan datuak gordetzeko ezarritako epeak. Ebaluazio horren emaitzak argitaratu egingo dira.

2. Helburu horrekin, Batzordeak aztertu egingo ditu Estatu kideek edo pertsonen babeserako lan-taldeak 95/46/EE Zuzentarauaren 29. artikuluak sortutako datu pertsonalen tratamenduari buruz jakinarazten dizkioten oharrak.

15. artikulua

Transposizioa

1. Estatu kideek, beranduenez, 2007ko irailaren 15ean jarriko dituzte indarrean zuzentarau honetan ezarritakoa betetzeko legezko xedapenak, erregelamenduzkoak eta xedapen administratiboak. Berehala jakinaraziko diote Batzordeari. Estatu kideek xedapen horiek ezartzen dituztenean, xedapenek erreferentzia egingo diote Zuzentarau honi edo argitalpen ofizialean erreferentzia hori edukiko dute. Estatu kideek erreferentzia hori egiteko moduak ezarriko dituzte.

2. Estatu kideek Batzordeari jakinaraziko diote zuzentarau honek araututako esparruan ezarritako barne-zuzenbideko xedapenen testua.

3. Estatu kide bakoitzak 2009ko martxoaren 15era arte atzeratu ahal izango du zuzentarau honen aplikazioa, Interneteko sarbidearekin, Internet bidezko telefoniarekin eta Internet bidezko posta elektronikoarekin lotutako komunikazio-datuei dagokienez. Atal honetaz baliatzeko asmoa daukaten Estatu kideek Kontseiluari eta Batzordeari jakinarazi beharko diete hala egingo dutela, Zuzentarau hau ezartzen dutenean egindako adierazpen baten bitartez. Adierazpen hori Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratuko da.

16. artikulua

Indarrean jartzea

Zuzentarau hau Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratzen denetik hogei egunera jarriko da indarrean.

17. artikulua

Hartzaileak

Estatu kideak dira zuzentarau honen hartzaileak.

Estrasburgon 2006ko martxoaren 15ean egina.

Europako Parlamentuaren izenean

Presidentea

J. BORRELL FONTELLES

Kontseiluaren izenean

Presidentea

H. WINKLER

________________

Herbehereen Adierazpena

2006/24/EE Zuzentarauaren 15. artikuluaren 3. paragrafoa betez

Komunikazio elektronikoko zerbitzu publikoak ematearekin lotutako datuak gordetzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren zuzentarauri dagokionez, zeinek 2002/58/EE Zuzentaraua aldatzen duen, Herbehereek erabili egingo dute zuzentarau honen aplikazioa atzeratzeko aukera, Interneteko sarbidearekin, Internet bidezko telefoniarekin eta Internet bidezko posta elektronikoarekin lotutako komunikazio-datuei dagokienez. Epea ez da izango 18 hilabetekoa baino luzeagoa, Zuzentarau hau indarrean jartzen denetik aurrera zenbatuta.

Austriaren Adierazpena

2006/24/EE Zuzentarauaren 15. artikuluaren 3. paragrafoa betez

Austriak adierazten du zuzentarau honen aplikazioa atzeratu egingo duela, Interneteko sarbidearekin, Internet bidezko telefoniarekin eta Internet bidezko posta elektronikoarekin lotutako komunikazio-datuei dagokienez. Atzerapena ez da izango 18 hilabetekoa baino luzeagoa, 15. artikuluaren 1. atalean zehaztutako datatik aurrera zenbatuta.

Estoniaren Adierazpena

2006/24/EE Zuzentarauaren 15. artikuluaren 3. paragrafoa betez

Sarbide publikoko komunikazio elektronikoen edo komunikazio-sare publikoen zerbitzuak ematean tratatutako edo sortutako datuak gordetzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Zuzentarauri dagokionez, zeinek 2002/58/EE Zuzentaraua aldatzen duen, eta Zuzentarau horren 15. artikuluaren 3. paragrafoarekin bat, Estoniak adierazten du paragrafo hori erabiltzeko asmoa daukala eta ondorioz atzeratu egingo du Zuzentarau honen aplikazioa, Interneteko sarbidearekin, Internet bidezko telefoniarekin eta Internet bidezko posta elektronikoarekin lotutako komunikazio-datuei dagokienez. Atzerapena Zuzentaraua ezartzen denetik 36 hilera artekoa izango da.

Erresuma Batuaren Adierazpena

2006/24/EE Zuzentarauaren 15. artikuluaren 3. paragrafoa betez

Sarbide publikoko komunikazio elektronikoen edo komunikazio-sare publikoen zerbitzuak ematean tratatutako edo sortutako datuak gordetzeari buruzko Zuzentarauari dagokionez, zeinek 2002/58/EE Zuzentaraua aldatzen duen, eta Zuzentarau horren 15. artikuluaren 3. paragrafoarekin bat, Erresuma Batuak adierazten du Zuzentarau horren aplikazioa atzeratu egingo duela, Interneteko sarbidearekin, Internet bidezko telefoniarekin eta Internet bidezko posta elektronikoarekin lotutako komunikazio-datuei dagokienez.

Zipreren Adierazpena

2006/24/EE Zuzentarauaren 15. artikuluaren 3. paragrafoa betez

Zipreko Errepublikak adierazten du atzeratu egingo duela Zuzentarau honen aplikazioa, Interneteko sarbidearekin, Internet bidezko telefoniarekin eta Internet bidezko posta elektronikoarekin lotutako komunikazio-datuei dagokienez. Atzerapena 15. artikuluaren 3. atalean ezarritako datara artekoa izango da.

Greziaren Adierazpena

2006/24/EE Zuzentarauaren 15. artikuluaren 3. paragrafoa betez

Greziak adierazten du 15. artikuluaren 3. paragrafoarekin bat, atzeratu egingo duela Zuzentarau honen aplikazioa, Interneteko sarbidearekin, Internet bidezko telefoniarekin eta Internet bidezko posta elektronikoarekin lotutako komunikazio-datuei dagokienez. Atzerapena 18 hilabetekoa izango da, 15. artikuluaren 1. paragrafoan ezarritako epea amaitzen denetik aurrera.

Luxenburgoren Adierazpena

2006/24/EE Zuzentarauaren 15. artikuluaren 3. paragrafoa betez

Sarbide publikoko komunikazio elektronikoen edo komunikazio-sare publikoen zerbitzuak ematean tratatutako edo sortutako datuak gordetzeari buruzko Zuzentarauari dagokionez, zeinek 2002/58/EE Zuzentaraua aldatzen duen, eta Zuzentarau horren 15. artikuluaren 3. atalean ezarritakoarekin bat, Luxenburgoko Dukerri Handiko Gobernuak adierazten du Zuzentarau honen 15. artikuluaren 3. paragrafoaz baliatuko dela bere aplikazioa atzeratu ahal izateko Interneteko sarbidearekin, Internet bidezko telefoniarekin eta Internet bidezko posta elektronikoarekin lotutako komunikazio-datuei dagokienez.

Esloveniaren Adierazpena

2006/24/EE Zuzentarauaren 15. artikuluaren 3. paragrafoa betez

Sarbide publikoko komunikazio elektronikoen edo komunikazio-sare publikoen zerbitzuak ematean tratatutako edo sortutako datuak gordetzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Zuzentarauaren 15. artikuluaren 3. paragrafoa betez adierazpena egin duten Estatu kideekin bat egiten du Esloveniak. Atal hori, Zuzentaraua 18 hilabete atzeratzeari buruzkoa da, Interneteko sarbidearekin, Internet bidezko telefoniarekin eta Internet bidezko posta elektronikoarekin lotutako komunikazio-datuei dagokienez.

Suediaren Adierazpena

2006/24/EE Zuzentarauaren 15. artikuluaren 3. paragrafoa betez

Suediak, 15. artikuluaren 3. paragrafoa betez, aukera izan nahi du Zuzentarau hau atzeratu ahal izateko Interneteko sarbidearekin, Internet bidezko telefoniarekin eta Internet bidezko posta elektronikoarekin lotutako komunikazio-datuei dagokienez.

Lituaniaren Adierazpena

2006/24/EE Zuzentarauaren 15. artikuluaren 3. paragrafoa betez

Sarbide publikoko komunikazio elektronikoen edo komunikazio-sare publikoen zerbitzuak ematean tratatutako edo sortutako datuak gordetzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Zuzentarauri dagokionez (aurrerantzean "Zuzentaraua"), zeinek 2002/58/EE Zuzentaraua aldatzen duen, eta Zuzentarauaren 15. artikuluaren 3. paragrafoa betez, Lituaniako Errepublikak adierazten du Zuzentaraua ezarri eta gero bere aplikazioa atzeratu egingo duela Interneteko sarbidearekin, Internet bidezko telefoniarekin eta Internet bidezko posta elektronikoarekin lotutako komunikazio-datuei dagokienez. Atzerapena 15. artikuluaren 1. atalean aipatutako epekoa izango da.

Letoniaren Adierazpena

2006/24/EE Zuzentarauaren 15. artikuluaren 3. paragrafoa betez

Sarbide publikoko komunikazio elektronikoen edo komunikazio-sare publikoen zerbitzuak ematean tratatutako edo sortutako datuak gordetzeari buruzko 2006/24/EE Zuzentarauri dagokionez, zeinek 2002/58/EE Zuzentaraua aldatzen duen, eta Zuzentarau horren 15. artikuluaren 3. paragrafoarekin bat, Letoniak adierazten du Zuzentarauaren aplikazioa atzeratu egingo duela Interneteko sarbidearekin, Internet bidezko telefoniarekin eta Internet bidezko posta elektronikoarekin lotutako komunikazio-datuei dagokienez. Atzerapena 2009ko martxoaren 15era artekoa izango da.

Txekiar Errepublikaren Adierazpena

2006/24/EE Zuzentarauaren 15. artikuluaren 3. paragrafoa betez

15. artikuluaren 3. paragrafoa batez, Txekiar Errepublikak adierazten du Zuzentarau honen aplikazioa atzeratu egingo duela Internet bidezko telefoniarekin eta Internet bidezko posta elektronikoarekin lotutako komunikazio-datuei dagokienez. Atzerapena Zuzentaraua ezartzen denetik 36 hilera artekoa izango da.

Belgikaren Adierazpena

2006/24/EE Zuzentarauaren 15. artikuluaren 3. paragrafoa betez

Belgikak adierazten du 15. artikuluaren 3. paragrafoaz baliatuz, Zuzentarau hau ezartzen denetik aurrera 36 hilez atzeratuko duela bere aplikazioa Internet bidezko telefoniarekin eta Internet bidezko posta elektronikoarekin lotutako komunikazio-datuei dagokienez.

Poloniaren Adierazpena

2006/24/EE Zuzentarauaren 15. artikuluaren 3. paragrafoa betez

Komunikazio elektronikoko zerbitzu publikoak ematean tratatutako datuak gordetzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Zuzentarauari dagokionez, zeinek 2002/58/EE Zuzentaraua aldatzen duen, eta Zuzentarauaren 15. artikuluaren 3. paragrafoak aurreikusitako aukera betez, Poloniak adierazten du Zuzentarauaren aplikazioa atzeratu egingo duela Interneteko sarbidearekin, Internet bidezko telefoniarekin eta Internet bidezko posta elektronikoarekin lotutako komunikazio-datuei dagokienez. Atzerapena 18 hilabetekoa izango da, 15. artikuluaren 1. paragrafoak zehazten duen datatik aurrera.

Finlandiaren Adierazpena

2006/24/EE Zuzentarauaren 15. artikuluaren 3. paragrafoa betez

Sarbide publikoko komunikazio elektronikoen edo komunikazio-sare publikoen zerbitzuak ematean tratatutako edo sortutako datuak gordetzeari buruzko Zuzentarauri dagokionez, zeinek 2002/58/EE Zuzentaraua aldatzen duen, eta Zuzentarau horren 15. artikuluaren 3. paragrafoarekin bat, Finlandiak adierazten du Zuzentarau horren aplikazioa atzeratu egingo duela, Interneteko sarbidearekin, Internet bidezko telefoniarekin eta Internet bidezko posta elektronikoarekin lotutako komunikazio-datuei dagokienez.

Alemaniaren Adierazpena

2006/24/EE Zuzentarauaren 15. artikuluaren 3. paragrafoa betez

Interneteko sarbidearekin, Internet bidezko telefoniarekin eta Internet bidezko posta elektronikoarekin lotutako komunikazio-datuei dagokienez, Alemaniak bere egiten du Zuzentarau honen aplikazioa atzeratzeko eskubidea. Atzerapena 18 hilekoa izango da, 15. artikuluaren 1. paragrafoan zehaztutako datatik aurrera.

OHARRAK

Jatorrizko testua, Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratua, hauxe da: «Directiva 2006/24/CE del Parlamento Europeo y del Consejo, de 15 de marzo de 2006, sobre la conservación de datos generados o tratados en relación con la prestación de servicios de comunicaciones electrónicas de acceso público o de redes públicas de comunicaiones y por la que se modifica la Directiva 2002/58/CE» (Diario Oficial de la Unión Europea, L 105 de 13/4/2006)

2006ko urtarrilaren 9an egindako irizpena (Egunkari Ofizialean oraindik ere argitaratu gabea)

Europako Parlamentuaren Irizpena, 2005eko abenduaren 14koa (Egunkari Ofizialean oraindik ere argitaratu gabea) eta Kontseiluaren Erabakia, 2006ko otsailaren 21ekoa.

EO L 281, 1995.11.23koa, 31. or. 1882/2003 Erregelamenduak [EE] (EO L 284, 2003.10.31koa, 1. or.) aldatu zuen Zuzentaraua.

EO L 201, 2002.7.31koa, 37. or.

EO L 69, 2005.3.16koa, 67. or.

EO C 321, 2003.31.12koa, 1. or.EO L 108, 2002.4.24koa, 33. or.

euskal legezalea